Frantziar Indar Askeak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Frantziako bandera Lorenako gurutzearekin, de Gaulle jeneralak aukeratutako Frantziar Indar Askeen ikurra.
De Gaulle 1942an errebista egiten.

Frantziar Indar Askeak (frantsesez: Forces Françaises Libres edo FFL) Bigarren Mundu Gerran 1940ko ekainaren 22ko armistizioaren eta Alemaniaren okupazioaren ondoren Ardatzaren aurka borrokatzen jarraitu zuten frantziar soldaduak izan ziren.

Armada bakarra baino zenbait gudaroste ezberdin izan ziren. Nagusia eta famatuena Charles de Gaullek sorturiko erakundea bazen ere, Tunisian 1943ko hasieran Henri Girauden zuzendaritzapean borrokatu zuen armadak ez zuen de Gaullekin harremanik[1].

Londresen zegoen erakundea 1940ko ekainaren 18ko hitzaldiaren ondoren sortu eta "Frantzia askea" (France libre) izena izan zuen. Bere armadari Frantziar Indar Askeak izena jarri zioten. 1942ko uztailaren 13an izenaz aldatu eta "Frantzia gerrari" (France combattante) bilakatu zen.

1940ko uztailaren 1an lurreko lehen legioa sortu zen. Partaideak Norvegiatik joandako espedizio taldearen 1.300 soldadu eta berez izena eman zuten pertsonak. Abuztuaren 15ean 2.721 gizon zituen, tartean 123 ofizial. FFL barruan ere, 1940. urtean beste bi sail sortu ziren: Forces aériennes françaises libres sortu zen, batetik, 300 hegazkilari Erresuma Batuan eta 100 inguru Erdialdeko Ekialdean, eta Forces navales françaises libres, uztailaren 15ean 882 soldadu zituena, tartean 30 ofizial.[2] Émile Muselier itsas indarren eta, probisionalki, aireko indarren komandantea izendatu zuten. Halaber, de Gaullek Frantzian zehar espioi eta sabotaje sarea sortu zuen, Bureau central de renseignements et d'action (BCRA); sarea hau Passy koronelaren agindupean zegoen.

1943ko abuztuaren 1ean, Frantzia askea ofizialki desagertu zen Iparraldeko Afrikan zegoen armadarekin batu eta CFLN sortu zuelako. Era berean Frantziar Indar Askeak ere desagertu eta Afrikako armadarekin bat egin eta Askapenarako Frantziar Armada (Armée française de la Libération) sortu zuten[3].

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Levisse-Touzé, Christine. (1998). L'Afrique du Nord dans la guerre, 1939-1945. Albin Michel.
  2. .
  3. Crémieux-Brilhac, Jean-Louis. (1997). La France libre. Gallimard.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]