Norman Schwarzkopf

Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskaldunaa (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 13:48, 20 urtarrila 2016
Norman Schwarzkopf

Herbert Norman Schwarzkopf (Trenton, New Jersey, AEB, 1934ko abuztuaren 22a - Tampa, Florida, AEB, 2012ko abenduaren 27a) estatubatuar jenerala izan zen.

Biografia

West Point Akademian egin zituen militar-ikasketak. Gero, Hego Kaliforniako Unibertsitatean, master bat egin zuen urrutiko kontrolez gidaturiko misilen ingeniaritzan. Vietnamgo Gerran Saigongo gobernuaren aholkulari izan zen, eta hango soldaduen prestakuntza-lanetan aritu zen. 1965ean, komandante izendatu zuten, eta Asiako Hego Ekialdeko Gerran parte hartu zuen. Aurrerago, Fort Stewarteko (Georgia) infanteria mekanizatuko 24. dibisioko komandante gisa, 1983an Karibeko Grenada uhartea inbaditu zuen armadako bigarren burua izan zen. 1988an, United States Central Command delakoaren (Estatu Batuetako Aginte Nagusia) ardura hartu zuen; aginte horren helburua Ekialde Hurbila, Asia Mendebaldea eta Afrika Ekialdea kontrolpean edukitzea da.

1990eko abuztuan Persiako golkoan hedatu zen gudarostearen buru izendatu zuten. Berak jarri zuen abian Operation Desert Shield ("Desertuko Ezkutua") izeneko operazioa Macdill-eko (Tanpa) hegazkin-basetik; gero, hilaren bukaeran, Saudi Arabiako desertura aldatu zuten kuartela. 1991ko urtarrilean hasi zen nazioarteko gudarosteen erasoa, Operation Desert Storm ("Desertuko Ekaitza") Iraken aurka, Schwarzkopfen gidaritzapean.

Zortzi hilabetez armada aliatuaren buru izan ondoren, apirilaren 21ean Tampara itzuli zen, eta abuztuaren 30ean, armadan hogeita hamabost urtez aritu ondoren, erreserbara pasatu zen. Domina asko irabazi ditu: Ingalaterrako Elisabet II.a erreginak bosgarren izar sinbolikoa eman zion (Estatu Batuetako Kongresuak ukatzen diona, Desertuko Hartza Estatu Batuetako elezaharretako militarrekin ez berdintzeagatik) eta Ohorezko Zaldunaren Ordena, 1991ko maiatzean. Estatu Batuetako lehendakari George Bushek Askatasunaren Domina eman zion, 1991ko uztailean. Kuwaiteko emir Jaber al-Ahmad al-Jaber al-Sabah-k Urrezko Domina ezarri zion, herrialde hartako ohorezko sari nagusia. Ohorezko Legioaren Ordenaren Domina eman zioten eta ohorezko lehen mailako legionario izendatu zuten, 1991ko uztailean. Halaber, Ellis Island-en Ohorezko Domina eman zioten, Estatu Batuetara joandakoen edo haien seme-alaben adorea saritzen duena.

Erretiratu eta gero, autobiografia bat idatzi zuen, It Doesn't Take a Hero, 1992an argitaratua. Analista militar gisa lan egin izan du, batez ere Irakeko inbasioan, 2003an. Gaur egun Floridan bizi da.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Norman Schwarzkopf Aldatu lotura Wikidatan