Narkotrafikoaren aurkako gerra Mexikon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Narkotrafikoaren aurkako gerra Mexikon
Fuerza del Estado Michoacán.jpg
Mexikoko armada borroka batean, Apatzingán-en.
Data Egun
Lekua Mexikoko zenbait estatu: Baja California, Durango, Sonora, Oaxaca, Guerrero, Chihuahua, Michoacán, Tamaulipas, Nuevo León, San Luis Potosí eta Sinaloa
Gudulariak
Mexikoko armada
Mexikoko Polizia Federala
Mexikoko estatuetako eta udalerrietako polizia
Sinaloako kartela
Golkoko kartela
Juarezko kartela
Tijuanako kartela
Los Negros kartela
Los Zetas kartela
La Familia kartela
Beltran-Leyva kartela

Narkotrafikoaren kontrako gerra deitzen zaio Mexikoko droga-kartelek, elkarren aurka lurraldea kontrolatzeko, eta Mexikoko gobernuaren aurka daukaten gatazka armatuari. Mexikoko droga-kartelak hainbat hamarkadatan zehar aritu badira ere, boteretsuago bilakatu dira Kolonbiako Cali eta Medellingo kartelak 1990eko hamarkadan makaldu zirenetik. Egun, Mexikoko kartelek menderatzen dute AEBetako drogen merkatu ilegala[1] . Zenbait karteletako buru atzemanda, batik bat Tijuanako eta Golkoko karteletan, bortizkeria areagotu da, kartelak borrokan hasi baitira haien artean drogako bideak AEBetarantz beren mendean izateko.[2]

Felipe Calderón Mexikoko presidentetzara iritsitakoan, 2006ko abenduan, hasi ziren segurtasun indarrak -Polizia Federala eta armada- erabiltzen drogen trafikoa Mexikotik indarrez erauzteko. 2010era arte, 30.000 hilketa zerrendatu dira gerra horretan, haietako asko Ciudad Juarezen (Chihuahuako estatuan) eginak. Estatistika horretan, Estatuko indar armatuen eta droga-kartelen taldeko kideez gain, drogei loturik ez ziren zibilak, gazteak, haurrak eta kazetariak sartzen dira.

Mexikoko gobernuak drogen trafikoko taldeen kontra hartutako bideak kritika ugari jaso ditu. Eskubide zibilen aldeko hainbat elkartek adierazi dute armada kaleetara ateratzean giza eskubideen urraketak ugaldu direla[3].

Historia [aldatu]

Dagoen tokian egonda, Mexiko aspalditik erabili da AEBetan drogak sartzeko edo, oro har, mota guztietako kontrabandoa egiteko. Hastapenean, kokaina sartzeko bide nagusia Florida eta Karibe izan zen, baina zonalde horretako narkotrafikoa eteteko ahalegina handitu zirenean, Mexikoko droga-banatzaileekin elkartu ziren Kolonbiako droga-ekoizleak.[4]

Hori egiterakoan ez zuten traba handirik topatu. Izan ere, heroinaren eta kanabisaren ekoizpenak zaharrak ziren, eta trafikatzaileek droga AEBetan sartzeko azpiegitura prest zeukaten. 1980ko hamarkadaren erdialdean, Mexikoko banatze sarea ongi osaturik zegoen, eta Kolonbiako kokaina garraiatzeko bide fidagarria zen. Hasieran dirutan ordaintzen zitzaien mexikarrei, baina hamarkadaren bukaerako, kokaina kargaren %35-50 ere ematen zitzaien. Gauzak horrela, droga garraiatu ez ezik, banatu eta saltzen ere hasi ziren mexikarrak. Egun, Sinaloako kartelak eta Golkokoak mundu osora banatzen dute Kolonbiako kokaina.[5]

Denborak aurrera egin ahala, Mexikoko kartelen arteko oreka aldatu egiten da, talde berriak sortzen baitira eta zaharrak makaldu eta desegin. Karteleko buruak hil edo atxilotzean, gatazka bortitzak ugaltzen dira, beste taldeek boterearen hutsunea bete nahian.[6] Hori dela eta, kartelak saiatzen dira segurtasun indarrak besteen kontra erabiltzen, Mexikoko ofizialei dirua edo informazioa emanez.

Droga-kartelen arteko borroka 1989an hasi zen, Mexikoko kokainaren negozioa eramaten zuen Miguel Ángel Félix Gallardo atxilotu ondoan.[7] Egoera baretu zen 1990eko hamarkadan, baina biolentzia areagotu da etengabe 2000tik aurrera.

Nuevo Laredon (Tamaulipas estatua), uste da 110 lagun hil zirela 2005eko urtarriletik abuztura, Golkoko kartelaren eta Sinaloakoaren arteko borroken ondorioz. Vicente Foxek, Mexikoko presidenteak, zenbait soldadu eraman zituen hara, borrokak bertan behera uzteko asmoz, baina arrakastarik ez zuen izan.[8] Halaber, bortizkeria areagotu zen La Familia kartela Michoacan estatua mendean hartzen saiatu zelako 2005ean.

Kartelen arteko bortizkeria aspaldikoa bazen ere, Mexikoko gobernuak ez zion zezenari adarretatik heldu 1990eko hamarkadan eta 2000eko hamarkadaren hasieran. Jarrera hori aldatu zen Felipe Calderón Mexikoko presidente bihurtu zenean. Segituan, 2006ko abenduaren 11n, tropak bidali zituen Michoacanera, drogen bortizkeriaren kontra bertan borrokatzera. Data hori hartzen da eskuarki gerraren hasiera markatzeko.[9] Denboraren poderioz, gero eta tropa gehiago erabili ziren narkotrafikoaren aurka, eta bortizkeria areagotu da herrialdeko estatu frankotan.

Erreferentziak [aldatu]

  1. Cook, Colleen W., ed. "Mexico's Drug Cartels" (PDF). CRS Report for Congress. Congresional Research Service. p. 7. [1]. 2009-08-09an begiraturik.
  2. Sullivan, Mark P., ed. "CRS Report for Congress" (PDF). Mexico - U.S. Relations: Issues for Congress. Congresional Research Service. or. 2, 13, 14. [2]. 2009-04-01ean begiraturik.
  3. De Ávila, José Juan: "La CNDH y especialistas alertan por abusos de militares en guerra al narco", CNN México, 2010eko martxoaren 15ean, 2010eko martxoaren 23an begiratua.
  4. "History of DEA Operations", DEA History, U.S. DEA [3]
  5. Mexico, U.S., Italy: The Cocaine Connection, Stratfor Intelligence, [4]
  6. Fred Burton, Mexico: The Price of Peace in the Cartel Wars, The Stratfor Global Intelligence, [5]
  7. BBC News, Analysis: Mexico's drug wars continue, [6]
  8. Claire Marshall, Gang wars plague Mexican drugs hub, BBC News, [7]
  9. Ioan Grillo, Mexico cracks down on violence, Associated Press, [8]