Christian Wolff
Wikipedia(e)tik
Christian Wolff alemaniar filosofoa da (Wroclaw, 1679 - Halle, 1754). Matematika-, filosofia- eta teologia-ikasketak egin zituen Leipzigen. 1706. urtean Halleko unibertsitateko irakasle egin zuten eta germaniar filosofia-lexikoa osatzeko lanetan jardun zuen. 1723. urtean Frederiko Gilen I.ak kargutik kendu zuen erlijioaren aurkako filosofia arrazionala bultzatzen zuelako, eta Marburgora jo behar izan zuen. 1740. urtean, ordea, Frederiko II.ak lehen zuen kargua itzuli zion. Leibnizen eragina izan zuen, eta arrazionalismoan oinarritutako metodo filosofikoa proposatu zuen. Obra nagusiak: Philosophia prima (1729), Cosmologia generalis (1731), Psychologia empirica (1732), Psychologia rationalis (1734) eta Theologia naturalis (1736-1737).
Erreferentziak[aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.