Buffon Kondea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Georges Louis Leclerc, Buffon Kondea

Georges Louis Leclerc, Buffon Kondea, zientzia-gizona eta idazle frantsesa izan zen (Montbard, 1707 - Paris, 1788). Legegizona izan zen hasieran; gero izadiaren zientziez interesatu zen, eta 1739an Erregearen lorategiko arduradun izendatu zuten. Buffonek beste zenbaitekin batera egindako Histoire naturelle (1749-1789) obra gaitzak (44 liburuz osatutako lana) hedapen handia izan zuen. Zientzia-ezagupena esperientziaren gainean eraiki nahiz, behaketa zorrotz baten ondotik animalien deskribapen zehatzari ekiten zion liburuan. Ildo horretatik, Lineok plazaraturiko moten sailkapenari kritika egin zion, mugatuegia zelakoan. Eboluzionismoaren aitzindari, animalia biziaren egonkortasunari eztabaidagarria iritzirik, izakien aurrerabide eta kateatzearen ideia adierazi zuen. Lurraren garapenaren inguruko ideia ausartak eman zituen: 75.000 urte zituela Lurrak, eta 40.000 urte lehenago hasi zela bertan bizitza. Hoztu aurretik Lurrak 90.000 urte iraungo zituela ere baieztatu zuen. Bestalde, idazketaz ere arduratu zen, idatzizko adierazpidea gaiari egokiro lotua egon behar zuela aldarrikatuz: Discours sur le style (1753).

Buffonen lana berehala hedatu zen Frantziatik kanpo. Euskalerriaren Adiskideak elkarteak bere ikasgaien artean sartu zuen, eta Bergarako seminarioan Histoire naturelle delakoaren lehen egokitzea (Historia natural del hombre, 1773) testuliburu gisa erabili zen.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Buffon Kondea Aldatu lotura Wikidatan