Kuwait

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kuwaiteko Estatua
دولة الكويت
( Dawlat al Kuwayt )
Kuwaiteko bandera
Bandera

Kuwaiteko armarria
Armarria

Goiburua: Kuwaitentzat
Nazio ereserkia:
Al-Nasheed Al-Watani
Kuwait: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Kuwait Hiria
29°22′N 47°58′E
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera, Ingelesa
Gobernua
Emirra
Printzea
Lehen Ministroa
Monarkia konstituzionala
Sabah Al-Ahmad Al-Jaber Al-Sabah
Nawaf Al-Ahmad Al-Jaber Al-Sabah
Nasser Al-Mohammed Al-Ahmed Al-Sabah
{{{subiranotasun_mota}}}
Erresuma Batutik
{{{subiranotasun_urtea}}}
Eremua
• Guztira
• Ura

17.818 km²
% hutsaren hurrengoa
Biztanleria
• Zenbatespena (2006)
• Dentsitatea

2.992.0001 (135.)
131 biztanle/km² (57.)
Dirua Kuwaiteko dinarra (KWD)
Ordu eremua
 • Udan (DST)

{{{DST_ordu_eremua}}} (UTC +4)
Interneteko domeinua .kw
11.999.000 biztanle ez-nazional barne

Kuwait[1] (izen ofiziala, Kuwaiteko Estatua;[1] arabiera, Dawlat al-Kuwayt) Persiako golkoko ipar-ekialdeko estatua da, emirerria. 17.820 km2 ditu (Persiako golkoko gerraren aurretik), eta 3.399.637 biztanle (2007ko zenbatespena, kuwaitarrak). Mugakide ditu mendebaldean eta iparraldean Irak, hegoaldean Saudi Arabia, ekialdean Persiako golkoa. Hiriburua izen bereko hiria du, eta beste hiri nagusiak hauek dira: Ash-Salimiah, Hawalli, Al-Jahrah, Al-Farwaniah. Hizkuntza ofiziala arabiera da. Etnia nagusiak: kuwaitarrak (% 45) eta beste arabiar batzuk (% 35), asiarrak (% 9). Erlijio nagusiak: musulmanak % 85 (sunniak % 45, xiitak % 40) eta kristauak % 8.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuwaiteko mapa topografikoa

Orografia eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuwaiteko lurraldea basamortu laua eta hareatsua da, itsasertzetik mendebalerantz pixkanaka igotzen dena Al Sakaiaraino (290 m), Iraken eta Saudi Arabiaren arteko mugaraino. Kuwaiteko badiaren ipar-mendebalean Az-Zaurreko maldak daude (145 m), eta hegoaldean portu natural bat eta hiriburua. Badiaren mendebaldean Al Jahrah oasia dago, eta itsasbazterrean eta hego-ekialdean lur sail gutxi batzuk daude; gainerakoa basamortua da.

Klima eta landaretza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuwaiteko klima basamortukoa da, beroa eta lehorra, alde handiak dituena udatik (apirila-urria) negura (azaroa-martxoa). Uda oso beroa da (44 Â°C) eta negua askoz samurragoa (16 Â°C). Oso euri gutxi egiten du (100 mm urtean), eta neguan bakarrik. Ekain-uztailetan harea-ekaitzak izaten dira. Landareak oasietan baino ez dira.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuwaiteko adin-piramidea, sexuen arabera

Kuwaiteko biztanle gehienak arabiarrak dira, baina haien artean kuwaitarrek % 40 inguru bakarrik hartzen dute; gainerako guztiak beste herrialde arabiar batzuetatik emigratuak dira, eta haiek osatzen dute biztanleria aktiboaren gehiengoa, estaturik gabeko arabiarrek; Palestina, Egipto, Irak, Siria eta Libanoko emigranteak hartu izan ditu Kuwaitek bere historian.

Golkoko gerraren ondoren, palestinarrek Kuwaitetik ihes egin behar izan zuten, gerran Iraken alde agertu zirelako, baina gerra garaian ihes egin zuten kuwaitarrak itzultzen ari dira. Gobernuak neurriak hartu zituen kanpotarren kopurua Kuwaiteko biztanleriaren erditik igo ez zedin, baina gaur egun biztanleen herenak baino ez dira kuwaitarrak. Kuwaiteko hizkuntza ofiziala arabiera da, baina ingelesa ere oso zabalduta dago. Demografia-hazkundea nabarmena da; emakumeko 3,59 haur jaiotzen da urtean, batez beste. Urbanizazio-tasa oso handia da (% 96 ingurukoa).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuwaiteko Petrolio Konpainia Nazionalaren egoitza; petrolioaren ingurukoak dira Kuwaiteko ekonomia-jarduera nagusiak

Kuwait herrialde txikia da, eta ekonomia aski zabala du; munduko herrialderik aberatsenetakoa da. Petrolioa ateratzea da jarduera nagusia, han baitago munduko petrolio-erreserba guztien % 10. Barne-produktu gordinaren erdia hartzen du ia, esportaziotik ateratako irabazien % 90 eta gobernuaren diru-sarreren % 75. Kuwaiten dago munduko gas naturalaren % 1.

Industria nagusiak petrolioarekin zerikusia duten jardueretan oinarrituak dira: petrolio-findegiak dira industria aipagarrienak.

Nekazaritza oso pobrea da, ez baitago lantzeko lur egokirik eta ureztatzeko ur aski (ura destilatu edo inportatu egin behar izaten dute). Arrantzatik ateratzen duten elikagaia kenduta, inportatu egin behar dute gainerako guztia.

1994-1997 bitarteko susperraldiaren ondoren, behera egin zuen ekonomiak 1998an, petrolioaren prezioen jaitsieraren eraginez. 1999an ekonomia eraberritzeko neurri-sail bat onartu zuen Kuwaiteko gobernuak; neurri horien artean zegoen gizarte-laguntzak murriztea, eta kontsumorako ondasun askoren gaineko zergak garestitzea.

Petrolioari esker, munduko bizi-maila handienetakoa du Kuwaitek, nahiz eta gerrak hondamendi handiak ekarri zizkion (bertako 1000 petrolio-hobietatik 700i su eman zien Irakek). Inbertsio handiak egin behar zituen gerraren kalteak konpondu eta herrialdea berreraikitzeko. 2003tik aurrera, petrolioaren prezioek gora egin izanari esker, berrindartu egin zen Kuwaiteko ekonomia, baina 2008ko finantza-krisi orokorrak kalte larriak ekarri dizkio.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kuwaitek sei administrazio-barruti ditu (bakoitza gobernadore baten mende)

Kuwait monarkia konstituzionala da, Sabah familiako emir baten gobernupean dago (Al-Ahmad al-Jaber Al Sabah, 1977az gero); emirrak herentziaz jasotzen du agintea, eta eskumen handia du, bai aginpide legegilean bai eragilean. Emirra da estatuburua, eta hark aukeratzen du lehen ministroa, gobernuburua. Nazio-biltzarrak du legegintzako aginpidea.

Alderdi politikoak Persiako golkoko gerraren ondoren legeztatu ziren. Dena dela, Kuwaiteko biztanleen bi herenek kuwaitar herritartasunik ez dutenez, ez dute eskubiderik legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko. Gainerako herenetik, 2005era arte % 15ek bakarrik eman zezakeen botoa, kanpoan uzten baitzituzten emakumeak, militarrak eta Kuwaiteko hiritar gisa 30 urte baino gutxiagoko antzinatasuna zuten herritarrak. 2005ean onartu zen emakumezkoen boto-eskubidea.

Hezkuntzan inbertsio handiak egin dira, eta Persiako golkoaren inguruan Kuwait da hezkuntza-mailarik altueneko biztanleria duen herrialdea.

Ekialde Hurbileko arazoak gorabehera, Kuwait oso lurralde segurua da, eta munduko krimen-tasarik txikienetakoa du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Failaka uhartean aurkitutako antzinako txanponak

Kuwaiteko badiako Failaka uhartean aurkitutako aztarnek frogatzen dute lurraldea Sumerreko eta Indus haraneko zibilizazioen garaiko zibilizazio goiztiar baten parte izan zela. Failaka uharteak harremanak izan zituen Mesopotamiako hiriekin eta Dilmun —gaurko Bahrein— merkataritza-gunearekin, K.a. 1200 arte.

Greziako kolonizatzaileak IV. mendearen bukaeran iritsi ziren uhartera, eta tenplu bat eraiki zuten Artemisa jainkosaren omenez. Uhartea seleukotarren erreinuaren parte izan zen, eta erromatarren garaian behera egin zuen. K.o. VII. mendean musulmanek hartu zuten lurraldea, eta islama ezarri zuten.

Kuwait hiria XVII. mendean sortu zen, eta 1756an Sabah familiako Abh Rahimek erreinu autonomoa eratu zuen, eta bere burua xeke izendatu. 1776an persiarrek Basora (gaur egun Irak) hartu zuten, eta Indiaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko merkataritzako bidea Kuwaitetik igaroarazi zuten. Horrenbestez, lurralde honek garrantzi handiagoa izan zuen.

Kuwait Otomandar Inperioaren zergapekoa izan zen, baina XIX. mendearen hasieratik aurrera gero eta handiagoa izan zen Britainia Handiaren eragina. XIX. mendearen bukaeran, Alemaniako gobernuak Berlin-Bagdad burdinbidea Kuwaiteko porturaino luzatzeko asmoa agertu zuenean, Kuwaitek europarren arreta erakarri zuen. 1897an Kuwaiteko Mubarak ibn Sabah xekeak hitzarmen bat izenpetu zuen Britainia Handiarekin: britainiarren diru-laguntzaren eta armadaren babesaren truke, Kuwaitek ez zion utziko lurraldea beste inori. Hala, Britainia Handiak babesa eman zion Kuwaiti, Turkia (1898 eta 1914), Saudi Arabia (1919-1925) eta Irak (1952) lurralde hura beretzen ahalegindu zirenean.

1914an Kuwait Britainia Handiaren protektoratu bihurtu zen. Irakekiko muga 1923an zehaztu zen. 1935ean aurkitu ziren lehen petrolio-hobiak, eta Erresuma Batuko eta Ameriketako Estatu Batuetako konpainiak hobi haiek ustiatzen hasi ziren.

1961eko ekainean, britainiar gobernuak Kuwaiten independentzia onartu zuen, eta adiskidetasun-hitzarmenak izenpetu zituzten bi estatuek. Estatu berriak arazo larriei aurre egin behar izan zien: batetik, Irakek Kuwait osoa beretzat eskatu zuen, eta Britainia Handiak armada bidali zuen Kuwaiti babesa emateko; bestetik, Saudi Arabiak Kuwaiten hegoaldeko eremu neutrala, 1922an sortua, eskatu zuen (auzia 1966an amaitu zen, eremu hori bien artean ustiatzeko hitzarmena izenpetuta). 1961eko uztailaren 20an Arabiar Ligak Kuwaiten independentzia onartu zuen, eta 1963. urteaz gero Nazio Batuen Erakundeko kidea da.

Kuwaitek 1980an Iraki laguntza eman zion Iranen kontrako gerran; horren ondorioz, Iranek Kuwaiteko petrolio-ontziei eraso zien. Iran-Irak gerra amaitu zenean bere onera etorri zen Kuwaiteko egoera. 1990etik aurrera, Irakekiko harremanak gaiztotu egin ziren Kuwaiten petrolioaren politika zela eta. Iraken ustez, Kuwaitek petrolioa lapurtzen zuen, eta, neurriz gaindiko ekoizpena zuenez, Iraken ekonomiari kalte egiten zion.

Azkenik, 1990eko abuztuaren 2an, Golkoko Gerra hasi zen: Irakeko armadak Kuwait osoa okupatu zuen, eta milaka kuwaitarrek alde egin behar izan zuten. Nazio Batuek baimena eman zuten indarra erabiltzeko Iraken kontra (aurretik blokeo ekonomikoa ezarri zitzaion), eta Kuwaitek nazioarteko armadaren laguntza jaso zuen (Estatu Batuena bereziki). Gerra hartan Kuwait nagusitu zen, baina hildako asko eta hondamendi ekonomiko handia eragin zituen, Irakeko gudarosteak petrolio-hobi askori su eman baitzion. Suteak hondamendi ekologiko itzela eragin zuen. 1992rako suak itzali ziren, palestinarrak alde eginda zeuden, eta Kuwaitek 16.500 milioi dolar zituen Estatu Batuen laguntzaren truke ordainduta. 1992an Estatu Batuetako osteek Kuwaitera jo zuten, berriro, mugetako segurtasuna zaintzeko; izan ere, Irakek ez zituen Nazio Batuen erabakiak errespetatu, eta berriro erasoari ekingo ote zion beldurra zabaldu zen.

Jabir al Ahmad al Jabir al Sabah, Kuwaiteko gaur egungo emirra (2009)

1992an bertan, hauteskundeak egin ziren (emakumeek botoa emateko eskubiderik ez zuten, artean) nazio-biltzar berria osatzeko. Izan ere, urte batzuk lehenago, 1986an, emirrak nazio-biltzarra desegitea erabaki zuen, baina harrezkero islamiar fundamentalisten aldetik eraso larriak izan zituenez, eta haien eta oposizioko beste zenbait talderen presioak behartuta, hauteskundeetarako deia egin behar izan zituen azkenean. Horrela lortuko zuen emirrak 1986 aurreko oreka-egoera berreskuratzea: oreka-egoera horretan, emirrak du ahalmen gorena, eta oposizioak ez du zalantzan jartzen gailentasun hori. Hauteskundeetan, oposizio laiko eta islamiarrak lortu zuen gehiengoa legebiltzarrean, nahiz eta oso zatituta zegoen, arazo politiko, ekonomiko eta erlijiosoak zirela eta.

Nabarmentzekoa da emirrak, atzerritik itzuli zenean, zapalkuntza gogorra bideratu zuela gerran Irakekin kolaboratu zutenen kontra eta palestinarren kontra, eta giza eskubideen kontrako erasoak gertatu zirela salatu zela hainbat erakundetatik.

1994an Irakeko armada Kuwaiteko mugetara mugitu zen berriro, baina Estatu Batuek behartu zuten atzera egitera, eta urte hartan bertan, azkenik, bi herrialdeen arteko mugak eta Kuwaiten burujabetasuna onartu behar izan zituen Irakek.

1994an gobernu berria antolatu zen, eta liberalen aldeko zenbait berrikuntza egin ziren, integristen kaltetan. Gobernu haren ahalegin nagusiak ekonomia indartzera bideratu ziren. 1996ko hauteskundeetan gobernuari babesa eman zioten hautesleek.

1999an emirrak berriro desegin zuen nazio-biltzarra. Hauteskundeetan, erabaki haren kontrako jarrera nabarmendu zen; liberalek islamiar oposizioak baino lau aldiz ordezkaritza zabalagoa lortu zuten. 1998an petrolioaren prezioek behera egin zuten, eta neurri zorrotzak hartu behar izan ziren galerak murrizteko (ekoizpena murriztea, eta abar); 1999an, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko gainerako herrialdeetako buruzagiekin batera, petrolioaren ekoizpena murrizteko hitzarmen bat sinatu zuen Kuwaiteko emirrak.

2009ko maiatzean, legebiltzarrerako hauteskundeetan 16 hautagai emakumezko aurkeztu ziren, eta haietako 4 legebiltzarkide bilakatu ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Euskaltzaindia: 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kuwait Aldatu lotura Wikidatan