Jean-Louis Barrault

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean-Louis Barrault
Jean-Louis Barrault, Madeleine Renaudekin

Jean-Louis Barrault antzezle eta antzerki-zuzendari frantsesa da, batez ere, mimo-antzezpenengatik ezaguna (Le Vésinet, Paristik hurbil, 1910 - Paris, 1994). Parisko École du Louvren eta Théâtre de l´Atelier antzerki-eskolan ikasi zuen. 1940tik 1946ra arte, Comédie Françaisen aritu zen, eta 1946an Renaud-Barrault antzerki-taldea sortu zuen, bere emazte Madeleine Renaudekin batera. Théâtre des Nations antzokiaren zuzendaria izan zen. 1968an antzoki hori hartu zuten ikasleei eman zien laguntzak pizturiko gatazkaren ondoren, kargua utzi zuen eta Renaud-Barrault konpainia berrantolatu zuen, emaztearekin batera. Antonin Artauden jarraitzaile zen, eta erabateko antzerkia egiten saiatu zen beti. Barraultentzat, antzezlea bera eta gorputzaren bidezko antzezpena dira antzerkiaren funtsa, baina berebiziko garrantzia ematen zion testuari ere. Genero eta antzerki-molde ugari landu zituen, zuzendari zein antzezle gisa: tragedia grekoa, Shakespeare, klasiko frantsesak, bere garaiko komedia, absurdoaren antzerkia, abangoardiako antzezpen esperimentalak... Antzerkigile askoren lanak zuzendu zituen, hala nola Ionesco, Molière, Shakespeare eta, batez ere, Paul Claudelenak. Gainera, hainbat idazleren obrak egokitu zituen antzerkirako, besteak beste, Faulkner, Rabelais, Jarry, Apuleio eta La Fontainerenak. Carné zuzendariaren Les enfants du paradis filmean parte hartu zuen 1944an. Antzerkiari buruzko liburuak idatzi zituen; Antzerkiari buruzko gogoetak, 1959) eta Jean-Louis Barraulten antzerkia, 1961 dira aipagarrienak.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean-Louis Barrault Aldatu lotura Wikidatan