Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearra

Koordenatuak: 31°46′33″N 35°12′00″E / 31.77583°N 35.20000°E / 31.77583; 35.20000
Wikipedia, Entziklopedia askea
31°46′33″N 35°12′00″E / 31.77583°N 35.20000°E / 31.77583; 35.20000
Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearra
האוניברסיטה העברית בירושלים
الجامعة العبرية في القدس
Scopus campusa.
AkronimoaHUJI
Ezarpena 1918
Mota Publikoa
ErrektoreaAsher Cohen
Ikasleak22.000
Graduaurrea12.000
Graduondoa10.000
EzizenaHebrear U
Kirol koloreakGorri      eta urre     
CampusaScopus mendia
AfiliazioaUNIMED
KokapenaJerusalem eta Rehovot
Israel
Webgunea huji.ac.il

Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearra (hebreeraz: האוניברסיטה העברית בירושלים, ha-Universita ha-Ivrit B'irushalayim; arabieraz: الجامعة العبرية في القدس‎, al-Ǧāmiʻah al-ʻIbriyyah fil-Quds) Israelgo lehen unibertsitate judua da.

1925ean sortu zuten unibertsitatea, Israel estatua eraikitzeko erakunde gisa. Hala ere, 1884an proposatu zuen lehenbizikoz Herman Tzvi Shapira irakasleak Israelen unibertsitate judu bat abian jartzea, Jovevéi Tzión taldekoek Katowicen egin zuten biltzarrean, hain zuzen ere. Proposamen hori 1897an bultzatu zuten berriz, Basilean egindako sionisten biltzarrean; Jaim Weizmann —Israelgo lehen presidentea izango zena— buru zuen taldea izan zen proposamenaren aldeko sutsuena. 1921ean, Jaim Weizmann eta Albert Einstein Estatu Batuetara joan ziren unibertsitatea finantzatzeko diru bila.

1918an, Scopus mendian jarri zuten unibertsitatearen oinarri-harria, eta 1925ean egin zuten inaugurazio-ekitaldia. Han izan ziren, besteak beste, lord Arthur Balfour, Jaim Najman Biálik poeta nazionala eta Jaim Weizmann. Albert Einsteinek eman zuen lehen eskola.

Jerusalemgo Unibertsitate Hebrearraren liburutegi handi eta nagusia Liburutegi Judu Nazionala da, eta munduko liburu- nahiz eskuizkribu-bilduma ikusgarrienetako bat du. Israelen argitaratzen diren lan guztiak gordetzen ditu, eta herrialdearekin erlazioa duen munduko argitalpen guztiak biltzeko helburua du. Gaur egun, bost milioi liburu eta milaka pieza ditu. Liburutegi horretan daude, halaber, hebrear eskuizkribuak, Eran Laor mapa-bilduma, Edelstein zientzia-bilduma, Gershom Scholem bilduma, Maimonidesen eskuizkribu eta hasierako idazlanak eta Albert Einsteinen fitxategiak. Hain zuzen, Albert Einsteinen ondare guztiaren gordetzaile bakarra da liburutegia, eta hark idatzitako dokumentu guztiak ditu.

Unibertsitate Hebrearrak hiru campus ditu Jerusalemen, eta bat Rejovoten:

  • Scopus mendia: ikasleen % 75ek ikasten dute campus honetan, eta fakultate hauek ditu: gizarte-zientziak, humanitateak, zuzenbidea, hezkuntza eta laguntza soziala. Horrez gain, Atzerriko Ikasleen Eskola, Judaismo Ikasketen Institutua eta Itsuentzako Ikastetxea ere campus honetan daude.
  • Guiv'at Ram: besteak beste, Zientzia Fakultatea, Musika Eskola eta Liburutegi Nazionala daude hemen.
  • Ein Kárem: medikuntza- eta odontologia-fakultateak eta Erizaintza Eskola.
  • Rejovot: agronomia- eta elikagaigintza-fakultateak eta Turismo Eskola.

2012ko datuen arabera, 23.500 ikasle, 1.200 irakasle eta 1.500 langile ditu unibertsitateak.

Nazioartean ezagunak dira unibertsitate honetan ibilitako zenbait pertsona. Lehen Zuzendaritza Batzordea Albert Einstein, Sigmund Freud, Martin Buber eta Jaim Weizmannek osatu zuten. Israelgo lau lehen ministrok unibertsitate honetan ikasi zuten.

Bestalde, unibertsitatean ikasle edo irakasle izan ziren bost Nobel saridun: Daniel Kahneman (2002ko Ekonomiako Nobel sariduna), Aarón Ciechanover (2004ko Kimikako Nobel sariduna), Abraham Hershko (2004ko Kimikako Nobel sariduna), David Gross (2004ko Fisikako Nobel sariduna) eta Robert J. Aumann (2005eko Ekonomiako Nobel sariduna).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]