João Havelange
Jean-Marie Faustin Goedefroid de Havelange, ezagunagoa João Havelange izenagatik (Rio de Janeiro, Brasil, 1916ko maiatzaren 8a) brasildar kirolari ohia eta kirol-buruzagia da. FIFA erakundearen lehendakari izan da hogeita lau urtez.
Biografia [aldatu]
Zuzenbideko ikasketak egin zituen. Kirolari gisa, 1936ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, igeriketan, eta 1952koetan, gero, Brasilgo waterpolo-selekzioarekin.
Kirol-buruzagi gisa, lehenengo kargua (1937) Flamengoko waterpolo-selekzioko zuzendaritza izan zen. Gero, Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (COI) kide izan zen, eta Brasilgo Futbol Konfederazioko lehendakari. 1974an, FIFAko lehendakari-kargua hartu zuen. Futbola sustraitua ez zegoen herrialdeetara zabaldu zuen bere agintaldian, eta Munduko Txapelketaren nazioarteko oihartzuna handitzea lortu zuen (txapelketaren azken fasea 16 selekziotik 32ra zabaldu zuen). Horretaz gainera, enpresa multinazional askoren atxikimendua lortu zuen.
Havelangeren aurkariek, bere herrikide Pelek, besteak beste, FIFA nagusikeriaz gidatzeaz akusatu zuten. Bere agintaldiaren bukaeran, tirabira gogorrak izan zituen Europako Futbol Elkartearekin, eta Afrikako eta Asiako futbol elkarteen babesari esker eutsi zion karguari.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.