Zaldun beltz (ufologia)
Zaldun beltza (ingelesez: Black Knight), bereziki ufologia munduan, Lurra orbitatzen duen edo zenbait periodo historikotan gure planetara bertaratu den ustezko satelite bat da. XX. mendean hartu zuen indarra fenomeno honek, espazio lasterketaren garaian jasotako zenbait seinale anomaloek eta Lurra orbitatzen zuten zenbait objektu identifikatu gabeek eraginda. Zientziaren munduan ez zaio interes handirik jarri fenomenoari eta sarritan ukatua izan da zientzialari gehienen aldetik, ebidentzia faltarengatik. Zaldun beltzaren ikustaldi gehienak espazioko zaborrari edo antzekoei leporatu dizkiete zientzialariek.[1]
Hipotesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaldun beltza zibilizazio estralurtar batek Lurrera bidalitako gailu bat izango litzateke hipotesiaren babesleen arabera, zeina jatorri arraroko zenbait irrati-uhinen eta irrati-uhin batzuen ezohiko atzerapen-denboraren erantzule izango zatekeen. Duncan Lunan astronomialari eta idazle eskoziarraren arabera, zeinak Hals eta beste irratizale edo ikerlariek jasotako irrati-uhinen ezohiko oihartzunak aztertu zituen, adierazi zuen Izar izarraren koordenatuei erreferentzia egiten zien zenbait datu deszifratu zituela oihartzun haietatik. Funtsean, adierazi zuen Zaldun beltzak ustez eragiten dituen oihartzunek Izar izarrak duela 13,000 urte zuen posizioari egiten diela erreferentzia.[1] Hau da, Zaldun beltza planeta-sistema horretan kokatutako zibilizazio adimentsu baten gailu bat izango litzateke, zeina duela milaka urte iritsi zen Lur planetara, arrazoi ezezagunengatik. Lunanek gerora adierazi zuen egindako deklarazioak bere bizitzako akats handi bat izan zirela.[1] Hala ere, zenbait ufologok ustezko satelite estralurtarra hemen egotearen arrazoien inguruan espekulatu dute, besteak beste, satelite horrek gizakiaren historian mugarri izan diren ekintzak zuzenean edo zeharka eragin dituela, zenbait pertsona edo animaliren gogoa irrati-interferentzien bidez manipulatzeko ahalmena duela edo Lur planeta kontrolpean edo gainbegiratuta mantentzeko balio duela esan izan da.[1][2][3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaldun beltzaren lehen aipamenak XIX. mendean kokatu ohi dira, Nikola Tesla zientzialariaren aldetik. Teslak 1899. urtean egin zituen zenbait ikerketetan jatorria Lurretik kanpo zuten zenbait seinale topatu zituen (patroi artifizialak zituztela ziruditenak), zeinak garai hartan eszeptizismoz hartu baziren ere zientzialarien aldetik, gaur egun egiazkotzat jotzen diren eta haien jatorria pulsarrak direla baieztatzen den. Zaldun beltzaren hipotesiaren babesleek, seinale horiek Lurra orbitatzen duen satelite ezezagun batetik datozela baieztatzen dute.[4][5]
1928. urtean Norvegiako irratizale batek, Jorgen Hals izenekoak, atzerapen-denbora luzea zuten oihartzunak entzun zituen, zeintzuen eragilea oraindik ere ezezaguna den. Hipotesiaren babesleek Zaldun beltzak eragindako fenomenoa dela baieztatzen dute, baina zientzialari gehienek baztertu egiten dute aukera hori. Aipatu beharra dago Halsen aurretik ez zituela inork entzun atzerapen-denbora handiko oihartzunik, hau da, Hals izan zela fenomeno honen aurkitzailea. Fenomeno honek irrati baten irrati-transmisioa itzultzen du, oihartzun gisa, hura gertatu eta handik zenbait segundotara. Historian zehar ez dira asko entzun, ezohiko fenomenoa da.[6][7]
1954an Donald Keyhoe ufologia-ikerlariak eginiko zenbait deklarazioek harrabotsa izan zuten garaiko prentsan. Keyhoek Estatu Batuetako Aire Armadak Lurretik hurbileko orbita zuten bi satelite aurkitu zituela adierazi zuen. Garai hartan, ofizialki behitzat, gizakiak oraindik ez zuen satelite bakar bat ere bidali espaziora. Zientziaren mundutik eszeptizismoz hartu ziren Keyhoeren adierazpenak. 1960an TIME aldizkariak antzeko deklarazioak egin zituen, esanez Estatu Batuen Aire Armadak objektu ilun bat atzeman zuela Lurra orbitatzen. Aldizkariak adierazi zuen une hartan hipotesi nagusia Sobietar Batasunaren zelata-satelite bat izatea zela, baina gerora frogatu zen Estatu Batuen Discoverer VIII satelitearen hondakinak baino ez zirela.[8]
Esan izan da 1963an Gordon Cooper astronautak Mercury 9 misioaren baitan Lurra orbitatzen zegoela OHE bat edo hainbat ikusi zituela adierazi ziola NASAri eta jarraipen-estazioek ikustaldi horiek errealak zirela baieztatu zutela. Hala ere, ez NASAk ezta ere beste gobernu-erakundek ez zuten gertakari horien inguruko frogarik eman.[8] Alabaina, Gordon Cooperrek sarritan baieztatu izan du komunikabideen aurrean berak objektu arraroak ikusi zituela espazioan.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d «The Black Knight Satellite» Skeptoid (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ «The Black Knight Satellite Mystery | Astronotes» web.archive.org 2017-02-09 (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ (Ingelesez) Austin, Jon. (2015-08-26). «WATCH: Now UFO conspiracists claim 'alien Black Knight satellite has visited Earth'» Express.co.uk (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ «Inactive Content» www.aps.org (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ (Ingelesez) «Alien Hunters Spent the Last Century Looking for the Black Knight Satellite» www.vice.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ (Ingelesez) Egeland, Alv; Burke, William J.. (2012-10-20). Carl Størmer: Auroral Pioneer. Springer Science & Business Media ISBN 978-3-642-31457-5. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ (Ingelesez) Egeland, Alv; Burke, William J.. (2012-10-20). Carl Størmer: Auroral Pioneer. Springer Science & Business Media ISBN 978-3-642-31457-5. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ a b (Ingelesez) Observatory, Armagh; Planetarium. The Truth About the Black Knight Satellite Mystery – Astronotes. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).
- ↑ Astronaut Gordon Cooper Talks About UFOs. (Noiz kontsultatua: 2021-05-13).