Giennah
Giennah (ε Cygni / 53 Cygni / HD 197989) Cygnus konstelazioko hirugarren izarrik dizdiratsuena da, Deneb (α Cygni) eta Sadren (γ Cygni) ondoren, +2,48ko itxurazko magnitudearekin. Deneb, Sadr eta Giennahren artean dago "Iparraldeko ikatz zakua" edo Ikatz Zaku Nebulosa izeneko nebulosa iluna.
[aldatu] Izena
Giennah edo Gienah arabierazko جناح (Al Janāḥ) hitzetik dator eta hegoa esan nahi du. Gienah Cygni bezala ere ezagutzen da, Gienah Corvigandik (γ Corvi) ezberdintzeko.
[aldatu] Ezaugarriak
Lur planetatik 72 argi-urteko distantziara, Giennah bi izar oso ezberdinek osatzen duten sistema bitar bat da. Izar nagusia, Giennah A, K0III espektru motako erraldoi laranja bat da, Poluxen oso antzekoa, 4725 kelvingo azaleko tenperaturarekin. Bere diametroa gure eguzkiarena baino 12 aldiz handiagoa da, eta gure eguzkia baino 61 aldiz argitsuagoa da. Jada hiltzen ari den arren eta ziuraski bere barne nukleoan helioaren fusioa gertatzen den arren, bere adina 1500 milioi urtetan estimatzen da.
Aldiz, Giennah B nano gorri bat da, M3V motakoa, askoz dizdira txikiagokoa (+13,40 magnitudekoa) eta, orbita mugimendurik nabaritu ez den arren, biak erritmo berean mugitzen dira espazioan zehar. Bisualki 78 arkusegunduzk bananduak, bien arteko benetako distantzia 1700 unitate astronomikokoa da gutxienez, gutxienez 50.000 urteko orbita periodoarekin.