Leidengo Unibertsitatea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Leidengo Unibertsitateko Akademia eraikina

Leidengo Unibertsitatea (Universiteit Leiden, nederlanderaz), Herbehereetako unibertsitate zaharrena.

1575ean fundatu zuen Gilen I.a Orange-Nassaukoak, Laurogei Urteko Gerrako herbeheretar iraultzaileen buruak. Izan ere, Leiden hiriak zeregin erabakigarria izan zuen Laurogei Urteko Gerran. 1572an, Leidengo herritarrek espainiarren kontrako iraultzaileekin bat egitea erabaki zuten. 1574ko maiatzean, hiria setiatu egin zuen Herbehereetako gobernadore Luis de Requesensek. Urte hartako urriaren 3an, ordea, hiriko dikeak suntsitu zituzten, eta hala lortu zuten ur bidez herritarrak hornitu eta espainiarrei aurre egitea. Bada, setioaren kontra borrokatu izana eskertzeko eraikiarazi zuen Gilen I.ak 1575ean unibertsitatea. Orduz geroztik, hiriaren bereizgarri dira unibertsitatea, ikasleak eta ikasle-egoitzak.

Unibertsitate honetan, hainbat asmakizun egin dira. Aipatzekoa da, esaterako, Leiden botila, beirazko botila batekin egindako kondentsadorea. Pieter van Musschenbroekek asmatu zuen 1746an. Kriogenia-arloan eman zen beste aurrerapauso bat: Heike Kamerlingh Onnesek, 1913ko Fisikako Nobel saridunak, helioa likidotu zuen lehenbizikoz 1913an.

Leidengo Unibertsitateko beste hiru irakasleri eman diote Nobel saria: Hendrik Antoon Lorentzi eta Pieter Zeemani, fenomeno optiko eta elektronikoen arloan egindako lan aitzindariarengatik, eta Willem Einthoven fisiologoari, hari-galvanometroa asmatzeagatik. Unibertsitateari sona handia eman zioten nazioartean, halaber, Albert Einstein and Paul Ehrenfest fisikariek, Christiaan Snouck Hurgronje islam-adituak, Cornelis van Vollenhoven zuzenbide-adituak eta Johan Huizinga historialariak. 2005ean, teoria kuantikoari buruzko Albert Einsteinen eskuizkribu bat aurkitu zuten Leidengo Unibertsitateko liburutegietan.

Gaur egun, ikerketa-zentro garrantzitsua da Leidengo Unibertsitatea, eta nazioarteko nahiz Herbehereetako 40 ikerketa-institutu baino gehiago biltzen ditu. Zazpi fakultate hauek ditu: arkeologia, zuzenbidea, humanitateak, zientzia, gizarte- eta portaera-zientziak, LUMC medikuntza-fakultatea eta Campus The Hague.

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leidengo Unibertsitatea Aldatu lotura Wikidatan