Itoiz

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau musika taldeari buruzkoa da, beste esanahientzat ikus Itoitz
Itoiz
Datuak
Jatorria Mutriku-Ondarroa
Musika mota Pop-Rock
Urteak 1978 - 1988
Diskoetxeak Xoxoa - Elkar
Webgunea [1]

Itoiz musika taldea izan zen, 1978an Mutriku eta Ondarroa inguruan sortutakoa, eta hainbat estilo landu zituzten, hala nola, folk, pop, rock progresiboa.

Eduki-taula

[aldatu] Historia

"Indar Trabes" izenarekin bost gazte berbena eta ezkontzetako musika talde moduan hasi ziren 1974an. Hala ere, beraien hasierako helburua rock progresiboa egitea zen. Horrela, 1978. urtean, Durangoko Disko eta Liburu Azokarako diskoa ateratzeko aukera izan zutenean, izena aldatzea erabaki zuten, aurreko izena berbena-emanaldiei lotuegia zegoelakoan. Bestalde, izen laburra nahi zuten eta hortik Itoiz, ez Nafarroako haranagatik[1]. Diskak rock progresiboa, abesti barnerakoiak eta surrealistak dakartza, batzuetan ulertzeko zailak dituen hitz poetikoak dituela.

Taldearen lehenengo garai honetan, rock progresiboa, jazza eta estilo desberdinen esperimentazioko soinua nagusitzen da. Taldearen izen bereko lehenengo diskak kritika itzelak izan zituen eta Errobi lehenengo euskal rock taldeak utzitako soinu-lorratza nabaritzen zaio (nazioarteko beste talde batzuen artean, hala nola, Jethro Tull, Mike Oldfied, Santana etab.). Aldiz, kritikaren aldetik harrera beroa izan arren, taldearen ibilbidea ez zihoan ildo beretik: zenbait taldekide soldadutzara joan beharra, taldea zuzenekoan ez zuen diskoaren neurria ematen, Juan Carlos Perez taldeburua, abeslari eta konposatzailea, ez zegoen gustura emanaldiekin (kantu oso bereziak zirela eta, barnerakoiak, jendaurrean defendatzeko zailak...)[2]. 1980an etorri zen hurrengo diskoa (Ezekiel), disko kontzeptuala inondik ere, koherentea. Alkoleak (1982) hobetu egin zituen aurreko diskoetako gabezi teknikoak eta estilo sinfonikoari eutsi zion; Marilyn abesti entzunerraz eta politaz, ordea, aurreratu egin zuen hurrengo etaparako irekitzen ari ziren bidea: pop rockari heltzea.

1983 urtean Jean Marie Ecay gitarra-jolea gehitu zitzaion taldeari. Donibane Lohizuneko musikari gaztea guztiz trebea zen gitarrarekin, sortzailea eta ideia berrien ekarle; berehala mamitu zuen harreman estua eta sortzailea Juan Carlos Perezekin. Etapa berri honetan, alde batera utzi zuten musika sinfonikoa eta rock progresiboa, popari heldu zioten bete-betean. "Guk rock progresiboko erritmika bat erabiltzen genuen kantak egiteko, eta Jean Mariek ekarri zuen beste bat, guk Fleetwood Mac erritmoa, pop erritmo binarioa, guk ordu arte ezagutzen ez genuena. Eta harekin lotuta, kantuaren kontzeptua ekarri zuen, hiru minutukoa eta leloarekin. Guk ordu arte obra kontzeptual txikiak egiten genituen, garapen luzeko kantuak"[3], J.C. Perezek dioen bezala. Diskoaren harrera bikaina izan zen, nola entzuleen aldetik hala kritikaren aldetik, eta abesti gogoangarriak utzi zituen ("Marea gora", "To Alice"...).

Hurrengo pausoa Espaloian LParen argitalpena izan zen, disko poperoa hori ere, baina naturalagoa eta barnerakoiagoa. Ordurako hasiak ziren J.C. Perez eta Jean Marie Ecayren arteko desberdintasun artistiko eta profesionalak eta, ondorioz, azkenean, bigarrenak taldea utzi zuen (bere bi abesti utzi zituen diskoan hala ere). J.C. Perezek ez zuen espero aurreko diskoaren arrakasta gainditzea; aldiz, areagotu egin zuen; Bilboko La Casilla kiroldegian egindako aurkezpen-kontzertuan, euskal talde batek ordu arte inoiz bildutako jendetza handiena erakarri zuen: 7.000 pertsona.

1980ko hamarkadaren erdialdera nabarmena zen euskal rock erradikaleko musika-taldeen goraldia eta nagusitza eszenatokietan; Itoiz, ordea, ez zen giro horretan ondo egokitzen. Hainbatetan jo behar izan zuen kontzertuetan horrelako taldeekin (Hertzainak, Kortatu etab.), eta hainbat kritika eta gogorkeria ere jasan zituzten: "RRVko taldeentzat, guk ordezkatzen genuen sistemak ezarritakoa, komertzialtasuna, politikoki zuzenak ginen. Oso egoera deserosoa zen. Jendearen erasoak jasan behar izan genituen" [4], adierazten du J.C.Perezek.

1987an J.C. Perez nekatuta zegoen ordurako, taldeko giroa ere ez zen ona. Hala ere, 6 kantuko LP bat ateratzeko beta izan zuen oraindik. Poperoa zen hori ere, baina rockeroagoa eta zikinagoa. Harrera ona izan zen, eta Frantziatik ere ibili ziren itzuli batean (FR3ko programa batek erreparatu egin zien, eta saio bat dedikatu), baina ordurako utzikerian erortzen hasia zen taldea, ilusioa galtzen. J.C. Perezek modu dotorean bukatzea erabaki zuen eta, horretarako, Getxon kontzertua egin eta zuzeneko album bikoitza argitaratu zuen taldeak 1988an.

[aldatu] Taldekide esanguratsuenak

  • Foisis (Jose Garate): baxua

[aldatu] Diskografia

[aldatu] Erreferentziak

  1. Eskisabel, Jon (2005). 'ITOIZ, Hari xingle bat', 51. or., Gaztelupeko Hotsak.
  2. Eskisabel, Jon (2005). 'ITOIZ, Hari xingle bat', 69. or., Gaztelupeko Hotsak.
  3. Eskisabel, Jon (2005). 'ITOIZ, Hari xingle bat', 138. or., Gaztelupeko Hotsak.
  4. Eskisabel, Jon (2005). 'ITOIZ, Hari xingle bat', 156. or., Gaztelupeko Hotsak.

[aldatu] Kanpo loturak

Tresna pertsonalak
Beste hizkuntzak