Mao Zedong buruzagiaren aipuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maoren Liburu Gorria» orritik birbideratua)
Mao Zedong buruzagiaren aipuak
Datuak
IdazleaMao Zedong
Argitaratze-data2023ko urtarrilaren 20a
Generoaez-fikzioa
Jatorrizko izenburua毛主席语录
ArgitaletxeaPeople's Publishing House (en) Itzuli eta People's Liberation Army General Political Department (en) Itzuli
HerrialdeaPeru
Mao presidentearen aipamenak eusten dituen neska (1968)

Mao Zedong buruzagiaren aipuak (txinera sinplifikatua: 毛主席语录; txinera tradizionala: 毛主席語錄; pinyina: Máo Zhǔxí Yǔlù) Txinako Alderdi Komunistako lehendakari ohi Mao Zedongen hitzaldi eta idazkietako adierazpenak jasotzen dituen liburua da, 1964tik gutxi gorabehera 1976 arte argitaratua. Euskaraz, ezagunagoa da Maoren liburu gorria izenburuarekin. Iraultza sozialistaren gaineko pentsamendu garrantzitsuenen antologia da, kolore gorriko liburutxo batean argitaratua; liburuak laster hartu zuen Liburu gorria izena. Liburutxo hori sarri erabili zuten Txinako Herri Errepublikako gazteek Kultura Iraultzaren denboran, eta liburuko esakune edo aipuak hizkuntza askotara itzuli dira.

1964ko apirilean argitaratu zuen lehenengoz Txinako Herri Errepublikaren Gobernuak liburu hau. Mao Zedong lehendakariaren aipuak izenburua zuen arren, ezagunagoa egin da Maoren liburu gorria izenez, azal gorriko poltsikoko edizioa egin zutelako, Alderdi Komunistako partaide eta ikasle guztiek aldean eraman zezaten beti. Maoren laguntzaile zen Lin Biaok jaso eta atondu zituen aipuak, eta, garai batean, Txinan argitaratzen zen liburu edo aldizkari orok jaso behar zituen, nahitaez, Liburu gorriaren aipuak. Argitaratu zenetik, 900 milioitik gora ale saldu dira; Bibliaren ostean, munduan ale gehien argitaratu zaizkion liburua da.

Txinako gobernuaren diru laguntzarekin, Federiko Krutwigek euskaratu zuen, Mao Tzedung Buruzagiaren Aiphuak izenburuarekin, lapurtera klasikoan. Izan ere, Krutwig gaur egungo euskara batuaren aurkakoa zen; bai bere idazkietan, bai bere mintzaldietan, lapurtera klasikoa zerabilen.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburu Gorri Txikiaren izena Mendebaldean jarri zioten bere poltsiko edizioagatik, bereziki erabilera eta garraioa errazagoa izateko egin zena. Izan ere, Alderdi Komunistako kideek beti eraman beharra zeukaten eurekin eta eskoletan liburua irakurtzea derrigorrezkoa zen. Bere izen arrunta Txinan Liburu Altxor Gorria da (红宝书, 紅寶書 edo Hóng bǎoshū).

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere kolaboratzaile Lin Biao-k bilduta, Defentsako ministroa eta armadaren burua, liburua masei irakaspen ideologikoak emateko oinarrizko instrumentua izango zen Iraultza Kulturalean zehar. Maoismoa Txinan marxismo-leninismoaren eboluzioa bezala goretsi zen eta pentsamendu ideologiko komunistaren amaiera bezala. Periodo honetan zehar, argitaratzen zen edozerk Maoren zitak izatera behartuta zegoen; bere irakaspena beharrezkoa zen eskola zein lantegietan, taldeak antolatzen ziren hura aztertzeko.

60ko hamarkadan zehar Txina komunistako ikur adierazgarriena bihurtu zen.

Iraultza Kulturala amaitzean, 70eko hamarkadaren hasieran (eta 1978an Deng Xiaoping boterera iristean), liburuaren garrantzia gutxitzen joan zen pixkanaka. Gaur egun, Maoren ziten lengoaia iraultzailea Txina modernoan gehiegi erabiltzen ez den arren, liburua milioika inprimatzen da oraindik, bereziki turistentzat.

Atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krutwigek euskaratutako bertsioan, hauek dira Liburu gorriaren atalak:

  • I. Alderdi Kommunista
  • II. Klassiak eta klassien gathazka
  • III. Sozialismua ta kommunismua
  • IV. Herriaren baitako iazargoen agitze iustuaz
  • V. Gudua ta bakhea
  • VI. Imperialismua ta reakzionari guztiak paperezko tigreak dira
  • VII. Ausart gathazka, ausart garaitzen!
  • VIII. Herriaren gudua
  • IX. Herriaren armada
  • X. Alderdi kommitatuen zuzendaritza
  • XI. Gizaoldeen linea
  • XII. Lan politikoa
  • XIII. Offizieren eta soldauen arteko eretzak
  • XIV. Armada ta herriaren arteko eretzak
  • XV. Demokratia hirur alhor nabusietan
  • XVI. Trupen heziketa ta ohitzea
  • XVII. Herria zerbitzatu
  • XVIII. Aberzalego ta internazionalismua
  • XIX. Iraultza-heroismua
  • XX. Gure herria arthaz ta hurritasunaz iraiki behar dugu
  • XXI. Batbederaren indarrez konta- ta gothorki borroka
  • XXII. Pentsabideak eta lan egiteko methoduak
  • XXIII. Ikhertzea ta hautemaitea
  • XXIV. Gezurrezko aburuen ekhentzeaz
  • XXV. Batasuna
  • XXVI. Disziplina
  • XXVII. Kritika ta autokritika
  • XXVIII. Kommunistak
  • XXIX. Kadreak
  • XXX. Gazteria
  • XXXI. Emakumeak
  • XXXII. Kultura ta arte
  • XXXIII. Ixtudia

Liburu Gorriko ilustrazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]