Konfuzio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Konfuzio

Konfuzio[1] (txineraz 孔子, pinyin: Kǒngzǐ) (K. a. 551 - K. a. 479a) txinatar filosofo, pentsalari eta idazlea izan zen, konfuzianismoaren sortzailea. Bere pentsamenduak eragin itzela izan du Txina, Japonia, Korea eta Vietnamgo kulturetan.

Konfuzioren filosofiak gizabanakoen eta gobernuen etika, gizarteko hartu-emanetan zuzentasuna, justizia eta zintzotasuna azpimarratzen ditu. Bertute hauek nagusitasuna lortu zuten beste batzuen aurrean, legalismo edo taoismoaren aldean esaterako. Han dinastian, Konfuzioren irakaspenetan oinarrituta konfuzianismo izeneko filosofia-sistema garatu zen. Europan, Matteo Ricci jesuitak sartu zuen lehen aldiz, Confucius izena latinera eraman zuena.

Bere irakaspenak Konfuzioren Analektak liburuan bildu ziren bere heriotzatik urte andana igaro zirenean. Egungo historialariek ez dute uste Konfuziok berak idatzitako dokumenturik ez dagoela, baina 2.000 urtetan bost libururen idazletzat jo zuten.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konfuzio

Qufun jaio zen, antzinako Lun eta gaurko Shandongen, lurjabe noble batzuen familian, Kong klanean. Konfuziok 3 urte besterik ez zituen aita hil zitzaionean eta familia pobrezian murgildu zen, baina, hori ez zen oztopo izango haurrak hezkuntza zaindu bat jasotzeko.

Oso gazte hasi zen Lu estatuaren administrazioan lanean. Lehen lanbidea estatuaren aletegian izan zen eta Justizia Ministro izatera iritsi zen. Urte batzuk beranduago, dimisioa aurkeztu zuen, printzeak jarraitzen zuen politikarekin ez zetorrela bat-eta.

Zi Zhaan lehen ministroak, Txinako lehen kode juridikoa ezarriko zuenak, eragin handia izan zuen Konfuziogan eta gerraz gerra ibili ondoren, jainkoenganako fedea galduz joan ziren eta erlijioarekiko eszeptiko bilakatzen ari ziren garaikideek ere bai.

50 urterekin, hasi zen irakasle. Bakarrik bidaiatzen zuen alde batetik bestera eta inguratzen zitzaizkion ikasle gutxiak trebatzen saiatzen zen.

Gizon jantzia eta betiko ohitura eta ideien jarraitzaile, bere ospea di-da batean zabaldu zen Lu printzerrian hasieran eta Txina guztian gero.

Han dinastiatik aurrera, etorriko ziren enperadoreek Konfuzioren lanean oinarritu ziren Txinako gizartea antolatzeko. Konfuzioren aurretik eta Txina Zhou dinastiaren pean egon zenean, gobernuaren gainbehera nabaria zen eta ohitura zabarrak orokortu egin ziren. Garaiko desordenak eta eredu moralen hutsuneak erabat atsekabetzen zuten Konfuzio. Horrela iritsi zen antzinako jakintsuen printzipio eta jakintzak herrian zabaldu behar ziren erabakira. Txinako literaturako klasikoak irakasten zituen eta musika txinatarraren garrantzia azpimarratu zuen. Gobernariek, handiak eta eraginkorrak izan nahi bazuten, eredu izan behar zuten eta aparteko printzipio moralen jabe. Herriarentzako, zoriona eta arrakasta lortu ahal izateko estimulu nahikoa izango ziren.

Tradizioari jarraituz, ministro izan zenean, erreforma ugari ezarri omen zuen justizia administrazioan. Luk indar ikaragarria eskuratu zuen eta ondoko estatu batek ministroaren destituzioa lortzeko intrigatu zuen. Hala ere, baliteke ez ministro izatea eta funtzionario sumea izatea. Era batera edo bestera, Konfuziok, K. a. 496an, kargua utzi zuen eta bidaiatzeari eman zion, klaseak emanez han eta hemen, printzeren batek erreformei hasiera emateko aukera eskainiko zion zain. K. a. 484an, gobernari egoki baten alferrikako bilaketa baten ondoren, Lura itzuli zen azken aldiz. Geratzenz zitzaion bizitza, autore klasikoen idatziak irakurri eta iruzkinak idazten eman zuen.

Lun hil zen eta Qufun (Shandong) eman zioten lur K. a. 479an.

1994an, bai Konfuzioren tenplua eta baita hilerria ere, Gizateriaren Ondare deklaratu zituzten.

Filosofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere irakaskuntzaren funtsa bizitzan zehar izandako portaera egokian, Estatuko gobernu onean (karitatatea, justizia, eta jerarkiaganako errespetua), tradizioak zaintzean, ikasketan eta meditazioan zetzan.

Bertute nagusiak hurrengoak ziren: tolerantzia, ontasuna, borondate ona, urkoarenganako maitasuna eta helduenganako eta arbasoenganako errespetua. Printzea bertuteduna bada, herritarrek haren adibidea jarraituko dute. Gizarte aurrerakoi batek harreman hauek bere horretan kontserbatuko ditu. Ezinbestekoa da antzinako jakintsuak berreskuratzea eta herritaren ohituretan eragitea.

Kung maixua izan zen jarraitzaile talde bat lortu zuen lehena. Funtzionario zenean formulatutako hartu beharreko neurriez gainera, Tcheu Dukearen politika berreskuratzen saiatu zen. Konfuziok bere irakaskuntzak jarraituko zituen printze bat behar zuen eta, horrela, 12 hilabete barru, espero zen emaitza lortzen hasiko zen; 3 urtetan, gizarte proiektua ezin hobeto ezarriko zen.

Hauek ziren Konfuzioren dotrinak gobernuan zegoenari egiten zizkion aginduak:

  • Herria maitatu, morala berritu eta egunerokotasunerako behar ziren baldintzak bete.
  • Horregatik, lehen pausoa Lehen Agintaria den Hari zerbitzea izango da.
  • Norbanakoaren bertutea zaindu behar da eta etengabeko hobekuntzara joan behar da beti.
  • Bai bizitza pribatuan eta baita bizitza publikoan ere, Justizia ez da begibistatik galdu behar.
  • Gizakiaren ahuldadeak kontuan izan behar dira: haragia arriskua izaten da; arrazoia, berriz, galtzen erraza.
  • Harreman sozialaren eskakizunak bete behar dira (gobernari-ministro, aita-seme, senar-emazte, senitartean, lagunartean).
  • Azken helburua bake unibertsala eta harmonia orokorra dira.

Bost klasikoak maisua hil eta gero agertu ziren. Bai lana eta baita bizitza ere, kultu objektu bihurtu ziren eta izugarrizko paradigma izan ziren gure garaiera arte.

Erreferentziak eta kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Konfuzio Aldatu lotura Wikidatan
Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Konfuzio