Rovaniemi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Rovaniemi

Rovaniemiko armarria
Armarria
Berezko izena Rovaniemen kaupunki
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Rovaniemiko azpieskualdea
Alkatea Mauri Gardin
Sorrera 1929
Rovaniemi Finlandiako mapan
Koordenatuak 66°30′05″N 25°44′05″E / 66.50139°N 25.73472°E / 66.50139; 25.73472Koordenatuak: 66°30′05″N 25°44′05″E / 66.50139°N 25.73472°E / 66.50139; 25.73472
Azalera
-Ur-azalera
8.016,72 km² [1]
434,75 km² (%5,42)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Ipar samiera
- Besteak
60.707 (2012.01.31) [2]
8,01 bizt/km²
(2011) [3]
% 97,0 (ofiziala)
% 0,2
% 2,8
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)

Rovaniemi (inarieraz, Ruávinjargâ; ipar samieraz, Roavvenjárga; skolt samieraz, Ruäˊvnjargg) Finlandiako hiria eta Lappi eskualdearen hiriburu administratiboa da. Hirigunea Ounas eta Kemi ibaiek bat-egiten duten bidegurutzean dago, Zirkulu Polar Artiko paraleloaren gainean eta baso boreala nagusi den lurraldean. Guztira, 60.000 biztanle inguru ditu -herrialdeko hamabosgarrena- eta 8.016,72 km²-ko azalera -herrialdeko bosgarrena-. XX. mendean hazi den hiria da, basogintzaren industriak markatu duena; dena den, mekanizazioak ekarri zuen krisiaren ondorioz, azken 40 urteetan, hiria eraldatu eta Ipar Finlandiako zerbitzu-hiri nagusia bihurtu da. Lappiko Unibertsitateak eta RAMKek zeresan handia dute aldaketa honetan, Rovaniemin hamar mila ikasle baino gehiago bizi dela pentsatzen baita.

Ondasun nabarmenen artean, aipatzekoak dira Lappiko Museoa eta Zentro Artikoa dauden Arktikum eraikin modernoa, Korundi kultura etxea, eta nola ez, hiriburuko leku bisitatuena den Bizarzuriren herrixka. Hain zuzen ere, neguko turismoak bultzada handia eman dio ekonomiari azken urteotan; batik bat, turismo bulegoak egin duen natura basatiaren eskaintza oparoagatik; dantza eta musika jaialdi, eta kultura eskaintza zabalagatik; eta Bizarzuri pertsonaiaren inguruan sortu den lilurari esker.

Hazkuntza honi aurre egiteko eta Finlandiako Gobernuak sustatutako udalerri fusioen bidetik, 2006. urtean Rovaniemen kaupunkik (hiriguneak) eta Rovaniemen maalaiskuntak (landa-herriak) bat egin zuten.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Rovaniemiko geografia
Herrigunea abenduko elurpean.

Finlandia iparraldeko Lappi eskualdearen erdialdean dago hiria; hirigunea, zehazki, eskualdeko bi ibai luzeenak diren Ounas eta Kemik bat egiten duten lekuan eta Korkalovaara eta Ounasvaara muinoen artean dago. Suediar mugatik 70 km-ra baino ez dago eta Zirkulu Polar Artikoa paraleloak bitan zatitzen du udalerria. Bizilagunak Levi eta Ylläs muino ospetsuak dauden Kittilä eta Kolari iparraldean, Sodankylä ipar-ekialdean, Pello eta Ylitornio tornetarrak mendebaldean, Kemijärvi hiria ekialdean, Posio eta Ranua hego-ekialdean, eta Tervola eta Tornio hego-mendebaldean dira. Hain zuzen, kokalekua Rovaniemiren azken mendeko hazkuntzaren eragile nagusia izan da. Aipatzekoa da azalera handiena duen Finlandiako bosgarren hiria dela, guztira, 8.016,72 km², eta Ranuarekin batera Rovaniemiko azpieskualdea osatzen du, biztanle gehien dituen Lappiko azpieskualdea. Klima nagusia subartikoa da, baina habitat mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira. Hiria den lautada zabalean taiga edo baso boreala nagusitzen da eta zuhaizti ohikoenak haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira. Azkenik, toki berezia dute landare-espezie desberdinak dauden inguru zingiratsu eta paduratsuek, herrialde osoko ospetsuenak direnak [4].

Eskualdearen bihotzean dagoen hiri hau Zirkulu Polar Artikoa paraleloak zeharkatzen du mendebaldetik ekialdera; beraz, Rovaniemi eskualde artikoan dagoen hiri urrietako bat da. Gauerdiko eguzki fenomeno ospetsua udako solstizioan baino ez da izaten (gau polarra, aldiz, neguko solstizioan), hala ere, ekainaren 6tik uztailaren 7ra gau zuri izeneko gertakaria izaten da. Hain zuzen, gau zuriak eguzkia behar beste jaisten edo ezkutatzen ez denean sortzen diren argitasunez beteriko gauak dira, eta gau hauek bai, oso ohikoak izaten dira. Lehen esan bezala, hiriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak, ilunak eta luzeak izan ohi dira. Gainera, hiria itsasaldeko korronte epeletatik urrun dagoenez, neguak are izozgarriagoak izaten dira; hain zuzen, Finlandian inoiz neurtu den tenperatura baxuena pare bat km-ra baino ez dagoen Kittiläko Pokka herrian neurtu zen 1999. urteko urtarrilean, -51,5 Â°C. Hala ere, hau muturreko tenperatura baino ez zen izan, neguko eta udako tenperatura ohikoak -10 Â°C eta 14 Â°C ingurukoak baitira, hurrenez hurren. Elurrak, bestalde, urritik maiatzera zuriz margotzen du lurzorua, gutxi gorabehera, 185 bat egunez. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik ere egiten dituzten egutegietan, Lappiko eta hiriko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Zortzi urtaroak [5].

Rovaniemiko natura [6] Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora hiru gautatik batean izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [7].

Sun rises:[8]

 
2011ko Rovaniemiko klima datuak [9]
Rovaniemi
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -1 0,2 4 16,3 20 30,7 29,1 22,8 19,4 10 7,3 3,5 13,5
Batez besteko maximoa ºC -8,3 -12,2 -0,6 6,9 11,4 19,5 21,7 17,5 12,2 5,8 2,1 -1 6,2
Batez bestekoa ºC -11,5 -16,1 -5 2,7 6,8 14,6 16,9 13 9 3 -0,8 -3 2,4
Batez besteko minimoa ºC -15,1 -19,7 -9,4 -0,9 2,3 9,7 12,2 8,8 6 0,5 -3,7 -5,5 -1,2
Minimoa ºC -26,3 -32 -16 -3,1 -2 4 7 5 1 -4 -14 -15,2 -7,9
Prezipitazio-egunak 31 28 23 20 24 17 16 16 23 22 28 31 279

Ehunka aintzira daude, baina gehienak tamaina txikikoak dira eta ez daude Lappiko aintzira handienen zerrendan. Hala ere, Norvajärvi, Olkkajärvi, Perunkijärvi eta Sinettijärvi lakuak eta hirigunean dauden Harjulampi, Keinuvuopaja, Kirkkolampi eta Veitikalampi urmaelak nahiko ezagunak dira probintzia mailan. 16 metroko Auttiköngäs ur-jauzia eta inguruko baso zahar ilunak oso ospetsuak dira mundu mailan, eta urrutiko leku baten bila dabiltzan pertsona asko etortzen da hona.

Babesturiko hiru gune garrantzitsu daude Rovaniemin: Auttiköngäs, Herankaira eta Pisavaara Natura Eremu Hertsia. Eremu babestu hauetan dauden baso mardulek, arroilak, ibai txikiek eta inguru paduratsuek bisitari asko erakartzen dituzte urtero; izan ere, bertako natura guztiz basatia da eta berrehun urte baino gehiagoko zuhaitzak aurki daitezke basoan zehar. Nahiz eta ia desagerrarazita dagoen XIX. mende hasierako basogintza eta meatzaritzak utzitako arrastoa, oraindik antzinako meatzariek eta egurgileek egiten zuten bidea jarraitu daiteke. Ibilbide hauetan Lappiko fauna eta flora basatia aurkitzea ohikoa da.

Kemi ibaia eta Jätkänkynttilä zubia udako ilunabarrean.

Hegazti espezie desberdin asko daude baso ilun eta aintzira oparoetan: hala nola, antzara hankahoriak, arrano arrantzale eta beltzak, aztoreak, basoetako gerri-txoriak, basoilarrak, beltxarga oihulariak, borrokalariak, buztangorri argiak, buztanikara hori eta zuriak, eskinosoak, euli-txori zuriak, hontz handiak, ipar-belatzak, ipar urubiak, kuliska pikartak, kurrilo arruntak, laponiako berdantzak, larre-buztanikarak, marikoi isats-luzeak, mendebal-txori mokomeheak, mendi kaskabeltzak, mendi-txontak, mirotz zuriak, negu-txirtak, negu-txontak, uretako zozoak, zapelatz galtzadunak eta okil beltz, handi eta hiruatzak dira hegazti ohikoenak.

Ugaztunei dagokienez, altzeak, azeri artiko eta gorriak, elur-oreinak, erbiak, erbinude zuriak, hartz arreak, jatunak, igarabak, ipar-katamotzak, lepahoriak, orein kanadarrak, otsoak, ur-ipurtatsak eta urtxintxak dira nagusi [10].

Guztira, udalerriko azaleraren %5a baino gehiago (434,91 km²) ur-eremua da. Ur eremu oparo hauek, arrantzaleen eta hartz arrea bezalako ugaztunen paradisua dira. Bertako arrain ezagunenak aintzira eta ibai-amuarrainak, lutxoak eta perkak dira.

Azkenik aipatzeko, Finlandiako Lurreko Armadarena den eta Kemijärvi eta Rovaniemi hirien artean dagoen Rovajärvi tiro eremua. Eremu hau, entsegu zelai bat da eta Lurreko Armadak praktikak egiteko erabiltzen du. Ez asko, bertako naturaren alde egiteko bizilagun batzuk batu eta Pro Rovajärvi elkartea sortu zuten.

Rovaniemi izenaren jatorriaren inguruan bi teoria daude: batetik, samieratik etorritako "roavve" izena, euskaraz zurezko mendikatea esan nahi duena; eta bestetik, "rova", ur-lasterretako arroka edo harri-gunea. Bestalde, "niemi" penintsula da finlandieraz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Rovaniemiko historia

Lappira iritsi zen lehen gizarte antolatua k.a. 6000. urte inguruan heldu zela uste da, hau da, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen, glaziarrak urtzen eta itsasoa atzera egiten hasi zen garaian. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zuten. Nahiz eta oraindik iparraldeko jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago, k.a. III. milurtekoan Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. Hasiera batean, hauen bizilekua Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen, eta iparraldeko lurralde zabal honen jabe bakarrak izan zirela uste da, k.a. 500. urtera arte behintzat -hegoaldeko eta ekialdeko aurreneko tavastiar eta kareliarrak iristen hasiko ziren garaia-. Ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren gehienbat eta ez zuten egonleku egonkorrik, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatu behar baitzuten. Dena den, orduan hondarrezko uharte bat baino izango ez zen Ounasvaararen hegalean, samien arbaso nomada hauen lehenbiziko arrastoak aurkitu dira, eta beraz, pentsatu izan da kokaleku egonkor bat bazela Kemi ibaiaren ertz honetan [11].

Erdi Aroan Suediar Erresumak herritarrak iparraldeko lurrak hartzera bultzatu zituen ipar-ekialdeko Laponiako merkataritza-bideak novgorodarrengandik babesteko, eta lekukotasunik ez dagoen arren, historialariek uste dute arrazoi honengatik sortuko zela lehen egonleku egonkorra Rovaniemin. Kokaleku hau hegoaldetik etorritako tavastiar kolonoek XIII. mende hasieran eraikiko zuten eta hauekin batera, hego-mendebaldeko finnak, Itsaso Zuriko herritarrak, ekialdeko kareliarrak eta gainontzeko finnak (satakuntarrak, savoniarrak, ostrobotniarrak) iristen hasiko ziren. Hauen etorrerakin batera, samien lurraldea nabarmenki murriztu zen eta iparraldera jo edo kolono hauekin bizirauten ikasi behar izan zuten. Hiriaren lehenbiziko idatzizko aipamena, aldiz, 1453. urtekoa da; bertan, Ounas eta Kemi ibaien artean zegoen "Ruanim" izeneko herri bati buruz hitz egiten da eta bertako herritarren bizibidea abeltzaintza, laborantza, arrantza eta ehiza zirela aipatzen da. Garai hartan Rovaniemi Kemiko parrokia erraldoiaren lurren artean zegoen eta jabetzako lur hau Kemi ibaiaren itsasadarretik Rovaniemira, eta bertatik Haukipudas herriraino iristen zen; Ostrobotniako parrokia honen erdigunea zen eliza nagusia, gaur egun udalerria den Keminmaan zegoen. Baina, Rovaniemi herria muga ondoan zegoenez, arpilatua eta suntsitua izan zen askotan; esate baterako, garaiko kronikek esaten digute 1578an herriko 25 eraikinak suntsituak izan zirela eta 1611an, aldiz, bakea berrezarri zen arren, errusiarrek rovaniemitarrek berreraikitako 20 etxaldeak txikitu zituztela [11][12].

Kemi ibaiaren XVIII. mendeko marrazkia.

Kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XV. mende inguruan eta orduan, lehen elizak eraikitzen hasi ziren. Lurraldearen zabalera eta orografia dela-eta, hainbat eliza eraiki behar izan zituzten eskualdean erlijioa egonkortzeko eta honekin batera, samiek xamanismoa alde batera uzten eta iristen hasi ziren finlandiarren ohiturak bereganatzen hasi ziren. Hain zuzen ere, XVI. eta XVII. mendeen artean kolono asko iritsi zen ingurura eta ordura arte nomadak izandako samiak euren bizimodua arriskuan ikusten hasi ziren. Kemi ibaiaren inguruan bizi ziren samiak, haien artean rovaniemitarrak, kemi sami izenaz ezagunak ziren eta kemiera izeneko sami hizkuntza hitz egiten zuten. Gutxira, euren bizimodua mantedu nahi zuten samiak iparraldera bultzatuak izan ziren eta bertan gelditu zirenak, azkenik, finn kolono hauen kultura eta bizimodua bereganatu zuten. Kemi samien kultura XIX. mendearen bukaeran galdu zela esaten da, kemiko samieraren azkeneko hiztunarekin batera [13][14].

XVII. mende bukaeran Izotz Aro Txikia izan zen eta herritarrek hildako asko eragin zituen gosete garai luzea pairatu zuten. Dena den, egonkortasun handiko garai luzea izan zen eta Errusiar Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren iparraldeko muga lasaitu egin zen. XVIII. mendean baina, Finlandiaren kontrola izateko guduak hasi ziren. Finlandiako Gerran, azkenik, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz eta Finlandia, Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen. Hain zuzen ere, XIX. mende honen hasiera izan zen Rovaniemiren hazkuntza areagotu zen garaia; Ekialdeko Lappiko basoak ustiatzen hasi ziren eta baliabide naturalen erauzketak eta urre sukarrak herritar asko erakarri zituen hegoaldetik bertara. Gainera, Krimeako Gerra hastearekin eta Botniako golkoko itsas-merkataritza etetearekin batera, Tornio hiriak ere bere garrantzia eta nagusitasuna galdu zuen iparraldean eta, azkenik, merkatal-hiri tituluari uko egin behar izan zion. Kemi arrantza-herria Errusiar Inperioaren mendebaldeko muturrean zegoenez, tsarrak bertan mugako merkataritza garatzea erabaki zuen. Honela, Alexandro II.ak bultzatuta eta bereganatutako eskumen berriei esker, Finlandiako Dukerri Handiak Torniorekin batera Laponiako eta Ouluko probintzien garapena babestuko zuen hiri bat sortzea erabaki zuen Kemijokiren itsasadarrean. Horrela, Kemi hiriaren sorrera Rovaniemiren berpiztea izan zen era berean, Kemi ibaia probintzia osoko garraiobide nagusia bilakatu baitzen [11][15].

Rovaniemik behin betiko burujabetasuna 1867an lortu zuen, Kemiko parrokiatik lehenbizikoz 1785ean banandu bazen ere; Rovaniemiko herria (Rovaniemen kunta) 1875ean sortuko zen. Garaiko lekukotasunen arabera, orduko rovaniemitarrak lau mila inguru ziren, baina kopuru hau azkar hazten hasiko zen hemendik aurrera. 1880ko hamarkadan herriak merkataritza eskubideak lortu zituen eta honi esker, Ipar Finlandiako merkataritza gune garrantzitsuena bihurtu zen XIX. mende bukaeran. Urtean hiru azoka antolatzen ziren -San Joan egunean, Done Mikel egunean (irailaren 29a) eta otsailean- eta hauetara juduak, tartariarrak eta ijitoak ere etorri ohi ziren salerosketak egitera. Hain zuzen ere, Rovaniemikoa janari, artisautza, egur, larru eta salgaien probintziako merkatu nagusiena zen, besteak beste Petsamo lurraldearen eta Kemiko portuaren erdibidean zegoenez, bidaiarien eta merkantzien halabeharreko geltokia zelako. Egur salerosketa oso garrantzitsua bihurtu zen herriaren ekonomian eta gutxinaka, basogintza industria garatzen hasi zen eskualdean. Herriko lehenbiziko eskola, liburutegia eta liburu-denda ere garai hartakoak ditugu; hala ere, aipatzekoa da 1870an eraiki zen eskolak kontrako aldeko baino herritar gehiago izan zituela, haurrak alpertuko zituen beldurra baitzuten rovaniemitarrek. Bigarren mailako hezkuntza emango zuen eskola, Rovaniemi Yhteislyseo (gaur egun Lyseonpuiston lukio dena), aldiz, 1908an eraiki zen. Hazkuntza honekin batera, udalerri honetan bizi ziren azkeneko samiek iparraldera jo zuten eta ondorioz, XIX. mendearen bukaera kemi samien heriotza-garaitzat hartzen da [16].

Hasierako industrializazio hau bultzatzeko garraiobide baliagarri eta modernoak behar ziren eta horrela, azpiegitura berriak eraikitzen hasi ziren eskualdean; Oulu hiriburuarekin bat egingo zuen Oulu-Tornio trenbidea, esaterako, 1903an bukatu zen. Rovaniemiko geltokia, aldiz, 1909an eraiki zen eta Laurila-Kelloselkä trenbidea lehenbizikoz urte berean iritsi zen herrira; garraio azpiegitura honi esker, Ekialdeko Lappiko basoak zuzenean Kemiko portuarekin lotuko ziren eta aberastasun garai oparoa iritsiko zen eskualdera [17].

Alemaniar soldaduak Rovaniemin (1942).

XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusien botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Rovaniemik eta gainontzeko Ipar Finlandiako udalerriek Armada Zuriaren alde egin zuten; Oulu, Tornio eta Kemi hiriak, aldiz, Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriak kontrolatzen zuen Finlandia iparraldeko eremu bakarra ziren. Hiri hauetako herritar gehienak industrian ziharduten langile sozialistak zirenez, Gerra Zibila deklaratu zen unean bertan, hiriak Armada Gorriaren agindutara ezarri ziren. Hala ere, sozialistek urtebetean Gerra Zibila galdu eta Finlandia herrialde subirano bihurtu zen; horrela, administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi hiriburu izendatu zuen 1938an. Hiriburu berriak Kemik edo Torniok zuten nagusitasuna ez zuen arren, izendapen horren arrazoi ofiziala, hiriburua, Petsamoko nikel-meatzea kontrolatzeko gai zen hiri bakarra zela izan zen. Askoren ustez izendapen horrek mendeku kutsua izan zuen, bi hiriek Gerra Zibilean Armada Zuriaren aurka egin baitzuten; dena den, ordutik aurrera, iparraldera zuzendutako azpiegitura berri guztiak Rovaniemira iristen hasi ziren itsas industria hirien kaltetan [18].

Rovaniemik hiriburu titulua jaso baino lehen, merkatal hiri ("Rovaniemen kauppala") eskubidea eskuratu zuen 1929an eta ordutik aurrera, bi udalerritan zatituta agertuko zaigu: alde batetik, Rovaniemen kauppala -merkatal hiria, hiriburu bihurtuko zena-, eta bestetik, Rovaniemen maalaiskunta -landa-herria-. Garai hartan hamar mila rovaniemitar inguru baziren merkatal eta landa udalerrietan eta egiazki herri oparoa bihurtu zen. Azken urtetako aberastasunak onuradun bat izan zuen, eraikuntza. Estilo inperialeko egurrezko etxebizitzak eraiki ziren, gehienez ere lau solairukoak, eta 1920ko hamarkadan nazioartean puri-purian zeuden art déco eta klasizismo estiloak gailendu ziren. 1930eko hamarkadan, aldiz, arkitektura funtzionalistaren kutuna diren harrizko eraikinak eraikitzen ziren eta Oiva Kallio arkitekto finlandiarrak diseinatutako ametsezko hiria gorpuzten hasi zen [15].

Finlandiar soldaduak Rovaniemira sartzerakoan aurkitu zuten irudia (Rovaniemiko gudua, 1944ko urrian).

Baina, hiriaren eta eskualdearen urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak hirian egokitu ziren eta herrialdearen defentsa antolatzeari ekin zioten. Eduard Dietl komandantea zen alemaniar armadaren buru eta eskizalea zenez, Rovaniemiko Ounasvaara muinoan lehenbiziko eski-pista egiteko agindua eman zuen. Sobietarrek ez zuten hiria behin ere bonbardatu, ez erasotu Neguko eta Jarraipenaren gerretan; dena den, joera hau Laponiako Gerrarekin aldatuko zen. Hain zuzen, Finlandiak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Laponiako Gerra hasi zen 1944ko urriaren 1ean. Rovaniemiko 8.233 biztanleak herritik atera zituzten eta 4.800 inguru Suediara eta gainontzekoak hego Finlandiara eraman zituzten; Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek, bestalde, bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Finlandiar soldaduak Kemi eta Tornio ingurura joan ziren alemaniarrak bertako portu estrategikoetatik urruntzen saiatzeko eta bitartean, naziek gotorleku sendoena zuten hiriaren jabe egin ziren, Rovaniemiren jabe hain zuzen ere. Urriaren 9an lehen aipatutako Lothar Rendulic ofizialak herri guztiak errausteko agindua eman zuenerako, alemaniar soldaduak hiriko azpiegitura, instalazio eta finlandiar administrazioaren eraikin nagusiak suntsitzen hasiak ziren; 13an, azkenean, sute handi bat piztu zuten Rovaniemin eta balio arkitektoniko ikaragarria zuten egurrezko eraikinak banan bana suaren garrak irentsi zituen, haien artean, hiriko eliza zaharra. Rovaniemiko gudua izenaz ezaguna den bataila urriaren 14 eta 16 artean izan zen; finlandiar soldaduak 14rako iritsi ziren hiriburura eta hiriaren kontrola eskuratzeko odolezko bi egun oso behar izan zituzten; alemaniarrak, bestalde, alde-egitearekin batera hondamendi kate bati hasiera emango zioten -Norvegiarako ihesean hurrengo herri kalteduna Kittilä izango zen-. Finlandiarrek hiria berreskuratu zutenerako hamazazpi eraikin ez beste guztiak txikituta zeuden, eraikinen %90a [19][20][21][22].

Gudu honen kalte ekonomikoa handia izan zen eta berreraikuntza lanak zortzi urtez luzatuko ziren, 50eko hamarkadara arte gutxienez. Hain zuzen ere, hamarkada hau Rovaniemiren berpiztea izan zen. Alvar Aalto arkitekto ospetsuak berreraikitze lanak zuzendu zituen eta hirigintza eraldatzailearen alde egin zuen; Aaltok hiri berriaren planoari elur-orein adar itxura eman zion eta arkitektoak berak diseinatu zituen eraikinen artean, besteak beste, Liburutegi Nagusiaren eraikina, Lappia-talo, Udaletxea, Aho familiaren etxeak eta Korkalorinne bizitegi-guneko etxebizitzak daude. Herrialde osoak ahalegin guztia egin zuen eskualdea Laponiako Gerra ondoren aurrera ateratzeko eta Nazio Batuen Erakundeak eta Suediak ere ekintza honetan gogotsu parte hartu zuten; aipatzekoa da Ounasmetsä auzoko guneari Kiiruna izena eman zitzaiola Kiruna udalerri suediarraren omenez. Atzerrian izandako rovaniemitarrak udalerrira itzuli eta Rovaniemen maalaiskuntako herrietan egokituak izan ziren. Dena den, gutxinaka euren hirira bueltatu ahal izan zuten; gehienak 1946ko udazkenerako hirian ziren, lehenbiziko trena 1945ko apirilaren 15erako iritsia zen eta herritarren bilgune zen eliza ere, azkenik, 1950eko abuztuan iraki zen [23][24].

1999ko hirigunearen irudia zerutik.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Gainera, suspertze honen hasiera, 1960. urtea, Rovaniemiren birsortze urtea dugu. Urte honetan, hain zuzen, hiri eskubideak lortu zituen ("Rovaniemen kaupunki") eta hemendik aurrera hiriburua ziztu bizian haziko zen. 1970eko hamarkada egiazki erabakigarria izan zen hazkuntza honetan eta besteak beste, Lappiko Unibertsitatea eta Rovaniemiko Apelazio Auzitegia sortu ziren. Rovaniemik industria baztertu eta zerbitzu hiriburuaren bidea hartu zuen. Aipatzekoa da 1970. urtean hiriak 26.667 biztanle zituela, eta gaur egun, aldiz, hirigunean 52.000 bat rovaniemitar bizi direla [15].

Hala, hiriak kultura eta hezkuntzaren alde egin zuen. Unibertsitateari eta 1990eko hamarkadan sortuko zen Rovaniemiko Zientzia-Aplikatuen Unibertsitateari esker, iparraldeko hezkuntza hiriburua bihurtu zen eta Lappi osoko eta inguruko eskualdetatik ikasleak iristen hasi ziren etengabe; gaur egun, hamar mila ikasle badirela pentsatzen da. Gainera, kultura azpiegitura eta erakunde ugari sortuko ziren XX. mendearen bukaeran; hala nola, aipatzekoak dira 1986an sortu, baina 2011ra arte ateak irekiko ez zituen Korundi Kultura Etxea, Lappiko Ganbera Orkestraren eta Rovaniemiko Arte Museoaren egoitza dena; 1997an sortu zen Arktikum museo ospetsua, iparraldeko kulturen ikerketan nazioarteko erreferentzia dena; Lappiko Ballet Eskola dantza akademia; edota Rimpparemmi folk dantza taldea. Lappiko Ospitale nagusia ere, 1988an eraiki zen Ounasmetsä auzoan eta Rovaniemiren ikur nagusia den Jätkänkynttilä zubia hurrengo urtean inauguratuko zen [25].

Rovaniemi hazten ari den hiria da eta azken urteotan Ipar Finlandiako eta Zirkulu Polar Artikoaren gaineko hiri garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Hazkuntza honi aurre egiteko, 2006ko urtarrilaren 1ean, Finlandiako Gobernuak sustatutako udalerri fusioen bidetik, Rovaniemen kaupunkik (hiriguneak) eta Rovaniemen maalaiskuntak (landa-herriak) bat egin zuten eta horrela, hiriak 2010ean 60.000 biztanleko muga igarotzea lortu zuen aurrenekoz [26].

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rovaniemiko auzoak [27]
Rovaniemi-OSM.PNG
Pöykköla
Kauko
Ounasrinne
Rantataus
Ounasmetsä
Erdigunea
Pullinpuoli
Karinraka
Ylikylä
Saarenkylä
Lapinrinne
Rantaviiri
Koskenkylä
Alakorkalo

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Rovaniemiren banaketa administratiboa

Lehen esan bezala, Rovaniemi herrialde osoko bosgarren udalerri zabalena da eta guztira, 8.016,72 km²-ko azalera dauka. Administratiboki sei barrutitan bereizia dago. Alde batetik, Erdigunea dago hirigunearen lurrak hartzen dituena eta bestaldetik, gainontzeko bost barrutiak daude, 2006. urtera arte Rovaniemen maalaiskunta osatzen zutenak.

Ondoregoak dira hiriburuko sei barrutiak:

  1. Alakemijoki: hiriaren eta Kemi-Tornio Ardatzaren artean dagoen barrutia da. Erdigunearen ostean, biztanle gehien dituen barrutia da, guztira, 2.940; eta ekonomia jarduera biziena duena. Rovaniemiko herri garrantzitsuenak bertan daude; hala nola, aipatzekoak dira Muurola, Hirvas eta Rautiosaari.
  2. Erdigunea: hiriguneak osatzen duen barrutia da. Udalerriaren motore ekonomikoa da eta bertan bizi da rovaniemitar guztien %85a (51.513). Hirigunetik kanpo badaude bi herri, Nivankylä eta Norvajärvi. Administratiboki hainbat auzotan banatua dago; aipagarrienak, biztanle gehien dituzten Erdigunea (4.262), Rantaviiri (6.292), Rantataus (7.651), Karinrakka (6.202) eta Saarenkylä (9.854), Lappiko Ospitalea dagoen Ounasmetsä (2.009), hegoaldean dauden Alakorkalo (835), Kauko (615) eta Pöykkölä (2.501), ipar-mendebaldeko Ylikylä (3.633) eta Lapinrinne (1.503), eta Pullinpuoli (2.115), Ounasrinne (3.191) eta Konskenkylä (850) dira.
  3. Ounasjoki: Tunturi Lappitik hirigunerantz doan Ounas ibaiaren ertzean dauden herri txikiek osatzen duten barrutia da. Guztira, 2.264 biztanle ditu eta herri nagusiak, Sinettä burua, Tapionkylä, Sonka eta elur hotel artikoa dagoen Lehtojärvi dira. Barruti honetan antolatzen dira Lappiko safari ospetsuak eta negu turismoa bultzatzen duten jarduera nagusiak.
  4. Ranuantie: Ranua udalerrira bidean dauden herri txiki batzuk osatzen duten barrutia da; hain zuzen ere, Kivitaipale, Narkaus eta Välijoki. Guztira, 630 bat biztanle baino ez ditu eta udalerriko barruti txikiena da.
  5. Sodankyläntie: Ipar Lappirantz doan bidean dauden herrien barrutia da. Barruti zabalenetakoa den arren, 730 bat biztanle baino ez ditu. Hala, biztanle gutxiko hainbat herri daude; haien artean, Vikajärvi, Olkkajärvi eta Ylinampa.
  6. Yläkemijoki: hiriburuko barruti ezagunenetakoa da. Kemi ibaiertzeko turismoa bultzatzen duen eskualdea da eta arrantzak bertako herrien nortasun bereizia markatu izan du aspaldik. Guztira, 1.089 bat yläkemijokitar daude eta herri ospetsuenak Vanttauskoski, Juotasniemi, Autti eta Pirttikoski dira, burua hirigunetik gertu dagoen Oikarainen den arren. Hemen daude Rovaniemi energiaz hornitzen duten zentral hidroelektriko nagusiak.
Rovaniemiko herri eta barrutiak [28]
Alakemijoki
  1. Muurola (1.089)
  2. Hirvas (716)
  3. Rautiosaari (638)

Erdigunea
  1. Rovaniemi (51.513)
  2. Nivankylä (521)
  3. Norvajärvi (220)

Ounasjoki
  1. Sinettä (629)
  2. Tapionkylä (281)
  3. Lehtojärvi (272)
Rovaniemi1-OSM.PNG
Ylinampa
Vikajärvi
Misi
Olkkajärvi
Meltaus
Marrasjärvi
Patokoski
Marraskoski
Lohiniva
Petäjäskoski
Jaatila
Välijoki
Narkaus
Pirttikoski
Autti
Juotasniemi
Viirinkylä
Tennilä
Pekkala
Erdigunea
Ranuantie
  1. Kivitaipale (285)
  2. Narkaus (177)
  3. Välijoki (128)

Sodankyläntie
  1. Vikajärvi (177)
  2. Olkkajärvi (124)
  3. Ylinampa (102)

Yläkemijoki
  1. Oikarainen (460)
  2. Vanttauskoski (244)
  3. Juotasniemi (136)

Garraio azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Laurila–Kelloselkä trenbidea eta Rovaniemi aireportua

Hiria eskualdearen erdigunean dago, Kemi eta Ounas ibaiek bat egiten duten ordokian. Historikoki Ekialdeko Lappiko basoen atea izan da eta ibai hauek izugarrizko garrantzia izan dute hiriaren eta itsasaldearen arteko komunikazioan. Oihan ilunetako enborrak Kemi ibaiaren bitartez garraiatuak izaten ziren eta ondorioz, kokagune ezin egokiago honetan Rovaniemi herri txikia hazten hasi zen. XX. mendea iristerakoan, garraio azpiegiturak modernizatzen hasi ziren, eta aspaldian ibaiak zuen garrantzia trenbideak bereganatu zuen. Lurrun tren-makinak udalerria zeharkatzen hasi ziren Laurila-Kelloselkä trenbideari esker eta Petsamoraino luzatzea pentsatu zuten. Dena den, Bigarren Mundu Gerra iritsi zen eta Laponiako Gerran probintziako hiriburua guztiz suntsituta gelditu zen. Garai hartakoa dugu Rovaniemi aireportua. Gaur egun, Rovaniemi airez, trenbidez eta errepidez oso ongi komunikatuta dago eskualdeko udalerriekin eta herrialdeko gainontzekoekin.

Rovaniemiko herrien artean ibiltzeko eta hiriburua Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da. Hiritik autobide bakarra igarotzen da, Nelostie izenaz ezaguna den Valtatie 4a. Autobide honek Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen du eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du (herrialde osoko autobide luzeena da). E8a eta E75a osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu eta Kemi hirietatik eta Muurola, Hirvas, Olkkajärvi eta Vikajärvi herrietatik igarotzen denez, rovaniemitarren autobide erabiliena ere bada. Udalerria hain zabala denez, bigarren mailako errepide ugari daude; esate baterako, Paltamo, Puolanka, Pudasjärvi eta Ranuarekin bat egiten duen 295 km-ko Kantatie 78a; hirigunetik hasi eta Sinettä eta Meltaus herrietatik Kittilä eta Muonio udalerrietaraino iristen den 231 km-ko Kantatie 79a; hirigunea Oikarainen eta Vanttauskoski herriekin, eta Posio eta Kuusamo udalerriekin bat egiten duen eta 182 km dituen Kantatie 81 errepidea; Vikajärvi herrian hasi, Kemijärvi zeharkatu eta Sallara iristen den 150 km-ko Kantatie 82a; edota Sinettän hasi eta Torne ibarreraino doan 77 km-ko Kantatie 83 errepidea [29][30].

4E 75 Valtatie 4: Helsinki - Vantaa - Lahti - Jyväskylä - Oulu - Kemi - Rovaniemi - Utsjoki
78 Kantatie 78: Paltamo - Pudasjärvi - Ranua - Rovaniemi
79 Kantatie 79: Sinettä - Kittilä - Muonio
81 Kantatie 81: Rovaniemi - Posio - Kuusamo
82 Kantatie 82: Vikajärvi - Kemijärvi - Salla
83 Kantatie 83: Sinettä - Ylitornio - Pello
926930934935942944951952 Seututie errepideak

Lehen esan bezala, autoa garraiobide erabiliena den arren, ez da errepide hauen gainean dabilen ibilgailu bakarra, Niemelä O Liikenne, Pikakuljetus Rovaniemi, Kutilan Liikenne, Gold Line edota Eskelisen Lapin Linjat konpainien autobusek ere hiriburua eskualdeko eta herrialdeko hiri garrantzitsuenekin lotzen baitute [31][32][33]. Gainera, udalerrian bertan mugitzeko, Matkahuolto garraio-enpresa publikoak autobus zerbitzua eskaintzen du Rovaniemin [34].

Bestalde, aipatzekoa da Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea hiriburutik igarotzen dela. 1909an eraiki zen Rovaniemiko geltokitik Laurila-Kelloselkä trenbide nagusia bakarrik pasatzen den arren, 7. linean dauden Oulu eta Laurila geltokietatik herrialdeko trenbide guztietara irits daiteke. Hain zuzen, Keminmaako Laurila herrigunean Oulu-Tornio trenbidea har daiteke eta bertatik, Tornioko geltokiraino eta Kolari trenbidearen bidez Tunturi Lappiraino eta Ylläs eski-estazioraino irits daiteke; Oulutik, aldiz, Finlandiako gainontzeko hirietara eta Errusiaraino ere joateko aukera dago. Historian garrantzi izugarria izan duen trenbidea da Laurila-Kelloselkä. Trenbide guztia 1942ra arte bukatu ez zen arren, 1909rako Rovaniemiraino iristen zen eta honen bidez, Ekialdeko Lappiko egur preziatuak Kemira garraiatzeko modu berri eta azkarrago bat lortu zuten bertako enpresariek, eta era berean, Rovaniemi eta Itsas Lappiko industria garatu eta herritarren bizi-maila hobetzea lortu zuten. Hain zuzen ere, trenbide honen etorrera izan zen herri txikia goitik behera aldatu eta denbora gutxian, eskualdeko udalerri oparoena eta etorkizun handienekoa bihurtuko zuena [35].

Linea Nondik norakoa Trenbide-sarea Luzera
Button Icon BlueSky.svg 7. linea helHelsinki-Kemijärvi-Kelloselkähel Laurila-Kelloselkä trenbidea 269,3 km

Hirigunean dagoen Rovaniemiko geltokiaz gain, beste hiru geltoki daude udalerrian, Muurolako, Hirvasko eta Misiko geltokiak [36].

Dena den, hiriburuko garraio azpiegitura garrantzitsuena Rovaniemi aireportua da. Hirigunetik 8-9 bat km-ra baino ez dago, Napapiiri inguruan, eta aireportuko pista nagusia alemaniarrek Bigarren Mundu Gerran eraiki zuten alfastozko 3,002 km-ko pista da. Finavia erakundeak kudeatzen du eta aireontzietara igotzeko pasabidea duen Finlandiako hiru aireportuetako bat da. Bidaiarien kopuruari dagokionez, eskualdeko aireportu garrantzitsuena da (herrialdeko bosgarrena) eta 2011an, guztira, 396.825 bidaiari aireratu edo lurreratu ziren bertan, aurreko urtean baino %28,1 gehiago. Joan-etorri gehienak izaten diren garaia eguberriak dira. Azaroan eta abenduan Bizarzuriren herrixka ikustera edo Santa Park jolas-parkera gerturatzen diren europarrak dira aireportua erabiltzen duten bidaiari nagusiak; urtarrila inguruan, aldiz, errusiarrak etortzen hasten dira, herrialde ortodoxoetan eguberriak beranduago hasten direlako. Aireportuaren sarreran taxi eta autobus geltokiak daude, eta erakunde arduradunak egunero Ekialdeko Lappira, Ipar Lappira eta Levi, Ylläs, Olos eta Pallas eski-muinoetara autobusak eskaintzen ditu. Hain zuzen, neguko azpiegiturek ere bidaiari eta negu-kirol zale ugari erakartzen dituzte sasoi honetan [37][38].

Rovaniemi aireportuaren irudia (2004ko neguko solstizioa).

Aireportuan AirBaltic, Blue1, Finnair eta Norwegian hegazkin-airelineek egiten dute lan eta Helsinki-Vantaa eta Tamperera urte guztian zehar hegaldiak eskaintzen dituzte. Neguan bakarrik lan egiten duten erakundeen artean daude Arkefly, Adria Airways, Edelweiss Air, Israir Airlines, Thomas Cook Airlines, Thomson Airways, transavia.com eta XL Airways France airelineak eta Amsterdamera, Atenasera, Parisera, Düsseldorfera, Frankfurtera, Berlinera, Murmanskera, Mosku-Xeremetievora, Rostovera, Stockholmera, Mosku-Domodedovora, Belfastera, Birminghamera, Edinburghera, Glasgowra, Londresera edota Manchesterrera hegaldiak izaten dira. Bizigabeko trafikoak ere pisu handia du eta eskualdearen irteera eta sarrera ate nagusia da Kemiko portuarekin batera [39][40].

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Hezkuntza Finlandian

Lappiko hezkuntza azpiegitura nagusiak eskualdeko hiriburuan daude; haien artean, unibertsitatea eta zientzia aplikatuen unibertsitatea. Guztira, hiriburuan hamar mila ikasle baino gehiago daudela pentsatzen da, biztanleria osoaren %20a, eta rovaniemitarrez eta gainontzeko lappitarrez gain, herrialde osoko eta nazioartetik etorritako ikasleak ere badaude. Beraz, Rovaniemi ikasle-giroko hiria dela esan daiteke.

Udalak tokian tokiko hezkuntzaren alde egiten du eta udalerri zabala denez, ikastetxe asko daude. Ugaritasun hau oso nabarmena da Haur Hezkuntzan, sei urtera arteko hezkuntzan guztira 23 eskola baitaude: Alakorkaloko, Hirvasko, Meltausko, Muurolako, Nyvankyläko, Oikarainengo, Rautiosaariko, Sinettäko, Taipaleko, Vikajärviko, Vanttauskoskiko Yläkemijokiko, eta hirigunean dauden Katajarantako, Kaukoko, Korkalovaarako, Koskenkyläko, Nivavaarako, Ounasrinneko, Rantavitikkako, Saariko, Syväsenvaarako, Vaaranlampiko, Viirinkangasko eta Ylikyläko haur eskolak. Sei urte betetzean, umeek "Aurre-eskola" izeneko fasea hasten dute eta zortzi urtera arte luzatzen den garai honetako hezkuntza bederatzi eskoletan jaso dezakete: Muurolako, Sinettäko, Ounaskoskiko, Yläkemijokiko eta hirigunean dauden Korkalovaarako, Napapiiriko, Ounasvaarako, Rantavitikkako eta Vaaranlampiko eskoletan. Ikastetxe hauetan, haurrak bigarren hizkuntza batean murgiltzen hasten dira. Gurasoek aukeratzen duten hizkuntza nagusia ingelesa izaten da (gutxi batzuk suediera), baina aipatzekoa da txikitatik samiera bat bigarren hizkuntza gisa ikasteko aukera ematen duten zenbait ikastetxe badaudela. Hala, Nivavaarako, Saariko, Syväsenvaarako eta Napapiiriko ikastetxeek ipar samieraren murgiltze programak eskaintzen dituzte eta Rantavitikkako eskolak, aldiz, inariko samierarenak. Azken hau da inarieraren murgiltze partzial programa eskaintzen duen eta Inari udalerritik kanpo dagoen eskualdeko ikastetxe bakarra. Gainera, txikitatik, rovaniemitar haurrek eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukera zabala dute; kirol jarduerak eskaintzen dituzten elkarte ugari daude eta hirugunean bertan, Rovaniemiko Ikusizko Arte Eskola, Dantza Institutua eta Lappiko Musika Eskola daude [41].

Rovaniemiko Udal Liburutegia (Aaltoren lana).

Derrigorrezko Hezkuntza 8 urtetatik 16ra izaten da Finlandian. Zortzi urteko ikasbidea ikastetxe berean jasotzen da, lukio izeneko institutuetan, eta Rovaniemin guztira hiru daude: lehenak, hiriaren Erdigunean dagoen Lyseonpuiston lukiok, Nazioarteko Batxilergoa eskaintzen du eta 2011-12ko ikasturtean 2.155 ikasle izan zituen; bigarrena, hirigunean ez dagoen institutu bakarra da, Muurolan lukio, eta guztira 2.160 ikasle izan ziren bertan aurreko ikasturtean; azkenekoa, izen bereko muinoaren azpian eta hiriguneko Ounasmetsä auzoan dagoen Ounasvaaran lukio da, 2.161 ikasle izan zituena [42][43][44][45].

Bete beharreko hezkuntza bukatzean, ikasleek hiru aukera dituzte: ikasketak utzi, lanbide institutu batean ikasketak egin edo 19 urtera arte institutuan jarraitu, ondoren, unibertsitatera sartzeko. Bigarren Hezkuntzan jarraitu, baina ikasketa hauek lanbide batera bideratuak izatea nahi duten gazteek, gainera, bi bide dituzte udalerrian: Lappiko Lanbide Institutura (finlandieraz, Lapin ammattiopisto) joan, edota Santasport edo Lappiko Kirol Institutura. Bigarren honetan, kirolarekin zerikusia duten jarduera guztiak ikas daitezke (entrenatzaile, kirol sendagile, epaile, etab.) eta eskaintza hau duen eskualdeko ikastetxe bakarra da. Lappiko Lanbide Institutua, aldiz, Hezkuntza Ministerioaren jarraibide guztiak segitzen dituen institutua da. Ikasketak zortzi ataletan banatuak dira: Hezkuntza eta Humanismo saila, Kultura saila (artisauak, artistak...), Gizarte Zientziak, Merkataritza eta Salerosketa saila, Natura Zientziak saila, Teknologia eta Trafiko saila (makinistak, elektrizistak...), Natura Baliabideak eta Ingurugiroa saila (basozaina...), Gizarte lan, Osasuna eta Ariketa Fisikoa saila, eta Bidaia, Ostalaritza eta Etxeko Ekonomia saila. Bigarren Hezkuntza egiteko Lanbide Institutuetan sartzen diren rovaniemitar ikasleen ehunekoa zehaztea zaila den arren, Finlandian portzentajea %40tik gorakoa da [46][47].

Ondoren, Bigarren Hezkuntzaz haratago doazen ikasketak daude, ikasketa unibertsitarioak. Lapin Korkeakoulukonserni edo Lappiko Unibertsitateen Patzuergoa Rovaniemi hirian dago eta hiriburuan bertan ere, eskualde osoko hiru unibertsitatetatik bi daude:

  • Lappiko Unibertsitatea (finlandieraz, Lapin yliopisto): 1979. urtean sortu zen eta Tamperekoarekin eta Aalto Unibertsitatearekin batera, zientzia eta arte ikasketak uztartzen dituen herrialde osoko unibertsitate bakarra da. Artikoko Unibertsitatea (UArtic) sarean dago eta berrikuntza eta ikerketan eginiko aurrerapenengatik, azken urteotan, prestigio handieneko Finlandiako unibertsitatetako bat bihurtu da; ondorioz, eskualdeko ikasleez gain, herrialde osotik eta atzerritik datozen ikasleak jasotzen ditu. Herrialdeko gainontzeko unibertsitateak bezala, publikoa da eta guztira, lau fakultate ditu: Arte eta Diseinu fakultatea, Hezkuntza Zientzien fakultatea, Zuzenbide fakultatea eta Gizarte Zientzien fakultatea. Unibertsitatean dagoen Arktinen keskus edo Zentro Artikoa Finlandia iparraldeko ikerketa-zentro garrantzitsuena da eta berrikuntzan aitzindari izan da eskualde honetan. Hirian bertan dauden eta Lappiko Unibertsitatearen esku dauden beste gune eta institutu garrantzitsu batzuk Lappiko Unibertsitateko Hizkuntza Zentroa, Liburutegi Nagusia, eta Turismoaren Ikerketa eta Hezkuntza Institutua dira. Errektorea Mauri Ylä-Kotola jauna da eta 2011-12ko ikasturtean 4.840 ikasle (graduondokoak 329) eta 626 langile (66 irakasle) izan zituen; ikasle-trukearen bidez, gainera, nazioarteko 221 ikasle iritsi ziren. 2011ko aurrekontua 54 milioi eurokoa izan zen [48][49][50].
Viirikangasko campusa, RAMK.
  • Rovaniemiko Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea edo RAMK (finlandieraz, Rovaniemen ammattikorkeakoulu): 1996. urtean sortu zen eta Europar Batasunean iparren dagoen Zientzia Aplikatuen Unibertsitatea da. Errektorea Martti Lampela jauna da eta guztira, 3.079 ikasle eta 250 bat langile izan ziren bertan 2011-12ko ikasturtean; aipatzekoa da ikasle-trukearen bidez iritsitako nazioarteko 120 bat ikasle jaso zituela. Unibertsitateak bost arloko ikasketak eskaintzen ditu: Gizarte Zientziak, Ekonomia eta Enpresa, eta Administrazioa; Natura Baliabideak eta Ingurugiroa; Oasasuna, Gizarte Zientziak eta Kirola; Teknologia, Komunikazioak eta Garraioa; eta Turismoa, Hornikuntza eta Erakunde-kudeaketa. Guztira, 20 gradu ikasketa mota eskaintzen dira, hauetatik 3 ingelesez, eta hiru campusetan banatzen dira: Viirikangasko, Rantavitikako eta Ounasvaarako campusetan. Azken urteotan eskaini diren gradu berritzaileenak Turismoko gradua, Informazioaren Teknologiako gradua eta Enpresa Berritzaileen Zientzietako gradua izan dira [51][52][53].

Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Osasuna Finlandian

Lappi bi ospitale barrutitan banatua dago. Alde batetik, Kemi-Tornio Ardatzak eta Ylitornio udalerriak osatzen duten Länsi-Pohja Ospitale Barrutia dago; eta bestetik, Rovaniemi hiriburua eta eskualdeko gainontzeko udalerriak dauden Lappi Ospitale Barrutia.

Familiako edo etxeko mendikuek garrantzi handia dute eskualdeko eta herrialde osoko osasun sisteman, eta hauek udalerrian bertan dauden osasun-etxeetan egiten dute lan. Osasun zentro hauek ospitale txiki modukoak dira; laborategiak, kontsulta- eta ebakuntza-gelak, x izpi makinak dituzte eta zenbait mediku espezializatuk ere egiten du lan bertan. Askotan bizpahiru udalerriren artean akordioak adosten diren arren, udalerri txikienenek ere zentro hauek izaten dituzte eta, ondorioz, ospitale handiak hiri nagusienetako eskakizunak betetzeko baino ez daude. Guztira, hamabost osasun-etxe (udalerri bakoitzeko bat) eta bi erietxe daude Lappi Ospitalde Barrutian; Lappiko Ospitalea erietxe nagusia, hain zuzen ere, eskualdeko hiriburuan dago, Rovaniemin [54].

  • Lappiko Ospitalea (finlandieraz, Lapin keskussairaala): 1988. urtean eraiki zen eta Kemiren ekialdeko ibaiertzean dago, Ounasmetsä auzoan. Eskualdearen erdigunean badago ere, muturreko Utsjoki udalerritik eta Kilpisjärvi herritik 450-425 bat km-ra dago eta ondorioz, gaixo usuenak Ekialdeko Lappiko, Rovaniemi-Ranuako eta Kittiläko herritarrak izaten dira. Guztira, 1.377 langilek egiten du lan ospitalean, hauetatik 145 medikuak dira eta 932, aldiz, erizainak. Gaixoentzako 254 ohe daude eta hauetatik 72 barne-medikuntzarako, 74 kirurgiarako, 33 ginekologia eta obstetriziarako, 24 pediatriarako, 3 otorrinolaringologiarako, 2 dermatologiarako, 16 neurologiarako, 22 biriketako gaitzetarako eta 8 haur psikiatriarako dira. Zainketa Intentsiboetako Unitatea, bestetik, 8 ohek osatzen dute eta haur neurologiarako, onkologiarako, psikiatriarako eta errehabilitaziora zuzendutako gela bereziak ere badaude. 2011. urtean, guztira, 9.199 ebakuntza kirurgiko egin ziren bertan [55].

Udalerriko Muurola herrian, azkenik, beste ospitale bat dago: Muurolako Klinika Psikiatrikoa. Bereizgarri zehatz honi aurre egiteko eskualde eta Ipar Finlandia osoko zentro bakarra da eta guztira, 80 gaixoentzako lekua dago. Errehabilitazio ospitaletzat ere har liteke, bertan gaitz psikologiko jakinen aurkako tratamendua ere ematen baita. Klinika honen 211 langileen artean, 18 mediku eta 190 erizain espezializatu daude [56].

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualdeko hiriburua izanik eta immigrazio-fluxuek eraginda, Rovaniemik hainbat hiri senidetu dauzka; gehienak Ipar Europako eta kulturalki harreman estua duten herrialdetako udalerriak dira [57]:

Udala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Rovaniemiko Udala

Rovaniemiko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2008ko urriaren 26ean ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Rovaniemiko Udalbatza [58]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Rovaniemiko udalbatza
-- Zentroko Alderdia 23 Red Arrow Down.svg 6 % 30,0
-- Koalizio Nazionala 17 Green Arrow Up Darker.svg 4 % 22,0
-- Alderdi Sozial-Demokrata 13 Red Arrow Down.svg 1 % 17,7
-- Ezker Elkartasuna 10 Red Arrow Down.svg 2 % 13,9
-- Liga Berdea 7 Green Arrow Up Darker.svg 2 % 9,2
-- Benetako Finlandiarrak 3 Green Arrow Up Darker.svg 3 % 4,5
-- Alderdi Kristau-Demokrata 2 Straight Line Steady.svg 0 % 2,5

Udal hauteskundeetan Zentroko Alderdia izan zen garaile. Lappiko udalerri gehienen antzera, alderdiak nagusitasun osoz irabazi zuen (botoen %30a) eta aurreko udalbatzan baino sei batzarkide gutxiago eskuratu zituen arren, guztira, hogeita hiru eserleku lortu zituen. Bigarren postuan, Koalizio Nazionala alderdia egokitu zen; nahiz eta alderdi garaileak baino sei ordezkari gutxiago izan, inoiz izandako emaitza onenak eskuratu zituen: hamazazpi eserleku (aurreko udalbatzan baino lau gehiago) eta botoen %22a. Hain zuzen ere, hirugarren postua bigarrena galdu zuen Alderdi Sozial-Demokratarentzat izan zen eta laugarrena, aldiz, Ezker Elkartasunarentzat; hurrenez hurren, batzarkide bat eta bi galdu zituzten eta eskuratu zituzten hamahiru eta hamar eserlekuak ez ziren nahikoak izan oposizio sendo bat eratzeko. Aipatzekoa da Liga Berdea alderdiaren emaitza, izan ere, alderdi txikia izan arren, zazpi batzarkide lortu zituen, eskualde osoko ordezkaritza altuena. Azkenik, Benetako Finlandiarrak eta Alderdi Kristau-Demokrata ditugu, hiru eta bi eserleku eskuratu zituztenak hurrenez hurren. Udal hauteskundeetako parte-hartzea oso baxua izan zen, guztira, %58,1ekoa.

Udalbatzan errepresentazioa duten alderdiek Hiriko Zuzendaritza Batzordea osatu zuten (Zen. 10, Koa. 8, Soz. 6, Ezk. 4 eta Berd. 2) eta honek, batzordearen eta udalbatzaren presidentea eta Udalaren bozeramailea izendatu zuen, Zentroko Alderdiaren kide den Sakari Trög jauna. Rovaniemiko alkatea udalbatzak aukeratzen du eta 2003. urtetik (eta Rovaniemen maalaiskunta udalerrian 1987tik) Mauri Gardin jauna da. Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala, eta rovaniemitarrek alkatea udalbatzako ordezkarien bidez edo zuzenean hautatzeko aukera izango dute [59].

Hiriburuko kaleak negu izozgarrian (2012).

Zerbitzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rovaniemi ikasleen hiria denez, Udalak bederatzi egonleku ireki ditu azken urteotan gazteentzat: Hilla Korkalovaaran, Monde eta Katutaso Erdigunean, Nappari Nivavaaran, Ylläri Ylikylän, Murkku Muurola herrian, Zillari Sinettän, Oikku Oikarainenen eta Vatus Vanttauskoskin. Hauetan, ekintzak eta ikastaroak antolatzen dira eta negu hotzak pasatzeko leku aproposa bihurtu dira rovaniemitar gazteentzat [60].

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rovaniemi iparraldeko zerbitzu-hiri garrantzitsuena eta eskualdeko erdigune ekonomikoa da Kemi-Tornio Ardatzarekin batera. Hain zuzen ere, Finlandia osoko eskualde handienaren administrazio eta zerbitzu-eskaintza gehienak bertan daude eta 50.000 biztanletik gora dituen Zirkulu Polar Artikoko hiri bakarrenetakoa denez, turismoaren pisua ere handia da. Rovaniemik, zehazki, 60.707 biztanle dauzka eta Lappi osoko hiri jendetsuena da; herrialdeko hamabosgarrena. Lappitarren %30a bizi da hirian eta azken urteotan asko hazi da etorkinen kopurua, batik bat, eskualdeko gainontzeko udalerrietatik iritsitako exodo-gazteari esker, dirudienez Lappiko Unibertsitatearen eraginez eta lanpostu duin baten bila iritsiak. Atzerritar etorkinak 1.300 inguru dira, gehienak errusiar eta suediar bizilagunak, eta irakiar, birmaniar, somaliar eta afganiar errefuxiatuak. Azalera izugarria duen arren (EAE baino handiagoa da), kilometro karratuko biztanle gehien dituen eskualdeko hirietako bat da. Guztira, 52.000 rovaniemitar inguru bizi dira hirigunean, biztanleria osoaren %85a, eta auzo jendetsuenak bederatzi mila biztanle pasatxo dituen Saarenkylä, eta sei milatik gora dituzten Ratantaus, Erdigunea eta Rantavitikka dira. Hirigunearen inguruan herri eta herrixka asko daude eta hauen artean, aipatzekoak dira mila biztanle dituzten Muurola eta Sinettä, eta milara iristen ez diren Vanttauskoski, Hirvas, Ranuantie eta Rautiosaari, 2006a baino lehen Rovaniemen maalaiskunta udalerria osatzen zutenak.

Atzerritarrak (2010) [62]
Z. Jaioterria Biztanleak

1  Errusia 163
2  Suedia 124
3  Irak 121
4  Myanmar 99
5  Somalia 83
Biztanle gehien duten herriguneak (2010) [63]
Z. Herrigunea Biztanleria Barrutia

1 Rovaniemi 51.513 Erdigunea
2 Muurola 1.089 Alakemijoki
3 Hirvas 716 Alakemijoki
4 Rautiosaari 638 Alakemijoki
5 Sinettä 629 Ounasjoki

Biztanle-kopurua asko aldatu da azken mendean, izan ere, Rovaniemi XX. mendean Kemi eta Ounas ibaien artean zegoen herrixka txiki bat izatetik Ipar Finlandiako hiri nagusia izatera pasa zen. Biztanleriaren gorakada hau ulertzeko ezinbestekoa da eskualdean basogintzak izan duen eragina nabarmentzea. Hain zuzen, 1909. urtean iritsi zen Rovaniemira Kemi industria-hiriarekin lotzen duen Laurila-Kelloselkä trenbidea eta burdinbide honi esker, basogintza garatu eta aberastasuna iristen hasi zen bertara. Gerra Zibilaren ostean, gainera, Finlandia herrialde subirano bihurtu zen eta administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi hiriburu izendatu zuen 1938an. Hiriak oraindik Kemik edo Torniok zuten nagusitasuna ez zuen arren, Petsamoko nikel-meatzea kontrolatzeko ezinbesteko geltokia zen eta horrela, iparraldera zuzendutako azpiegitura berri guztiak Rovaniemira iristen hasi ziren [64].

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Rovaniemin, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa altua da, %16,9koa, eta 65 urte baino gehiago dituztenena, aldiz, nahiko baxua, %15,1ekoa; esan daiteke, unibertsitateak eta lan eskaintza anitzak Rovaniemi hiria gaztetu egin dutela. Erlijioari dagokionez, gehienak luteranoak, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak, edo sinesgabeak dira. Hirian, eliza luterano bakarra dago, 850 fededunentzako eserlekua duen Rovaniemiko eliza nagusia. Hala ere, udalerria handia denez, guztira, sei kapera gehiago daude: Korkalovaarako, Ounasrinneko eta Saarenkyläko kaperak hirigunean, Sinettäko kapera izen bereko herrian, Yläkemijokiko kapera eta Muurolako kapera. Bestalde, hirian errusiar komunitate txiki bat ere badagoenez, aipatzekoa da kapera ortodoxo txiki bat ere badela, 1957. urtean eraikia. Rovaniemitar gehienek ingelesa, eta bakan batzuk errusiera, suediera edota alemana dakiten arren, hiriko hizkuntza nagusi eta ofizial bakarra finlandiera da; hain zuzen ere, hiritar asko bertan jaioa ez den arren, biztanleen %97,3aren ama hizkuntza da. Aspaldian lurralde hau kemi samien esku zegoen, baina XVI-XVII. mendeen artean finlandiar kolonoak iristen hasi zirenean, samiek iparralderantz egin behar izan zuten. Gaur egun, oraindik ere, hainbat sami bizi da bertan eta kemiko samiera hizkuntza galdua den arren, ipar samieraz moldatzen diren bostehunen bat rovaniemitar badira [65].

Biztanleriaren bilakaera [66]
1621 1775 1820 1865 1970 1975 1980 1985 1990 1995 2000 2004 2006 1 2008 2010 Orain
500
-
1.000
-
2.000
-
4.000
-
26.667
18.664
28.872
17.640
29.995
18.061
32.782
18.998
33.500
20.514
35.236
21.809
35.427
21.826
35.377
22.123
58.099 59.353 59.845 60.707

1 2006. urtean Rovaniemi hiria eta Rovaniemen maalaiskunta elkartu egin ziren, eta bi udalerrien biztanleriaren baturak, Rovaniemi Lappiko hiri nagusiena bilakatu zuen.

Hiriko bizilagun ezagunenak negu kiroletan parte hartzen duten kirolariak dira: eskiatzaileak, izotz-hockey jokalariak edota snowboarderrak. Antti Autti gazteak, esaterako, 2005. urtean Munduko Snowboard Txapelketako Halfpipe eta Big Air probetan urrezko domina irabazi zuen eta AEBn ospatzen diren Winter X Gamesko proba bat (Superpipe) irabazten duen lehenbiziko snowboarder ez-amerikarra izateagatik da ezaguna nazioartean. Bestalde, konbinatu nordikoa praktikatzen duten eta emaitza onak eskuratu dituzten hiru eskiatzaile ospetsu daude: ibilbide luzea duen eta taldeko 4x5 km proban nagusi den Hannu Manninen, honekin batera 2007ko Munduko Eski Nordiko Txapelketan lehenbiziko urrezko domina irabazi zuen Janne Ryynänen gaztea eta Ville Kähkönen. Eski-jauziari dagokionez, hiritik nazioarteko mailara iritsi diren jauzilari ugari daude; esate baterako, Antti Hyvärinen, Jouko Törmänen, Kari Ylianttila, 1980ko hamarkadan hiru urrezko domina irabazi zituen Tuomo Ylipulli, Sami Niemi promesa gaztea, eta batez ere, azken urteotan kiroletik kanpoko arazoengatik ospetsu egin den Harri Olli jauzilaria. Beste eskiatzaileen artean, aipatzekoak dira Bigarren Mundu Gerran borrokatu zuen Olavi Alakulppi mitilar eta iraupen eskiatzaile ezaguna, eta nola ez, Pirjo Muranen eta Tanja Poutiainen eskiatzaileak. Munnanen eta Ollirekin batera, azken bi hauek dira rovaniemitar kirolari ospetsuenak; Muranenek Munduko Eski Nordiko Txapelketetan urrezko hiru domina, zilarrezko bat eta brontzezko bi irabazi ditu azken hamar urteotan eta Vancouverko 2010eko Neguko Olinpiar Jokoetako 4x5 km errelebu proban brontzezko domina irabazi zuen. Poutiainen, aldiz, munduko egungo eskiatzaile nagusietako bat dugu Slalom eta Slalom Erraldoia probetan; guztira, FIS Munduko Eski Alpino Kopako hamaika lasterketa irabazi ditu.

Negu-kirolez gain, badira beste rovaniemitar ezagun batzuk ere. Ospetsuenetan ospetsuena Lordi musika-taldea da, Hard Rock Hallelujah abestiari esker 2006ko Eurovision txapelketa irabazi zuena; txapelketa honek nazioartean ezagun egin zuen hard rock-heavy metal talde hau. Taldea 1996. urtean Rovaniemin sortu zen arren, gaur egungo taldeak musikari bakarra baino ez du rovaniemitarra, Tomi Putaansuu edo Mr. Lordi abeslari eta talde-burua. Hiriko beste musika-talde ezagun batzuk, Beherit black metal eta Absoluuttinen Nollapiste pop-rock taldeak dira; eta abeslari famatuen artean, Idols reality-an parte hartu zuen Antti Tuisku, herrialdearen historian gehien saldu duen 87. musikaria dena eta Joulutarina filman parte hartu zuena. Azkenik, nabarmentzekoak dira Esko-Juhani Tennilä politikaria, Ezker Elkartasuna alderdi sozialistaren buru ezagunenetako bat dena, eta nola ez, Jari Tervo prosa idazle garrantzitsu eta oparoa, Minun sukuni tarina eta beste hainbat lanengatik finlandiar idazle nagusienen gailurrera iritsi dena.

Samiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Sami etnia

Samiak, euskaldunekin batera, Europako gutxiengo indigena bakarrak dira eta hauen jatorria ezezaguna izaten jarraitzen du egun; kultura eta hizkuntzagatik, badirudi antzinaroko Komsa edo Gorravárri tribuen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren emaitza direla. XVI-XVII. mendera arte herri nomada izan zen samiena, baina garai hartan, eta Suediako erregeen laguntzaz, finn kolonoak iparralderantz jotzen hasi ziren. Kemi ibaiaren inguruan bizi ziren samiak, haien artean rovaniemitarrak, kemi sami izenaz ezagunak ziren eta kemiera izeneko sami hizkuntza hitz egiten zuten. Gutxira, euren bizimodua mantedu nahi zuten samiak iparraldera bultzatuak izan ziren eta bertan gelditu zirenak, azkenik, finn kolono hauen kultura eta bizimodua bereganatu zuten. Kemi samien kultura XIX. mendearen bukaeran galdu zela esaten da, kemiko samieraren azken hiztunarekin batera.

Horrela, nahiz eta antzinean udalerria samien lurraldea zen, aspalditik finlandiarrak baino ez dira bizi bertan; pentsatzen da rovaniemitarren %40ak dituela sami arbasoak, hala ere, gutxi batzuk baino ez dira jakitun. Azken urteotan, hala ere, samien kopurua igotzen ari dela dirudi, iparraldeko lan eskaintza mugatuak gazte asko Rovaniemi moduko lan aukera handiak dituen hiri batera mugitzera behartu baititu, eta hauekin batera, Enontekiö, Inari, Sodankylä eta Utsjokiko gazte sami asko etorri baita. Gaur egun, 122 rovaniemitar samiren ama hizkuntza da ipar samiera, baina, hau ez da hiriko hizkuntza ofiziala eta ondorioz, ez du balio legalik; inarieraz edo inariko samieraz, Ruávinjargâ izena hartzen du hiriak, ipar samieraz, aldiz, Roav(v)enjárga eta skolt samieraz, azkenik, Ruäˊvnjargg [67].

Azkenik, aipatzekoa da etnia honen presentzia Rovaniemira bisitariak erakartzeko erabilia izan zela XX. mendean; sami jantziz jantzitako finlandiarrak Rovaniemiko kaleak bete eta turistak gidatzen zituzten. Sami askok ez zuen hau begi onez ikusi eta euren antzinako kulturari iraina egiten zitzaiola iruditu zitzaien. Protesta ugari izan zen hirian eta azkenean, gobernuak atzera bota eta samien kulturaren inguruan sortutako turismoa sustatzeari utzi zion. Dena den, mundu osoko samien bizimodu, kultura eta historiari buruzko erakusketa handiena Rovaniemiko Arktikum musoan dago eta bertatik, lan handia egiten da Ipar Europako kultura primitibo hau gal ez dadin [68].

Rovaniemiko armarria

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Armarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Rovaniemiko armarria eta Rovaniemiko armarria (1930-2005)

Armarria Rovaniemi hiriak eta Rovaniemen maalaiskunta udalerriak bat egin zutenean bihurtu zen hiriko ikur nagusia. Hasiera batean, landa herriko udalbatzak 1956ko abuztuaren 15ean hala erabaki zuenetik, Rovaniemen maalaiskuntaren armarria izan zen; hala ere, batzea gauzatu zenean, Lappiko hiriburu berrituak udalerriko armarri ofizialtzat hartu zuen. Artelan hau Toivo Vuorela finlandiar artistak sortu zuen eta bere helburua, bertan agertzen diren objektuekin, hiriaren ezaugarri nagusiak adieraztea izan zen; zelai berde baten gainean, goiko bi izkinetatik bera egiten duten tximista itxurako zilarrezko bi zuzen daude, armarriaren erdigunean, urrezko sugarraren azpian bat egin eta beheko muturrean bidea bukatzen dutenak. Hain zuzen, zilarrezko egiturarekin, Vuorelak Kemi eta Ounas ibaien bat egitea irudikatu nahi izan zuen, alegia, hiriaren historian eta orainean ezinbesteko izan diren bi ibaien batasuna; hauen egungo zeregin nagusia udalerria elektrizitatez hornitzea denez, autoreak tximista itxura ematea erabaki zuen. Goian dauden urrezko sugarrak, azkenik, ipar argiak dira; izan ere, oso ohikoa da Finlandia osoan fenomeno hau gar bidez irudikatzea, ipar argien finlandierazko izena revontulet baita, euskaraz, "azeriaren sua" [69][70].

Bat egitea baino lehenago, Rovaniemi hiriaren armarria beste bat izan zen. 1930-2005 bitarteko armarria, hain zuzen ere, Väinö Tiger muhostarrak diseinatu zuen eta udalbatzak 1930eko apirilaren 14an ikur nagusi izendatu zuen. Atzealde azurraren beheko aldean zilarrezko muino bat dago, gainean, zilarrezko koroa duen "R" hizki gotikoa duena. Tiger artistak, bertan agertzen diren objektuekin, hiriaren bereizgarri nagusiak irudikatu nahi izan zituen; hala nola, Rovaniemi historian zehar hotzetik eta beste hainbat gaitzetik babestu duen Ounas muinoa; ipar argiak, koroa osatzen duten izpien bidez; eta hiriaren izenaren lehenbiziko "R" hizkiaren bitartez. Armarri hau 2005 urtera arte izan zen hiriaren ikur ofiziala, Rovaniemen maalaiskuntako armarriak ordezkatu zuen arte.

Lappia-talo antzokia.

Elkarteak eta Erakundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan, hiriburuko kultura berpizteko balio izan duten hainbat elkarte eta erakunde sortu dira:

Gainera, berrikuntzan eta ikerketan Finlandiako erreferentzia bihurtu diren bi zientzia zentro ere badaude:

  • Pilke Zientzia Zentroa edo Tiedekeskus Pilke: zientzia herritarrei helarazteko helburua duen zentroa da. Egungo basogintzak garrantzia handia du bertako erakusketa eta ikerketetan, batik bat, eskualdean garatzen eta sustatzen ari diren basogintza jasangarria [74].
  • Zentro Artikoa edo Arktinen Keskus: Lappiko Unibertsitatearen zientzia eta ikerketa zentroa da; besteak beste, iparraldeko naturaren eta bertako giza taldeen kulturaren inguruko azterketan aitzindari eta erreferentzia da. Egoitza nagusia Arktikum eraikinean dago eta bertan, hiru lan talde nagusiak daude: klima aldaketak zonalde artikoaren ekosisteman duen eragina ikertzeaz arduratzen den taldea, garapen jasangarria Finlandia iparraldean aztertzen duena eta herri gutxituen eskubideen iparraldeko institutua. Hain zuzen, iparraldeko jatorrizko biztanleen azterketa oso garrantzitsua bihurtu da hiru ikerketa arlo hauetan, aldaketa eta bilakaera guztiek herri hauengan eragin zuzena baitute; samien bizimodua da bereziki interes handia piztu duena eta ondorioz, azken urteotan samien historia, ohitura eta kultura argitzeko saio ugari egin dira. Guztira, 50 bat ikerlarik egiten du lan Zentro Artikoan [75].

Museoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirigunean, guztira, lau museo daude, Rovaniemi eta Lappi eskualdeko historiarekin eta finlandiar arte garaikidearekin zerikusia dutenak:

  • Lappiko Basogintza Museoa edo Lapin Metsämuseo: Pöykkölä auzoan dagoen basogintzari buruzko museo etnografikoa da. Egoitza XIX. mendeko zurezko etxalde bat da, XX. mende erdialdean Hirvas herritik hiriguneko Pöykkölä auzora eraman zena. Bertan, zuhaitza botatzen zenetik Kemi ibaian zehar Kemi hiriraino iristen zenera arte enborrek, egurgileek eta egurzainek egiten zuten bidea erakusten eta horrek egungo eskualdeko kulturan izan duen eragina aztertzen da. Izan ere, basogintza ezinbestekoa da Ekialdeko Lappi eta Rovaniemiren XX. mendeko hazkuntza izugarria eta mende bukaerako gainbehera ulertzeko. Objektuek, irudiek, artxiboek eta gainontzeko materialek osatzen dute erakusketa; guztira, hiru mila objektu eta berrogeita hiru mila irudi inguru daude. Basogintzaren azterketa 1980ko hamarkadara arte egiten da, industria mekanizatu, antzinako ogibidea alde batera utzi eta basoaz bizi ziren Kemijärvi moduko hirien gainbehera hasi zenean [76].
Lappiko Museoaren erakusketa.
  • Lappiko Museoa edo Lapin Maakuntamuseo: Arktikum zentroan dagoen Lappi eskualdeko museoa da. Pohjoiset keinot izeneko erakusketak osatzen du museoa eta bertan, eskualdeko natura eta kultura ondarearen azterketa eta aurkezpena egiten da. Soinu, irudi, mugimendu eta beste hainbat baliabideen bidez, iparraldeko herrien bizimodu gogorraren eta bilakaeraren berri ematen da eta arkeologikoki interesgarriak diren aurkikuntzak ere erakusten dira. Batez ere, samien historia, hizkuntza eta ohiturei buruzko gunea oso garrantzitsua da, herri honi buruz dagoen nazioarteko museo nagusiena baita. Rovaniemiko historiari buruz ere hainbat gela daude eta hauetako batean, oso ospetsua den 1939-1944 urte arteko hiriaren eskalazko maketa bat dago. Arrakasta handia izan duen beste erakusketa Under the Northern Lights izenekoa da; Polarium aretoan dagoen Kimmo Kuure artistaren 10 minutuko erakusketa-dokumental honen bidez, bisitariek aurora borealaren edo ipar argien eskutik eskualdeko zortzi urtaroak ezagutzeko aukera dute. Museoa egunero irekirik dago -astelehentan izan ezik- [77][78].
  • Rovaniemiko Arte Museoa edo Rovaniemen Taidemuseo: hiriburuko eta eskualdeko arte erakusketa nagusia da. Museoa 1983an sortu zen -baina ez zen 1986ko urriaren 17ra arte irekiko- eta egungo egoitza Korundi kultura etxe berria da. Finlandiar arte garaikidearen zenbait obra adierazgarri ikus daitezke eta lappitarren eta samien obrek ere beren txokoa dute. Guztira, sei bilduma desberdin daude, 1.500 bat artelan; hauetan nagusia 500 maisulan inguru dituen Jenny eta Antti Wihuri Fundazioaren bilduma da. Azken honetan, 1940ko hamarkadatik egunera arte herrialdean sortu diren obra esanguratsu asko aurki ditzake bisitariak. Arte museoaren zuzendaria Hilkka Liikkanen da [79].
  • Rovaniemiko Herri Museoa edo Rovaniemen Kotiseutumuseo: hiriburuko historiaren museo nagusia da. Erakusketa 1959an ireki zen eta egoitza Rovanimiko guduko suteetatik onik atera ziren bi egurrezko etxalde dira, Pöykkölä auzoan daudenak; estilo inperialeko eraikin nagusia 1840ko hamarkadakoa da eta eraiki zen jatorrizko lekuan dago. Museoak duela ehun urteko bizimodua irudikatzen du eta horretarako, XIX. eta XX. mendeko herritarren objektuak eta altzariak daude erakusgai [80][81].

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lappiko hiriburuak kultura azpiegitura ugari ditu, eskualdeko gainontzeko herrietan ez daudenak, eta ondorioz, arte eta kulturaren bihotza da. Arkitektonikoki ere, Rovaniemi harribitxi bat da. Itxuraz balio izugarria duen eraikinik ez dagoen arren, Rovaniemiko guduaren ostean berreraiki zen hiriak uniformetasun nabari bat du eta Alvar Aalto arkitekto ospetsuak XX. mendean Finlandian markatu zuen ildoaren irudikapena da. Aaltoren ametsezko hiria dela esan daiteke; honek, besteak beste, Liburutegi Nagusiaren eraikina, Lappia-talo, Udaletxea, Aho familiaren etxeak eta Korkalorinne bizitegi-guneko etxebizitzak eraiki, eta elur-orein adar itxurako planoa diseinatu zuen hiri berriarentzat. Historiak ere presentzia handia du hiriburuko kaleetan; estatua, hilerri eta oroitarriek Laponiako Gerra eta bereziki Rovaniemiko guduan hildako soldaduak ekartzen dituzte gogora. Aipatzekoa da Norvajärvi aintziraren ertzean dagoen Alemaniar Soldaduen Hilerria, izan ere, Laponiako Gerran finlandiarrek alemaniar armadaren aurka borrokatu bazuten ere, hildako bi mila eta bostehun etsaien gorpuak bertan lurperatuak eta ondratuak izan ziren. Kalervo Kallio artistaren Jätkänpatsas (Egurgina) estatua ere oso ezaguna da, 1955. urtean langile hauen omenez egina.

Arktikumeko beirazko kanoi ganga.

Bertako eraikinen aspaldiko egiturei esker, Jaatila, Marrasjärvi, Niesi, Paavalniemi eta Ruikka herrixka txikiak eta Ylikylä auzoa monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean; hauekin batera, Auttiköngäsko ur-lasterrak, Ounas ibaiertzak, Jaatilansaari inguruko natura, Oikarainengo Körkö etxaldea, Muurolako geltokia, Narkausjärviko egonlekuak, Pöykköläko eraikin-multzoa, hirigunean dagoen Rautionsaari uhartea, Rovaniemiko erdigunea eta Saarenputaako zubia ere babestuak izan ziren euren kultura eta historia balioagatik [82].

Ondokoak dira Rovaniemiko ondasun nagusiak:

  • Arktikum: Rovaniemiko arkitektura garaikidearen ikur nagusia eta Artikoan dagoen azpiegitura garrantzitsuenetakoa da; bertan daude eskualdeko museo, konferentzia areto, biltzar etxe, eta ikerketa zentro garrantzitsuenak. Eraikina Birch-Bonderup & Thorup-Waade daniar arkitekto taldeak diseinatu zuen eta Bonderup eta Lehtipalo arkitektoek, aldiz, sarrerako ilargierdi itxurako eraikin berriaz arduratu ziren. 1992ko abenduaren 2an ireki zen, baina inaugurazio ofiziala hilaren 7an izan zen, Finlandiaren Independentzia egunean. Arktikum zentroa, batez ere, beirazko kanoi ganga luzeagatik da ezaguna, guztira, 172 metroko luzera duena; hain zuzen ere, korridore hau bi metro karratuko beira epeleko mila panelek osatzen dute eta bi zati ditu, Kittilärantz doan Kantatie 79 errepideak bitan banatzen baitu. Museo eta erakusketen gunea beirazko korridore honen bi aldetan dago, lur azpian, eta kokaleku hau zinez esanguratsua da, urtez urte eskualdeko herritarren babesleku nagusia lurpea izan baita neguko hotz izozgarriaz gordetzerako orduan. Eraikina hegoaldean hasi eta iparralderantz luzatzen da, Ounas ibaiaren ertzeraino, eta Artikora zuzenduta dagoenez, iparraldearen ataria dela esaten da. Arktikum zentroaren lau gune nagusiak Lappiko Museoa, Zentro Artikoa, aldi baterako erakusketen gunea eta 179 pertsonentzako lekua duen Polarium konferentzia aretoa dira. 2011an 100.000 bisitari inguru izan ziren bertan [83][84].
  • Bizarzuriren herrixka edo Joulupukin Pajakylä: nazioartean ospetsuena den eguberriko pertsonaiaren, Bizarzuriren herrixka da; bertan daude Bizarzuriren postontzi, bulego eta opari fabrika ofizialak. Gainera, Rovaniemiko eta eskualdeko turismo atrakzio nagusiena da, herrixka bisitatzeko asmoz iristen diren milaka turistek hiria betetzen dutelako neguan. Leku honek berezitasuna Eleanor Rooseveltek 1950. urtean Rovaniemira egin zuen bidaiari zor dio, lehen dama izandako andre honek gaur egun zutik dirauen postontzia ezarri baitzuen. Ordutik aurrera, etxetxo bat eta ondoren, etxalde oso bat eraiki ziren eta azkenean, 1985. urtean Bizarzuriren herrixka ofiziala ireki zen. Nahiz eta, Ipar Amerikako haurrek Bizarzuri Iparburuan bizi dela uste duten, Europakoek -bereziki, alemaniar, errusiar eta finlandiarrek- Lappiko Korvatunturin datzala uste dute. Hain zuzen ere, ezkutuko gordelekua Laponian kokatzen zela 1920ko hamarkadan hasi zen zabaltzen; Korvatunturi menperatu ezineko gailurra zen finlandiarrentzat, eta antzinako mitoek muinoaren zabaleraren erdian izaki bat bizi zela zioten. Honela, mitoa Bizarzurirekin nahasten hasi eta mende erdirako uste hau guztiz hedatua zen. Herrixka honetan, mota askotako ekintzak antolatzen dira, hala nola, elur-orein paseoak, gabonekin zerikusia duten ekitaldiak eta haurrek euren gutuna postontzi berezi honetara botatzeko aukera dute [85].
  • Jätkänkynttilä zubia edo Jätkänkynttilän silta: Lappi eskualdearen bihotza den Kemi ibai luzearen gainean dagoen hiriguneko bi zubietako bat da. Kittilä eta Muoniora doan Kantatie 78 errepidea gainetik igarotzen da, eta zubiak 327 m-ko luzera eta 25,5 m-ko zabalera du. 1987-1989 urte bitartean eraikia izan zen eta irailaren 28an ireki zenean, Finlandiako lehenbiziko kabledun zubi tiranteduna bihurtu zen. SuunnitteluKortes diseinu agentziak zubia diseinatu zuen eta bere itxura berritzaileari esker, Rovaniemiren ikur nagusia bihurtu da. Zubiaren izena euskaraz, Egurginen kandela edo argizaria da, eta hain zuzen ere, deitura dorrearen gailurrean dauden argizari itxurako bi lanpara elektrikoek ematen diote, hauen argi bereziak dorreei piztutako kandelen itxura ematen baitie gauero. Su honek aspaldian egurginek euren almadia moduko baltsetan ibaiaren bidea argitzeko pizten zuten kandela irudikatzen du [86].
  • Korundi: hiriburuko eta eskualdeko kultura etxe nagusia da; bertan dago Rovaniemiko Arte Museoa, eta Lappiko Ganbera Orkestra entzutetsuak ere, bere egoitza nagusia du. Egungo eraikina 1933. urtean eraikitako autobus geltoki baten sarrera da, Bigarren Mundu Gerra ostean zutik iraun zuen eraikin bakarrenetakoa dena. Rovaniemiko Arte Museoaren egonlekua 1986tik den arren, ez zen gaur egun den eraikina 2011. urtera arte izango. Hain zuzen ere, 2009 eta 2010. urtetan Eskualde Garapenerako Europar Funtsari esker, eraikin zaharra berritu eta handitu zuen Juhani Pallasmaa arkitektoak. Horrela, Lappiko Ganbera Orkestrarentzat areto berri bat sortu zen, kontzertuak eskaintzeko akustika paregabea duena, eta erabilera anitzeko leku berezi bat ere eraiki zen. Azkenik, 2011ko maiatzean, 5.300 m²-ko azalera duen eta hiriburuko historia eta arkitektura garaikide eta funtzionala uztartzen dituen kultura etxe berriak ateak ireki zituen. Izena, aldiz, Lappiko mineral nagusitik datorkio, hau da, korindoietik eta lehiaketa publiko baten bidez aukeratua izan zen. Kultura etxea asteartetik igandera irekirik dago [87].
  • Lappia-talo: hiriguneko antzoki, hitzaldi- eta ekitaldi-areto nagusia da. Alvar Aalto arkitekto ospetsuak diseinatu zuen eta hiriburu berriaren bereizgarri bihurtu zen 1970eko hamarkadan Rovaniemiko Udal Liburutegiarekin batera. Bi fasetan eraiki zen: lehenbizikoan, musika azpiegiturak eta gazteentzako gelak egin ziren, eta bigarrenean, aldiz, ekitaldi- eta hitzaldi-aretoak. Azkenean, 1976ean Aalto senar-emazteek eraikinaren ateak ireki zituzten inaugurazio ofizialean. Arkitektoak eskualdeko tunturi edo muinoen bazterrak irudikatu nahi izan zituen, eta horretarako, kurba leuneko teilatuak diseinatu zituen; eraikina kareharri zuriz egina dago, Lappiko marmol izenaz ezaguna den kareharri motaz. Gaur egun, Korundi kultura etxearen garrantziak Lappia-talorena estali duela esaten dutenak dauden arren, eskualdeko eta Ipar Finlandiako antzoki garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzen du, Lappiko Antzerki Eskolaren egoitza nagusia [88].
  • Rovaniemiko eliza: hiriko parrokiaren egoitza nagusia eta Lappiko eliza luterano handienetakoa da. Bertel Liljequist arkitekto suediarrak diseinatu zuen eta Laponiako Gerran (1944an) suntsitua izan zen aurreko elizaren gainean eraiki zen 1950. urtean. Guztira, 850 fededunentzako eserlekua dauka eta bereizgarri nagusia teilatu gainean dagoen gurutzea da, gauez argitze gorria duena. Aldarearen atzeko freskoa ere oso ezaguna da, Lennart Segerstråle artistaren 1951. urteko lana ("Elämän lähde" edo "Bizitzaren iturria"). Eraikinaren ekialdean antzinako elizaren hilerria eta kanpandorre txiki daude, oraindik zutik dirautenak, eta hauen ondoan, herri heroiaren omenezko estatu txiki bat dago. Egungo hilerria, aldiz, iparraldean dago eta bertan datzate Laponiako Gerran hildako 603 finlandiar soldaduak. Wäinö Aaltonen artista ospetsuaren "Miehen kohtalo tunturin huipulla" estatua (euskaraz, Gizakiaren patua mendi gailurrean) hilerri honen gainean dago, eta elizaren objektu baliotsuenetakoa da. 2005. urtean eraikina goitik behera eraberritu zen eta ordura arte bereizgarri izandako kobrezko teilatua, zinkezko akabera metalikodun batengatik aldatu zen. Gaur egun, parrokiako bikarioa Sari Kuirinlahti andrea da [89][90].
  • Santa Park: Lappin dagoen parke tematiko bakarra da. Rovaniemiren hirigunetik 8 bat km-ra dago, Napapiiri izeneko gunean, eta parkearen gaia edo tema Bizarzuri da. Hain zuzen ere, parkearen sarrera gizakiek eginiko harrizko kobazulo edo haitzulo erraldoia da eta honek pertsonaia honen bizilekua irudikatu nahi du, Zirkulu Polar Artikoaren bihotzean. Santa Park, lehenbizikoz, 1998ko azaroaren 28an ireki zen, baina sustatzaileek errentagarria ez zela ikusi eta bi urtera ateak itxi zituen. Bi urte geroago, 2002an, Rovaniemiko Udalaren laguntzaz proiektua berrantolatu eta eraberritzea erabaki zen; hala, Bizarzuriz gain, lappitar kulturak eta naturak garrantzia hartzea adostu zen eta azkenik, 2007. urtean parkea berriro zabaldu zen. Oraingo honetan, atrakzio berriak arrakastatsuak gertatu ziren eta parke tematikoa irekitzeak izan zuen 6,7 milioi euroko gastua hiru urtetan berreskuratu zen. Gaur egungo atrakzio nagusiak Iratxoaren ikuskizuna, Bizarzuriren lantegia, Jengibre-ogizko sukaldea, Iratxoen eskola, Iratxoen lantegia, Postetxea eta Lera-paseoak dira [91].
Kemi ibai izoztuaren gainean dagoen Jätkänkynttilä zubiaren neguko irudi panoramikoa.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirian nagusi diren kirolak boleibola, izotz-hockeya, futbola, eta batez ere, eskia dira. Urteetan zehar, boleiboleko taldeak izan dira arrakastatsuenak. Rovaniemin, guztira, bi talde daude: azken urtetan bi liga txapelketa eskuratu dituen Perungan Pojat (PerPo) eta 2005ean Finlandiako Kopa irabazi zuen Napapiirin Palloketut edo NaPa. Hiriburuko futbol taldeek ere, nahiko ospea dute herrialdean, batik bat, Veikkausliigan ezaguna den RoPS taldeak; beste taldeen artean, aipatzekoak dira laugarren mailako FC Lynx eta FC Muurola taldeak, eta hirugarren mailan diharduen FC Santa Claus. Bestetik, Finlandiako kirol nazionala den izotz-hockeya dugu. Jarraitzaile masa izugarria mugiarazten duen kirola den arren, hirian ez da inoiz izan arrakasta handia izan duen talderik. Gaur egun hirugarren mailan dagoen RoKi taldea da ospetsuena.

Hauek dira taldeak:

NaPa taldea Kopa irabaztean (2005).
Taldea Laburdura Kirola Liga Zelaia
Perungan Pojat PerPo Boleibola Mestaruusliiga Lapin urheiluopisto
Napapiirin Palloketut NaPa Boleibola 1-sarja Rovaniemen kauppaopisto
Ounasvaaran Hiihtoseura OH Eskia - Ounas muinoa
Rovaniemen Palloseura RoPS Futbola Ykkönen Rovaniemen keskuskenttä
FC Santa Claus - Futbola Kakkonen Saarenkylän tekonurmi
Rovaniemen Kiekko RoKi Izotz-hockeya Suomi-sarja Lappi-areena

Azkenik, Rovaniemin nagusi diren negu-kirolak biltzen dituen taldea, Ounasvaaran Hiihtoseura edo Ounasvaara eski taldea. Bertan, trebatu diren kirolariek Olinpiar Jokoetan eta Munduko txapelketetan 40 domina baino gehiago eskuratu dituzte. Nazioartean ezagunak diren izenen artean, aipatzea merezi dute rovaniemitarrak diren Antti Autti snowboarderrak; Olavi Alakulppi, Ville Kähkönen eta Hannu Manninen konbinatu nordikoko eskiatzaileek; Janne Ryynänen eta Pirjo Muranen iraupen eskiatzaileek; hildako Antti Hyvärinen, Tuomo Ylipulli, Jouko Törmänen, Sami Niemi eta mundu mailan ezaguna den Harri Olli eski saltatzaileek; biathloneko Sanna-Leena Perunka eskiatzaileak; eta Munduko Eski Alpino Kopako slalom eskiko probetan ospetsu egin den Tanja Poutiainen eskiatzaileak [92].

Ounasvaara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Ounasvaara

Hirigunean dagoen 204 metroko muinoa da. Bertan daude hiriburuko kirol instalazio handienak, Ounasvaaran Hiihtoseura taldeak kudeatzen dituenak, eta Santasport edo Lappiko Kirol Institutua ere muinoan dago. Kirol azpiegiturak 1927an ireki ziren lehenbizikoz eta ordutik muino honetan ikasiak dira hiritik kanpo arrakasta izan duten rovaniemitar kirolari gehienak. Azpiegitua nagusien artean daude Ounasvaara eski-estazioa, eski jauzien estadioa, Lappi osoko bakarra den golf zelaia, Lappi-areena izotz jauregia, arku-tiro zelaia, argiztatutako footing bidea, spa, bolatokia eta gimnasioa; inguruan dagoen basoa ere, orientatze kirolak praktikatzeko moldatua iza da. Hala, muinoa edozein kirol eta ekitaldi praktikatu eta antolatzeko irekirik dago sasoi guztietan. Kirol arrakastatsuenak iraupen eskia, eski alpinoa, skeletona, elur-erraketak, ibiltaritza, udako eta neguko bobsleigha, golfa, eski jauzia, snowboarda, izotz-hockeya, orientazioa eta arku-tiraketa dira. Aipamen berezia merezi dute 200 km-ko luzera duten eski alpinoko 12 pistak (lau gorri, bost urdin, eta hiru beltz), batzuk argiztatuak daudenak, eta hasiberrientzat, adituentzat, haurrentzat eta goi mailako kirolarientzat aproposak direnak. Hauekin batera, nazioarteko neurriak betetzen dituen half-pipea eta Levikoarekin batera, eskualdean dauden eski jauzirako arrapala bakarrak, guztira, bi [93].

Ospakizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriburuko ospakizun garrantzitsuenak musika eta dantza jaialdiak izaten dira. Ekainean ospatzen den Jutajaiset Folklore Festival, esaterako, nazioartean ezaguna den dantza jaialdia da; 1972an Sodankylän sortu zen arren, 1995etik aurrera Rovaniemin antolatu izan ohi da eta munduko txoko guztietatik etorritako gonbidatu bereziek dantza ikuskizunak eta hitzaldi hezigarriak ematen dituzte. Lappitar artisten eta sami kulturaren erakustoki aparta ere bada, nazioarteko artistekin harremanetan jartzen dituztena [94].

Dena den, Laponiako Rally Artikoa (edo Tunturirallia) da hirian antolatzen den ikuskizun nagusia. 1966tik urtero ospatzen den proba da, urtarrilean, eta izotz eta elur gainean egiten den munduko rally bakarrenetakoa da. Gaur egun, Finlandiako Rally Txapelketako lasterketa bat baino ez den arren, Suediako Rallyaren aurretik ospatzen da eta ondorioz, hau prestatzeko Munduko Rally Txapelketako gidari profesional askok parte hartzen dute. 2012ko txapelduna Esapekka Lappi promesa gaztea izan da [95].

Bizarzuriren herrixka; 2012ko irudia.

Rally Artikoaz gain, neguan hainbat kirol txapelketa antolatzen dira. Aipatzekoak dira neguko igeriketa lehiaketa, edota, besteak beste, otsailean eta martxoan ospatzen diren elur-orein lasterketak, Reindeer Cup eta Reindeer Sprint Race izenekoak. Azken txapelketa hauek lappitar kulturak historian zehar animalia hauekin izandako loturaren erakusgai nagusiak dira eta eskualdetik herritar asko erakartzen dituzte. Martxoan ere Napapiirin hiihto eski lasterketa ospatzen da, Zirkulu Polar Artiko paraleloaren gainetik doan nazioarteko txapelketa bakarra; eta apirilean, aldiz, Snowsat elur-motor lasterketa antolatzen da [96].

Udaberriarekin eta eguzkiarekin batera, geroz eta ekitaldi eta txapelketa gehiago ospatzen dira. Hilabete hauetan azokak nagusitzen dira: martxoan, Udaberriko azoka; apirilean, Ongizatearen azoka; ekainean, Udako azoka; eta irailean, azkenik, Rovaniemiko astea izeneko festa-egunen ezaugarri nagusia den Udazkeneko azoka. Udako solstizioaren festa ere ekainean izaten da, San Joan egunean, eta ekitaldi eta jarduera asko antolatzen dira. Rovaniemiko egutegian egun berezia da San Joanena. Uztailean, bestalde, Rovaniemiko maratoia, eta Simerock eta Rovaniemi Rock Festival musika jaialdiak ospatzen dira, hiriko giroa berotzen dutenak udaran; eta abuztuan, aldiz, Jätkänkynttilä izeneko arrantza txapelketa antolatzen da, eskualdean eta herrialdean ospe handia duena.

Gabonetako ospakizuna.

Neguko solstizioak ere, garrantzia handia du hirian; hala nola, Eguberriak ospatzeko kontzertuak eta jarduerak antolatzen dira; besteak beste, Gabonetako azoka edota Bizarzuriren bidaiaren hasiera jaialdia.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rovaniemi zerbitzu hiria da eta bere ekonomia hiru zutarritan oinarritzen da: zerbitzuak, turismoa eta merkataritza.

Gutxi arte, egoera oso bestelakoa zen; XXI. mendera arte hiriko jarduera nagusiak abeltzaintza eta batez ere, basogintza industria izan ziren. Landa-udalerriko herritarrak elur-orein zaintzatik bizi ziren eta azienda erraldoiek udalerria estaltzen zuten XX. mendean. Dena den, gutxinaka herritarrak hirira mugitzen eta herrixkak usten hasi ziren; elur-orein produkzioaren irabaziak, ez zuten hauek haztearen kostua berdintzen. Orduan, Udalak turismoaren aldeko apostua egin zuen, azpiegiturak eraiki ziren, babestutako eremuak eraldatu eta sustatu ziren, natura jarduerak eskaintzen zituzten enpresak sortzen hasi ziren, hotel eta jatetxeak ireki, eta turismo sare jasangarria abian jarri zen. Hala, naturaren eta Bizarzuri pertsonaiaren inguruko turismoa garatu zen; Bizarzuriren herrixka eta Santa Park atrakzio parkea eraiki ziren, eski azpiegiturak, safariak bultzatzen hasi ziren basoetan, eta negua eta uda berotzeko jaialdi eta ekitaldiak antolatzen hasi ziren. Gaur egun, hiriko diru-sarrera nagusiak turismoaren eskutik iristen dira dagoeneko -batik bat, neguko turismoaren eskutik- eta jarduera honek hiriaren irudia guztiz aldatu egin du azken urteotan. Guztira, hamaika hotel (aipatzekoa da Lehtojärviren ertzean dagoen elur eta izotzez eginiko Elur-hotel Artikoa), hogeita bederatzi landa etxe edo borda, hamar bed&breakfast, hiru ostatu eta lau kanpaleku daude; iaz Rovaniemiko Turismo-guneak 36 mila bisitari baino gehiago izan zituen, %85a alemanak, errusiarrak, ingelesak, frantsesak, italiarrak, espainiarrak eta finlandiarrak izan ziren [97].

Husky safaria Rovaniemiko basoan.

Lehen esan bezala, basogintza industria ezinbestekoa da XX. mendean hiriko ekonomiak izan zuen hazkuntza ulertzeko. Rovaniemi Ekialdeko Lappiko baso zabalen eta Kemi industria-hiriaren artean zegoen eta hala, nahitaezko geraleku bihurtu zen, Lappiko basoen sarrera. Trenbide-sareak eraiki eta enpresak sortu ziren; hazkuntza izugarria izan zuen herri txikiak eta 1920ko hamarkadarako Ipar Finlandiako salerosketa hiri nagusia bihurtu zen. Lappiko probintzia sortu zenean, Rovaniemi hiriburu izendatu zuten eta gutxinaka, merkataritzak sortutako basogintza industriak merkataritzari ateak ireki zizkion berriz ere.

Hiriburuko enpresa nagusien artean, aipatzekoa da Lapin Kansa egunkariaren egoitza nagusia Rovaniemi dela.

Hala, Rovaniemi hazten ari den hiria da. Ikerketa arloak eta hezkuntzak ere eskua hartu dute ekonomian azken urteotan, eta Europako iparreneko merkatal hiri handiena eta Sápmiko atea da. zer egin rovaniemin [98]. zentral hidroelektrikoak izotz arrantza, elur-moto, husky eta elur-orein safaria, aurora borealak, eskia, ibiltaritza,

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Maanmittauslaitos 2011
  2. Väestorekisterikeskus 2012.01.31
  3. Väestorekisterikeskus 2011
  4. Rovaniemen luonto 2012.01.07
  5. [In_English/Good_to_Know/Seasons.iw3 City of Eight Seasons] 2012.02.10
  6. [In_English/Good_to_Know/Nature.iw3 Rovaniemen luontoo] 2012.02.10
  7. Revontulten 2011.12.17
  8. [In_English/Good_to_Know/Weather__Climate.iw3 Weather and Climate. Rovaniemi Tourism] 2012.02.10
  9. Rovaniemen ilmasto 2011
  10. Rovaniemiko natura
  11. a b c History of Rovaniemi 2012.02.15
  12. Lapin museot Rovaniemi. 2012.02.26
  13. Yle.fi Rovaniemen historiaa kävelyretkillä. 2012.02.26
  14. Kemi sami 2012.02.26
  15. a b c Lapin historiaa 2012.02.27
  16. Lappiin ja takaisin 2012.02.26
  17. Kemin historiaa 2010.12.02
  18. Suomen sotasurmat Historiaa. 2010.10.29
  19. Saarenkylän historia, s. 350. kokoelma. Rovaniemi: Rovaniemen mlk, 1996. ISBN 951-97053-3-3
  20. Helsingin Sanomat Rovaniemi poltettiin maan tasalle 2004.10.10
  21. Helsingin Sanomat Lapin sota. 2012.02.26
  22. Lapin sota 2012.02.26
  23. Architecture in Rovaniemi Alvar Aalto's work. 2012.02.20
  24. Heikki Annanpalo et al.: Saatiin tämä vapaus pitää, s. 39-59, 326-349. Lapin yliopiston taiteiden tiedekunnan julkaisuja C 21. Gummerus, 2001. ISBN 951-634-770-3
  25. Rovaniemi City-info Kansainvalinen sivusto. 2012.02.26
  26. Suomi.fi: kunnat ja alueet kartalla 2012.02.26
  27. Rovaniemen Keskusta ja kaupunginosat 2012.01.08
  28. Suuraluekartta väestötiedoin 2010 2012.02.08
  29. E75 Nelostie. 2010.12.29
  30. Linja-autoliitto 2010.12.30
  31. Niemelä O Liikenne Routes. 2012.02.01
  32. Kutilan Liikenne 2012.02.01
  33. Matkahuolto Rovaniemi Info. 2012.02.01
  34. Paikallisliikenteen aikataulut 2012.02.10
  35. VR-Yhtymä Juna. 2010.12.29
  36. Muurolan rautatieasema / Hirvaan rautatieasema / Misin rautatieasema 2012.02.07
  37. Rovaniemen lentoasema Finavia. 2012.02.08
  38. Europe.org Info. 2012.02.08
  39. Rovaniemen lentoasema. Lentoyhteydet 2012.02.08
  40. Finavia 2012.02.07
  41. Rovaniemi.fi - Perusopetus 2012.01.31
  42. Lyseonpuiston lukio (Lyska) 2012.01.30
  43. Muurolan lukio 2012.01.30
  44. Ounasvaaran lukio 2012.01.30
  45. Lukioesite 2012_web.pdf Rovaniemi.fi 2012.01.31
  46. Lapin ammattiopisto (Lao) 2012.01.30
  47. Santasport Cantent. 2012.01.30
  48. Kankaanpää, Paula & ja Saarinen, Sampo K.: Arktinen osaaminen Suomessa (pdf) (s. 5) 2009. Ulkoasiainministeriö. Viitattu 2011.12.23
  49. Lapin yliopisto Tutkimus. 2012.01.29
  50. University of Lapland. Faculties 2012.01.29
  51. RAMK Strategy 2012.01.29
  52. Hakijalle. RAMK 2012.01.29
  53. Lapin Korkeakoulukonserni Study in the North. 2012.01.29
  54. Lapin Sairaanhoitopiiri 2012.02.06
  55. Lapin keskussairaala Osastot ja poliklinikat. 2012.02.06
  56. Muurolan Psykiatria 2012.02.07
  57. Kansainvalinen sivusto Twin Cities. 2012.02.10
  58. Vaalien tulokset 2008 2008.12.20
  59. Pormestarimalli toi päätöksenteolle kasvot Tampereella, Luottamus- ja virkamiesten roolijako on kuitenkin jäänyt epäselväksi, Helsingin Sanomat 8.8.2008 A4
  60. Rovaniemi Youth Services. 2012.03.13
  61. Rovaniemen hovioikeus2012.06.08
  62. Väestö kansalaisuuden mukaan Lapin seutukunnissa 2010.12.31
  63. Väestö tilastoalueittain ja ikäluokittain vuonna 2010 2012.01.21
  64. Suomen Tilastokeskus 2012.01.15
  65. Rovaniemen seurakunta 2012.01.18
  66. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
  67. Tilastokeskus. 2011 2012.01.27
  68. Galdu.org SÁPMI: No Fake Samis, Stop the Misuse of Our Culture. 2012.02.09
  69. Rovaniemen kaupunki Kunta info. Vaakuna. 2013.07.31
  70.   Suomen kunnallisvaakunat, Suomen Kunnallisliitto, 1982, 160. orrialdea, ISBN 951-773-085-3 .
  71. Lapin Balettiopisto 2012.03.13
  72. Rimpparemmi 2012.03.13
  73. [1]
  74. Pilke Science Centre 2012.03.02
  75. Artic Centre About Us. 2012.02.28
  76. Rovaniemi The Forestry Museum of Lapland. 2012.03.02
  77. Arktikum Provincial Museum of Lapland. 2012.02.29
  78. Arctic light Under the Northern Lights. 2012.02.29
  79. Korundi Rovaniemen taidemuseo. 2012.03.01
  80. Lapin museot Rovaniemen kotiseutumuseo
  81. Rovaniemi Rovaniemen kotiseutumuseo
  82. 1993: Säilyttäminen lista Auttikönkään uittopato ja uittoruuhi, Jaatilansaari Kemijoessa ja Jaatilan kylä, Körkön taloryhmä, Oikarainen, Marrasjärven kylä, Muurolan rautatieasema, Narkausjärven asutus, Niesin kylä, Ounasjoen kulttuurimaisema, Paavalniemen kylä, Pöykkölän kotiseutumuseo ja Lapin metsämuseo, Rautionsaari Kemijoessa, Rovaniemen kulttuurikeskus, Ruikan kylä, Saarenputaan silta, Ylikylä 2012.03.12
  83. Arktikum 2012.02.26
  84. elblogdefinlandia.com Museo Arktikum Rovaniemi. 2012.02.26
  85. Joulupukin Pajakylä Etusivu. 2012.03.11
  86. Barents Info Jätkänkynttilän silta. 2012.03.03
  87. Korundi House of Culture. 2012.03.02
  88. Lapinkävijät Alvar Aalto. Lappia-talo. 2012.02.29
  89. Rovaniemen kirkko 2012.03.07
  90. Rovaniemen seurakunta Kirkko. 2012.03.07
  91. Santa Park Official. 2012.03.11
  92. Ounasvaaran hiihtoseura 2012.03.22
  93. Ounasvaara Rinneinfo. 2012.03.30
  94. Jutajaiset 2012.06.08
  95. Lapland Arctic Rally 2012.04.10
  96. Rovaniemi to host Winter Swimming World Championships 2014
  97. Kansainvälinen sivusto 2012.01.24
  98. [In_English/Activities.iw3 activities]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuko norabide-ardatza.
Kolari, Kittilä Kittilä, Sodankylä Sodankylä
Pello, Ylitornio Compass rose simple plain.svg Kemijärvi
Ylitornio, Tornio, Tervola Tervola, Ranua Ranua, Posio


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rovaniemi Aldatu lotura Wikidatan