David Teniers Gaztea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Leopoldo Gillermo Artxidukea, bere pintura-galerian (Prado Museoa, Madril)
San Antonioren tentazioak (Prado Museoa, Madril)

David Teniers Gaztea flandestar pintorea eta diseinatzailea izan zen (Anberes, 1610 - Brusela, 1690). 1632-1633 bitartean maisu-maila lortu zuen Anberesen. 1651. urtean Bruselara joan zen, eta 1665. urtean Anberesko Akademiako zuzendari izendatu zuten. Bere garaiko gizarteko eszenak eta erretratuak pintatu zituen, baina magia eta sorginkeriari buruzko pinturengatik egin zen batez ere ezagun.

Flandriako genero-pinturaren eraberritzailetzat hartua da xehetasunekiko zuen kezkagatik eta kolorearen lanketa zainduagatik.

David Teniers Zaharraren semea zen eta haren ikasle izan zen, baina harremana izan zuen orobat Bruegel (haren alaba batekin ezkondu zen 1637an) eta Rubensekin. Hasierako lanetan generoko eszenak landu zituen, baina berehala hasi zen burgesen zein nekazarien bizitzako irudiak margotzen (Ostatuko irudiak, Bost zentzuak); aurrerago tabernetako eszenak margotu zituen batez ere, P. Brouwerren eraginpean, baina hark baino atseginagoak eta efektistagoak, ez hain patetikoak (Karta jokalariak, Ostatuko Irudia). Lan bikainenak, halere, 1640 eta 1650 bitarteko hamarraldian egin zituen.

Oro har, aurreko koadroetan baino kolore argiagoak erabili zituen orduko lanetan, zilar distirako kolore argitsuak hain zuzen, eta Rubensen eragina antzematen zaio zenbait lanetan. Garai hartako koadroetan irudi jendetsuak irudikatu ohi zituen landa-giroko paisaia zabaletan; oro har, pertsonaia maitagarriak, umoretsuak egiten zituen (Herriko jaia, 1646; Hermitage, San Petersburgo) eta paisaia xehetasun handiz landu ohi zuen. Aipagarriak dira, besteak beste, Erromeria Anberes inguruan (1643, National Gallery, Londres), Artzaien etxola (Corsini Galeria, Erroma) eta Atseden hartzen landan (Doria Pamphili Galeria, Erroma). Prozesioak agertzen dituzten hainbat koadro ere egin zituen garai hartan.

1647an Herbehereetako gobernariaren galeriaren arduradun izendatu zuten. Garai hartan margotu zuen Leopoldo Artxidukea Bruselako bere pinakotekaria (1647; Pradoko Museoa, Madril), eta mitologiari buruzko koadro ugari egin zituen. 1651n Bruselan finkatu zen eta lantegi garrantzitsua sortu zuen han, bere lankideen artean estilo berezi bat zabaldu zuena. Bruselako Arte Ederretako Akademiaren sortzaileetako bat izan zen (1663).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David Teniers Gaztea Aldatu lotura Wikidatan