Kemiko eliza

Koordenatuak: 65°43′56″N 24°33′47″E / 65.7322°N 24.5631°E / 65.7322; 24.5631
Wikipedia, Entziklopedia askea
Kemiko eliza
Kemi's grid area and the church's surroundings
Kokapena
Estatu burujabe Finlandia
Regional State Administrative AgencyRegional State Administrative Agency for Lapland
Finlandiako eskualdeakLappi
HiriaKemi
Koordenatuak65°43′56″N 24°33′47″E / 65.7322°N 24.5631°E / 65.7322; 24.5631
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1900
JabeaKemi Parish (en) Itzuli
ElizbarrutiaOuluko diozesia
Arkitektura
ArkitektoaJosef Stenbäck (en) Itzuli
Estiloaarkitektura neogotikoa
Ondarea
Kontaktua
HelbideaKirkkopuistokatu 9, 94100 Kemi
Webgune ofiziala

Kemiko eliza (finlandieraz: Kemin kirkko) Lappiko Kemi hirian dagoen eliza protestante nagusia da. Kemi-Tornioko parrokiaren burua den tenplu hau, Sauvosaari auzoaren bihotzean dago, Botniako badiatik 300 metrora, eta hiriko eraikin ikusgarriena da. 1903ko martxoaren 8an Ouluko diozesiko gotzaina zen Juho Koskimiesek bedeinkatu zuen eta ordutik, eskualde osoko erlijio-eraikin handiena da. Josef Stenbäck arkitekto ospetsuak diseinatu zuen eta Eskandinavian tradizio handia duen arkitektura neogotikoaren eta nazional erromantikoaren arteko nahasketa dotorea izateagatik, Lappi osoko eliza bereziena da. Azpieskualdeko eta hiriko historia eta kulturak garrantzia handia dute eraikinaren egituran, baina nabarmentzeko ezaugarri nagusia itsasoaren eragina da; besteak beste, tenplua bera itsasoari begira dago. Guztira, 1.200 fededunentzako eserlekua dauka elizak eta objektu baliotsuenak tamaina handiko botozko itsasontzi zuria eta Kangasalako Organo Fabrikan 1935an eginiko organoa dira. Eraikinaren hegoaldean, azkenik, hiriko hilerria eta gerra oroitarriak daude.

Beste moduko ekitaldi batzuez gain, guztira, lau meza eskaintzen ditu astean Markku Korpela bikarioak, hiru igandetan eta bakarra larunbatetan [1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kemiko elizbarrutiaren ibilbidea luzea da; lehenbiziko aipamena XIV. mendekoa da eta bertan, elizaren lurrak Kemijokiren itsasadarretik Rovaniemira, eta bertatik Haukipudas herriraino iristen zirela esaten da. Elizbarruti honen erdiunea gaur egun udalerri beregaina den Keminmaako elizan zegoen, zehazki, gaur egun zutik dirauen eskualdeko eliza zaharrenean. Kemi hirian bertan eraiki zen aurreneko eliza, bestalde, Stenbäcken hau izan zen, ia zazpi mende beranduago. Kemik 1869. urtean hiri-titulua eskuratu zuenean, eliza berri bat eraikitzeko proiektua abian jarri zuen Udalak, dena den, egitasmo hau ez zen beranduagora arte gauzatuko. Azkenean, Keminmaako eliza txikia zelako aitzakiari esker, tenplu berri hau eraikitzen hasi ziren 1900. urtean. Lanak 1902an bukatu ziren, baina ez zen urtebete beranduagora arte irekiko, Ouluko diozesiko Juho Koskimies gotzainak bedeinkatu eta Lappi osoko eliza protestante handiena bihurtu zuen arte 1903ko martxoaren 8an.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizaren diseinatzailea Josef Stenbäck finlandiar arkitekto ospetsua da, arkitektura neogotikoaren eta nazional erromantikoaren arteko nahasketa arrakastatsua sortzeagatik ezaguna. Stenbäckek eliza ugari eraiki zituen bere lan ibilbide oparoan eta Kemikoa, aurrenetako bat izan zen. Artistaren lana ezagutzen duen edonork, tenpluaren egiletasuna aise aitortuko luke, egiturak eta barne-diseinuak arkitektoaren berezko arrastoa dutelako.

Atzealdea eta hiriko hilerria.

Bestalde, Lars Sonck arkitekto kälviärraren eragina ere onartu beharra dago, honek eraikitako tenplu askoren eta Kemiko elizaren artean antzekotasun handia baitago; besteak beste, azpimarratzekoa da Tampereko katedralaren eta Joensuuko, Pyhärantako, Räisäläko eta Nilsiäko elizen eta Kemikoaren arteko parekotasuna. Azkenik esan, hiriaren historiak eta kulturak ere pisu handia dutela obran eta itsasoaren presentzia, zehazki, nabarmena dela bazter guztitan [2][3].

Izokin-koloreko tenpluak lau tarteko nabe luzea du eta mendebaldera begira dago, itsasora. Sarrera nagusia, beraz, ekialdean dago, arrosa leihoaren azpian; egitura angeluzuzen batek eta 37 metroko dorre batek osatzen duten absidea, aldiz, mendebaldean dago. Ezkila-dorrea, eraikinaren simetria nahita apurtzen duena, Kemiko eraikin garaiena da Udaletxea ondoren eta horma bakoitzean dauden lau ordulari zuriak eta puntan amaitutako akabera metalikodun teilatua —zinkezko zutikako tolesdurakoa— hiriko edozein zokotik ikus daitezke. Sarrera nagusiarekin batera, guztira, bost sarbide ditu elizak: bi ate nagusiaren alboetan daude eta gainontzeko biak, berriz, absidean; hauek denak, elizaren bereizgarrietako bat diren biribildun izkinetan daude. Hain zuzen, aurrealdean ikus daitekeen elementuen hirukoiztasuna oso nabarmena da Stenbäck arkitektoaren lanetan. Sarrerakoaz gain, egitura hirukoitza ere leihoetan eta dorretxoetan antzeman daiteke. Izan ere, Eskandinaviako eraikuntza tradizioan, eta bereziki erlijio-eraikinetan, hiru elementuen agerpena oso ohikoa da eta erdian dagoen osagaia nabarmentzeko erabili izan ohi da, ate nagusia edo leiho handiena kasu. Ate- eta leiho-buruei dagokienez ere, iparraldeko herrialdeetan ohikoa den erdi puntuko arku bitxia da nagusi, ezkilategiko leiho-buruetan izan ezik, hauek puntu osoko arku zorrotzak baitira [4]. Aipatutako biribildun izkinak kenduta, gainerako izkinetan, kanpandorrean ezik, hormabular adierazgarriak daude, estalkiaren bulkada horizontalak lurrera igortzen laguntzeaz gain, fatxadak apaintzen dituztenak.

Oso bitxia den beste ezaugarri bat aldarearen kokapena da; izan ere, zurezko aldarea eta Jesukristo gurutziltzatuaren irudia leihate baten azpian daude. Honi, gainontzeko leihoei eta horma zuriei esker, tenpluak argitasun handia du eta barruko girgileria guztiak bere dotoretasun osoan ikus daitezke. Hain zuzen ere, elizaren objektu baliotsuenak tamaina handiko botozko itsasontzi zuria eta Kangasalako Organo Fabrikan 1935an eginiko organoa dira. Zutabeen arteko espazioa ertz gangek betetzen dute eta zurezko pulpituari nagusitasuna ematen diote. Erretaula edo oholtzak Lauri Ahlgrénen eta Erkki Koponenen lanak dira eta 1986ean eginiko Pyhä Kolminaisuus eta 1953ko Ylösnousemus obrek osatzen dute.

Eraikin protestante honen hegoaldean hiriko hilerria eta gerra-oroitarriak daude; hauen artean, Evert Porila artistak 1924ean sortutako soldaduen eszena (Gerra Zibilean hildako Armada Zuriko soldaduen omenez) eta Bigarren Mundu Gerra ondoren eraiki zen Heroiaren estatua (finlandieraz, Sankaripatsas) [5][6]. Hiru elementu horiek —eliza, hilerria eta gerra-oroitarriak—, zuhaitzez hornitutako berdegunearekin batera, Kemiko etxe-uharte oso bat betetzen dute.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kemin seurakunta Henkilöt. 2011.03.30
  2. Hallinto 2011.04.06
  3. Kulttuuriympäristö Kemin kirkko. 2011.04.06
  4. Kemin seurakunta Kirkolliset toimitukset. 2011.04.06
  5. Kangasalan urkutehdas 2011.04.06
  6. Kemin seurakunta Hautausmaat. 2011.04.06

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]