Anselmo Canterburykoa
Anselmo Canterburykoa (Aosta, 1033 (1034?) - Canterbury, 1109ko apirilaren 21a) fraide katoliko eta Inglaterrako artzapezpikua izan zen. Eskolastikaren sortzailetzat jotzen da filosofiaren historian eta ospetsua Jainkoaren existentzia frogatzeko argudio ontologikoa asmatzeagatik.
Bizitza [aldatu]
Normandiako Bec monasterioko abatea (1078) eta Canterburyko artzapezpikua (1093). Gilen Gorri eta Henrike I. erregeek erbesteratu zuten apezpiku hautaketan izan zezakeen eraginaren beldurrez. Bere mendeko prelatuetan jakintsuenetakoa izaki, bere marka utzi zuen abiatu berria zen eskolastikan. Fedea arrazoiaren argitan ulertzen saiatu zen; hori da Monologium eta Proslogium obren gaia. Espekulazio filosofikoa fedearen azalpen gisa definitu zuen (fides quaerens intellectus) eta harentzat sinetsi beharra zegoen ulertu ahal izateko (credo ut intelligam), baina gero sinetsia ulertzen saiatu beharra zegoela adierazten zuen. Unibertsalen arazoan Platonen aldeko agertu zen, eta errealismo horretatik etorri da bere «argumentu ontologikoaren» balioa. Monologium hark Hirutasunaren dogmaren a priori froga izan nahi bazuen, Cur Deus homo izenburukoaren bidez Gizakundearen dogma modu arrazionalez interpretatzen saiatu zen. Bere omenezko jaia apirilaren 21ean ospatzen da.
| Artikulu hau biografia bati buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.