Lehen Karlistaldia
| Lehen Karlistaldia | |||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Karlistaldiak | |||||||
Mendigorriko gudua |
|||||||
|
|||||||
| Gudulariak | |||||||
| Isabeldarrak | |||||||
| Buruzagiak | |||||||
| Tomas Zumalakarregi Ramón Cabrera Bruno Villarreal Rafael Maroto |
Vicente Genaro de Quesada José Ramón Rodil y Campillo Francisco Espoz y Mina Luis Fernández de Córdova Marcelino Oráa Baldomero Espartero |
||||||
| Galerak | |||||||
| 15.000-60.000 hildako | 30.000 inguru | ||||||
Lehen Karlistaldia[1][2] —Lehen Karlista Gerra, Lehen Gerra Karlista eta Lehen Karlistada izenez ere ezaguna— 1833 eta 1840 urteen bitartean Espainian izandako gerra zibilari deritzo. Funtsean, tronuaren ondorengotza arazoagatik suertatu zen.
Eduki-taula |
Garaia [aldatu]
XVIII. mendearen hasieran, Filipe V.a Espainiakoak Lege Salikoa ezarri zuen, emakumeei espainiar koroa heredatzea galarazten ziena. Mende bat geroago, ordea, Fernando VII.a Espainiakoa erregeak arazo bat zuen: ez zuen gizonezko semerik izan, bi alaba soilik, Elisabet (gerora Elisabet II.a Espainiakoa izenaz erregina izango zena) eta Luisa Fernanda. Fernandok Lege Salikoa atzera bota zuen bere alaba nagusia erregina izan zedin[3].
Horretarako 1830eko martxoan, hau da, Elisabet jaio baino sei hilabete aurrerago, 1789an bere aita zen Karlos IV.a Espainiakoak ezarri eta Gorteek onarturiko Berrespen Pragmatikoa argitaratu zuen, 1713ko maiatzaren 10ean Filipe V.aren araudia indargabetzen zuena[4]. Horrela, Gaztelako erresuman ohiturazkoa zen ondorengotza zuzenbidera, Zazpi Partidetara hain zuzen ere, itzuli zen.
Honek erregearen anaia zen Karlos Maria Isidrori kalte egin zion, Lege Salikoaren arabera oinordeko izan behar baitzuen berak. Izan ere, Fernando VII.aren erreinaldian oinordekoa izan zen, Fernandok hirutan ezkondu bazen ere seme-alabarik ez zutelako. Laugarren emazteak ordea alaba bi izan zituen. 1833ko irailaren 29an Fernando hiltzean, Elisabet erregina izendatu zuten; bere adin urria zela-eta, ordea, bere ama Maria Kristina izendatu zuten erregeorde[5].
Espainiako egoera politikoa XIX. mendearen erdialdean nahasia zen. Fernando errege absolutu bat izan zen arren, bere bizitzaren azken aldera liberalei zenbait kontzesio egin zizkien. Bere alaba Elisabetek erreformetan aurrera jarraituko zuelakoan, absolutismoaren jarraitzaileak Karlos Maria Isidroren aldera jo zuten. Honek, Elisabet Asturiasko printzesatzat onartu ez zuena, Abrantesko agiria aurkeztu eta bere eskubide dinastikoak aldarrikatu zituen[6].
Arazo dinastikoa, gainera, ez zen bakarra gerra hasteko. Iberiar Penintsulako Gerra eta gero, Fernandok Espainiako 1812ko Konstituzioa indargabetu zuen. Hala ere Hirurteko Liberala (1820-1823) eta gero, Fernando VII.ak berriro inkisizioa martxan ipini bazuen ere, bere ereinaldiaren bukaeran liberalak erakartzeko zenbait foru kendu zituen[7][8].
Alderdiak [aldatu]
Eliza ofizialki alderdi baten alde agertu ez zen arren, elizgizon askok (tartean Merino apaiza famatua) karlisten alde egin zuen[3]. Euskal herrialdeetako biztanlegoak, Karlosen alde egin zuen. Alde batetik liberalek Euskal Foruak ezabatuko zutenaren beldur zirelako, eta baita Elizak euskal gizartean zuen pisuagatik.
Era berean, Katalunia eta Aragoin Espainiako Ondorengotzaren Gerra eta gero jada galduta zituzten foruak berreskuratzeko aukera antzeman zen Karlosen alde eginez gero[9].
Bestalde, liberalek eta moderatuek estatuko instituzioak, armadaren gehiengoa eta hiririk garrantzitsuenak kontrolatzen zituzten.
Atzerritarren parte-hartzea [aldatu]
XIX. mendeko beste gerretan bezala, erromantizismo mugimenduak bultzatuta hainbat lagun hartu zuten parte gerran, gehienetan karlisten alde[10]. Aipatzekoak dira C. F. Henningsen ingelesa[11] , Alphonse de Barrés de Molard eta Alexis Sabatier frantziarrak edo August von Goeben, Adolf Loning, Felix von Lichnowsky eta Wilhelm von Rahden alemaniarrak[12].
Bestetik gerran gizatasunez jokatzeko (Lord Edward Elliot)[13] eta amaiera emateko (Lord John Hay) ingelesak ere aritu ziren.
Liberalek Erresuma Batua, Frantzia eta Portugalen laguntza jaso zuen, armada hornitzeko eta altxorrarentzako kredituen bitartez. Britainiarrek George Lacy Evans jeneralak zuzendutako bolondresek osatutako British Legion[14] eta Bizkaiko Golkoan blokeo egiteko Royal Navy bidali zituzten. Portugaldarrek das Antas baroiak zuzendutako Laguntza Dibisioa eta frantziarrek Légion Étrangère bidali zuten muga eta kostaldeak kontrolatzeko.
Gerra [aldatu]
Hasiera batean liberalen indarra handiagoa zen arren, Tomas Zumalakarregik antolatutako gerrilla gerra arrakastatsuagatik, karlistak euskal lurraldeetan indartsu egin ziren eta liberalei sona handiko porrotak eragin zizkieten. 1835ean, garaipen hauek animatuta, Karlosek Zumalakarregi Bilbo setiatzera behartu zuen (berak nahiago zuen Gasteiz hartu, bertatik Madril erasotzeko), portu garrantzitsu batez jabetu nahi baitzuen. Zumalakarregi setioan bala galdu batez hil zenean, karlistek ezin izan zuten bere trebetasuna berdinduko zuen buruzagi militarrik aurkitu.
Heriotza honen ostean, liberalak pixkanaka-pixkanaka gerran iniziatiba hartzen hasi ziren, baina ezin izan zuten gerrilla karlista menperatu. Gauzak horrela, gerra amaitzeko formulak bilatzen hasi ziren batez ere herrialdeetako handikiak, Baionan bilduta. Hauek Muñagorriren bandera eta leloa ("Bakea eta foruak") bultzatu zituzten. Militarki eraginik izan ez bazuen ere, eragin handia izango zuen gero, 1839an Rafael Maroto eta Baldomero Esparteroren arteko Bergarako besarkadaren testuan. Bertan, karlista militarren graduak mantentzen ziren baina foruak ez ziren erabat berresten, hauek Espainiako legedi, konstituzio eta hiritarren bonbardaketan ezartzen baitziren[15].
Iparraldeko frontea [aldatu]
Fernando VII.a hil ondoren, Karlos erregenahiak Joaquín Abarca apezpikua izendatu zuen ministro unibertsal[16] eta berarekin bat egiteko eskatu zien armada eta autoritateei, ondorio gutxiekin. Nazioartean Miguel I.a Portugalgoak baino ez zuen aintzat hartu, Espainia eta Portugalen arteko harreman diplomatikoak hautsiz. Urriaren hasieran erresumaren zenbait lekutan matxinadak hasi ziren, erregearen bolondres herrietako elkarteek eginak. Gehienetan ez zuten arrakasta handirik izan, Euskal Herrian eta Errioxan izan ezik, non denbora eskas batzuetan hiriak kontrolatu zituzten.
Matxinadak ez zuten armadaren babesa izan. Horrela Ladron de Zegama jeneralak, Valladoliden agintaritzarik gabe zegoena, eta Tomas Zumalakarregi, Iruñean erretiroa hartuta zegoena, bere etxetik alde egin zuten zeuden gotorlekuen goarnizioa estutasunean jarri barik altxatzeko. Adituen ustez, Ladron de Zegama jeneralak 1833ko urriaren 6an Tricion Karlos Maria Isidro Karlos V.a izenaz errege aldarrikatu zuenean hasi zen. Matxinoek Logroño hartu ondoren, Nafarroara pasa ziren, bertokoekin bat egiteko. Nafarroan gertatu zen batasun honek Tomas Zumalakarregik zuzendutako armadaren hasikina izan zen eta zazpi urtez gerra mantendu zuten.
Tomas Zumalakarregik berehala Euskal Herriko karlista armada antolatu zuen, hasieran Nafarroan eta gero Pedro Sarsfieldek zuzendutako espedizioak zigortutako Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoekin batera.
Zumalakarregik guda-zelaian armada cristinoari kendutako armaz hornitu zituen bere soldaduak edo lantegi eta konboiei lapurtutakoez[17]. Bere gutxiagotasunaz jabetua Iberiar Penintsulako Gerran ezagutuako gerrilla taktikak errepikatu zituen, eremu menditsua eta biztanleria zibilaren laguntzari esker. 1833ko abenduaren 7an, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek bere tropen buruzagi izendatu zuten. Soldaduen artean ospetsua ("Tomas osaba" ezizena zuen), gupidagabea izan zen liberalak zapaltzeko eta beldurra erabili zuen lurraldea kontrolpean izateko.
1834 urteetan zehar, guduetan karlistek garaipenak lortu zituzten: Logroño eta Cenicero arteko arma-konboia lapurreta egin zuten edo Dulantzi eta Etxebarriko guduak. Baina, urte bukaeran, porrota jaso zuten Mendazako guduan eta atzera egin behar izan zuten Arkijasen. 1835eko martxo eta apirilean, Larremiarko guduan, berriz, Francisco Espoz y Mina menderatu zuen.
Artatzako guduan Gerónimo Valdés mendean hartu ondoren, Tomas Zumalakarregik liberalei hainbat herri eta gotorleku kendu zizkioten (Maeztu, Altsasu, Elizondo, Doneztebe, Urdazubi eta abar), hiriburuak eta zenbait kostaldeko herri baino ez mantenduz. Liberalen armada Ebroko hegoaldeko ertzean kokatu zen. Garaipen militarrek indarberritua eta nazioartean finantza eta aintzatespena lortzeko asmotan, erregenahiak Bilbo hartzea agindu zuen, Zumalakarregik Gasteiz hartu eta bertatik Madril erasotzea nahiago bazuen ere. Kanpainaren hasieran arrakasta izan zuten, izan ere Espartero mendean hartu zuten Deskarga mendatean. 1835eko ekainaren 10ean Bilbo setiatzeari baina, operazioak begiratzen ari zela zauritua, 1835eko ekainaren 24an hil zen Zumalakarregi.
Zumalakarregi hil ondoren Vicente González Moreno izendatu zuten ordezko. Honek Bilboren setioa utzi zuen Luis Fernández de Córdovak zuzendutako armada zetorrelako[18]. Honek, egun batzuk pasa ondoren, Mendigorriko guduan mendean hartu zituen karlistak.
1835eko urrian Nazario Egia Euskal Herriko karlista tropen jeneral bilakatu zen. Bere agintaldian 36.000 lagun izatera ailegatu zen eta bere ordezkoa zen Bruno Villarrealek euskal mugetatik kanpo espedizioak prestatu zituen.
1836ko urrian berriro Bilbo setiatu zuten, baina bost egun beranduago utzi zuten. Azaroan, hirugarrenez, Bizkaiko hiriburua setiatzeari ekin bazioten, hilabete eta erdi geroago utzi zuena hain zen ona Baldomero Esparterok prestatutako defentsa[3].
Porrot honen ondorioz, erregenahiak Sebastian Gabriel Borboikoa hautatu zuen buruzagi berri, 1837ko martxoan Oriamendiko gudua irabazi zuen. Tartean karlisten erradikalek kontrolpean zuten politika, batez ere Expedición Real eta gero[19].
Juan Antonio Gerge bilakatu zen buruzagi 1838ko ekainera arte. Urizaharrako gudua eta gero Rafael Marotok ordezkatu zuen[20]. Honek armada berrantolatu eta 1839ko otsailean Gerge eta beste militarrak, bere kontra konspiratzeagatik salatuak, fusilatu zituen[21]. Bere aurkariak botatzea saiatzeagatik, erregenahiak kargutik kendu zuen egun batzuk geroago berrizendatu arren.
Marotok, bere tropen aurkako jarrera izan arren eta erregenahiaren laguntzarik gabe, Elisabet II.a Espainiakoaren armadarekin negoziatu zuen[22]. 1839ko abuztuaren 29an Baldomero Espartero eta Marotoren ordezkariak ziren La Torre eta Urbiztondo jeneralek Oñatiko ituna sinatu zuten. Abuztuaren 31an Bergaran Maroto eta Esparterok elkar besarkatu ondoren guda amaitu zen[23]. 1839ko irailaren 14an Karlos Maria Isidro erregenahiak muga zeharkatu zuen zenbait jarraitzailekin batera.
Aragoi eta Valentziako frontea [aldatu]
1833ko azaroaren 13an karlistek garaipen inportantea lortu zuten: Morella matxinatu eta Karlos V.aren zutoihala atera zuen. Carlos Victoriak, Morellako komandantea zena, iruzur egin eta bertoko tropak hiritik aterarazi zituen. Hiriko ateak itxi eta Herbésko baroia zen Rafael Ram de Viu eta Manuel Carnicerrekin batera karlistekin bat egin zuen. Hala ere, gobernuaren tropak konturatu eta Horék zuzendutako zutabea bidali zuten hara. Karlistek abenduan Morellatik ihes egin bazuten ere, Herbésko baroia eta beste buruzagiak Calandan atxilotu eta abenduaren 27an fusilatu zituzten. Honek matxinadaren sua piztu eta Maestrazgo eta Ebro haranean partidak sorrarazi zituen, Carnicer, Quílez edo Cabrerak zuzendutakoak[24].
1834ko otsailean Maestrazgo eta Aragoiko partidek Manuel Carnicer hautatu zuten buruzagi.[25] 1835eko apirilean fusilatua izan ondoren bere laguntzailea zen Ramón Cabrerak ordezkatu eta karlisten indarrak berpiztu zituen.[26] Hala ere karlistak ez ziren beste liberalak mendean hartzeko eta 1836an Evaristo de San Miguelek Cantavieja konkistatu zuen erreginarentzat. 1837an Cabrerak galdutakoa berreskuratu eta 1838ko urtarrilean Morella konkistatu ondoren bertan kokatu zuen bere hiriburua. Ordurako Aragoi, Valentziako iparraldea eta Kataluniako hegoaldea kontrolatzen zituen. Hala ere, Euskal Herrian gerra bukatu eta gero, Esparterok 44.000 lagun eraman zituen Zaragozara eta 1839ko urrian Mas de las Matasen kokatu zuen bere kuartel nagusia. Cabrerak 1840ko maiatzaren 30ra arte mantendu zuen erresistentzia, Esparterok Morella konkistatu eta Cabrerak Bergara alde egin zuenean hain zuzen ere[27].
Kataluniako frontea [aldatu]
Katalunian zeuden partida ugariek ez zuten antolakuntzarik. Hori zela eta, erregenahiak Euskal Herriko batailoi nagusietatik armada bat hautatu eta hara bidali zuen[28]. 1835eko abuztuan Juan Antonio Gergek zuzendu zuen 2.700 laguneko gudaroste hau zuzendu zuen. Hara ailegatu eta gero, bertakoekin bat egin zuen eta Olot setiatu bazuen ere ezin zuen hartu. Gergek Kataluniako karlista tropak antolatu eta agiri bat prestatu zuen erregeari eta buruzagiei bidaltzeko. Agiri honetan, Euskal Herritik ekarritakoak zenbatu gabe, 19.000 soldadu zituela esan zuen. Hala ere, identifikatu gabeko hainbat partida zituenez datu hori ez dela fidagarria oso, nahiz eta benetan soldadu asko izan[29].
Gergek Kataluniatik alde egin zuenean, Ignacio Brujó eta Rafael Maroto bilakatu ziren buruzagi. Azkena, bertan izan zen hilabete gutxietan, nahasketa sortzeaz gain porrot asko izan zituen eta, beraz, 1836ko abenduan Gergerekin zerbitzatu zuen Blas María Royo de Leónek ordezkatu zuen. Royok Oliverreko guduan garaipena lortu eta Solsona konkistatu zuen. 1837an Expedición Real izeneko espedizioan parte-hartzailea izan zen Antonio Urbiztondok Royo ordezkatu eta hurrengo urteko uztailean Berga okupatu eta bere hiriburu izendatu zuen.
Bergan osaturiko gobernua eta Urbiztondo arteko arazoen ondorioz, hasieran José Segarra eta gero Charles d'Espagnac hautatu zituzten buruzagi. Azkena tropak modernizatzea saiatzeaz gainera, karlisten erradikalei hurbildu zen, ofizialen atsekaberako. Armadak erregenahiri kargutik kendu zezan eskatu eta urrian lortu zuen.
Bergarako besarkada eta gero, Euskal Herritik soldadu berriak etorri zizkienez, Katalunian gudak hilabete batzuk gehiago iraun zuen[30] . Azkenekoz, Cabrerak zuzendutako gudarosteak 1840ko uztailaren 6an muga zeharkatu zuten[31].
Gaztelako frontea [aldatu]
Gaztelan ere karlista taldeak sortu zituzten. Nagusienak Gaztela Zaharrean izan ziren. Euskal Herritik gertu zeuden eskualdeetan, karlistek, gobernuaren tropek bultzatuta Euskal Herrira jo eta euskaldunen armadaren barnean batailoi gaztelarrak sortu zituzten[32]. Buruzagi nagusiak Balmaseda, Basilio García, Jerónimo Merino eta Cuevillas ziren. Hauek liberalek kontrolpean zuten bere lurraldeetatik erasoaldiak prestatu zituzten, batzuetan La Mancha eskualderaino ere ailegatuz. Ontoriako husarrak, Balmasedak zuzendutako gaztelar zaldizkoez osaturiko unitatea zena, bere errejimenturik ospetsuena izan zen, Cabreraren zuzendaritzapena bukatu zena. Maestrazgo galdu zutenean, ezin zuten Ebro zeharkatu eta Frantziara ihes egiteko Cuenca, Soria, Burgos, Errioxa eta Nafarroatik itzultzea egin zuten. Zeharkatu zituzten herrietan bidegabekeria asko egin eta gero, Nafarroan harrapatu zituzten Cabrera aspalditik Frantzian zegoela. Hori zela eta, bandolerotzat hartu eta exekutatu zituzten.
Gaztela Berrian karlistek Ciudad Realen eta Cabrerak kontrolpean zituen eskualdeetatik gertu (Cuenca eta Albaceten) partidak zituzten, nagusiena Palillos anaiena izanik[33]. Nahiz eta partida hau besteak baino handiagoa izan, inoiz ez zituen berrehun lagun baino gehiago izan.
Karlisten espedizioak [aldatu]
Karlistek Euskal Herritik zenbait espedizio atera zituzten liberalen lurraldeak erasotzeko[34] . Espedizio hauen helburu nagusiak bi izan ziren:
- Karlismoak jarduerarik ez edo jarduera urria zuen lurraldeetara guda zabaltzea.
- Mugitu gabe zituen errejimentuak laga, Euskal Herrian arriskutsuak omen zirelako.
Espedizio guztietan porrota jasan ondoren Euskal Herrira itzuli ziren . Hona hemen aipatutako espedizioen zerrenda:
- Basilio Garcíaren lehenengo espedizioa (1834)
- Basilio Garcíaren bigarren espedizioa (1835)
- Gergren espedizioa (1835)
- Basilio Garcíaren hirugarren espedizioa (1836)
- Gómezen espedizioa (1836). Ekainean Miguel Gómez Damas, 3.000 soldaduen buru zena, Amurriotik Asturias eta Galiziara joan zen bertoko karlistak laguntzeko asmotan. Nahiz eta Santiago Compostelakoan sartu, ezin zuen eskualdea kontrolpean izan. Jasotako ordenak kontroakoak izan baziren ere, abuztuan Andaluzia aldera joan zen non Kordoba eta Almadén konkistatu zituen. 1836ko abenduan Euskal Herrira itzuli zen[35][36].
- Expedición Real (1837). Expedición Real izenekoa (euskaraz: errege-espedizioa), 1837ko maiatzean atera zen Euskal Herritik. 12.000 soldaduz osatuta eta erregenahiak berak zuzenduta, Aragoi, Valentzia eta Katalunia zeharkatu zituen, Madrilera ailegatzeko. Handik urrian itzuli ziren, bitxia bada ere. Espedizio honen ondoren, Karlos V.ak karlista moderatuak baztertu zituen.
- Zaratiegiren espedizioa (1837)
- Basilio Garciaren laugarren espedizioa (1837-1838)
- Negriren espedizioa (1839)
Guduak [aldatu]
Armadak [aldatu]
Hona hemen armada bien osaera[37]:
Armada liberala [aldatu]
- Lerroko infanteria-errejimentuak
- Infanteria arina-errejimentuak
- Probintzietako soldadutza infanteria-errejimentuak
- Infanteriazko errege-guardia. Batailoi bina zituzten lau errejimentuak
- Errege-guardiaren probintzietako granadari-errejimentua
- Errege-guardiaren probintzietako ehiztari-errejimentua
- Errege-guardiaren ingeniari-errejimentua
- Errege-guardiaren zaldizko artilleria
- Errege-guardiaren lerroko artilleria
- Errege-guardiaren zaldizko granadari-errejimentua
- Errege-guardiaren lantzari-errejimentua
- Errege-guardiaren ehiztari-errejimentua
- Errege-guardiaren korazari-errejimentua
- Printzesaren husarrak
- Lerroko zalditeria edo dragoiak
- Zalditeria arina
- Elisabet II.aren saihetsetik erasotzaileak
- Zalditeriaren franko-nafar gorputza
- Txapelgorriak
- Burgosko boluntarioak. 1200 lagun.
Karlista armada [aldatu]
Iparraldeko tropa karlista[38]
- Infanteriaren ohorezko guardia.
- Zalditeriaren ohorezko guardia.
- Zutoihalaren eskolta.
- Buruzagi eta ofizialen eskuadroia
- Madrilgo boluntario nabarien batailoia.
- Nafar infanteria. 800 laguneko hamabi batailoi
- Nafarroako gidariak. 800 laguneko batailoi bat
- Nafarroako lantzariak. Lau eskuadroi
- Gipuzkoar infanteria. 1.000 laguneko zortzi batailoi
- Gipuzkoako eskuadroia. 100 zaldi
- Arabar infanteria. 800 laguneko zazpi batailoi
- Arabako gidariak. 800 laguneko batailoi bat
- Arabako eskuadroia. 120 zaldi
- Bizkaitar infanteria. 900 laguneko bederatzi batailoi
- Bizkaiko eskuadroia. 90 zaldi
- Gaztelar infanteria. 800 laguneko lau batailoi
- Gaztelar zalditeria. Hiru lantzari-errejimentu
- Granadari batailoia. 800 lagun.
- Gudu eta mendi artilleria
- Miatzeko artilleria
- Lau zulatzaile-konpainia. Herrialdeko bana
- Arlabango husarrak. 100 zaldi
- Hiru kantabriar batailoi, 900 lagun.
- Aduanazainak.
Aragoi, Valentzia eta Murtziako errege-armada
- 1. Tortosako brigada. 1.,2. eta 3. Tortosako batailoiak, 800 lagun.
- 2. Tortosako brigada. 1.,2. eta 3. Morako batailoiak, 750 lagun.
- 1. Aragoiko brigada. Aragoiko gidariak, 5. eta Aragoiko tiratzaileak, 700 lagun.
- 2. Aragoiko brigada. 4., 6., 7., eta 8. Aragoiko batailoiak, 850 lagun.
- 3. Aragoiko brigada. 1.,2. eta 3. Aragoiko batailoiak, 700 lagun.
- 1. Valentziako brigada. 1.,2. eta 3. Valentziako batailoiak, 800 lagun.
- 2. Valentziako brigada. 4.,5., 6. eta 7. Valentziako batailoiak, 850 lagun.
- 1. Murtziako brigada. 1. eta 2. Ciden batailoiak, 800 lagun.
- 2. Murtziako brigada. 3. Ciden batailoi eta Morellako kondearen gidariak, 800 lagun.
- 1. Aragoiko lantzari-errejimentua, 250 lagun.
- 2. Tortosako lantzari-errejimentua, 490 lagun.
- 3. Aragoiko lantzari-errejimentua, 350 lagun.
- 1. Valentziako lantzari-errejimentua, 360 lagun.
- 1. Ciden lantzari-errejimentua, 280 lagun.
- 1. artilleria-batailoia, 500 lagun.
- Trenen konpainiak, 150 lagun.
- Zulatzaile konpainia, 390 lagun.
- Cabreraren miñoi-konpainia, 100 lagun.
- Cabreraren ordenantzak, 100 lagun.
- Cabreraren gidariak 100 lagun.
Abestiak [aldatu]
- Viva la paz, viva la unión, viva la paz y don Carlos de Borbón (Karlista).
- Duro tiene el corazón don Carlos, viejo cruel y sólo seis años cuenta niña inocente Isabel. (Cristina).
Ondorioak [aldatu]
Ondorioen artean, nabarmenetarikoa Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruen murrizketa izan zen. Haien deuseztapen osoa Hirugarren Karlistaldiarekin egikaritu zen. 1841ko lege batek, halaber, Nafarroako foruak desegin zituen, autonomia handia izaten jarraitu bazuen ere.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
- ↑ EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
- ↑ a b c Extramiana, José (1978-1979), Historia de las guerras carlistas, Donostia
- ↑ Arzadun, Juan (1942), Fernando VII y su tiempo, Madrid
- ↑ Ferrer, Melchor (1941-1979), Historia del tradicionalismo español, 30 liburukiak, Sevilla
- ↑ Canal, Jordi (2000), El Carlismo, Madril
- ↑ Sánchez Mantero, Rafael (2001), Fernando VII, Madrid: Arlanza, ISBN 84-95503-23-9
- ↑ Smith, Bradley (1979), Spain: A History in Art, Gemini-Smith, Inc., 259. or.
- ↑ Montero, Julio (1992), El Estado Carlista. Principios teóricos y práctica política (1872-1876), Madril
- ↑ la Legión Extranjera en la Guerra Carlista
- ↑ «A Night Excursion with Martin Zurbano», Blackwood's Edinburgh Magazine (T. Cadell & W. Davis) (48): 740, 1840
- ↑ Gipuzkoa Kultura: XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian
- ↑ Thompson, Charles William (1836), Twelve months in the British legion, by an officer of the Ninth regiment, Oxford: Oxfordeko Unibertsitatea, 129. or.
- ↑ «Evenings at Sea», Blackwood's Edinburgh Magazine (T. Cadell & W. Davis) (48): 42, 1840
- ↑ Jover, José María (1988), Historia de España XXXIV. La era isabelina y el Sexenio Democrático (1834-1874), Madril
- ↑ Magues, Isidoro (1837), Don Carlos e i suoi Difensori, Florentzia
- ↑ Bullón de Mendoza, Alfonso (1992), La Primera Guerra Carlista, Madril: Actas
- ↑ Coverdale, John (1984), The Basque Phase of Spain's First Carlist War, Princeton
- ↑ Bullón de Mendoza, Alfonso (1986), Auge y ocaso de Don Carlos. La Expedición Real, Madril
- ↑ Bullón de Mendoza, Alfonso (1995), «Don Carlos y Maroto», Aportes (29): 79-94
- ↑ Arizaga, J.M. de (1840), Memoria militar y política sobre la guerra de Navarra, los fusilamientos de Estella, y los principales acontecimientos que determinaron el fin de la causa de D. Carlos Isidro de Borbón, Madril: Imprenta de D. Vicente de Lalama
- ↑ Pirala, Antonio (1984), Historia de la guerra civil y de los partidos liberal y carlista, Madril
- ↑ Pirala y Criado, Antonio: Historia del Convenio de Vergara. Enciclopedia Moderna del Señor Mellado (1852), Madril
- ↑ Urcelay Alonso, Javier (2006), Cabrera. El Tigre del Maestrazgo, Bartzelona: Ariel, ISBN 84-344-5205-7
- ↑ Caso, José Indalecio (1875), La Cuestión Cabrera, Madril
- ↑ de Córdoba, Buenaventura (1845), Vida militar y política de Cabrera, Madril
- ↑ Rodriguez Vives, Conxa (1989), Ramón Cabrera a l'exili, Montserrateko monasterioa
- ↑ Garrabou, Joan (1989), Gent Nostra. Cabrera, Bartzelona
- ↑ Mundet, Josep Maria (1990), La Primera guerra carlina a Catalunya. Història militar i política, Bartzelona
- ↑ Oyarzun Oyarzun, Roman (1961), Vida de Ramon Cabrera y las guerras carlistas, Bartzelona
- ↑ Corrales Burjalés, Laura (2008), «La Guerra de los Siete Años (1833-1840) a través del grabado popular catalán: estado de la cuestión», Trienio (51): 73-110
- ↑ de Brea, Reynaldo (1910), Carlistas de Antaño, Bartzelona
- ↑ Partida de Palillos y su estandarte
- ↑ Rovira Climent, Joan Josep (2008), Rutas Carlistas, Bartzelona: Episteme
- ↑ von Rahden, Wilhelm (1859), Miguel Gómez. Ein Lebenslichtbild, Berlin
- ↑ Hughes, T. M. (1845), Revelations of Spain in 1845, Londres: Henry Colburn, 124. or.
- ↑ Canales, Carlos (2006), La Primera Guerra Carlista (1833-1840), uniformes, armas y banderas, Madril: Ristre
- ↑ egile, ezezaguna (1840eko hamarkada), Albúm de las tropas carlistas del norte, Madril
Kanpo loturak [aldatu]
- Karlistaldiei buruzko artikulua, euskosare.org webgunean
- Zumalakarregi Museoa: XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian, CC-BY-SA litzentziarekin argitaratua