Harry Belafonte
Harry Belafonte (jaiotza-izena: Harold George Belafonte) estatubatuar abeslari, aktore eta giza eskubideen aldeko borrokalaria da (Harlem, New York, 1927). Arte dramatikoa ikasi zuen Dramatic Workshop eskolan, eta Tony sari bat irabazi zuen John Murray Anderson´s Almanac obran egindako lanagatik (1953). 1956an, Calypso diskoa grabatu zuen, eta milioi bat kopia saldu zituen: kopuru hori saltzea lortu duen lehen abeslaria da Harry Belafonte. Folk musika egin du batez ere, eta erritmo etnikoen aitzindaria izan da. Banana boat song (Day-O izenaz ezagunagoa) eta Farewell Jamaica dira Belafonteren kantarik ospetsuenak. Aktore gisa, zenbait filmetan parte hartu du, hala nola Bright Road (1953) eta Carmen Jones (1954) filmetan. Afrikako gosearen kontrako We Are the World diskoan abestu zuen, eta Grammy saria jaso zuen 1985ean lan horrengatik. 1987an, UNICEFen enbaxadore izendatu zuten. Gainera, apartheidaren kontrako disko bat grabatu zuen: Paradise in Ganzankulu (1988).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.