Karl Carstens

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 12:02, 19 urtarrila 2016

Txantiloi:Agintari infotaula

Karl Carstens (Bremen, 1914 - Meckenheim, Bonnetik hurbil, 1992) alemaniar politikaria eta abokatua izan zen. Legeak eta politika-zientziak ikasi zituen Frankfurt, Munich, Königsberg eta Hanburgeko Unibertsitateetan. 1937an alderdi nazian sartu zen, beka bat lortzearren, baina ez zen inoiz alderdikide aktiboa izan. Hegazkinen aurkako unitate batean zerbitzatu zuen Bigarren Mundu Gerran, eta hura amaitu zenean, errugabe deklaratu zuen nazien aurkako epaitegi batek. Gerraren ondoren, Carstensek ikasketei heldu zien berriz Frantziako Dijonen eta Yale Unibertsitatean, eta 1949an etxera itzuli zen, abokatu lanetan jardutera. 1954an, Europako Kontseiluan Mendebaldeko Alemaniaren ordezkari izateko hautatu zuten. Handik hiru urtera, Carstens izan zen Erromako Ituna eraiki zuten arkitektoetako bat, Europar Ekonomia Erkidegoaren sortzaileetako bat, alegia. Konrad Adenaueren Kristau Demokraten Batasuneko (CDU) kide gisa, Kanpo Arazoetako estatu-idazkari (1960-66) eta Defentsako ministroaren laguntzaile (1966-67) izan zen. 1972an, Parlamenturako (Bundestag) hautatua izan ondoren, CDUko buruzagi izan zen Parlamentuan (1973-76), lehenik, eta Parlamentuko lehendakari, gero (1976-79). Ondoren, Alemaniako Errepublika Federaleko lehendakari hautatu zuten (1979-1984), eta haren izendapena eztabaidatua izan bazen ere, estatuburu eraginkorra eta maitatua izan zen.

Erreferentziak


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karl Carstens Aldatu lotura Wikidatan