Distrofia miotoniko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Distrofia miotonikoa herentziaz autosomiko dominantea den gaixotasun multisistemiko kronikoa da. Bizitzan edozein unetan adierazi daiteke, eta garapen motel eta jarraituaz gain, adierazpen aldakorra azaltzen du.

Gihar distrofien artean bigarren ohikoena da Duchenne gihar distrofiaren atzetik eta gaixotasunaren ezaugarri nagusiak: giharren endekapen geldo eta jarraitua, ahultasun hazkorra eta giharren bolumen galera dira, miotoniaz lagundurik, hau da, giharrak boluntarioki erlaxatzeko ezintasuna.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun honek hiru forma desberdin aurkezten ditu:

  • Distrofia Miotonikoa 1 motakoa edo Steinert gaixotasuna
    • Distrofia miotoniko kongenitoa
  • Distrofia miotonikoa 2 motakoa edo Miopatia Proximal Miotonikoa (hau urriagoa, sintoma arinagoak eta gutxiago aztertua delarik)

Fenotipoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gihar eskeletikoa erlaxatzea izango da arazoaren funtsa eta beraz, honekin zerikusia duten sistemak eta organoak egongo dira kaltetuta. Hala nola, ibiltzeko, gauzak hartu eta uzteko, irensteko eta arnasteko izango dituzte arazoak.

Honez gain, hainbat ezaugarri esanguratsu erakutsiko dituzte: aurpegi berezia izango dute, aizkora itxurakoa; ptosis palpebral edo betazal eroriak, kataratak, irribarre pobre edo eroria eta gizonengan ginekomastia, bularren agerpena, eta burusoileria.

Giharra:

  • Hasieran muskulu distalak kaltetuak, gero proximalak
  • Aurpegi, lepo eta buruko muskuluak kaltetuak
  • Arnasteko eta irensteko muskuluak kaltetuak
  • Desgastea eta bolumen galera
  • Histologikoki: zuntzen diametro aldaketa emango da, eraztun zuntzak sortuko dira, nukleoek zentroan kateak osatuko dituzte eta nukleo piknotikoak agertuko dira.

Bihotza: Giharra baino kaltetuagoa dago eroapen sistema.

Begiak: Gaixoen %90-100 kataratak garatuko dituzte.

Genotipoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autosomiko dominantea izateaz gain herentzia berantiarra dauka, akatsa mRNA akastunen metaketagatik gertatzen baita.

Mutatutako genea 19. kromosomako 13.3 eskualdean dago, distrofia miotoniko proteina kinasa da genea, DMPK, eta honek miosina kinasa kodetzen du.

Akatsa CTG hirukoteen errepikapen gehiegizkoa da, eta hau 3’UTR eskualdean topatzen da gure genean. Transmisioa amatiarra edo aitatiarra izan daiteke, ordea forma kongenitoa soilik amarengandik heredatuko da.

Antizipazio fenomenoa agertzen da, hau da, gero eta belaunaldi gehiagotara transmititu gero eta lehenago eta larriago azalduko da gaixotasuna. Hau CTG errepikapenen eskualdea hot spot eskualde bat delako ematen da, zeinak DNA polimerasari akats moduan errepikapen gehiago sartzeko joera emango dion.

Errepikapen kopuruaren arabera gaixoaren larritasuna zehazten da:

  • Banako normalak: 5-37
  • Ez oso larriak: 50-80
  • Larritasun hazkorra: 80-2000
  • Oso larriak: 2000 edo gehiago
  • 38-50 → Premutatua

Hipotesi desberdinak daude arazoaren zergatia azaltzeko:

  • DMPK-ren haplogutxiegitasuna
  • SIX5 eta inguruko geneen haplogutxiegitasuna
  • RNA-ren patogenesia

Hirugarrena onartuena den arren, beste bietatik ezin da guztia baztertu.

mRNA akastuna denez kaltetua, honek konformazio berezia hartuko du, eta ezingo da nukleotik kanporatu, beraz metatu egingo da. Metaketa honen ondorioz, RNA-ra elkartzen diren proteinek arazoak izango dituzte, hala nola MBNL bahiketa bat egongo da, eta CUG-BP aktibitate irabazi bat, eta hau izango da sistema desberdinei dagokien mRNA-ren moztitsasketa akastunak gertatzearen arrazoia.

Moztitsasketa akastun hauek izango dira fenotipoa sortaraziko dutenak. Adibidez, kloro kanal eta erretikulu sarkoplasmikoko Ca 2+ ATPasa gaizki moztitsasteagatik miotonia emango da, intsulina hartzailearen moztitsasketa akasdunak intsulinarekiko insensibilitatea dakar, Tau proteinenak nerbio sistema zentralaren disfuntzio orokorra eta T troponina kardiakoarenak arritmiak sortarazten ditu.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • PCR
  • Southern-Blot
  • Gihar biopsia
  • Kataratak

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago tratamendu espezifikorik botikak ez baitira gaixotasunaren funtsera iristen. Helburutzat sintomak arintzea dute