Pedro Berruguete

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Autoerretratua
David Erregea, Paredes de Nava

Pedro Berruguete Espainiako eskultore eta margolaria izan zen (Paredes de la Nava, 1450 inguruan - Avila, 1504 inguruan). XV. mendearen bigarren erdiko artistarik nabarmenetakoa zen. 1477 inguruan Italian izan zen, Urbinon, Federigo da Montefeltro dukearen zerbitzuan, Ganteko Justok hasitako lanari jarraia ematen. Antza denez, haren eskutik atera ziren dukearen gelako Gizon Ospetsuak saileko 28 irudimenezko erretratuetako gehienak. Halaber, bereak bide dira Dukearen eta semearen erretratua eta Arte liberalen alegoriak, gela hartako apaindura osatzen zuten koadroak. Dukea hil ondoren (1482) Espainiara itzuli zen, eta asko lagundu zuen Errenazimentuak ekarri zituen berrikuntzak hedatzen. Berrugueteren lan batzuk galdu badira ere, Toledoko Katedralerako egin zituen freskoetatik asko gorde dira. Horien artean, Avilan pintatu zituen lau erretaulak ditu aipatzekoak. 1499an hasi zuen handiena, baina artista hil zelarik amaitu gabe gelditu zen; beste hiruak Santo Tomas komenturako egin zituen (elizako erretaula nagusia eta Santo Domingo eta San Petri Martiriari eskainitakoak). Garbi nabari da erretaula horietan zeinen artetsu egokitu zituen Italiako Errenazimentuaren oinarriak Gaztelako urrezko hondoen oparotasunarekin. Aipamen berezia merezi dute, bestalde, Paredes de Navako bi erretaulek.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pedro Berruguete Aldatu lotura Wikidatan