Salvatore Rosa
Salvatore Rosa (Napoli, 1615 - Erroma, 1673) italiar pintorea izan zen, paisaia erromantikoaren aitzindaria. Familia apal bateko semea zen, eta Pintura ikasketak ez zituen jarraian egin. Paisaiak eta guduak pintatu zituen gaztetan batez ere. Hogei urte zituenean Erromara joan zen, eta handik Florentziara. Flandriar eta alemaniar pintoreak aztertzen zituen artean, paisaia fantastikoak pintatzen zituen, leku ilunak eta beldurgarriak, oihanak, itsas ekaitzak, eta abar. 1649an berriro Erroman hartu zuen bizilekua, eta Lorrenako Claudio paisaiagilearen eragin handia izan zuen aurrerantzean. Bizitzako azken hogei urteetan gai alegorikoak, historikoak eta mitologikoak landu zituen.
Lan nagusiak: Autorretratua, Attilio Reguloren heriotza eta Salernoko golkoa.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.