Hawaiera
| Hawaiera ‘Ōlelo Hawai‘i |
||
|---|---|---|
| Non mintzatzen den: | Hawai (AEB) | |
| Hiztunak: | 15.000 | |
| Hizkuntza familia: | Austronesiarra, Malaisiar-Polinesiera, Ekialdeko malaisiera-Polinesiera ozeanikoa, Mendebaldeko Fijirera, Polinesiera, Hawaiera | |
| Estatus ofiziala | ||
| Hizkuntza ofizialtzat duten lurraldeak: | Hawai | |
| Erakunde araugilea: | Ez du | |
| Hizkuntza kodeak | ||
| ISO 639-1: | - | |
| ISO 639-2: | haw | |
| ISO 639-3: | haw
|
|
| Oharra: baliteke orri honek Unicode kodearekin emandako NAF fonetika ikurrak edukitzea. | ||
Hawaiera (Ōlelo Hawaiʻi) austronesiar familiako hizkuntza da. Estatu Batuetako Hawai estatu-uhartedian 15.000 lagunek hitz egiten dute. Ingelesarekin batera ofiziala da Hawain. Wikipediari izena eman zion wiki hitzen hizkuntza da, "azkar" esan nahi duena[1].
Tahitiera, samoera edota maoriera hawaieraren familiakoak dira.
Eduki-taula |
Sorrera[aldatu]
Hawaiiera II. eta VIII. mendeen artean Sozietate uharteetako kolonizatzaile polinesiarrek eramandako hizkuntzaren ondorengoa da. Mende batzuetan, Hawaiiko hizkuntza bakarra izan zen eta han erabiltzen zen bakarrik[2].
Egungo egoera[aldatu]
Gaur egun hizkuntza berpizteko eta zabaltzeko ahaleginak egiten ari dira. Hawaiiera ikasteko eskolak daude, beraien haurrek hawaiiera ikastea nahi duten familientzako. Hango irrati publikoak Hawaiian word of the day ("eguneko hawaiierazko hitza") izeneko programa bat emititzen du; gainera, Honoluluko bi egunkari garrantzitsuetako batek hawaiieraz idatzitako artikulu bat dakar, Kauakukalahale deiturikoa.
Bada XIX. mendean hitz egiten zuten hawaiiera berpiztu nahi dutenen eta ingelesarekin edo hango pidginarekin harremana duen hawaiiera hitz eginez hazi ziren pertsonen arteko tentsioa[3]. Azkeneko hau, ingelesaren ondorengoa da eta hawaiieraren eta Asiako beste hizkuntza batzuen, japonierarena eta kantonierarena batik bat, eragina izan du.
Historia[aldatu]
XVIII. mendean esploratzaile europarrak Hawaii uharteetara heldu ziren eta horrek, uharteetan hizkuntza desberdinen etorrera eta beste lurraldetara joateko bertakoen nahia ekarri zuen. XIX. mendean hawaiiarrek beren biztanleriaren jaitsiera gogorra izan zuten, etorkinek ekarri zituzten gaixotasunengatik. Bere hiztunen desagerpenez gain, 1885ean eskoletan ikasketak ingelesez bakarrik egin behar zela esaten zuen araua ezarri zen.
XXI. mendearen hasieran, hawaiiera guztiz baztertua izan da zazpi uhartez osatua dagoen artxipelagoko sei uhartetan ingelesarengatik eta estatuko hiztunen kopurua ez da %0,1era iristen. Hala ere, gauzak ez dira berdinak Niʻihau uhartean, bertan bizi diren biztanleak isolatuta bizi izan dira eta ia denetarako erabiltzen dute beraien hawaiieraren bertsioa. Uharte honetan 160 pertsona bizi dira eta gehienek bigarren hizkuntza bezala ingelesa daukate. Hiru arrazoi nagusi daude:
- Uhartea 1872az geroztik eremu pribatua dela eta, gutxitan uzten dira atzerritarren bisitak.
- Nagusiak hizkuntza kontserbatzearen alde daude eta hau mantentzen saiatu dira.
- Bertako biztanleak hizkuntza maitatu eta kontserbatu dute.
Uharte honek bere dialekto propioa dauka eta beraien hitz egiteko modua ulergaitza da beste hawaiiarrentzat[4].
Azken urteetako egoera[aldatu]
Hawaiin, 1990az geroztik, bertakoen hiztun kopurua 37.000tik 1.000ra jaitsi da eta horietatik asko 70 urte baino gehiagokoak dira. Ez da hawaiieraren gutxitzearen arrazoien adostasunik. Batzuk uste dute gertaera garrantzitsuena bertakoen hizkuntzarekiko utzikeria dela, esaten dute askok haurrei ingelesa soilik ikasteko estimulatu dietela eta ez dutela haurren aurrean hawaiieraz hitz egiten, ez dezaten ikasi. Bestalde, beste batzuk gobernuaren hizkuntza legez kanpokoa bihurtzearen erabakia eta eskoletan hizkuntza erabiltzaileenganako zigorra izan direla faktore nagusiak[5].
Ezaugarriak[aldatu]
Idazkera[aldatu]
Hawaiiera 1820an estatu batuetako misiolariek ezarritako latindar alfabetoaren aldaera batekin idazten da, ka pī‘āpā Hawai‘i. 13 fonema dauzka, baina, eguneroko hizkuntzak ez ditu denak erabiltzen:
| A a | E e | H h | I i | K k | L l | M m | N n | O o | P p | U u | W w | ‘ |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| /a/ | /e/ | /h/ | /i/ | /k/ | /l/ | /m/ | /n/ | /o/ | /p/ | /u/ | /w/ | /ʔ/ |
‘ ikurra, ‘Okina deiturikoa, ez dauka Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan baliorik, baina, lehenagoa hozkatzen ziren kontsonanteek utzitako aztarna bat da pausa hau. adibidez, garai batean /maalua/ ahoskatzen zen, l-aren arrastoa guztiz desagertu beharrean /maaʔua/ran bilakatu zen eta orain /maaua/ ahoskatzen da. Hiztun batzuen artean [maaʔua] erabiltzen da oraindik[6]. Bokalen luzera "makron" batez adierazten da kahakō deiturikoa eta Hawaiieraren arauen arabera, bokal luzea beti izaten da indar handiena daukana[7].
Fonetika[aldatu]
Hawaiiera oso fonema gutxi dauzkalako berezia da. Baina ez da bakarra, beste hizkuntza polinesiarrek ere oso fonema gutxi dauzkate. Aldaketa batzuk dauzka: batzuetan, [t] edo [k] ahoskatzen da gauza bera esateko. Berdin gertatzen da [r] eta [l]-rekin, [v] eta [w]-rekin edo [b] eta [p]-rekin. Kasu hauetan l, w eta p idazten dira Europako misiolariek ezarri zuten alfabetoa erabiliz[4].
Kontsonanteak[aldatu]
Hurrengo taulan hawaiieraren fonema kontsonantikoak ikus daitezke:
| Kontsonanteak | Ezpainkariak | Albeolarrak | Beilarrak | Glotalak |
|---|---|---|---|---|
| Herskariak | p | k | ʔ | |
| Sudurkariak | m | n | ||
| Frikariak | h | |||
| Hurbilketazkoak | w | |||
| Aldekoak | l |
Bokalak[aldatu]
Bokalen fonemen taula da hau:
| Bokalak | Motza | Luzea | ||
|---|---|---|---|---|
| Aurrekoak | Ondorengoak | Aurrekoak | Ondorengoak | |
| Itxia | i | u | iː | uː |
| Erdikoa | e | o | eː | oː |
| Irekia | a | aː | ||
iu, ei, eu, oi, ou, ai, au, ae eta ao diptongoak egin daitezke.
Hawaierazko komunikabideak[aldatu]
Komunikabideetan hawaiieraz dauden egunkarien zatiak eta hawaiieraz mintzatzen diren irrati programak daude. Adibidez, Ahailono a ka Lahui, Hawaii Holomua, Home Rula Republalika, Honolulu Times, Ka Elele, Ka Hoku Loa, Ka Leo o ka Lahui, Ka Nupepa Elele, Ka Nupepa Puka la ko Hawaii Pae Aina, Ke Alakai O Hawaii, Kuu Hae Hawaii, The Liberal, Ka Oiaio, Ko Hawaii Pae Aina eta Ke Kilohana o ka Malamalama egunkariak besteak beste.
Erreferentziak[aldatu]
- ↑ Pukui, Mary Kawena; Elbert, Samuel (1986), Hawaiian Dictionary, Honolulu: University of Hawai‘i Press, ISBN 0-8248-0703-0.
- ↑ Schutz, Albert (1994), The Voices of Eden: A History of Hawaiian Language Studies, Honolulu: University of Hawai‘i Press, ISBN 0-8248-1637-4.
- ↑ Sakoda, Kent; Siegel, Jeff (2003), Pidgin Grammar: An Introduction to the Creole Language of Hawaiʻi. Honolulu: Bess Press., ISBN 1-57306-169-7.
- ↑ a b Pukui, Mary Kawena; Elbert, Samuel (1979), Hawaiian Grammar, Honolulu: University of Hawai‘i Press, ISBN 0-8248-1637-4.
- ↑ Kahele, Mona. Clouds of Memories
- ↑ Kinney, Ruby Kawena (1956), «A Non-purist View of Morphomorphemic Variations in Hawaiian Speech», Journal of the Polynesian Society 65 (3): 282-286.
- ↑ Lorrin, Andrews (1836), A vocabulary of words in the Hawaiian language, Lahainaluna: Lahainaluna High School, http://books.google.com/books?id=BFUsAAAAYAAJ.
Kanpo loturak[aldatu]
- 'Ōlelo Hawai'i Language Program (Ingelesez)
- Ulukau. The Hawaian Electronic Library (Ingelesez)
| Hizkuntza honek bere Wikipedia du. Bisita ezazu. |