Puerto Rico

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Puerto Ricoko Estatu Libre Elkartua[1]
Estado Libre Asociado de Puerto Rico
Commonwealth of Puerto Rico
Puerto Ricoko bandera
Bandera

Puerto Ricoko armarria
Armarria

Goiburua: Joannes Est Nomen Eius
( Joan da haren izena )
Nazio ereserkia:
La Borinqueña
Puerto Rico: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
San Juan de Puerto Rico
18°29′I 66°08′M
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania eta ingelesa
Gobernua
Presidentea
Gobernatzailea
Estatu Libre Elkartua
Barack Obama
Luis Fortuño
Dependentzia
- Ameriketako Estatu Batuei
- Autonomia

1898
1952ko uztailaren 25
Eremua
• Guztira
• Ura

9.104 km² (169.)
% 1,59%
Biztanleria
• Zenbatespena (2005)
• Errolda (2005)
• Dentsitatea

Herritarra

3.916.632 (126.)
3,913,054
430,21 biztanle/km² (21.)

puertorricar[2]
Dirua Estatubatuar dolarra (USD)
Ordu eremua CET (UTC +4)
Interneteko domeinua .pr
Telefono aurrezenbakia +KP4

Puerto Rico (izen ofiziala: Puerto Ricoko Estatu Libre Elkartua; gaztelaniaz: Estado Libre Asociado de Puerto Rico) Ameriketako Estatu Batuei elkartutako Estatu librea da. Uhartedi bat da eta Karibe itsasoan kokatzen da. Autonomia osoa du, baina batzuek AEBetako «51. estatua» dela aldarrikatzen dute. Dominikar Errepublikaren ekialdean dago.

San Juan da hiriburua (434.374 biztanle 2000an). Hiri nagusiak Bayamon, Ponce, Carolina eta Caguas dira. Hizkuntzak, gaztelania (ofiziala) eta ingelesa. Etniak: zuriak, % 80; beltzak, % 20. Erlijioa: katolikoak, % 85,3; protestanteak, % 4,7; besteak, % 10.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puerto Rico satelite irudian.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puerto Rico estatua uhartedi bat da, uharte nagusi batek (Puerto Rico uharteak berak) eta beste hainbat uharte txikiagoek osatzen dutena. Horien artean, Vieques, Culebra, Mona, Desecheo eta Caja de Muertos garrantzitsuenak dira. Bost horietatik, Culebra eta Vieques uharteek dituzte biztanle finkoak urte osoan, nahiz eta Mona uharteak turismo aldian bisitariak jaso[3].

Uharte nagusiak 170x60 km ditu. Gehiengoa eskualde menditsuek hartzen dute, nahiz eta hegoaldeko zein iparraldeko kostaldean zabaldiak izan. Mendilerro nagusia Cordillera Central du izena eta hantxe dago tontor garaiena, Cerro de Punta (1.338 m[4]). Beste mendi garai bat El Yunque da (1.080 m), Karibeko Baso Nazionalean. San Juan hiriburua iparraldeko kostaldean dago. Erdialdeko mendikatetik hegoaldera lurraldeak gainbehera malkartsua eta, Karibeko itsasbazter estuan, labartsua du. Iparraldeko isurialdeak, berriz, hegoaldekoak baino gainbehera leunagoa du, eta han-hemenka kare-harrizko muinoak dituen ordoki bat eratzen du itsasbazterreraino. Halaber, kosta zabalagoa du, zelaia, hareatsua eta zingiratsua.

Puerto Ricon 17 aintzira artifizial daude[5] eta 50 ibai baino gehiago, iturburua Cordillera Central mendilerroan dutenak. Iparraldeko ibaiak luzeagoak eta emari handiagokoak dira oro har, hegoaldekoen aldean.

Corcho hondartza, Vieques uhartean.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima tropikala da, nahiko atsegina eta iraunkorra. Euri ugari egiten du urte osoan zehar eta urakan batzuk ere jasaten ditu.

Tenperaturak ez du gorabehera handirik izaten, eta 25 °C izaten dira, batez beste, urtean zehar. Mendialdea 7 °C inguru hotzagoa da, eta hotz-beroak gorabehera handiagoak izaten ditu.

Euri asko egiten du, ipar-ekialdeko eta ekialdeko haizeen mendean dauden alderdietan, batez ere. Hala, 4.780 mm euri egiten du ipar-ekialdean, baina 780 mm inguru baino ez hego-mendebalean. Euri gehiena maiatzetik azarora egiten du. Batzuetan euri eta haize enbata kaltegarriak izaten dira.

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhartearen jatorrizko landarediak Erdialdeko mendilerroko ipar-isuraldeko alderdi batzuetan eta ekialdeko muturreko Luquillo mendilerroan, Yunque mendian (1.605 m) hain zuen, iraun du soilik. Yunque mendian, 116 km2-ko babesgune batean, orkidea eta iratze handiak dituen oihan tropikal trinkoa dago. Gainerako alderdietan, biztanleriaren hazkundearen eraginez, uharteko bertako landaredia galduz joan da, eta lursailak daude orain lehen oihana zegoen tokietan. Itsasaldean, palmondo eta mangle zuhaiztiak hazten dira, eta errepide eta ibai ertzetan, berriz, banbua.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo puertorricar gehienak espainiar kolonizatzaileen eta uharteko bertako amerindiarren aspaldiko nahasketen, eta batez ere, XVIII. mendearen bukaeratik aurrera uhartera joan ziren kolonoen ondorengoak dira. Uharteko bertako biztanleak, arawak etniako taino amerindiarrak, espainiarrak iritsi eta handik 200 urtera ia desagertu ziren. Hala ere, haien ezaugarriak nabarmenak dira biztanle askorengan, uharteko barnealdeko nekazariengan batez ere. Espainiarrek Afrikako beltzak eraman zituzten amerindiarren ordez lan egitera, eta haien eta batzuen eta besteen arteko nahasketen ondorengoa da Puerto Ricoko biztanleen beste multzo handi bat. Gaur egun, biztanle gehienak hirietan bizi dira.

Gaztelania eta ingelesa Puerto Ricoko hizkuntza ofizial gisa erabili izan dira 1902. urteko elebitasun legearen arabera. 1991ko apirilaren 5ean, ordea, Rafael Hernández Colón gobernariak lege hura baliogabetu zuen, eta gaztelania hartu da hizkuntza ofizial bakartzat. Biztanle asko elebidunak dira, baina gaztelania erabiltzen dute biztanle eta komunikabide gehienek. Puerto Ricoko konstituzioak erlijio askatasuna bermatzen du.

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puerto Ricoko kapitolioa (legebiltzarra).

Puertorricarrak Estatu Batuetako herritarrak dira, baina ez dute hango hauteskundeetan botoa emateko eskubiderik. 1952. urteko konstituzioaren arabera gobernariak du aginpide eragilea. Bestalde, Puerto Ricok Estatu Batuetako Kongresuan hitz egiteko eskubidea du, ez, ordea, botoa ematekoa. Gudarostea, dirua, Estatu Batuetako estatuekiko merkataritza harremanak, eta garraiobideak Estatu Batuetako gobernuaren mende daude. Estatu Batuetako gudarosteak itsasontzi eta hegazkin baseak ditu Puerto Ricon. Estatu Batuekin elkartua dagoenez, Puerto Ricoko biztanleek hango gizarte babesaren laguntza gehiena jasotzen dute, baina Estatu Batuetako biztanleek jasotzen dutenaren batez bestekoa baino gutxiago, hala ere.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puerto Ricoko udalerrien mapa.

Puerto Rico 78 udalerritan banatuta dago. Udalerri bakoitzen alkatea eta "udal legealdi" bat (Legislatura Municipal) hautatzen da, lau urtean behin. Hiri nagusiak San Juan (hiriburua), Guaynabo, Bayamón, Carolina, Caguas, Mayagüez, Ponce, Cataño, Trujillo Alto eta Arecibo dira. Puerto Ricok bi udalerri-uharte ditu, Vieques eta Culebra, uharte nagusiaren ekialdean.

Hauek dira udalerriak:

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun, uharteak lau alderdi politiko ditu onetsiak: Herri Alderdi Demokratikoa (PPD), Estatu Aske Elkartua aldezten duena; Alderdi Berri Aurrerakoia (PNP), Ameriketako Estatu Batuekin estatu federal gisa batzearen zalea; Puerto Ricoko Alderdi Independentista (PIP), independentzia bultzatzen duena; eta Puertorricarrak Puerto Ricoren Alde, uhartearen estatus politikoaz ezer esan ez duena.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1493ko abenduaren 19an espainiarrak uhartera iritsi zirenean arawak amerindiarrak bizi ziren han. Kristobal Kolonek Espainiako koroaren izenean hartu, eta San Juan Bautista izena eman zion uharteari. 1508an Juan Ponce de Leónek uhartearen kolonizazioa hasi zuen. Lehorreratu zen portuari Puerto Rico izena eman zion, gero uharte osoa izendatzeko erabili zena. Urte hartan bertan Caparra hiria sortu zuen, gaur egungo San Juan.

1511. urtean amerindiarrak kolonizatzaileen aurka matxinatu ziren espainiarrek encomienda izenekoetan banatu zituztelako, baina, lau urtez borrokatu ondoren, suntsitu egin zituzten. Handik urte gutxira amerindiar gehienak hilak ziren, bai gatazken bai europarrek eramandako gaitzen ondorioz. Aurkitu ziren urre meetan lan egiteko eta lurra lantzeko langileak behar zirenez, 1518an Gineako esklaboak eraman zituzten Puerto Ricora. XVI. mendearen erdialderako, ordea, urre meak ia agortuta zeuden, eta ekonomiaren oinarriak oso ahulak ziren. Gainera, bere kokalekuagatik, Puerto Rico aise menderatu zitekeen uhartea zen, eta inguruko uharteetatik joaten ziren karibe amerindiarrek ez ezik, Holanda, Ingalaterra eta Frantziako itsas-lapurrek eta kortsarioek ere eraso zioten uharteari (Sir Francis Drakek 1595ean, Cumberland kondeak 1598an, Bowdoin Hendrikek 1625ean). Segurtasun eza zela eta, espainiarrak beste kolonia batzuetara joaten hasi ziren, baina Espainiako koroak, uhartearen garrantziaz jabeturik, gotorlekuak eraikiarazi zituen XVI. mendearen bukaeratik aurrera uhartea erasoetatik babesteko. Puerto Rico Espainiako inperioaren gotorleku nagusietako bat bilakatu zen, baina gainerakoan ez zuen batere aurrerapenik izan.

XVIII. mendean, Espainiako koroa eskuratu zutenean, borboitarrek koloniekiko politika aldatu zuten, eta Puerto Ricok hazkunde ekonomiko handia izan zuen: uhartearen eta metropoliaren arteko merkataritza harreman askeak hasi ziren eta nekazaritza suspertu zen. Erreforma horiek jende asko erakarri zuten Kanaria uharteetatik, Haiti, Louisiana eta Santo Domingotik eta, hala, asko emendatu zen biztanleria. Esklabo gehiago ere ekarri zituzten, lursail handietan kafea eta azukrea lantzera.

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1808. urtean Napoleonek Espainia hartu eta Jose Bonaparte ezarri zuen errege, baina Espainiak Amerikan zituen koloniek ez zuten errege berria onartu. Koloniak metropolitik bereizirik geratu ziren. Gertaera haren kariaz, burujabetasuna lortzeko borrokak hasi ziren kolonia guztietan, Puerto Ricon izan ezik. Leialtasun haren ordainetan, Puerto Ricok beste herrialde batzuekin merkataritza harreman askeak izateko eskubidea lortu zuen (1815), baita Cadizko gorteetan ordezkaritza izateko eskubidea ere. Espainiaren koloniek burujabetasuna lortu zutenean, Espainiako koroari leialtasuna gorde zioten espainiar asko Puerto Ricora joan ziren babes bila, eta hango gobernuak lurrak eman zizkien, baita lursailen jabe izateko erraztasunak ere; baina 1837an, Espainian monarkia konstituzionala ezarri zenean, Puerto Ricok aurretik jasotako eskubideak galdu eta, lege berezien pean, gobernadore militar baten aginpidean geratu zen.

Hurrengo urteetan, hiru jarrera edo iritzi zabaldu ziren: liberalek Puerto Rico Espainiako estatuaren barnean nahi zuten; kontserbadoreek, esklabotasunaren aldekoak izanik, gobernu koloniala gorde nahi zuten; eta beste batzuek, berriz, herrialdearen burujabetasuna nahi zuten. Garai hartan, Puerto Ricoko ekonomia azukrearen eta hartatik eratorritako gaien ekoizpenean oinarritzen zen, eta Estatu Batuekin zituen merkataritza harreman gehienak. Erreforma politikoa bideratzen huts egin zuten ahalegin batzuen ondoren, 1873. urtean esklabotasuna debekatu zen eta, 1897an, Puerto Ricok eta Espainiako gobernuak uharteari autonomia zabala ematea hitzartu zuten. 1898an baina, Espainiaren eta Estatu Batuen arteko gerrak hitzarmen hura gauzatu zedin galarazi zuen. 1898ko abenduaren 10ean, Parisko hitzarmenean, Puerto Rico Estatu Batuen eskuetan geratu zen.

Puerto Rico Estatu Batuen mendean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1899an desegin egin zen Puerto Ricoko liberalek nekez lortutako gobernu autonomoa, eta 1900ean, Estatu Batuetako kongresuak Foraker legea onartu zuen, Puerto Ricoko aginpide politikoa Estatu Batuetako funtzionarioen eskuetan uzten zuena. 1917an kongresuak Jones legea onartu zuen, uharteko biztanleak Estatu Batuetako herritartzat hartzen zituena. Puerto Rico Estatu Batuen mendean egon zen lehendabiziko urteetan, eta puertorricarrei Estatu Batuetako kultura eta hizkuntza ezarri nahi izan zitzaien. Halaber, ekonomia Estatu Batuetako konpainia handien mendean geratu zen, eta lursail guztiak azukre kanabera lantzeko erabili ziren. Uhartearen egoera sozioekonomikoa oso larria zen, eta burujabetasunaren aldeko matxinada guztiak gogor zapaldu zituen gobernuak (Rio Piedras 1935, Ponce 1937). Urte horietan sortu ziren alderdi politiko handiek Puerto Ricoren eta Estatu Batuen arteko harreman politiko desberdinak aldezten zituzten: integrazioa, autonomia eta burujabetasuna.

1930etik aurrera, Estatu Batuetako lehendakari Franklin D. Roosveltek New Deal politika indarrean jarri izanaren eraginez, zenbait erreforma egin zen Puerto Ricon, azukre konpainia handien monopolioa haustera bideratuak gehienbat. 1938an, Herri Alderdi Demokratikoa sortu zen, ogia, lurra eta askatasuna eskatuz, ekonomiaren erreforma bultzatzearen aldekoa. Haren eraginez, lurraren jabetza banatu zen, lan sariak eta baldintzak hobetu ziren, eta zerga sistema progresiboa ezarri zen. 1947an Estatu Batuetako Kongresuak Puerto Ricoko gobernaria puertorricarrek berek hautatzea erabaki zuen. Hurrengo urtean, puertorricarrek Muñoz Marín hautatu zuten gobernari, Alderdi Demokratikoaren sortzailea, alegia.

1952an, Puerto Rico Estatu Aske Elkartu bihurtu zen, eta urte berean konstituzio bat onartu zen. Uhartearen egoera sozioekonomikoa hobetuz joan zen, eta azukrearen ekoizpenean oinarritutako ekonomiatik industria oinarritzat zuen ekonomia batera aldatuz joan zen pixkanaka. Kubako iraultzaren eraginez, abertzaletasunak eta burujabetasunaren aldeko mugimenduak hazkunde handia izan zuten. 1967an, erreferendum bat egin zen Puerto Rico Estatu Batuetako estatu izan ala ez erabakitzeko, eta botoen % 61 estatu libre elkartu gisa jarraitzearen aldekoa izan zen. Halaber, 1993an egin zen erreferendumean iritzi beraren aldekoek doi-doi garaitu zuten. Urte horretan bertan, Alderdi Berri Progresistako kide zen Pedro Roselló gobernariak ingelesa hizkuntza ofizial bakartzat hartzea proposatu zuen; proposamen horren kontra manifestazio asko antolatu ziren hiri nagusietan. Azkenik, ingelesa hizkuntza ofizialtzat hartu zen, baina gaztelaniarekin batera. 1993ko azaroan, erreferendum bat antolatu zen uhartearen etorkizun politikoa erabakitzeko. Estatu libre elkartuaren estatutuaren aldeko proposamenak irabazi zuen (botoen % 48,8); % 46,2k Puerto Rico Estatu Batuetako 51. estatua izatearen aldeko botoa eman zuen eta % 4,4 independentziaren aldekoa zen.

1996ko hauteskundeetan, berriz, Puerto Rico Estatu Batuetan sartzeko aldeko sutsua zen Pedro Rosselló hautatu zuten berriz ere gobernadore. 1998an, Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak urte horretan bertan beste erreferendum bat egitea erabaki zuen puertoricarrek Puerto Rico Estatu Batuen barruan sartzeari buruz zuten iritzia ezagutzeko. 1998ko abenduaren 13an, puertoricarrek estatu libre elkartu gisa jarraitzea erabaki zuten berriz ere. Estatu Batuetako itsas armadak Vieques uhartea maniobra militarrak egiteko erabiltzeak istilu larriak sortu zituen 2000. urtean, milaka lagunek protesta egin baitzuten, maniobra horiek bukatzea eskatuz. Estatu Batuetako lehendakari Bushek 2003an agindu zuen ordukoak izango zirela uharteko azken maniobrak. 2003an beste liskar bat sortu zen hilketa latz baten ondorioz Estatu Batuetako fiskalek heriotza zigorra ezarri nahi izan zutelako, nahiz 1929 ezkero ezeztatua zegoen; puertorricar asko neurri horren kontra agertu ziren. 2006 apirilean, defizit fiskal handiaren ondorioz, gobernuak bi hilabetez bertan behera utzi zituen bere operazioak, eta 1.500 eskola itxi behar izan zituzten eta 90.000 langile publiko soldatarik gabe geratu ziren. 2007an, PPDk ebazpen bat bidali zuen NBEra Puerto Ricorren estatusa eta haren burujabetzarako eskubidea eztabaida zitzaten.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Puerto Ricoko Urrezko Milia, San Juan hirian.

Meatzaritzari dagokionez, Puerto Ricoko mea hobi nagusiak hauek dira: kareharria, kobrea, kobaltoa, kromoa, nikela, burdina, grafitoa, gatza eta zohikatza.

Bestalde, garrantzizko diru iturriak dira, esnekiak, barazkiak eta fruituak, kafea, behikia, zekorkia, txerrikia, azukrea, tabakoa eta arroza. Baso gehienak kolonia garaian moztu ziren, eta ahalegin handiak egin dira basoa berritzeko. Salmentarako arrantza bigarren mailako jarduera da Puerto Ricoko ekonomian.

Industriari dagokionez, gobernuak sektore hori indartzeko asmoz, zerga salbuespenak, kredituak eta ikerketarako laguntzak sustatu ditu. Uharteak, bestalde, etekin handia atera dio Estatu Batuetatik inportatutako kapitalari eta teknologiari. Industria nagusiak hauek dira: industria kimikoak eta botikak, industriarako makinak, jantzigintza, gai elektronikoak eta elikagaiak. Puerto Ricok merkataritza harreman gehienak Estatu Batuekin (% 80), Erresuma Batuarekin eta Japoniarekin ditu. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du ekonomian.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta XIX. mendearen bukaeratik Estatu Batuekiko lotura eta hango kulturaren eragina izan duen, Puerto Ricoko kulturak espainiar jatorriko eta Antilletako eta Afrikako kulturak ditu oinarrian, eta askoz lotura handiagoa du Erdialdeko eta Hego Amerikako kulturarekin kultura anglo-saxoiarekin baino. Nolanahi ere, gaur egun, anglo-saxoi kulturaren aldekoen eta aurkakoen arteko lehia dago. Zenbait erakunderen helburua hango kultura babestea eta aberastea da.

Puerto Ricoko intelektual handienetako bat Eugenio María de Hostos (1839-1903) pentsalari eta soziologoa izan zen; haren idatziak Karibeko gizarte aldaketa eta burujabetasuna lortzera bideratuta zeuden. Halaber, idatzi den literatura gehienaren ezaugarri nagusiak burujabetasuna aldarrikatzea eta, Estatu Batuetako kultura anglo-saxoiaren aurrean, bertako kultura nortasunari eustea eta hura sendotzea izan dira. Bertako jaialdien artean aipatzekoak dira urtero ospatzen diren Antzerki Jaialdia eta Casals Jaialdia, Pau Casals kataluniar musikagile eta biolontxelo-jotzaileak 1956an sortua.

Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitekturan, aipatzekoak dira San Juan hiriko gotorlekuak, elizak eta etxe zaharrak: Santa Catalina (1533-1540), San Felipe del Morro (1591-XVII. mendearen hasiera) eta San Cristobalgo (XVIII. mendearen bukaera) gotorlekuak, katedrala (1540-1587), domingotarren komentu zaharra, Etxe Zuria (han Ponce de León familia bizi izan zen) eta udaletxea.

Puertorricar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Puerto Rico Aldatu lotura Wikidatan


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)