Frankfurteko eskola

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Frankfurteko eskola (alemanez (Frankfurter Schule) hainbat pentsalarik garatu zuten teoria sozial neo-marxista da, Frankfurteko Gizarte Ikerkuntzaren Institutuarekin lotua zegoena.

Eskola honetako kideek iritzi ezberdinak izan zituzten arren, pentsalariek egitasmo intelektual bat partekatu zuten: intelektual batek gizarteari egin ziezaiokeen zerbitzurik ederrena marxismoaren aldeko aukera egitea zen (ekonomia politikoaren kontra). Horretarako, Gizarte Ikerkuntzaren Institutua sortu zuten, Friedrich Pollock eta Max Horkheimer izanik fundatzaileen artean. Beharrezkoa zen marxismoaren alde teorikoa errebisatzea, baina ondo egiteko independentzia politikoa, ekonomikoa eta finantzarioa behar zuten; hala nola arlo anitzeko diziplinak parte hartzea: filosofia, soziologia, historia, ekonomia, etab.

Teoria Kritikoaren proiektua praxiarekin estu lotuta zegoen, modu irekian ulertutako materialismo marxista baten testuinguruan. Marxismoarekin identifikatuta, Alemaniatik ihes egin behar izan zuten naziek boterea eskuratu zutenean. Institutua lehenik Genevara eraman zuten eta azkenik, 1934an Estatu Batuetan finkatu ziren, Columbiako Unibertsitatean hain zuzen. Nazismoa gertakari historiko gisa funtsezkoa da pentsalari multzo honen ibilbide intelektuala eta bizitza-esperientzia ulertzeko. Denboraren poderioz, Max Horkheimer-ek gidatutako institutuan marxismoak utzi egin zion hasierako urteetan zuen garrantzia izateari. Hobeto esanda, hasierako urteetako marxismo ortodoxoa materialismo historikoaren oinarrizko printzipioez hustu zen:

  • Langile-klasearen potentzial iraultzailean sinesteari utzi zitzaion.
  • Klase-borroka historiaren motorra zela zioen printzipioari ere bai.
  • Azpiegitura ekonomikoa ez zen jadanik gizarte-analisiaren zentroan kokatuko.

1950ean Frankfurtera bueltatu ziren Institutuko kide gehienak, Herbert Marcuse-ren salbuespen garrantzitsuarekin. Bueltan gauzak asko aldatu ziren, eta horrek pentsamendu mailan ere norabide aldaketa eragin zuen. Gizarte errealitatea erabat aldatuta zegoen:

  • Aliatuak ez ziren Alemaniaren kontra borrokatu nazismoa deuseztatzearren, botere-kontuengatik baizik.
  • Proletalgoa sistema industrialean integratuta zegoen, gutxienez kontzientzia subjektiboaren aldetik.
  • Herrialde sozialistetan sozialismoa dominazio-tresna bilakatu zen.

Hori guztia ikusita, egin beharrekoa ez zen jada ekonomia burgesaren kritika, baizik eta gizarte industriala, liberal zein sozialista izan, sostengatzen zuen arrazionaltasunaren kritika.

Eskolakideen arteko ika-mika filosofikoak handiak izan ziren, politikoak ere garrantzitsuak izan ziren. Marcuse esker berriaren intelektual nagusia bilakatzen zen bitartean, Hokheimer, Habermas-ek desakordio garratzak izan zituzten esker aktibistarekin. Kritika latzak jaso zituzten: elitismoa, kontserbadurismoa, errebisionismoa izan ziren esker politiko eta sozialetik egotzi zitzaizkien joerak.

Frankfurteko Eskolako kideen egitasmoaren akuilua giza askapena zen, gizarte injustiziarekin amaitzea zen Teoria Kritikoaren motibazio-indarra, eta arrazoian oinarritutako gizartearen alde egin zuten. Beharrezkoa zen zientzia-eredu burgesetik aldentzea, produkzio-prozesuaren mesedetan eraikia izan baitzen.

Teoria Kritikoaren helburua hauxe izan zen: prozesu sozialen arrazionaltasuna argitara ekarriko duen gizartearen gaineko jakintza eraikitzea.