Compañía Gaditana de Negros

Wikipedia, Entziklopedia askea
Compañía Gaditana de Negros
Datuak
Motanegozioa
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1765eko irailaren 23a

Compañía Gaditana de Negros XVIII. mendearen bigarren erdian Afrikan esklabo hartutako beltzen salerosketan aritu zen merkataritza-sozietatea izan zen. Kontratazio Etxearen egoitza Cadizen zegoen eta faktoria Habanan.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esklabo hartutako beltzen salmenta portugaldarren, frantsesen eta ingelesen esku egon zen nagusiki. Batez ere, Espainiako Ondorengotza Gerra amaitu eta gero.

Real Compañía de Comercio de La Habana (1740- 1757) desegin eta gero Compañía Gaditana de Negros hartu zuen esklabu egindako beltzen trafikoaren oinordetza.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1765eko ekainaren 14an Miguel de Uriartek, Errege Zedula baten bitartez, beltzen salmentaren monopolioa lortu zuen "Indietan"[2]. Eskaria 1760an egin zuen Aguirre, Aristegui, J. M. Enrile y Compañíaren izenean. eta zenbait negoziazioren ondoren, eman zen bere aldeko idazpena onartzeko. Zedulan zenbait baldintza zehazten ziren, hau da, zenbat beltz, horien prezioa eta ordainketa-data, itsasontzien irteera, horien salbuespenak, merkataritzarako portuak, eragiketen kaxa zentral bat ezartzea Puerto Ricon , etab.

Konpainiaren sorreraren idatzia 1765eko irailaren 23an sinatu zen, eta bertan, Uriarterekin batera, akziodun gisa agertu ziren, besteak beste, lehenengo eskaeran beren fidatzaile gisa agertu zirenak: José Ortuño, Villarreal de Purullenako markesa, José María Enrile, Francisco de Aguirre, Lorenzo de Ariztegui eta Juan José de Goicoa.[3][4] Konpainiak faktoria bat izan zuen Habanan eta horren administratzaile izan ziren Bernardo Goicoa, Manuel Félix Riesch eta Martín de Aróstegui Basabe.[1] Goicoa, Enrile eta Riesch Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideak izan ziren.[1]

Itsasontziak Cadizetik ateratzen ziren irina, ardo eta beste produktu batzuekin. Ondoren, produktu hauek esklabo egindako pertsonen truke saltzen ziren Goreako irlan, Senegal eta Cabo Verden.[5].Azkenik, Puerto Ricora eramaten zituzten han saltzeko, ondoren Habanan ere "faktoria" bat ezarri zuten ere.[3] Konpainiaren lehen hiru urtetan 7.000 beltz eraman zituzten Puerto Ricora.[6]

Klausuletan ezartzen zenaren arabera, konpainiak 10 urteko iraupena izango zuen eta urtean 1.500 esklabo egindako beltz eraman behar zituzten Cartagena eta Portobellora, 400 Honduras eta Campechera, 1.000 Kubara, 500-600 Cumaná, Santo Domingo, Trinidad, Margarita, Santa Marta eta Puerto Ricora.[3][6] Horrez gain, esklabo hartutako emakumeen nolakotasuna adierazten zen, erdituak eta bular jausiak ez zituztela nahi esanez. Gizonei dagokionez merkatutik kanpo geratzen ziren itsuak, gaixoak, zilbor altzatua zutenak eta abar. Horrez gain, herri afrikar batzuk gailentzen zituzten:

nación carabalíes, pero no a los vivies, que tienen los dientes como sierra, ni a los ambrichis, pero sí a los musangaes (...) Tampoco a los negros mondongos, ni angolas, pero sí a los minas, mandingas, chalaes, araraes, lucumíes, yolophes, popopes, congosfino, mososos, loangos y musundíes… y se remitirán a Puerto Rico bajo bandera ynglesa u holandesa.[7]

Esklabuen lehen kargamentua 1766ko azaroaren 16an heldu zen Habanara, La Venganza izeneko fragata espainiarrean eta 250 edo 295 esklabo eraman zituenak, aurreikusitakoen erdia. 1768an bi balandra heldu ziren Habanara, 310 esklaburekin. Bost urteren buruan (1765-1770) 9.450 esklabo sartu zituen Kubara.[1] Konpainiak "G" batekin markatzen zuen esklabuen beso edo bularra carimba edo carimbo deituriko burdin batekin, batzuetan zilarrezkoa zena.[1]

1766 eta 1770 urte bitartean, Cadizko Konpainiak bandera zein tripulazio frantses eta ingelesa zuten itsasontziak erabili zituen. Konpainiak gaizki funtzionatu zuen hasieratik, eta arazo komertzial eta finantzario batzuk zirela medio, zorrak pilatzen hasi zen. Zor horiek, bizirik irauteko jasotako maileguen interesekin batera, milioi bat pisutik gorako galerak izan zituzten 1770ean.

Koroak irinaren monopolioa eman zien ere eta 6853 irin-tonel saldu zituzten. Horrez gain, haragi, arrain, azukrea eta kafea eta abarren salmentan aritu ziren ere. 1772ko abuztuaren 20an konpainiak Kontratazio Etxearen aurrean enpresaren porrotaren aitorpena aurkeztu zuen. 1789an Karlos IV.ak esklaboen merkatuaren monopolioa desegin zuen.[6] Azkenik, 1779an konpainia behin betiko desegin zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) Goicoetxea Marcaida, Ángel. (2016). Los vascos y la trata de esclavos. Ediciones Pastor, 42-92 or. ISBN 978-84-9946-456-5..
  2. (Gaztelaniaz) Crespi, Liliana. (2000-11-01). «El comercio de esclavos en el Río de la Plata. Apuntes para su estudio» Cuadernos de Historia. Serie Economía y Sociedad (3): 237–252. ISSN 2422-7544. (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  3. a b c (Gaztelaniaz) «Compañía gaditana de negros» lavoz 2017-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  4. «Cádiz, el gran puerto negrero español del XIX» ElHuffPost 2020-08-02 (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  5. (Gaztelaniaz) El Panamá Hispano (1501-821). Capitulo V: La presencia del negro en el Panamá colonial. , 14 or..
  6. a b c (Gaztelaniaz) Cádiz, Diario de. (2019-09-16). «Cheque en blanco para los negreros» Diario de Cádiz (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  7. (Gaztelaniaz) La Compañía Gaditana de Negros. Aguirre, Arístegui y Cía. (1765). .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Bibiano Torres Ramírez (1973). La Compañía gaditana de negros. Sevilla.
  • Ángel Goicoetxea (2017). Los vascos y la trata de esclavos. Ediciones Pastor.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]