Abel Tasman

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Abel Tasman
Abel Tasman
Datu pertsonalak
Izen osoa Abel Janszoon Tasman
Jaio 1603
Lutjegast (Zazpi Herbehere Batuen Errepublika)
Hil 1659ko urriaren 10a
Batavia (Ekialdeko Herbeheretar Indiak)
Bikotekidea(k) Claesgie Meyndrix
Joanna Tiercx

Abel Janszoon Tasman (Lutjegast, gaur egun Groningen probintzia, Herbehereak, 1603 - Batavia, Ekialdeko Herbeheretar Indiak, 1659ko urriaren 10a) esploratzaile herbeheretar itsasgizon, esploratzaile eta merkataria izan zen.

Ospetsua da, bereziki, 1624 eta 1644 artean Herbeheretako Ekialdeko Indietako Konpainiaren zerbitzura egindako bidaiengatik. 1642-1643 bitartean Van Diemen lurraldea (gaur egun Tasmania deitua), Zeelanda Berria eta Tonga eta Fiji uharteak aurkitu zituen. 1643. urtean Ginea Berriko kostaldean zehar Bataviara itzuli zen. 1644. urtean Carpentaria golkoaren ekialdeko eta mendebaldeko kostaldeak esploratu zituen. 1860. urtean Jacob Zwartek Tasmanen lehenengo bidaiaren egunkaria argitaratu zuen[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abel Tasman 1603an, Zazpi Herbehere Batuen Errepublikako Lutjegast herrian jaio zen. 1633an Bataviara joan zen, Herbeheretako Ekialdeko Indietako Konpainiarentzat lan egitera. Lau urte geroago Amsterdamen zen. Beste hamar urterako kontratua sinaturik, Bataviara itzuli zen.

1642an Indietako Kontseiluak Holanda Berria bezala ezaguna zen lurraldea (gaur egungo Australia) esploratzeko eta, kontinente berri bat aurki zezaketelakoan, Terra Australis-en zati zen inspekzionatzeko espedizio bat antolatu zuen. Espedizioaren buruan Abel Tasman jarri zuten[2][3].

Lehen bidaia (1642-43)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tasmanen bidaiak.

1642ko abuztuaren 14an, 110 gizon eta bi itsasontzirekin (Heemskerck eta Zeehaen) Bataviako portutik irten zen; Maurizio irletan geldialdia egin ondoren, holandarrak inoiz ibili gabeko latitudeetatik aurrera abiatu zen. Itsasketa honetan, Australia atzean utzi zuen oharkabean eta 1642ko azaroaren 24an Tasmania uhartea topatu zuen, berak Van Diemenen lurraldea bataiatu zuena (britainiar kolonizatzaileek izena aldatu zioten geroago)[2].

Ingurua ondo miatu ondoren, berriro itsasoratu eta ekialderago joan zen. 1642ko abenduan Zeelanda Berria topatu zuen, berak Staten Landt deitu zuena, eta Hornos lurmuturraren ondoko Estatuen uhartearekin lotuta zegoela uste izan zuen. Iparralderago joanez, Golden badia egonaldia egin zuten. Bertan, maori talde batek lau marinel hil zituen eta, horregatik, lekuari Hiltzaileen badia deitu zion[2][4]. Itzultze bidaldian, 1643ko urtarrilaren 20an, Tonga uhartedia topatu zuen.

Bigarren bidaia (1644)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren bidaian Ginea Berriko hegoaldeko itsasaldea ekialderantz jarraitu eta Australiako iparraldeko kostaldea esploratu zuen, Carpentaria golkoa barne. Bidaia honetan Australiako lehen mapa marraztu zen.

Herbeheretako Ekialdeko Indietako Konpainiaren ikuspuntutik, Tasmanen esplorazioak etsigarriak izan ziren, ez baitzuen ez merkataritzarako lur aberatsik, ezta itsas bide berririk ere topatu. Mende oso batean zehar, James Cooken arora arte, Tasmania eta Zeelanda Berriak ez zuten europarren bisitarik jaso.

Abel Tasman Batavian (gaur egungo Jakartan) hil zen, 1659an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. a b c John WILSON: European discovery of New Zealand - Abel Tasman Te Ara - the Encyclopedia of New Zealand, updated 9-Jul-13
  3. Abel Tasman's great voyage Tai Awatea-Knowledge Net.
  4. John WILSON: European discovery of New Zealand - Tasman’s achievement Te Ara - the Encyclopedia of New Zealand, updated 13-Jul-12
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Abel Tasman Aldatu lotura Wikidatan