Ongizate-estatu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Ongizate-estatua bereziki Bigarren Mundu Gerraz geroztik eta Europan garatu eta gauzatu den estatu-eredu bat da, estatu bateko hiritar guztiei prestazio, laguntza eta zerbitzuak eskaintzen dizkiena hezkuntza-, osasun- eta lan-arloan. Horren helburu gisa kapitalismoak sortzen dituen ezberdintasunak eta bazterketa-egoerak samurtzea da. XX. mendearen bukaeratik, eztabaida bizia sortu da politikan ongizate-estatuaren iraunkortasunari buruz, estatuen finantzak kolokan egotearen arrazoi gisa ongizate-estatua bera dela argudiatuz.

Hiritartasun-kontzeptu modernoa denboran zehar osatuz joan da; XVIII. mendean zehar, eskubide zibilak finkatu ziren, eta XIX. mendean, berriz, partaidetza politikorako eskubideak; azkenean, gizarte-ongizatea eskubide politikotzat hartzean, osatu egin da gaur egungo hiritartasun kontzeptua. Askoren iritziz, zuzenbidezko gizarte-estatu demokratikoa horixe da, gizarte-hiritartasun eskubidea finkatzea, sistema demokratikoetan babestutako giza eta politika-eskubideei loturik; ongizatea-estatua eta zuzenbidezko gizarte-estatu demokratikoa, zenbaitentzat, gauza bera dira.

Eskubide sozialak arian-arian lortu ziren, mende batez borroka sozialetan aritu ondoren; industrializazio-prozesuarekin batera emandako borrokak izan ziren, herrialde garatuetan emanak inondik ere.

Ongizate-estatuaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkartasun-ideia beti agertu izan da langileriaren barruan, I. Internazionalean antolatu eta estatua hartu zuenez geroztik, elkartasunezko gizarte-politika lortzeko eta ezartzeko funtsezko tresnatzat. Dena dela, garai horretan bertan gertatu ziren beste prozesu batzuk ere gogoan izan behar ditugu; esate baterako, estatua enplegu-sortzaile osagarritzat hartzean, ongizatezko estatu-forma batzuk sortu ziren Eskandinaviako herrialdeetan, mende hasieran; eta Bismarcken Alemanian, berriz, gizarte-prestaziorako derrigorrezko sistemak sortu zituzten, helburu bikoitz batez, batetik produkzioa hobetzea, eta bestetik, aldiz, langileria zatitzea, klase gisa eratzen ari zen unean hain zuzen.

Alabaina, herrialde industrializatuak 1940ko hamarraldiko lehen urteetan hasi ziren gizarte-babes unibertsaleko sistemak eratzen; izan ere, 1929ko krak hark garbi erakutsi zuen merkatu-ekonomia libreak muga handiak zituela, eta bi gizarte eredu borrokan ari zirelarik, sozialista bata eta kapitalista bestea, bide berriak jorratu beharra zegoen; horrenbestez, orduz geroztik hitz egin daiteke Ongizate-estatuaz.

Keynesen proposamenak dira Ongizate-estatuaren instituzionalizazio horren oinarririk sendoenak; estatuak ekonomian parte hartzea bultzatzen zuten proposamenok, merkatuaren akatsak eta gehiegikeriak saihestearren hain justu. Honi deitu izan zaio merkatu-ekonomia soziala.

Iturria: Peter Abrahamson, "Europako Ongizatearen Estatuak eta politika sozialak", in Sarasa y Moreno, "Ongizatearen Estatua Europa hegoaldean", 138 orr.
Iturria: Peter Abrahamson, "Europako Ongizatearen Estatuak eta politika sozialak", in Sarasa y Moreno, "Ongizatearen Estatua Europa hegoaldean", 138 orr.

Babes-sistema hauen formulazioak bide askotarikoak egin ditu, baina formulazio nagusiak bi dira. Aipatu dugun bezala, mende amaieran Alemanian patronalak hainbat aseguru sortu zuen, eta aseguru horiek zabalago eta derrigorrezko egin zituztenean sortu zen lehen formulazioa; Alemania, Frantzia, Belgika edo Austriako kasua da. Sistema hau ez da berez unibertsala, korporatiboa baizik, eta industriako langileentzat pentsatua; hauen errentak eta prestazioak, lehendik eginiko kotizazioaren araberakoak izango dira. Kontratu-mota hori aldatu egiten da enpresaren eta langile motaren arabera; beraz, langileriaren baitan oso egoera desberdinak izan daitezke.

Sistemaren finantzaketa enplegatzaileen eta enplegatuen bidez lortzen da funtsean, eta Estatuaren partaidetza txikia da; edonola ere, Elizak partaidetza handia izan du, historian zehar, antolaketa-mailan. Sistema hau okupazionala, instituzionala, konpentsatzailea eta kontserbadorea dela esaten da.

Bigarren sistemak, aldiz, bi printzipio ditu oinarritzat: lehena, gizarte babesaren unibertsaltasun eta uniformetasun printzipioa da, babes sozial hori hiritarren eskubidetzat hartuz hain justu; eta bigarrena, berdintasuna bilatzea mailarik altuenetan, hau da, guztientzako behar besteko errentak bermatzea, gutxieneko beharrak estaltzea baino urrunago helduz. Esana lortzeko, jende guztiari enplegua bermatu behar zaio, eta hori finantzaketa-zergen bidez lortzen da. Ondorioz, Estatua da enplegatzaile nagusia, eta eragile ekonomiko behinena; funtsezko industriak nazionalizatzea ere ohiko bidea da. Hauxe da Eskandinaviako herrialdeen kasua, Ongizate Unibertsaleko estatua, interbentzionista eta sozialdemokrata. Bi sistema horien arteko aldea hobeto ulertzeko: lehen sisteman, osasun-laguntza Gizarte Segurantzak eskaintzen du, eta horretan sartuta daude kotizatzen dutenak eta horien familiak, ez besterik; bigarren sisteman, berriz, guztiek osasun-laguntza dute, Osasun Zerbitzu Nazional baten bidez.

Bi sistema nagusi horietatik tarteko hainbat sistema sortu dira. Holanda, Italia, Suitza edo Irlandan, hasieran korporatiboa zen sistema arindu eta demokratizatu egin dute, laguntza unibertsaleko sistema batzuk antolatuz, osasun-laguntzarako, besteak beste. Kontrako bidea egin dute, inondik ere, Erresuma Batuan, Kanadan, Estatu Batuetan eta Japonian, ezen hasieran unibertsalak ziren zerbitzuak moldatuz joan dira, sistema korporatiboak sortuz, pentsioei dagokionez batez ere. Erresuma Batuan sistema unibertsal bat abian jartzen ahalegindu zen Alderdi Laborista, 1945 eta 1951 epean gobernuan izan zenean; Beveridge Txostena zen, 1942koa. Ipar Ameriketako "New Deal" haren helburua ere antzekoa zen.

Gaur egun, herrialde horietan, estatuak lagundu egiten die bizitzeko baliabiderik ez dutenei, bai gutxieneko sarrera batzuk emanez, bai onura sozial batzuk eskainiz, esaterako etxebizitza, hezkuntza edo osasuna. Ongizatearen Estatu Liberala esan zaio horri.

Azkenean, beste herrialde-multzo bat aipatu behar da; aurreko bi sistema horiek neurri batean nahastuz, nahiko berandu eratu dute Ongizatea-estatua, eta askotan, osatu gabe utzi dute, gainera; Europa Hegoaldeko herrialdeek osatzen dute talde hori: Grezia, Portugal eta Espainia, hain zuzen. Batzuek hondar-eredua esaten diote.

Herrialde horietan, gizarte elkartasunaren oinarri nagusia familia zen, eta laguntza-sareak Elizaren eskutan zeuden; ez da denbora asko laneko errentak eta osasun-laguntza sartu zirela sisteman, eredu korporatiboari jarraiki lehenak, eta eredu unibertsalari, berriz, bigarrena. Espainian, Ongizatearen Estatua 1960ko hamarraldian hasi zen, lan- paternalismoa nagusi zen une batean; 1970eko hamarraldiko mobilizazio sozialen eraginez, bete beharreko pauso bihurtu zen, eta azkenean instituzionalizatu egin zen; 1980ko urteetan, azkenean, orokor bihurtu da –1975ean BPGren %25,7koa zen gastu publikoa, 1985ean %42,6koa, eta 1995ean, berriz, %50,6koa–.1930-1940 urteen bitartean egituratze-prozesuan zegoen hainbat gizarte, bai gizartean bai politikan; klase-borroka nabarmena zen horietan, eta sozialismo sobietarra erreferentzia handia zen. Gizarte horietan oinarrizkoa izan da ongizatea-estatua eraikitzea, gizarte-bakea eta legitimitate politikoa lortzeko. Sindikatuen eginkizunak gainditu egin zuen enpresaren eremua, bai hiritar gehienentzako babes soziala lortu behar zenean, bai Ongizatearen Estatuko programa eta instituzioen gestioan; hala, biztanleriaren interes sozialak ordezkatzeko forma berriak ekarri zituen sindikatuen lanak.

Lan honen emaitzetako bat merkatuaren berezko logika arintzea eta kontrolatzea izan zen; bide batez, aukera eman zuen gizarte kapitalista hauetan interes eta balio ez-kapitalistak babesteko. Etengabeko gizarte-erreforma honen bidez, bizi-baldintzen hobekuntza nabarmena heldu zen. Laguntza sare bat antolatu zen, erretiro eta elbarritasun pentsioez, osasun eta langabezi aseguruez, dohaineko hezkuntzaz eta etxebizitzarako zein kontsumo kolektiborako laguntza publikoez; hala, gizabanakoak eta familiak nahiko lasai bizi zitezkeen, etorkizuna ez baitzegoen hain kolokan. Izan ere, ordu arte eliteek beste inork ez zuen segurtasun pribilegio hori.

Ongizate-estatuaren ezarpena eta maila neurtzeko parametroak bat baino gehiago dira; esate baterako, autore batzuek gastu publiko osoa hartzen dute neurritzat, baina parametro erabiliena gastu soziala da. Adierazle honi begiratuz gero, garbi ikusiko dugu nola Ongizate-estatua bihurtu den nagusi, gizarte industrialetan; are gehiago, ideologia liberal nabarmen duten herrialdeetan ere sartu da, Estatu Batuetan, besteak beste.

Ongizatearen Estatua 1945 eta 1975 bitartean garatu eta finkatu zen, aurreratutako ekonomien funtsezko garapen aldi batekin bat eginez. Urte horietan harreman estua izan zen ekonomia-garapenaren eta Ongizate-estatuaren hedapenaren artean, erregimen politikoa edozein zela ere.

Errealitate honek bi interpretazio aukera ematen ditu: lehenaren arabera, garapen ekonomikorik gabe ez litzateke posible izango Ongizate-estaturik, eta bigarrenaren arabera, berriz, Ongizate-estatua antolatu izanak sustatu du garapen ekonomikoa.

Lehena zalantzan jarri ez arren, bigarren interpretazioaren aldeko argudioak asko eta sendoak dira. Ongizate-estatuak eragin positiboa izan du hazkunde ekonomikoan, hainbat lanetan adierazi duten bezala. Eragin positibo horrek mekanismo asko erabili ditu:

  • Ongizate-estatuak prestazioak eta soldata sozialak eskaini zizkien herritarrei, eta familiek errenta handiagoa zuten eskura; kontsumo-ahalmena areagotu zenean, eskariak gora egin zuen, ekonomia-hazkundeari bultzada handia emanez.
  • Gizarte-zerbitzuetako eta ondasun kolektiboetako azpiegitura-inbertsioak (ospitaleak, eskolak, etxebizitzak, osasun etxeak, zahar etxeak, kulturuneak, etab.) merkatu garrantzitsu bihurtu ziren; herri-inbertsioak funtsezko elementua izan dira garapen ekonomikoan.
  • Ekonomiaren gizarte-eremuak izan zuen enplegu-hedapen handiena, epe horretan; esate baterako, emakumea modu masiboan heldu zen lan-mundura.

Enplegu publikoa eta para-publikoa agertu ez balira, Ongizate-estatuak sortu baitzituen, gaur egun pairatzen dugun egiturazko langabezia are latzagoa izango zen beharbada. Esandakoa laburbilduz, azken berrogeita hamar urteetan Europan eta beste inguru garatu batzuetan Ongizate-estatua eratu delarik, gizarte-barneko antolaketa hobetu egin da, eta ekonomia suspertu, jendeak etorkizun berri bat ikusi du aurrean, eta gainera eskubideez gozatzeko aukera izan dute. Alabaina, azken hamabost urte hauetan kontraesan handiak sortu dira egitura-mailan, eta dagoeneko ekin diote Ongizate-estatua berraztertzeari; izan ere, batzuk hasiak dira estatu-formula honen egokitasuna zalantzan jartzen.

Ongizate-estatuaren krisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ongizatea-estatuaren krisia 1975ean hasi zen, krisi ekonomikoaren ondorioz, hain zuzen. Dena dela, krisiaz hitz egitean aipamen bat egin behar da, atzeraldi batzuk izan diren arren (1974-75, 1979-83 eta 1990-94), bidea goranzkoa izan baita, oro har. Datu batek egokiago argituko du aipatutakoa: hamabosten Europaren BPG %2,4 hazi zen, batez beste, 1985 eta 1995 bitartean.

Nolanahi ere, krisiaren interpretazioaren inguruan alde handiak daude. 1980az geroztik, tesi neoliberalak nagusitu dira munduan, bai politikan bai ideologiaren mailan.

Tesi horien mamia gastu publikoa murriztea da, eta horren barruan, gastu soziala batik bat. Ondorioz, Ongizatearen Estatuaren aurka jo dute bereziki. Hala eta guztiz ere, eraso horiek ez dute aldaketa adierazgarriegirik eragin babes sozialeko sistemetan; esate baterako, ez Thatcher administrazioak Erresuma Batuan, ez Reagan administrazioak Estatu Batuetan, ez zuten lortu gastu soziala nabarmen murrizterik, nahiz eta gogotik ahalegindu ziren esparru errentagarrienak pribatizatzen, eta gizarte talde ahulenak, berriz, egoera kaskarragoan uzten. Izan ere, gastu publikoan erretiroko pentsioek daramate zatirik handiena, eta gai hori ukiezina da ikuspegi politikotik.

Egiaz, urte horietan europar gizarteek egokitu egin dute gizarte gastuaren hazkundea –hamabikoen Europan BPGren %24,1 hartzen zuen 1980an, eta %27,7 1994an–, hazkunde ekonomikoaren moteltzea kontuan hartuta. Salbuespen bat edo beste bada, hala ere. Adibidez, Espainiak aurrerapen handiagoa egin zuen laurogeiko hamarraldian, 1980ko %18,2tik 1994ko %23,6ra igaroz. Jauzi handia, baina oraindik Europako batez bestekotik lau puntu beherago. Azaldutako datuen argitan ikusten denez, Espainiako Ongizatearen Estatua azken bi hamarraldietan eratu da, krisi ekonomikoaren epe latzenean, hain zuzen; aldiz, bere Ongizate-estatua oparotasuneko urteetan eratu zuten europar herrialde gehienak ahalegin bizian ari dira bere gastu soziala murrizteko. Eta Espainiaren denbora-gorabehera horren ondorioz, Ongizate-estatuaren egitura ahula da, eta gestio-arazo asko ditu.

Aipatu behar da Ongizate-estatuak egitura-krisi bat baduela; are gehiago, krisi hori batetik, eta elkartasunezko instituzioak deslegitimatu nahi dituen eraso neoliberala bestetik, hainbat erreforma gertatzen ari da egituran, gizarte prestazioetako batzuk pribatizatuz eta horien kopurua eta kalitatea murriztuz.

Ongizate-estatuaren krisiak hiru eragile nagusi ditu:

  1. Herri finantzen aurrekontu krisia, gizarte babeseko sistemetan ez dagoelako kotizatzen dutenen eta onuradunen arteko orekarik; lanaren ekarpenak beherantz doaz, eta pentsioak, osasun gastuak eta gastu sozialak, berriz, gorantz. Kultura, demografia eta ekonomia joerak ere kontuan izan behar dira, eta horien artean nagusiak hauek dira: jaiotza-tasa murriztea; bizi-itxaropena luzatzea, 77 urtera heldu baita dagoeneko; lanbide bizitza aktiboa murriztea (langabezi egoera luzeak, ezintasunak, garaiaz aurretiko erretiroak, aurre-erretiroak, etab), 25 eta 55 urte bitartera mugatzen ari da-eta, eta langileak hogeita hamar urtez kotizatzen du, eta 45 urtez bizi da prestazioetatik; enplegu tasa txikia emakumezkoen artean, 15en Europan %45,3koa baitzen 1997an, eta gizonezkoena, berriz, %66koa; eta langabezi tasa altua –1997an %10,7–, ezen kotizatzen egon behar zuen taldea langabetuena izanik, horren ordez areagotu egiten du gizarte gastua, langabeziagatiko prestazioak direla eta. Azken bi puntu horietan, Espainiaren egoera oso larria da: enplegu tasarik baxuenetakoa du emakumezkoen artean, eta langabezi tasa orokor altuena ere bai; hau da, gizarte gastuaren oinarria kotizatzen duen talde txiki bat da.
  2. Lehiakortasun ekonomikoaren krisia, agente ekonomikoen jarduera ekonomia global batean gauzatzean, enpresen, herrialdeen eta lurraldeen arteko lehiakortasunaren egitura aldatu egin baita. Munduko edozein tokitan produzitzeko eta saltzeko ahalmena izatean, batzuek abantaila handiak dituzte produkzio kostuetan, bai babes sozial kaxkarra eskaintzen duten herrialdeek, bai elkartasun mekanismoak familian oinarritzen dituztenek. Hala, enpresek herrialdez aldatzen dituzte lantegiak eta bulegoak, kosturik txikienak bilatuz hain zuzen. Enpresa-estrategia horien eraginez, Europako enplegu eskaintza murrizten ari da, eta Ongizate-estatuaren krisia areagotzen.
  3. Legitimitate krisia, Ongizate-estatua oinarri sozial eta politikoa galtzen ari da. Arrazoi nagusiak bi dira: produkzio egitura aldatu egin da, eta alde batean dira oso langile gaituak behar dituzten lanak, eta bestean, berriz, gaitasun berezirik behar ez dutenak; azkeneko horien egoera, gainera, behin behinekoa izaten da. Erdi mailako lanak desagertu egin dira, automatizazioaren eraginez, eta lanbide-jarduera batetik beste batera igarotzea ohiko kontua da gaur egun, teknologia aldaketa bizkorrak horretara bultzatzen gaituelako.

Horren ondorioz, lanbide sekuentziak oso aldakorrak dira, ezin dira aurrez ikusi, eta zeharo indibidualizatuta daude; indibidualismoa gero eta sendoagoa da gure gizartearen balio sisteman, eta gizabanakoa da aberastasuna, boterea eta desirak metatzeko prozesuen erdigunea.Aipatutako bi arrazoi horiek direla-eta, irtenbide indibidualak bilatzen dira (osasun-sistema pribatuak, pentsio fondoak, eskola pribatuak, etab.), eta galtzen ari dira elkartasun arau unibertsalak; gogoan izan hauexek direla Ongizatearen Estatuaren oinarria. Gizarte estratifikazio berri bat agertzen ari da, eta dagoeneko ez dira “aberatsak” eta “pobreak”, baizik eta “produktoreak” eta “ez-beharrezkoak”. Ongizate-estatua babes hutsa da, gero eta ospe txarragoa duena gainera, eta sisteman galtzaile gertatzen direnak, batez ere hiri handietan, haren estalpean babesten dira.

Gaur egun, beraz, Ongizate-estatuaren etorkizunari buruzko eztabaida behin eta berriro agertzen da azken bi hamarraldietan.

Iritzi gehienak bat datoz: gaur egungo diseinuaren arabera ezin zaio estatu mota horri eutsi, baina alde handiak daude jorratu beharreko bideak zein diren erabakitzeko. Batzuek desegitea proposatzen dute, argudio ekonomikoetan oinarriturik; instituziorik errentagarrienak pribatizatzea proposatzen dute, Ongizate-estatua mailarik minimoenean mantenduz, egoerarik larrienak besterik ez estaltzearren.

Horien arabera, Ongizate-estatuaren finantzaketak inbertsiorako aurrezkia murritzarazten du, ez baita aurreztu behar etorkizuneko beharrak asetzeko, Estatuak berak aseko baititu; gainera, lan-merkatuaren funtzionamendua ez da egokia, lan-kostuak areagotzen direlako, eta marjinazio egoerak betikotu egiten dira, pobreziaren tranparen bidez; izan ere, pobreei nahikoa zaizkie laguntzak eta onura publikoak, eta ez dira egoera txar horretatik irteten ahalegintzen. Iritzi horren beste muturrean daude Ongizate-estatua mantentzearen aldekoak, egin beharreko aldaketak eginik betiere.

Gizarte-berdintasun eta justiziako argudioak aipatzen dituzte, eta horien ustez, giza kapitala ez da bakarrik langile-sorta bat, behar dituen ezagutzaz hornitua, baizik eta langile produktiboz osatutako talde bat, osasuna eta hezkuntza ahalbidetzen dizkioten bizi baldintzak dituena. Horregatik, hainbat erabaki hartzea ari dira proposatzen:

  1. Estatuaren parte-hartze estrategikoa, produktibitatearen baldintza sozialetan, batez ere hezkuntza eta prestakuntza jarraituko sistemen bidez (helduen hezkuntza eta lanbide-birziklatzea).
  2. Enpleguaren eta lanaren erreforma, behin-behinekotasunaren kontra joz eta lanordu-kopurua murriztuz, soldatak neurri berean txikiagotuz, eta ordu horiek betetzeko lanpostuak sortuz. Produktibitatea areagotzeko eta lanpostu gehiago sortzeko, eskaria beharko da, hau da, kontsumo kolektiboa mantentzea ezinbestekoa da.
  3. Zahartzarorako politika berria, neurri kuantitatiboak baino gehiago kualitatiboak landuz. Esate baterako, edadeko langileak lanean mantendu, nahiz eta ordu gutxiagoz izan, birziklatze politiken bidez, eta langileak egokitzea, daukaten lan-esperientzia erabiltzearren. Edadeko pertsonek ospitaletan denbora luzez hartzen dituzten ohe gehienen ordez, kostu txikiagoko baliabideak erabiltzea, hala nola etxeko laguntza-zerbitzuak, egoitza-sistema berriak, edo familiaren laguntza.
  4. Muga-zergak murriztea eta mundu-merkatuko interbentzioa, babes-mailak eta gizarte-eskubideak kontuan izanik betiere; esate baterako, GATT Akordioari itun sozial bat eranstea.
  5. Elkartasunezko instituzioak deszentralizatzea, atzera legitimazioa lor dezaten laguntzeko; hau da, laguntza-instituzio sare askotarikoa antolatzea, onuradunen eta gizarte-agenteen parte-hartze gero eta handiagoa izan dadin, bai gestioan bai garatuko diren gizarte-programei buruzko eztabaida nagusietan.
  6. Elkartasunezko mekanismoak gizarte zibilari hedatzea. Hala eta guztiz ere, honek ez du berekin ekarriko Estatuak bere ardurak bazterrean uztea. Gizarte zibilaren lana bultza daiteke, bere arazoak azter ditzan; eta horretarako, ezinbestekoa da aurrekontu publikoaren zati bat bideratzea, ekimen pribatua susper dadin elkartasunaren gestioaren arloan. Horrela, eskuzabaltasun indibidualak leku gehiago izango luke, eta baita ardura kolektiboak ere boluntarioez osatutako laguntzari bidez, gorantz doan fenomenoa baita. Neurri horietako batzuk dagoeneko gauzatzen ari dira Europar Batasunean azken urteotan, gobernu aurrerakoien babesean. Edonola ere, hainbat joera dago: batzuek zerbitzuak deszentralizatzera eta hauek lurraldea esparruka banatzera jotzen dute; beste batzuek, berriz, zerbitzu horiek integratzera, gehiegizko espezializazioa eta koordinazio falta gainditzeko; horiez gain, zenbaitek areagotu egin nahi du alor publikoaren eta pribatuaren arteko laguntza; eta ez da falta prebentzioaren ikuspegi estrategikoa garrantzitsuagotzat jotzen duenik; azkenean, gizarte baitako elkar laguntza handitzea proposatzen dutenak daude. Dena dela, joera guzti-guztiak gizarte-zerbitzuen barruan daude, eta finantzaketa mugatua dute, eta izango dute, harik eta bi atal nagusiei heltzen ez zaien arte: lan-munduaren eta beronen kotizazio egituraren erreformari batetik, eta bestetik, mundu-merkatuaren testuinguruan gutxieneko baldintza sozial batzuk finkatzeari.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]