Donostiako Danborrada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako Danborradan barrilak jotzen.
2008ko haur danborradako une bat.

Donostiako Danborrada San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, Donostian ospatzen den jaiak eta desfileak dira.

Urtarrilaren 19ko gauerdian, Konstituzio plazan hasten da, hiriko banderaren altxaerarekin. Gaztelubide elkarteak eta beste elkartetako kideek, Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa jotzen dute bitartean. Honen ondoren, Erretreta, Tatiago, Diana, Iriyarena eta abar jotzen dituzte elkarte ezberdinetako danborjoleek. Gutxi gorabehera 50 danbor eta 70 kupelez osaturiko ehun Konpainiek hartzen dute parte jaialdian, bakoitzak musika banda bana duelarik.

San Sebastian egunean bertan, eguerdian, Haurren Danborrada egiten da. Udaletxeko terrazatik irten eta Donostiako Zentroan martxa edo itzulia egiten dute haur eta gazteek.

Historia

Danborrada Donostiako kaleetara irten zen urtea zorroztasun historikoz ezin liteke behar adina zehaztu. Batzuk 1836 urte inguruan hiria urez hornitzen zuten hiru iturrietako baten aurrean neskameek eta euren konpainiek - artisau edo gudarik - txanda esperoan zeudela burutu ohi zituzten suil soinuetatik omen dator. Halere, Danborrada Donostiako inauterietako konpartsaren bat izatea litekeena da.[1]

Aurretik beste hainbat egonak ziren. Hala, 1817an, valentziar itsuen Maskarada eta lorazainen Konpartsa eta hurrengo urtean Galdaragileen Konpartsa eta Danborrada, azken hau ziurrenik 1836an, Lehen Karlistaldian hain zuzen ere. Ordutik aurrera Jose A. Santesteban maisuaren zortzikoaren doinuaz lagundurik eta gaueko ordu txikietan hiriko kaleetan barna joanez santu zaindariaren eguna ospatzeko ohitura hartu zen, hau lehenbiziko urteetan kupelez bakarrik jo ohi zelarik, gerora danborrak gehituz.

Hasiera batean partehartzaileak jazkera bitxiez mozorroturik atera ohi ziren, gerora jada uniformez ateratzeko. Urtero goizeko hiru'ta erdietan Urgullgo gaztelura doan aldapan dagoen "La Fraternal" elkartetik kaleratu ohi ziren, Zezenarena (garaiko grafian "Sheshenarena") doinuaz danborrak astinduz, 1860. urterarte Raimundo Sarriegik ez baitzuen San Sebastian martxa konposatu. Partehartzaileak nekagaitz goizeko zortziak arte kaleetan barna kupelak eta danborrak astinduz ibili ohi ziren, ordu horretan puntu-puntuan Iñigo eta Narrika kaleen arteko izkinara ailegatu eta bertan sokamuturraren etorreraren zain gelditzen zirelarik.

Danborradak Inauteri-asteartean Sardinaren lurperatzearekin amaitu ohi zen jai multzoari hasiera ematen zion. "La Fraternal" elkarteari "Unión Artesana" elkarteak jarraitu zion. Goizeko bostetan eta hiru zaldunez gidaturik, kale martxa hasi eta 1800eko uniformez jantzitako danborrariek euren danbor eta kupelak musika bandak jotako martxekin batera astindu ohi zituzten. Ondoren "Euskal-Billera" elkartea etorri zen, eta gerora danborrada ezberdinak donostiar auzo bakoitzeko biderkatu edo ugaritu ziren.

San Sebastian Martxa

Sakontzeko, irakurri: «San Sebastian martxa»

San Sebastian martxa Raimundo Sarriegik egindako musikaren gainean, Serafin Baroja donostiarrak hitz hauek idatzi zituen:

Bagera...!
gu (e)re bai
gu beti pozez
beti alai!

Sebastian bat bada zeruan
Donosti(a) bat bakarra munduan
(h)ura da santua
(e)ta (h)au da (h)erria
(h)orra zer dan gure Donostia!

Irutxuloko, Gaztelupeko
Joxemaritar za(ha)r eta gazte
Joxemaritar za(ha)r eta gazte
kalerik kale danborra joaz
umore ona zabaltzen hor dijoaz
Joxemari!

Gaurtandik gerora penak txokora
Festara! Dantzara!
Donostiarrei oi(h)u egitera gatoz
pozaldiz!
Inauteriak datoz!

Bagera...!
gu (e)re bai
gu beti pozez
beti alai!

Haur Danborrada

Egungo Haur Danborradaren aurrekaria 1927. urtetik Euskal Billera Elkarteak antolatzen zuen haurren konpainia da, Donostiako Parte Zaharran zehar jotzen zuena. Elkarte honi zor zaio, halaber, La Bella Easo izeneko neska gaztearen tradizioa, debekaturiko Donostiako inauterietatik hartua. 1961. urtean, haurren danborradaren ekimena zabaldu eta konpainia batzuk osatuz egun ezagutzen Haur Danborrada ospatzen hasi zen. 2013. urtean, Haur Danborrada hainbat ikastetxe eta elkarteetako 50 konpainiak osatu zuten eta ia 5000 haurrek hartu zuten parte.

Izena Konpainia kopurua Gehikuntza urtea
Gastadores de Igueldo a caballo 1 1961
Sociedad Euskal Billera 1 1927
Santa María (Marianistas) 2 1961
La Salle Ikastetxea 2 1961
Sagrado Corazón (Mundaiz) 2 1961
San Ignacio de Loyola (Jesuitas) 2 1960
Real Sociedad Hípica 1 1944
Herri Ametsa 1 1976
Zuhaizti Eskola 1 1979
Arantzazuko Ama Katekesia 1 1967
Catequesis de Intxaurrondo 1 1965
Mendiola-Bidebieta 1 1974
Zuhaizti Eskola 1 1979
San Luis La Salle 1 1961
María Reina 1 1967
Colegios Erain-Eskibel 1 1974
Mariaren Bihotza Ikastola 1 1962
Jakintza 1 1976
Altza Herri Ikastetxea, S.J.C. 1 1978
Herrera Ikastetxea 1 1980
Ekintza Ikastola 2 1983
Santo Tomas Lizeoa 2 1984
Colegio Alemán San Alberto Magno 1 1984
La Zurriola 1 1984
Compañía de María 1 1984
Santa Teresa Ikastetxea 1 1984
María Auxiliadora 1 1985
Mary Ward 1 1986
Axular Lizeoa 1 1986
San Patricio 1 1988
La Asunción 1 1990
Colegio Belén 1 1990
The English School 1 1989
Amara Berri 2 1990/1997
Karmelo Ikastetxea 1 1990
Errekalde Elkartea 1 1991
Ikasbide Ikastola 1 1991
Aitor Ikastola 1 1992
Arantzazuko Ama Ikastola 1 1992
Jesuitinas 1 1992
La Anunciata 1 1992
Ibai Ikastola 1 1992
Larramendi 1 1996
Harri Berri-Oleta Ikastetxe Publikoa 1 1997
Orixe 1 2001
San Jose Ikastetxea 1 2006

Bitxikeriak

Donostiako danborradaren historian zehar urtez-urte hainbat bitxikeri jazo izan dira:[2]

  • 1903: Urtez-urte Donostiako danborrada Donostian bertan ospatzea izan da ohikoena. Baina 1903an donostiar batzuk euren danborrak hartu eta urtarrilaren 20ean festa ospatu asmoz Hernanira joan ziren. Gertakizun horri buruz El Correo de Guipúzcoa egunkariak honako hau aipatu zuen: «Herrialde honetako ohituren zaletuak ziren erriko-shemeak hantxe joan ziren, beraien zalgurdietan». «Otordu oparoa» jan eta hernaniar alkateari baimena eskatu ondoren, «koxkeroek danborrada bikain bat antolatu zuten, honek jendetza ugariz jarraiturik kaleak zeharkatu zituelarik». 1903an bakarrik bizi izan zen festa lekualdatze honen arrazoia, aurreko urtean jazotako soka-muturraren kentzean zetzan. Udalaren erabakiaren ondoren, orduko Donostiako alkatea zen Sebastian Matxinbarrenaren etxebizitzaren aurrealdean manifestazioak egon ziren, istiluetan amaitu zirelarik: 79 faro hautsi eta 26 atxilotu. Hernaniar etenaldi honen ostean, 1904an festa eta danborrada bera bere aurreko ohiko egoerara itzuli zen.

Erreferentziak

  1. Donostiako Danborrada. Donostiako Udala.
  2. Donostiako danborradaren zazpi bitxikeri. Eldiariovasco.com (Gaztelaniaz)

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Donostiako Danborrada Aldatu lotura Wikidatan
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia