Estetika

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koloreen harmonia.

Estetika (grezieratik: αἰσθητικός, aisthetikos) edertasunaren sorrera eta hautemateaz arduratzen den adar filosofikoa da. Definizio zientifikoago batean, zentzumenen edo zentzumen-emozioen bidezko balioen ikerketa da, alegia, sentimenduen eta gustuen balorazioa.

Estetikaren historia

Brontzezko eskultura, Poseidon edo Zeus jainkoarena dela uste dena

Antzinako estetika

Historiaurreko artean hainbat adibide existitzen da, baina haien ekoizpenaren testuingurua ezezaguna denez eta ez denez ezaguna zertarako erabili ziren, ezin da interpretaziorik egin haien inguruko estetikaz.

Antzinako artearen oinarria antzinako zortzi zibilizazio-gune handietan dago: Antzinako Egipto, Mesopotamia, Antzinako Grezia, Antzinako Erroma, Antzinako Persia, India, Txina eta maiak. Lehen zibilizazioen zentro hauetako bakoitzak estetika berezi eta beregaina garatu zuen bere artean.

Greziar estetikak eragin nabarmena izan zuen Mendebaldeko herrialdeetan. Graziarrek giza gorputzaren forma fisikoa zuten estetikaren gailurtzat, eta gorputza proportzio zuzenetan, muskuluak eta gainerako atalak ahalik eta modurik fidelenean markatuta, erakustea zuten helburuetako bat. Filosofo greziarrentzat proportzioa, harmonia, simetria, ordena eta definizioa ziren arte objektuek bete behar zituzten baldintzak.

Islamiar estetika

Nahiz eta "islamiar" bezala izendatu, islamiar artea ez dago erlijioari soilik lotuta, nahiz eta erlijiotik sortutako irizpideek garrantzi handia duten. Islamaren ikuspuntu estetikoaren arabera, gizakiek sor ditzakeen artelanak akastunak izango dira beti, Jainkoak egindakoekin alderatuz gero. Hori dela eta, ez du erraz onartzen animalien edo gizakien gorputzak irudikatzen dituzten artelanak. Beraz, islamiar artearen mugak estutu egin dira eta arabeskoa, mosaikoa, kaligrafia eta arkitektura bezalako arte-moduak erabiltzera mugatu da, ezer irudikatzen ez den arte abstraktua sortuz.

Indiar estetika

Indiar arteak ikuslegoaren edo entzulegoaren egoera espirituala edo filosofikoa moldatzea du helburu nagusietako bat.

Txinatar estetika

Txinatar artean hamaika enfasi eta estilo erabili izan dira historian zehar. Konfuziok artearen eta humanitateen (batez ere musikaren eta olerkaritzaren) zeregina nabarmendu zuen giza izaeraren zabalkundean.

Estetika modernoa

XVII. mendetik aurrera, mendebaldeko herrialdeetan iraultza geldo bat gertatu zen estetikan, eta modernismo deitu izan zen joeran gauzatu zen. Pentsalari alemaniar eta britainiarrek edertasuna hartu zuten artearen eta esperientzia estetikoaren osagai gakotzat, eta arteak edertasunerako joera eduki behar zuela proposatu zuten.

Bibliografia


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Estetika Aldatu lotura Wikidatan
Filosofia Artikulu hau filosofiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.