Ada Lovelace

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ada Lovelace
Ada Lovelace
Ada Lovelace
Datu pertsonalak
Izen osoa Ada Augusta Byron King
Jaio 1815eko abenduaren 10a
Londres (Britania Handia)
Hil 1852ko azaroaren 27
Marylebone, Londres (Britania Handia))
Bikotekidea(k) William King

Augusta Ada King, Lovelaceko kondesa (Londres, Britania Handia, 1815eko abenduaren 10aMarylebone, London, Britania Handia, 1852ko azaroaren 27a), jaiotzez Augusta Ada Byron, Historiako lehen programatzailetzat jotzen da. Lord Byron poetaren alaba, ekuazio diferentzialak askatzeko gai zen Charles Babbageren konputagailu mekaniko aitzindariaren deskripzioa idazteagatik da batez ere ezaguna.

Beste batzuk, Babbage barne, kalkulu sinpleak egiteko gaitasuna bakarrik ikusi bazieten ere, Adak konputagailuak urrutirago joan zitezkeela aurreikusi eta ondorioztatu zuen.

Bere aita Lord Byron poeta famatua izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ada Lovelaceren zuhaitz genealogikoa

Augusta Ada Kingen gurasoak Lord Byron poeta eta Annabella Milbanke Byron zian ziren. Bikotea 1815ean ezkondu zen eta, 1815eko abenduaren 10ean, Ada jaio zen, Byrontarren alaba bakarra.

1816ko urtarrilaren 16an, Annabellak haurra bere gurasoengana eraman zuen, Byronek horrela nahi zuelako. Adak bi hilabete besterik ez zituen, gurasoak banandu egin ziren eta aitak ez zuen sekula bere zaintza eskatu. Apirilaren 21ean, sinatu zuten ezkontza bertan behera uzten zuen akta eta egun batzuk geroago Ingalaterratik alde egin zuen.

Matematika eta zientzia ikasten aritu zen eta Londresko unibertsitateko matematikako lehen irakasle izan zen Augustus De Morgan izan zuen tutore. Autodidakta, 1833an, amak Mary Sommerville aurkeztu zion eta bere tutore izan zen hau ere.

Zaldiketa, gimnasia eta dantzak ere gustuko zituen eta, 1833ko ekainaren 5ean, 17 urte zituenean, Dionysus Lardnerren hitzaldi batean, Charles Babbagen berri izan zuen. 1828az geroztik, Babbage Cambridgeko unibertsitatean katedraduna zen. Babbage izango zen tutore berria eta gerora elkarrekin egingo zuten lan. Gaur egun, konputagailuen aita kontsideratzen badugu ere, maixua liluratuta zegoen Adak makina haiekin zuen erraztasunaz. Programazioan hain ezagunak diren bukle edo subrutina bezalako kontzeptuak garatu zituen emakumeak eta Babbagek beti aitortu zuen Adaren talentua, The Enchantress of Numbers deitzen ziolarik.

1835eko uztailaren 8an, 19 urte zituenean, Ada William Kingekin ezkondu zen, zortzigarren King baroiarekin, gerora Lovelaceko kondea izango zenarekin. Ada Augusta Byron King izango zen handik aurrera, Lovelaceko kondesa eta hortik datorkio gaur ezagutzen dugun izena: Ada Lovelace

Charles Babbageren makina analitikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ada Lovelace
Babbage-ren makina analitikoa, Londreseko Zientzia Museoan

Adaren ekarpen ezagunenetakoa Charles Babbageren makina analitikoari buruzko deskribapena da eta konputagailurako hasierako bertsioarentzako kalkuluak egiteko jarraibideak ere egin zituen, baina garaian ezaguna zen informazioa eman zezakeen soilik eta garbi ikusi zuen ezingo zuela ezagutza sortu. Bere lana ahaztua izan zen ondorengo urteetan eta Babbagen notak idazten zituen ideia zen zabaldu zena.

Egun, Ada Byronek errekonozimendua jaso du lehen pertsona izan zelako programazio hizkuntza batean idazten, Babbageren ideiak interpretatuz, baina bere ekarpenen egiletza eta meritua onartuz. Ada Byron da programazio informatikoaren ama. Sekula ez bazuten egin ere, 1843an, Adak Babbageren konputagailuari buruzko ohar interesgarriak argitaratu zituen, inizialak erabiliz sinatzeko, zentsuraren beldur baitzen, emakumea zelako. Bere buruari analista deitu zion, garai hartan oso modernoa zen kontzeptua, alegia.

Programa zitekeen konputagailu batentzako programa egiten zuen lehen pertsona izan zen, Bernoulliren zenbakien balioak kalkulatzeko pausoak deskribatu zituen eta horrekin Babbagen makinaren gaitasuna erakutsi zuen. Babbagen makina erabiliz, aldagaiak zituzten eragiketa trigonometrikoak kalkulatzeko erak ere deskribatu zituen.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ada Byron 1852ko azaroaren 27an hil zen, 36 urte zituenean eta bere ama izendatu zuen oinordeko. Umetoki-lepoko minbizia zuen eta medikuek garaiko erremedioa jarri zioten: odolusteak. Horiek hil zuten eta Byron panteoian ehortzi zuten, berak agindu zuen bezala, Nottinghamshireneko Hucknall elizan, aitaren ondoan. Hura ere alabaren adin berean hil zen.

Ekarpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Txartel zulatuen erabilera iradoki zuen makina analitikoari informazioa eta argibideak sartzeko.
  • Programak idazteko notazio bat ere zabaldu zuen, batez ere, 1842an Luigi Menabrearen testuari egindako oharretan. Ohar haiek testua bera baino luzeagoak ziren, Jacquard ehungailuaren funtzionamenduaz edo Babbagen makina analitikoaz. Txartel zulatuetan zeroak daude eta zenbaki hamartarrak adierazten zituzten.

Ezagutza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ada bizi izan zen bitartean, haren ekarpenak ez zuen estimu handirik izan; hil eta gero iritsi zitzaizkion esker-erakutsiak, hurrengo mendean.

  • Emakume askok egin dute ekarpena informatikan, baina Ada Lovelace da programazio hizkuntza baten izena. 1979an, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Sailak Pascalen oinarritutako programazio hizkuntza berri bat sortu zuen eta Ada izena jarri zion, Ada Byronen omenez.
  • Microsoft Windowsen sistema eragilearen lizentziaren ziurtagirietan agertzen da Adaren aurpegia.
  • 2012an, Enchantress of Numbers filma argitaratu zen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ada Lovelace Aldatu lotura Wikidatan