Zornotzako Emakumeen Kartzela
Zornotzako Emakumeen Kartzela | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Zornotza |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1939 |
Inaugurazioa | 1939ko iraila |
Suntsipena | 1947ko urria 1947 |
Zornotzako Emakumeen Kartzela (1939-1947) 1939ko irailean Emakumeen Kartzela bihurtu zen Zornotzako Karmeldarren apaiztegia. Prisión Central de Mujeres de Amorebieta (Zornotzako Emakumeen Espetxe Zentrala) izena jarri zioten eta 1947ra arte egon zen irekita. Bertatik 2000 bat emakume igaro ziren. 8 urteko epean haietariko 42 emakume eta 6 ume kartzela barruan hil ziren. [1][2]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Karmelo ikastetxeak, Zornotzako (Bizkaia) Kalbario plazatik hurbil kokatuak, ez zuen beti ikastetxe funtzioa bete, gaur egun egiten duen bezala, zortzi urteko tartean helburu askoz ilunagoa izan baitzuen. Aita Karmeldarren eraikina 1931tik 1933ra bitartean eraiki zuten, apaiztegia izan zedin. Hala ere, gerra piztu zenean, ezin izan zuen helburu hori bete. Matxinatutako tropak 1937ko maiatzaren 18an sartu ziren Zornotzan, Bilbo okupatu baino hilabete lehenago.
Gatazkak iraun zuen bitartean, milizien kuartel eta fronteko zaurituentzako ospitale izan zen. 1939ko irailean ordea, eraikina Emakumeen Kartzela bihurtu zen, karmeldarrei konfiskatu ondoren.
Garai hartan, Zornotzak, 1939ko abenduaren 31n, zuzenbidezko 4.888 biztanle zituen udalerria zen, eta jakina da emakumeen espetxe berrian mila emakume inguru egon zirela preso. Ez ziren herriko emakumeak, ezta inguruetakoak ere. Kartzelara gerra kontseilu batetik igarotakoak iristen ziren eta Espainia frankistako leku guztietatik iritsi ere. Lehenengo taldea Madrilgo Ventasko emakumeen kartzelatik, preso politiko gehiago sartzen ez ziren lekutik iritsi zen.
1940ko martxotik aurrera, Esteban Bilbao Egia bilbotarrak, espetxeetako zuzendari nagusiak, emandako agindu baten bidez, Zornotzako kartzela emakumeentzako espetxe zentrala bihurtu zen, penintsulako gainerako lekuetan egin zen bezala. Horrela, espetxea preso hartzeko berariaz sortutako kartzela femeninoen sarean sartu zen emakume errepublikarrak — politikoki edo sindikalki aktiboak —, edo marxismoaren ahaide izatearen susmagarri zirenak , bai haien senide izateagatik, bai beste edozein arrazoirengatik, hala nola salaketa bat, iruzkin bat, etab.
Zornotzakoa penintsula osoan zehar zeuden emakumeen kartzela sareko beste espetxe bat baino ez zen. Emakumeak iparraldeko kartzeletara bidali zituzten, Saturrarango, Durangoko eta Zornotzakoetara «kartzelako zirkuitua» osatzen zuten penintsulako beste espetxe batzuetatik igaro ondoren. Zirkuitu hori Erregimenak sortu zuen, «arriskutsutzat» jotako guztiak zegokien gerra-kontseiluan giltzapetzeko, eta biziarteko kartzela-zigorra edo hogei urtetik sei arteko zigorra ezartzen zitzaien.
Gironako emakumeen kartzelatik, Tarragonako Oblataseko kartzelatik, Bartzelonako Les Cortsetik, Valentziako Santa María del Puigetik, Palmako Can Salesetik, Malagako eta Guadalajarako emakumeen presondegitik, Madrilgo Ventasko eta La Maternal de San Isidrotik, Gaztelako, Galiziako eta Asturiasko beste espetxe batzuetatik eta, jakina, euskal espetxeetatik heldu ziren Zornotzara.
Gerraosteko gogorrenetakotzat jotzen zen zentroan ehunka emakume izan ziren eta baita haien seme-alabak ere, azken horiek inoiz ez ziren ofizialki erregistratu eta irabazleen interesen amaraunean galdu ziren haietako askoren arrastoak.
Sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kartzelako sistema frankistak arreta berezia jarri zuen espetxean moraltasunean eta berreziketan, Erregimenak defendatutako emakume-ereduaren arabera, eta, horretarako, mojen esku utzi zuen goi-eginkizun hori, Simona Azpiroz ama nagusia buru zela. Denboraldi batez, kartzela hori Oblata mojek ere gobernatu zutela uste da. Mojak Diziplina Batzordeko kide ziren, eta haien mende zeuden zigorrak, hala nola gutunak zentsuratzea edo ziegan isolatzea, bai eta beren ardurapean zeuden presoen baldintzapeko askatasunerako proposamenak egitea ere.
Espetxe horretako presoek ez zuten baratzera airea hartzera irteterik. Eguna lau hormen artean igarotzen zuten, beren otoitz, kantu eta joskintza-tailerretako lanarekin, eta oso garrantzitsuak ziren, armada garailearentzat egiten zituzten uniforme ugariengatik.
Elikadura baldintzak muturrekoak zirenez, 1942an gose greba egitea erabaki zuten. Hiru egunez jan gabe egon ondoren, laugarrenean “aza eta lau patata zati” eman zizkieten.[3]
Hala eta guztiz ere, emakume horien zigorrik handiena ez zen gosea (Zornotzan beste leku batzuetan baino etsai beldurgarriagoa izan arren), higienerik eza eta laguntza medikoaren falta ere ez zen okerrena (medikuak heriotzak bakarrik ziurtatzen zituen). Zigorrik handiena haurren heriotza izaten zen, eta haurrak beren amen besoetatik banandu eta adopzioan ematea, hiru urte betetzen zituztenetik aurrera, espetxeen araudiak xedatzen zuen bezala,
Presoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zornotzako kartzela horretan, besteak beste, emakume komunistak sartu zituzten: ospetsuenak eta historikoenak Tomasa Cuevas, Julia Manzanal edo Trinidad Gallego izan ziren, guztiak madrildarrak, baina baita Josefina Amalia Villa leondarra eta Crescencia Uribe sestaotarra, Vicente Uribe buruzagi komunista eta gobernu errepublikarreko Nekazaritza ministroaren arreba ere.
Gainerakoak emakume anonimoak, nekazariak, jostunak, garbitzaileak, erizainak eta maistra errepublikarrak ziren, eta azken horien ardura izan zen lankideak alfabetatzea, lanegun bakoitzeko zigorra murrizteko ezartzen zen «berrerospen» programaren barruan.
Lekukotzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Trinidad Gallegoren testigantzak, kartzela horretako presoetako bat, madrildarra eta emagina lanbidez, hauxe zioen "Zornotzan egunean une batez baino ez dituzte ikusten beren haurrak (...) Negarrez entzuten dituzte, baina mojek ez diete joaten uzten, nahiz eta haurrak gaixorik egon. Eta erditzen den emakume bost minutuz joaten zaio bularra ematera umeari"
- Izugarrikeriak Zornotzara iritsi baino lehen ere hasten ziren. Pilar Pascual madrildarrak kontatu zuenez: “Txerriak eramaten zituzten furgoi batean sartu gintuzten, eta igotzean zera entzun genuen: Ez hurbildu horra, izkina horretan kaka egin behar izan dugu, ez geneukalako non egin!”.[4]
- “Goizean, baraurik, kazo bete ur bero ematen ziguten; Maggi botatzen ziotela esaten ziguten, baina ez zuen inolako zaporerik”, Nieves Torresen hitzetan.[4]
- Amalia de la Fuente Peral leondarrak, haurdunaldiaren azken egunetan eutsi ahal izateko, sukaldean lan egitea eskatu zuen eta eskaera onartu zioten: “Goizaldeko lauretan jeikitzen nintzen eta oinak oso gaizki izan nituen hainbeste ordu zutik emateagatik eta beroagatik (...) Behin baba kargamentu bat iritsi zen eta barruan zomorroak besterik ez zeuden”.[4]
- Elikaduraz gain, osasun eta higiene arazo nabarmenak zeuden: “Mediku zerbitzurik ez zegoen”, esan zuen Teopista Bárcenak, “eta gutxieneko higienerik ez genuen; ez zegoen dutxarik eta ganadurako aska estu luze bakarra erabil genezakeen garbitzeko”.[4]
- Julia Manzanal zigarro-saltzaile madrildarrari esker: “40 cm zabal ziren lastairatan egiten genuen lo, bata bestearen alboan, eta haurrak tartean. Gau batez, alaba gaixotu zen eta Trinidad Gallego presokideak, erizaina izanik, meningitisa izan zitekeela esan zidan, eta alabari agur esan behar niola. Eta, hala, Julia txikia eta egunero kolorez aldatzen zitzaizkion begi eder haiek joan egin ziren (...) Gau guztia pasa genuen mojei deika, baina, alferrik, ez ziren agertu. Goizean iritsi zirenean, hilda zegoen”.[4]
- Zenbait presok, hala nola Tomasa Cuevasek, «Bizien hilerria» deitu zion Zornotzako kartzelari.
1947an kartzela itxi zutenean, emakumeak trenera itzuli ziren, batzuk zaintzapeko askatasunean etxera itzultzeko; beste batzuk erbestera joateko, eta gainerakoak, beste espetxe batera joateko, Segoviakora, berriagoa eta modernoagoa, baina baita hotzagoa eta etsaituagoa ere.
Heriotzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]8 urtez funtzionamenduan egon ondoren, 42 emakume eta 6 ume hil ziren kartzelan.[5]
- Ana Carralero Muñoz, 54 urte. Sevilla
- Ana Díaz Cuesta, 49 urte. Toledo
- Andrea Fernandez Gonzalez. 60 urte. León
- Angeles Moreno Cañizaes, 35 urte. Madril
- Antonio Orozco Merida, 45 urte. Malaga
- Araceli Vazquez Martinez, 51 urte. Madril
- Asunción Ortiz Lopez, 64 urte. Ciudad Real
- Concepción Guisado Matamoros.
- Elena Herrera Gónzalez, 63 urte. Ciudad Real
- Felipa Fernandez Calvo, 58 urte. Guadalajara
- Felipa Murillo Casatejada. Badajoz
- Francisca Garcia Cuesta, 46 urte. Madril
- Francisca Segador Lozano, 30 urte. Badajoz
- Gertrudis Calvo Cobo, 46 urte. Guadalajara
- Isabel Moreno Arroyo, 60 urte. Ciudad Real
- José Humanez Aznar, 10 hilabete. Badajoz.
- José Rica Ballesteros, 4 hilabete. Albacete
- Josefa García Hortelano,
- Juana Pintos Navas, 42 urte. Toledo
- Julia Perez Manzanal, 9 hilabete. Madril
- Juliana Sanchez Guerrero, 73 urte. Toledo
- Leonor Solano Villa, 42 urte. Santander
- Lorenza Luisa Riera Muñiz, 43 urte. Asturias
- Luis González Ayuso, 22 hilabete. Madril
- Maria Antonia Moreno Martin, 62 urte. Toledo
- Maria Castañeda Cruces, 78 urte. Málaga
- Maria Isabel González Pérez, 29 urte. Ourense
- Maria Martinez Boita, 49 urte. Madril.
- Maria Moreno Tampayo, 26 urte. Albacete
- Maria Mozas Pradillo, 51 urte. Toledo
- Maria Muñoz Sanchez, 51 urte. Badajoz
- Maria Vergara Flórez, 69 urte. Toledo
- Marisol Quintanal Benitez, 8 hilabete. Ciudad Real
- Martina Gómez Lozano, 40 urte. Toledo
- Mercedes Luna De las Heras, 25 urte. Badajoz.
- Paulina Bonet Llopis, 54 urte.Castelló
- Purificación Huertas Montilla, 56 urte. Jaen
- Ramon Julian De las Heras Valencia, 10 hilabete. Durango
- Ramona Regolat Mayol, 47 urte. Castelló
- Remedios Carrasco Rueda, 73 urte. Málaga
- Romualda Salcedo Gomez, 52 urte. Madril
- Rosa Mallarach Casademont, 40 urte. Girona
- Simona Juderias Bartolome, 20 urte. Guadalajara
- Teresa Arredondo Romero, 57 urte. Toledo
- Teresa Fernández Corrales, 24 urte. Toledo
- Teresa Lucas Castillo, 45 urte. Badajoz.
- Teresa Punto Capdevila, 47 urte. Girona
- Victoria Marin Solis, 27 urte. Malaga
Espetxea 1947an itxi zuten, Alcala de Henaresekoarekin eta Valentziako Santa Maria del Puigeko Emakumeen Erreformatorio Bereziarekin batera, eta eraikina karmeldarrei itzuli zieten.
Okerrena haurrak gaixotu eta hiltzen zirenean izaten zen. Kartzelak mediku bat zuen, baina mediku hori heriotza egiaztatzera baino ez zen joaten, herriko udalari ongintzako lurperatze-laguntza eskatzeko. Halaxe gertatu zitzaion Julia Manzanal preso madrildarrari, miliziana komunista izateagatik Zornotzara heldu zenari, bederatzi hilabeteko alaba hiltzen ikusi zuenean, inor erremedio bila joan gabe eta gau osoan oihuka laguntza eskatu ondoren. Medikuak elgorriak eragindako heriotza ziurtatu zuen, eta mojek debekatu egin zioten hildako alabari azken agurra ematea, jaunartzen (komulgatzen) ez zuten horietako bat zelako.[6]
Haurrek hilda zeudenean eskuratzen zuten nortasuna, eta Bake Epaitegian erregistratzen zirenean, bestela, ez ziren existitzen. Haien izenak ez ziren agertzen ama nagusiak gorpua eraikinetik atera ahal izateko sinatzen zuen ofizioan, ez eta Zornotzako Udalari ongintzako ehorzketa bat egiteko egindako eskaeran ere.[6]
Omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2007ko martxoan 40ko hamarkadan Zornotzako Karmeliten komentuan preso izan ziren emakumeek omenaldia izan zuten, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta, Bilgune Feministak eta Zornotzako Emakumeen Plataformak lagundurik. Bertan, garai hartan giltzapean izandako hainbat emakume eta haiekin egondako hainbat haur izan ziren. Rosario Sanchez Morak, dinamitera-k, 90 urteko emakumeak eta hainbat kartzelatan izandakoak, bere lekukotasuna eskaini zuen.[7]Plaka jarri zuten, ondorengo testuarekin:
«1936ko uztailaren 18an faxistak altxatu zirenean, askatasuna, justizia soziala, 2. Errepublikaren legezko Gobernua eta Euskal Herriko eskubideen defentsan leku honetan kartzelatu zituzten emakumeei, haiekin egondako haurrei, bertan hil zirenei eta lekukotasuna emateko bizi izan direnei. Zuen ametsen memoriarekin gure etorkizuna zirriborratzen dugu» irakur daiteke plakan.[7]
Dokumentala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zornotzako emakumeen kartzela, gerizpetik argira dokumental baten bidez. Zornotzako Udalak ipini du martxan dokumentalaren grabazioa. Ikus-entzunezkoa 2024ko maiatzerako prest izatea aurreikusten dute. [8] Ikusezinak dokumentala 2024ko maiatzaren 17an estrainatuko da.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «La prisión Central de mujeres de Amorebieta en el circuito carcelario femenino creado por el franquismo - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- ↑ www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Individuas peligrosas - Ascensión Badiola Ariztimuño» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- ↑ «Zornotzako espetxea, bizidunen hilobia» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- ↑ a b c d e «Zornotzako espetxea, bizidunen hilobia» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- ↑ «REPÚBLICA - LISTADO FALLECIDAS EN PRISIÓN DE AMOREBIETA, LISTADO PRISIÓN PROVINCIAL DE BILBAO.» www.errepublika.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-01).
- ↑ a b «INDIVIDUAS PELIGROSAS» Iñaki Anasagasti (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- ↑ a b «Zornotzako Karmeliten komentuko emakume presoei omenaldia bihar - GARA» gara.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
- ↑ «Zornotzako emakumeen kartzela, gerizpetik argira - Zornotza» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-11).
- ↑ SL, TAI GABE DIGITALA. (2024-05-15). «Zornotzako emakumeen kartzelari buruzko ‘Ikusezinak’ dokumentala egin dute» naiz: (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).