Biurteko Progresista

Wikipedia, Entziklopedia askea
Biurteko Aurrerakoia» orritik birbideratua)
Elisabet II.a.

Espainiako historiografian, Biurteko Progresista (gaztelaniaz: Bienio Progresista) 1854ko uztailaren eta 1856ko uztailaren arteko Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdiaren aldia da. Biurte horretan, progresistek Hamarkada Moderatuan liberal kontserbadoreek egindakoa aldatzeko saiakerak egin zituzten.[1] Biurtekoa Vicalvarada izeneko altxatze militarrarekin hasi eta Baldomero Esparterok gobernua utzi zuenean amaitu zen.

Mugimendu iraultzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leopoldo O'Donnell (1809-1867)

1852. urtearen bukaeran, Bravo Murillok dimititu ondoren, hainbat gobernu ezegonkor egon ziren, progresista, demokrata, errepublikano eta zenbait sektore moderaturen ezinegona areagotuz. 1854ko ekainean Leopoldo O'Donnell jeneralak (irekitasunaren aldeko moderatua) altxamendu bat burutu zuen Vicalvaron, Vicalvarada.[2] Honen ondoren mugimendu iraultzailea progresista, demokrata eta errepublikanoengan hedatu zen. Madril, Bartzelona, Sevilla eta Bilboko altxamendu erradikalen aurrean erreginak gobernuaren zuzendaritza Espartero progresistaren eskuetan utzi behar izan zuen.

Esparteroren gobernua progresistek eta joera irekiko moderatu batzuek (Leopoldo O'Donnell, esaterako) osatu zuten. Ezarritako erregimena aldatzeari ekin zioten, inprimatzeko askatasuna mugatzen zuten dekretuak baliogabetuz eta 1837ko hauteskunde sistema berrezarriz. Hau dela eta, hainbat sektore politiko beraien aurka jarri ziren:

  • Alderdi atzerakoienak, karlistak, altxamenduak burutu zituen 1855-1856an.
  • Alderdi iraultzaileek gizarte gatazkak bultzatu zituzten lehen aldiz, langile kataluniarren lehen grebaren bitartez, adibidez. 1855eko greba orokorra Gaztelara hedatu zen, O'Donnellek berehala zapaldu batzuen ere. Honek burgesia kontserbadorismora zuzendu zuen, ordena eta jabetzaren errespetua eskatuz.
  • 1856ko uztailean Esparterok dimititu ondoren, erreginak gobernua osatzeko agindua eman zion O'Donnelli. Haren gobernuan moderatuek eta progresista kontserbadoreenek hartu zuten parte, moderantismo politikorantz zuzenduz bidea. Era honetan Elisabet II.aren erregealdiaren azken faseari eman zitzaion hasiera, hau da, moderantismoaren berrezarkuntzari.

Hego Euskal Herrian burgesiak jarrera liberal kontserbadoreagoak hartu zituen, jarduera ekonomikoa garatu ahal izateko beharrezko ordena bermatzeko. Une horretan foruzale aberatsak tesi liberal moderatuetara hurbildu ziren, foruen aldekoak baitziren eta egonkortasun handiko sistema sortu baitzuten liberal moderatuek.

Progresisten ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Progresistek boterean eman zituzten bi urteetan legedia, administrazioa, ekonomia eta finantzetan ekintza garrantzitsuak burutzen saiatu ziren, guztiak aplikatzeko denborarik eduki ez zuten arren.[3]

Legedia eta administrazioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1856ko konstituzio non nata sortu zuten, honako printzipioak jasotzen zituelarik:

  • Subiranotasun nazionala
  • Kongresu eta senatuaren hautazko izaera eta botere berbera
  • Norbanakoen eskubideen arautzea
  • Milizia nazionalaren berrezarpena
  • Probintzietako eta udaletako gobernuen hauteskunde bidezko aukeraketa, gorteetan aplikatutako errolda-sistema aplikatuz

Biurtekoaren amaieran ia, 1856ko uztailean, udalen lege berri bat idatzi zen, tokiko instituzioek agintea berreskuratu zutelarik, baina 1868 arte indarrean jarri ez zena.

Ekonomian eta finantzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biurtekoan egindako ekintzarik garrantzitsuenak harturiko neurri librekanbistak izan ziren, bi helburu zituztelarik: Estatuko haziendaren diru sarrerak areagotzea eta herriaren industri garapena eta azpiegiturak sustatzea. Pascual Madoz hazienda ministroak desamortizazio lege bat eman zuen, jabetzan zibiletan izan zuena eragin handiena, batez ere estatuaren eta udalerrien ondasunetan. Hau dela eta nekazariek herri mendien erabilera komuna galdu zuten, baina Hego Euskal Herrian ez zuen eragin handirik izan XIX. mendetik saltzen ari baitziren herri lurrak.

Sozietate anonimoak eta jaulkipen bankuak liberalizatzeko zenbait lege jarri ziren indarrean, finantza sistemaren hedapena ahalbideratu zutenak. 1855eko Burdinbidearen Lege Orokorra ere onartu zen, harrezkero ordu arte ikusi gabeko industria eta ekonomia-arloko dinamika bati hasiera emanez. 1856an, nazioarteko kapitaleko MZA eta Crédito Mobiliario sortu ziren, burdinbideen eraikuntzarako proiektuak ahalbideratzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Casanova Aguilar, Isabel. (1984). «El bienio progresista (1854-56): Historia de un intento de modernización institucional» Anales de Derecho (6): 131-132. ISSN 0210-539X..
  2. (Gaztelaniaz) Urquijo y Goitia, José Ramón de. (1984). La revolución de 1854 en Madrid. Madril: Instituto de Historia "Jerónimo Zurita."; CSIC ISBN 84-00-05689-2..
  3. Comellas García-Llera, José Luis. (1970). Los moderados en el poder, 1844-1854. Madril: Consejo Superior de Investigaciones Científicas ISBN 84-00-01958-X..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]