Albireo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Albireo (β Cyg, β Cygni edo 6 Cygni) Cygnus konstelazioko izarretako bat da. Bayerren izendapenean grezierazko bigarren hizkia den β hizkia daraman arren, konstelazio honetako izarren artean bosgarren dizdiratsuena da. Arlo honetan aurretik dituen lauak honako hauek dira: Deneb (α Cygni), Sadr (γ Cygni), Giennah (ε Cygni) eta δ Cygni. Beltxargaren buruan kokatua, Albireo "izar haustailea" bezala ere ezagutzen da. Lehen aipaturiko beste lau izarrekin batera Iparreko Gurutzea deritzon asterismoa osatzen du.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albireo zenbait akatsen eta itzulpen desegokiren ondoriozko izena da. Jatorrian, testu arabiarretan, izarraren izena Al-Minhar al-Dajajah bezala agertzen da, "oiloaren mokoa" esan nahi duena. Egungo izena, dirudienez Ornisetik dator, Cygnus konstelazioa izendatzen duen izen greziarra eta arabieraz Urnis izatera pasa zena. Latinera itzultzerakoan, modu erratuan Erysimum officinale landareari buruz ari zela uste izan zen, landare honek latinez zuen izenarekin itzulia izan zelari, Ireo alegia. Ondoren, ab Ireo ("Ireorena) izen arabiar baten itzulpen okerra zela uste izan zen, egungo Al-bireo izena sortuz.

Ezaugarri fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albireo teleskopioarekin ikusia.

Begi hutsean Albireo izar soil bat bezala agertzen den arren, teleskopio edo prismatiko batzuen laguntzarekin benetan izar bikoitz bat dela ikus daiteke. Bi izar hauetatik, elkarrengandik 35 segundo sexagesimalez bananduak daudenak, bat horia da eta 3,05eko itxurazko magnitudea du, Albireo A izena duena, bestea urdina den bitartean, 5,12 itxurazko magnitudekoa eta Albireo B deitua, gaueko zeruko izar bikoitzen artean kontraste ezin hobea eskeiniz. Ez da ziur ezagutzen Albireo Ak eta Albireo Bek benetako sistema bitar bat osatzen duten. Benetan grabitateagatik lotuak badaude, euren orbita periodoa gutxienez 75.000 urtekoa da.

Albireo A, era berean, izar bitar bat da. Bere bitartasuna tantozko interferometria bidez deskubritu zen 1976an. Bikote honetako osagai nagusia izar erraldoi argitsu bat da, laranja kolorekoa, K3 espektru motakoa eta 4.400 gradu Kelvineko tenperatua duena. Gure Eguzkia baino 950 aldiz argitsuagoa, eguzkiarena baino 50 aldiz handiagoa den diametroa du. Bere kidea sekuentzia nagusiko izar bero bat da, B9V motakoa eta 11000 gradu Kelvineko tenperatura duena. Azken honen argitasuna gure eguzkiarena baino 100 aldiz handiagoa da. Bi izar hauen arteko batez besteko banaketa 40 unitate astronomikokoa da (orbita oso eszentrikoa da) eta orbita periodoa 100 urte ingurukoa da.

Albireo B A bikoteko argitasun gutxieneko izarraren antzerakoa da, sekuentzia nagusiko izar bat, B8 motakoa eta 12.100 gradu Kelvineko tenperatura duena. Gure eguzkia baino 190 aldiz argitsuagoa, oso azkar biratzen du bere ardatzaren inguruan gutxienez 250 kilometro segundoko bere errotazio abiadurarekin, bere errotazio periodoa 14,4 ordu baino gutxiagokoa delarik. Abiadura handian biratzen duten izarrekin sarri gertatzen den bezala, Albireo B Be izar bat da, izar masa galeraren ondorioz eratutako gasezko disko batekin inguratua dagoena.

Albireo gure Eguzki-sistematik 385 argi urteko distantziara dago.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Albireo