Rialto zubia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Rialto zubia
Rialto zubia
Lerroak oinezkoa
Zeharkatzen du Canale Grande
Non Venezia, Italia

Rialto zubia (italieraz Ponte di Rialto, veneziera Ponte de Rialto) Veneziako Kanal Handia (Canale Grande) zeharkatzen duten lau zubietako bat da; besteak Ponte dell' Accademia, Ponte degli Scalzi eta Ponte della Costituzione dira. Guztien artetik Rialto zubia da zaharrena eta segur aski ezagunena ere bai. Veneziako bi sestiere (auzo) lotzen ditu: San Polo eta San Marco.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanal Handiaren gainetik egin zen lehenengo igarobidea txalupez osaturikoa zen eta 1181n eraiki zuen Nicolò Barattierik (haren lanen artean San Marco enparantzako bi zutabeak ere badaude). Iraganbide honi, Ponte della Moneta deitzen zioten, ekialdeko sarreraren ondoan zegoen diru etxearengatik.

Kanal Handiaren ekialdeko ur bazterrean zegoen Rialtoko merkatua haziz joan zen eta ondorioz zubiaren gaineko joan-etorria handiagotu egin zen. Lehenago zegoen txalupez osaturiko iraganbidea zureko egitura zuen zubi baten ordez aldatu zuten 1250 inguruan. Egitura berria erdiko zati mugikorrean elkartzen ziren bi arranpa makurrez osotuta zegoen, eta erdiko zati mugikor horri esker altuera handiko ontziak pasa zitezkeen. Merkatuarekin zuen lotura handia zela eta, izena aldatu zioten eta horrela Rialto zubia bihurtu zen. Zubiaren alboetan dendez osaturiko bi lerro eraiki ziren XV. mendearen lehenengo zatian. Estatuaren Diruzaintzak errentatik jasotzen zituen diru sarrerei esker mantentzen zen zubia.

Rialto zubia gauez.

Zubiak kalteak izan zituen 1310ean, Bajamonte Tiepoloren menpe zeuden erreboltariak erretiratzean. Ferrarako markesaren emaztearen desfilea ikustera hurbildu zirenen pisuaren ondorioz zubia erori egin zen 1444an. Zubia berriz ere jausi zen 1524an.

Harrizko zubi bat eraikitzeko proposamena 1503an egin zen lehenengo aldiz. Hurrengo hamarkadetan zehar hainbat proiektu aztertu ziren eta azkenik 1551n Veneziako agintariek Rialto zubia berriztatzeko agindua eman zuten. Jacopo Sansovino, Andrea Palladio eta Il Vignola bezalako arkitekto ezagunek ikusmolde klasikoko eta hainbat arkuz osotutako proiektuak aurkeztu zituzten baina ez zizkieten egokitzat jo.

Zubiaren xehetasuna.

Gaur egun ikus dezakegun zubiak arku bakarra du eta Antonio da Pontek eraiki zuen Antonio Contin bere ilobaren laguntzarekin. Eraikuntza 1591n bukatu zen, Pasqual Cicogna dukearen garaian hain zuzen ere. Gaur egungo zubiaren egitura zurezkoaren berdintsua da: zubiaren erdiraino garamatzaten bi arranpa makur ditu eta alboetan dendak daude. Zubi osoak arkupe sorta bana du alboetan. Batzuei ingeniaritza aldetik proiektu lar ausarta iruditu zitzaien: Vincenzo Scamozzi arkitektoak, esaterako, uste zuen zubia berriro jausiko zela, baina zubiak oraindik tinko irauten du eta Veneziako sinbolo arkitektonikoetako bat bihurtu da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rialto zubia Aldatu lotura Wikidatan

Koordenatuak: 45°26′17″N 12°20′09″E / 45.438037°N 12.335895°E / 45.438037; 12.335895