Tegea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Atenea Alearen tenplua Tegean.

Tegea[1] (grezieraz Τεγέα) Antzinako Grezian Arkadiako hiririk garrantzitsuena izan zen. Herrialdearen hego-ekialdean zegoen, bere lurraldea Tegeatida deitzen zen eta Zinuria eta Argolidarekin muga egiten zuen ekialdean, Lakoniarekin hegoaldean, Menaliarekin mendebaldean eta Mantinearekin iparraldean.

Pausaniasek Gareatae (Gareatai), Filaceis (Fulakeis), Cariatas (Karuatai), Coriteis (Koruteis), Potakidas (Potachidai), Oeatae (Oiatai), Mantireis (Mantureis) eta Ekeuetheis (Echeuetheis) izan zirela dioen zortzi hiri txikiren elkartzetik sortu zen, zortzi hauei, ondoren Afeidantes batu zitzaielarik, Afeidas errege mitikoaren garaian. Tegeatarrak lau tribu edo phulaitan banatuak zeuden: Klareotis (edo Kraiotis), Hippothoitis, Apolloneatis eta Athoneatis (edo Athaneatis), bakoitza bere hiritarrekin eta beste hiri batzuetako hiritar edo metoikoirekin. Beste errege mitiko bat Ekemo izan zen, Iliadan aipatzen dena.

Tegeatarrek espartarren aurka borrokatu zuten hauek Arkadia hartzen saiatu zirenean. Gerretako batean, Karilao erregeak herrialdea inbaditu zuen orakulu batek garaiena iragarri ondoren, baina garaitua eta bere gizonekin batera preso hartua izan zen. Beste gerra bat Leonidas eta Agesikles erregeen garaian gertatu zen, eta espartarrak berriz garaituak izan ziren. Baina Anaxandridas II.a]] erregearekin espartarrek tegeatarrak garaitu zituzten, eta Espartaren nagusitasuna onartzera behartu zituzten (K. a. 560 inguruan), eta independente mantendu zen arren, bere armadak Espartaren zerbitzura egon behar izan zuen. Mediar Gerratan parte hartu zuten, eta 500 tegeatarrek borrokatu zuten Termopiletako guduan eta 3000k Plateako guduan. Garai honetan Tegeak hogei mila biztanle libreko biztanleria zuen.

Pertsiarren aurkako gerraren ondoren, Tegea Espartaren aurka borrokan hasi zen, agian erabateko independentzia berreskuratzeko (bi gerra K. a. 479 eta K. a. 464 bitartean), baina bi aldiz garaituak izan ziren, lehenean bere aliatu ziren argostarrekin batera eta bigarrenean beste arkadiarrekin (Mantinea izan ezik) Dipaeako guduan.

Garai honetan Tegea hiriko Atenea Alearen tenplua ezaguna izan zen, erbesteratutako espartarren babeslekua, Hegesistrato, Leotikidas eta Pausanias Espartakoa erregeak kasu. Tenplu hau K. a. 394an suntsitua izan zen, eta Eskopasek handiago bat eraiki zuen.

Beranduago, Peloponesoko Gerran, tegeatarrak espartarren aliatu izan ziren. Tegea gobernu aristokratiko baten pean zegoen, eta orduan bere etsaia Mantinea zen, gobernu demokratikoa zuena. K. a. 421ean Espartaren Argosekin Espartaren aurkako aliantza bat arbuiatu zuten, eta, aldiz, espartarrei Argosen aurkako erasoan lagundu zieten K. a. 418an.

Korintoko gerran Espartaren ondoan borrokatu zuen K. a. 394an, baina K. a. 37ko Leuktrako guduaren ondoren alderdi aristokratikoak boterea galdu zuen eta gobernu berria Arkadiako beste hiri batzuekin elkartu zen, Megalopolis lehenik eta Arkadiar Liga ondoren sortuz. Urte gutxi beranduago, Mantinea izan zen arkadiar gobernu konfederalaren aurka borrokatu eta Espartarekin aliatu zena, eta Tegeak ligarekiko leial jarraitu zuen, K. a. 362an Epaminondasen agindupean Mantineako guduan borrokatuz.

Handik denbora batera Etoliar Ligan sartu zen, baina urte gutxiz, Kleomenes III.a Espartako errege bihurtu zen arte, eta orduan, Esparta, Tegea, Orkomeno eta Mantinea aliatu ziren eta horrek Akaiar Ligaren aurkako gerrara eraman zuen, Kleomenesen gerra deituua izan zena. Tegea Antigono Dosonek okupatu zuen, akaziarren aliatua eta Akaiar Ligara gehitua K. a. 222an.

K. a. 218an Espartako tiranoa zen Likurgok Tegea eraso zuen, akropolia izan ezik erabat domeinatu zuena. Ondoren Makanidas tiranoaren eskuetara pasa zen, baina akaiarrek berreskuratu zuten tiranoak Filopemenen aurka galdu ondoren.

Ondoren, populatua jarraitu zuen Arkadiako hiri bakarra izan zen, eta hala jarraitzen zuen Estrabonen garaian. Alarikok suntsitu zuen IV. mendearen amaieran.

Hiri zaharretik 5 kilometro inguru iparraldera, egungo Tripoli hiria dago. Tenpluaren hondakin txiki batzuk geratzen dira, baita Antioko IV.a Epifanes seleukotar erregeak haitzurdinez eraikitako antzoki batenak ere, non eliza bat eraiki zen (Paleo-Episkopi).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Tegea

Koordenatuak: 37°27′19″N 22°25′14″E / 37.455318°N 22.420430°E / 37.455318; 22.420430