Färnebofjärden Parke Nazionala

Koordenatuak: 60°11′N 16°46′E / 60.183°N 16.767°E / 60.183; 16.767
Wikipedia, Entziklopedia askea
Färnebofjärden Parke Nazionala

Kokalekua Suedia
Azalera101 km²
Sorrera1998

Färnebofjärden Parke Nazionala (suedieraz: Färnebofjärden nationalpark), Suediako parke nazional bat da, lau konderriren artean zabaltzen dena; Uppsala, Dalarna, Gävleborg eta Västmanland. Parke Nazionala izateaz gain Ramsarko hitzarmenak babesturiko eremua ere bada.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenak argi uzten duen bezala Färnebo fiordoaren inguruko lurraldea hartzen du. Dalälven ibaiak zeharkatzen du parkea fiordoraino iritsi arte. Eremu biak daude parkearen barnean, ibaiaren lautada alubiala eta fiordoaren ertzak.

Eremua lautada zabal bat da, itsas mailaren azpitik 56 metrotako altueratik 75 metrotara doana. Enköpingsåsen mendilerroak zeharkatzen du parkea, baina altuera maximoa itsas mailatik gorako 18 metrotakoa da. Halako maila baxua izanik sarritan urperatzen dira fiordoaren inguruko ertzak.

Parkeak hainbat badia (Östaviken, Andersboviken, Edsviken...) eta 200 uhartetik gora hartzen ditu, handienak Mattön, Torrön, Ängsön, Vedön, Rosön eta Västerön.

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde guztia granitoz eta gneissez eratua dago. Azken izotzaldian izotz geruza batek etali zuen lurraldea eta duela 10.000 urte urtzen hasi zen. Glaziarrak bere atzeraldian hainbat esker eta morrena utzi zituen. Littorina itsasoaren azpian gelditu zen ondoren eta sedimentu geruza batek estali zuen harri ama. Isostasiaren eraginez lurrek gora egin zuten eta Littorina Itsaso Baltyiko bihurtu ahala lurraldea azaleratu egin zen. Sedimentu geruza honi esker oso lur aberatsa da.

Flora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suedia erdialdeko baso tipiko guztiak agertzen dira Färnebofjärden Parke Nazionalean, Limes Norrlandicus mugatik gertu baitago, Suedia iparralde eta hegoaldearen arteko muga hain zuzen ere. Koniferoek parkearen %9'9a hartzen dute, baso mixtoek %14'5a, zohikaztegiek %16'3a, baso hostozabalek %5a eta azkenik hezeguneek %7'4a.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugaztunak ugariak dira, aipagarrienak altzea, orkatza, elur-erbia, azeria eta lepahoria. 1980 hamarkadan kastorea azaldu zen eta 2008an basurdea. Arriskuan dauden espezieak ere badaude parkean, ipar-katamotza eta hiru saguzahar espezie.

Baina animalien artean ugarienak dudarik gabe hegaztiak dira. 200 espezietik gora deskribatu dira eta hauetatik 107k bertan kumatzen dute. Espezie ohikoenak kaio mokohoria, txenada, aliota artikoa, beltxarga, lertxun hauskara, basoilarra, kurriloa eta arrano arrantzalea dira. Basoetan okilak eta hontzak aurkitzea ere ohikoa da.

Suediako anfibio dibertsitate handiena dauka parkeak eta narrastien artean bi suge dira aipagarrienak, europar sugegorria eta suge gorbataduna.

Arrainei dagokionean urek azidotasun optimoa izateaz gain elikagai ugari ere badute eta ondorioz arrainen dibertsitatea oso handia da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 6.000 urte agertu ziren lehen giza asentamenduak parkeko muinoetan, urez inguraturik egonik defendatzeko errazak baitziren. Enköpingsåsen-en daude arkeologi eremu zaharrenak. Brontze eta Burdin aroetan nekazaritzak bultzada handia izan zuen eta lautadak populatzeari ekin zioten biztanleek.

Burdinaren meategi ugari ireki ziren, lehenengo ola Gysingen ezarri zen 1668an. Burdina lortzeko prozesuan egur asko behar zenez basoak soiltzea ekarri zuen. XIX mendean ur errota ugari ere martxan jarri ziren. 1917an zentrale hidroelektriko txiki bat ere ireki zen Gysingen.

1960an eremua babestu beharra ikusi zuten eta 1975ean Parke Nazionala bihurtzeko egitasmoa abiatu zuten, baina prozesuak luze jo zuen, interes ugari baitzeuden, eta 1998ko irailaren 10 arte itxaron behar izan zen.

Turismoguneak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Gysinge ola
  • Arrantza jarduerak eta kirolak
  • Hegaztien behaketa

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


60°11′N 16°46′E / 60.183°N 16.767°E / 60.183; 16.767