Petra Lekuona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Petra Lekuona

Bizitza
JaiotzaOiartzun1848ko maiatzaren 26a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaOiartzun1929ko otsailaren 7a (80 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakongilea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

Petra Lekuona Etxebeste, Maria Petra Felipa izenarekin bataiatua. (Oiartzun, Gipuzkoa, 1848ko maiatzaren 26a, ib. 1929ko otsailaren 7a). Herriko ongilea, bere ondarea utzi zuen adineko herritarrak babesteko. Oiartzungo Zaharren Egoitzak bere izena darama.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurasoak, biak, oiartzuarrak ziren. Aita, Jose Francisco Lekuona Rezola “Urtxalle“, Urtxalle pilotari eta bertsolariaren anaia. Ama, Maria Concepción Etxebeste Sorondo. Bederatzi senide izan ziren eta hauetatik laugarrena izan zen Petra. Bere aiton-amonak, aitaren aldetik: Salvador Ignacio Lekuona Retegi eta Josefa Gregoria Rezola Aurela eta amaren aldekoak: Juan Antonio Etxebeste Etulain eta Maria Nikolasa Sorondo Olano.

1882ko azaroaren 27an ezkondu zen Oiartzunen, Jose Manuel Artola Sagastumerekin. Agirietan azaltzen denez senarra negociante-a zen eta Ameriketan urte asko pasa ondoren 41 urterekin ezkondu zen Petra Lekuonarekin. Jose Manuel oiartzuarra zen, bainan bere gurasoak Amezketakoak, nahiz eta Oiartzunen bizi. Aita medikua.

Petra eta Jose Manuel, Kale Nagusiko 2-2an jarri ziren bizitzen, Rafael Pikabea jaio zen etxe berean. (Kale Nagusia zena, Aialde kalea izatera pasa zen). Seme bat izan zuten, José Mª Jabier Lorenzo Artola Lekuona (1885.08.10-1928.01.09). Ezkongabea zen eta escribiente-a, heriotza agirian azaltzen denaren arabera. 42 urterekin hil zen, ama hil baino 13 hilabete lehenago. Biak Eguesenian edo serora eta sakristaban etxea bezala ezagutzen zen etxean hil ziren.

Petra Lekuonaren testamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petra 81 urterekin hil zen, baina aurrez bere ondasunak zaharren asiloan inbertitzeko agindua emanda. 1929ko otsailaren 5ekoa da jaraunspen edo herentzia agiria. Bere ahizpa Maria Josefa Inocencia Lekuona Etxebeste izendatu zuen usufruktuzko oinordeko bakar eta unibertsal, jaraunspen edo herentziaren ondasunak gordetzeko betebeharrarekin. Bere nahia izan zen, zituen ondasunak ongintzazko eraikuntzan inberti zitzaten, zaharren asiloa eginda.

San Juan kapera edo ospitale zaharra. 1988

Oiartzunen, San Juan kaperan kokatutako ospitale zaharra ezagutzen zuen Petra Lekuonak. Bertan Karitateko Mesedeetako mojak zeuden, 1930ean herrira iritsi zirenak. Hasieran anbulategia jarri zuten martxan, erizainak zirelako, baina urteak aurrera joan ahala, behartsuei laguntzen ere hasi ziren, ezinduak zaintzen zituzten, baita adinekoak ere. Horiek izan zituen buruan Petrak. Bere ahizpa hil zenean, testamentu-betearazle edo albazea berriak izendatu ziren eta hauek ere hil ondoren, azkenean oinordekoa "Oiartzun Bailarako Ongintzazko Erakundea" zela estimatu zen. Erabakia Onurako Batzorde Probintzialak berretsi zuen, 1955eko urtarrilaren 3an.

Mojen eskola.1940/06/20

1956ko maiatzaren 18ko udal bilkuran jasota geratu zen bezala, Oiartzungo Udala eta María Petra Felipa Lekuona Etxebeste andrearen testamentu-ordezkaritza elkartuta, udal-izaerako Ongintza Batzorde bat eratzeko erabakia hartzen dute bi helburu nagusirekin: Herriko adinduen beharrei erantzuteko eraikin berria egitea eta aldi berean haur eta gaztetxoen irakaskuntza maila guztiak eskaintzea bertan. Izena ere erabakita geratu zen: “Oiartzungo Udal Ongintza - Petra Lekuona andrearen asiloa”. Aldi berean lotua geratu zen Karitateko Mesedeetako mojek jarraituko zutela aurrerantzean ere asiloa eta eskola zuzentzen.

1957ko uztailaren 11ko eskrituraren bidez, Oiartzungo Ongintzako Tokiko Batzarraren izenean Antoneneko Iriartetarren lursail bat eskuratu zen, asilo-ospitale berria eraikitzeko. Ezaugarriak ezarri ziren: Hogei oheko edukiera izatea eta horrez gain, eskolan 120 haur hartzeko edukiera ere izatea. Eraikinaren proiektua Antonio Zaldua arkitektoari eman zitzaion, konstruktorea Jose Lizarazu zela, eta modu honetara eraiki zen: 

  • Beheko solairua: Jangela, sukaldea, botikina, irakaskuntzarako 2 gela eta gimnastika eta jolaserako lokala.
  • Lehen solairua: 2 jangela, kapera eta egongela, 2 gela irakaskuntzarako eta lokala ahizpentzat.
  • Bigarren solairua: Asilatuak, neska eta erlijiosoen logela eta irakaskuntzarako 2 gela.

Petra Lekuonaren ondasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957an Petra Lekuonaren ondasunak saltzen dira. 1957ko urtarrilaren 23ko notario-eskrituraren baitan, María Petra Felipa Lekuona Etxebeste andrearen jaraunspenetik zetozen ondasun hauek Oiartzungo Ongintza Batzarrera pasa ziren:

  • Errenteriako Lihozko Ehunen Sozietate Anonimoaren 383 eta 384 zenbakiko akzioak, bakoitza 4.000 errealekoa. SAko 2.096 eta 2.097 akzioak. "El Pueblo Vasco" eta sozietate beraren 2.096 eta 2.097 zenbakiko obligazioak, ehun pezetako nominalarekin akzio bakoitzarekin eta bostehun pezetarekin obligazio bakoitzarekin, nahiz eta titulu horiek ez ziren kotizatzen eta ez zuten inolako baliorik.
  • Donostiako Iñigo kaleko 9. upategi bat, 98 metro koadro inguru hartzen duena.
  • Errenteriako Lihozko Ehunen Sozietate Anonimoan dagoen kontu korrontea, 1.985,61 pezetakoa.
  • 1.383.550,40 pezetako libreta.
  • Eskudirutan 4.521,00 pezeta, gehi 10.386,35 abelburu.

Petraren kapitala nabarmen eskasa zenez, Udalak beretik jarri behar izan zuen eraikina eraikitzeko, guztira milioi bat pezeta baino gehiago. Bestalde, hainbat ongile partikularrek ere laguntza eman zuten.

Petra Lekuona, ospitale berria [aldatu | aldatu iturburu kodea]

1959an eraiki zen egoitza berria Iparralde etorbideko 13.ean. Geroztik egoitzak eraldaketa eta moldaketa prozesu asko izan ditu. Aipatzekoa da 1978an Gipuzkoako Asistentzia-plana abian jartzen denekoa, fisikoki nahiz kontzeptualki zaharkituta zeuden asilo-ereduak eraldatzeko proposamenarekin. Oiartzungoa ez zen atzean geratu eta egin beharreko eraldaketako bat orduan eman zen, tartean zuzendaritza batzordea aldatuz.

Talde bat sortu zen herritarrak kontzientziatzeko. Lukas Etxebeste arkitektoak proiektua burutu zuen eta diru-bilketara bideratzen dira ahalegin guztiak. Udala da proiektuko erantzule. Madriletik 12 milioi pezeta jaso ziren eta herritarren artean beste bi milioi bazeuden bilduak 1979ko uztailaren 1ean.

Eraikina eraldatu zen; Iñaki Arbelaitz ikertzailearen hitzetan:

“Ia hotel bat, bere berrogei oherekin, banakako logelekin, gela bikoitzekin eta hirukoitzekin. Igogailuekin, karga-jasogailuekin, berokuntza zentralarekin, zerbitzu ugari eta funtzionalekin, leihate zabalekin, egongelekin, tabernarekin, eta orain arte ez zituen instalazio ugariekin”

1980. urtean bertan, funtzionamendua ere aldatu zuten. Zaharrentzat egoitza mantendu zuten, baina hezkuntzak beste bide bat jarraitu zuen herrian eta ez zen gehiago eskola izan. Horrez gain, mojak ez ziren lan guztiak egitera iristen, eta kaleko jendea hasi zen egoitzan lanean, batzuk langile finko bezala eta hauekin batera, boluntario sare bat eratu zen, igandeetan laguntzera joaten ziren herriko emakumez osatua. Lanera sartu zen lehenengo laikoa sukaldaria izan zen.

Petra Lekuona egoitza 1985ean

1983 eta 1985 urteetan egoitza handitu zuten, plaza gehiago eskainiz. Kasu honetan Lukas Etxebeste arkitektoak eta Martin Lekuona konstruktorea izan ziren lanen arduradunak. Mojek jarraitu zuten kudeaketa eta zuzendaritzaren arduran 2006 arte, baina batzorde baten laguntzarekin. Batzordea honokoek osatzen zuten: Mojen ama nagusia, bikarioa, parrokiako bi bokal eta udaletik alkatea eta zinegotzi bat, idazkari lanetarako langile batekin.

2002an beste eraldaketa handia. Gizartearen aldaketek eskatzen zuten premia berriei erantzun ahal izateko, egoitza berri bat eransten zaio zaharrari, berau ordezkatzeko. Modu horretan lortu zuten 1998ko Dekretuaren eskakizunak betetzea. Etorkizunari begira egoiliar-plaza gehiagoren beharra aurreikusten zen eta aldi berean eskaintza espezializatuagoari erantzun beharra. Honela 4.083.670.88ko aurrekontua onartzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizartegintzak %60 finantzatzen du eta Oiartzungo udalak %40. Eraikin berriaren egitura honokoa izan zen:

"Sotoa. Beheko solairuan, harrera eta hainbat zerbitzurentzako lekua (medikua, psikologoa, erizaintza) eta beste hiru solairutan egoiliarren logela banakakoak eta binakakoak. Solairu bakoitzean jangela eta egongela izango da, egoiliarrei egokitutako moduluak sortuz eta alferrikakoak diren lekualdatzek saihestuz".

Petra Lekuonako azken mojak 2011n.
Petra Lekuona egoitza 2015ean

Eranskin berria 2006ean bukatu zen. Egoitza zaharra hustu eta berrira pasa ziren guztiak. Urte horretan mojek zuzendaritza utzi zuten eta geroztik teknikarien esku geratu zen egoitzaren zuzendaritza guztia, nahiz eta mojek jarraitu zuten bertan bizitzen. Oiartzunen 81 urte pasa eta gero, 2011ko abenduaren 10ean komunitate erlijioso osoa erretiratu zen.

Matia Fundazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2017tik Matia Fundazioaren esku dago egoitza.  Prozesu bat eman zen bi fundazioak bat egiteko eta erabateko fusioa 2022an lortu zen. Orduz gero jabetza guztia Matia Fundazioarena da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzartuta ditu egoiliarren plazak.

Etxe zaharra solairuz solairu moldatua izan da eta data ezberdinetan ireki dira pisuak 2016tik. Goiko hiru solairuak zahar egoitzaren zerbitzua handitzeko zabaldu ziren eta beheko solairua buruko gaixotasuna duten 65 urtetik beherako pertsonei zerbitzua emateko.

2023ean “Etxean bezala” proiektua jarri zen martxan, Europako diru-laguntza tarteko. Aldaketa kontzeptuala eman zen eta ondorioz espazioaren berrantolaketa berria ere bai. Espazio handien egitura gainditu nahi izan zen eta etxe giroko espazio intimoagoak eskaini, beste aldaketen tartean.[2]

Erreferentziazko bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petra Lekuona artikuluaren edukia honoko testuetan oinarritu da:

  • Oiartzun 1979. "Hospitales en Oyarzun" (Iñaki Arbelaitz y extractos de la monografía “Del Oyarzun antiguo” de D.Manuel Lekuona). (Oiartzungo udaleko argitalpena):
    • "El hospital nuevo. Historia de la Fundación". (96-101 or.).
    • "La nueva residencia". (102 or.).
  • Oiartzun 2004 "Petra Lekuonaren egoitzaren anpliazio eta berrikuntza". Petra Lekuona. (182 or.) Oiartzungo udaleko argitalpena. L.G.: SS-531/77.
  • Oiartzungo parrokiako sakramentu-aktak. (Joxemari Mitxelena Cazabon).
  • Hitza. Boga astekaria, Gizartea 6-7 orr. “Ia mende oso bat hurkoari laguntzen” (N. Vega) (2011/12/02).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]