The Ansonia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
The Ansonia
Theansoniajeh.JPG
The Ansonia eraikinaren izkina bat
Udalerria New York, Ameriketako Estatu Batuak
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Koordenatuak 40°46′48″N 73°58′57″W / 40.78000°N 73.98250°W / 40.78000; -73.98250Koordenatuak: 40°46′48″N 73°58′57″W / 40.78000°N 73.98250°W / 40.78000; -73.98250
Helbidea 2101--2119 Broadway
The Ansonia non dagoen adierazten duen New York-ko/-go/-eko mapa
The Ansonia
The Ansonia, aspaldiko irudi batean

The Ansonia New Yorkeko eraikin bat da, Upper West Side alderdian kokatua. Zehazki, bere helbidea 2109 Broadway da, 73. eta 74. kaleen artean.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1899tik 1904ra bitartean eraiki zuen William Earle Dodge Stokes negozio-gizonak, hotel bat izateko. Bere aitona Anson Greene Phelps-en omenez ipini zion "Ansonia" izena. Bere asmoa zen Manhattaneko hotelik handiena eta arranditsuena eraikitzea.

Hotela luxuzko apartamentuz osatuta zegoen. Apartamentuek gela ugari zeuzkaten (logelak, egongelak, liburutegiak eta jangelak, haietako asko biribilduak edo obalo-formakoak). Apartamentuetatik Broadwayren ikuspegi panoramikoez goza zitekeen, bai iparralderantz bai hegoalderantz. Horrez gain, apartamentuek sabai altuak, moldura dotoreak eta begiraleihoak zeuzkaten.

Eraikinean sukalde zentral bat zegoen, eta solairu bakoitzak sukalde osagarriak zeuzkan. Era horretan, hoteleko egoiliarrek sukaldari profesionalen zerbitzuak izan zitzaketen beren apartamentuetatik irten beharrik izan gabe.

Ohikoak diren te-areto, jatetxe eta dantza-areto handiez gain, Ansoniak bainu turkiarrak zeuzkan, bai eta sarrera nagusian iturri handi bat ere, bizirik zeuden fokak zeuzkana.

New Yorken aire girotua izan zuen lehenbiziko hotela izan zen.

Eraikinaren egitura altzairuzkoa da, eta 18 solairu ditu. Beaux Arts estiloko fatxada eta Pariseko kutsua agertzen duen mantsarda-teilatua dauzka. Ezaugarri arkitektoniko deigarri gisa, izkinetan dituen dorretxo biribilduak aipatu behar dira.

Eraikinak eskailera-atal ireki bat dauka, izugarrizko kupula-formako sabai-leiho bateraino iristen dena. Eraikinaren korridoreak hiri osoko zabalenetakoak dira.

Bitxikeria gisa aipatu behar da Stokes-ek zenbait urtez granja-abereak eduki zituela eraikinaren teilatuan, bere apartamentuaren aldamenean. Ildo horretan, eraikinaren ezaugarri guztiz ezohikoa da abereentzako igogailu batez hornituta egotea, teilatu aldean esne-behiak eduki ahal izateko.

Ansonia eraikinak biztanle entzutetsu ugari izan ditu; besteak beste, Arturo Toscanini zuzendaria, Igor Stravinsky konposatzailea eta Enrico Caruso italiar tenorea, zeinak hotel hau aukeratu baitzuen bere horma lodiengatik.

XX. mendearen erdialderako, apartamentu handi gehienak estudio eta logela bateko apartamentu txikiagoetan zatikatu ziren, baina haietako gehienek eutsi egin zieten jatorrizko xehetasun arkitektonikoei.

XX. mendearen bigarren erdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadaren hasierara arte, eraikinaren sotoan sex club gay famatu bat, "Continental Baths" izenekoa, eta swing club heterosexual bat, "Plato's Retreat", egon ziren.

1992an, Ansonia eraikina birmoldatu egin zen, apartamentu-eraikin izateko. 430 apartamentu dauzka. 2007rako, maizter gehienak joanak ziren, eta erosleek apartamentu txikiak multzoka erosi zituzten, haiek bategiteko eta eraikinaren iraganeko luxuzko apartamentuak berregin nahian.

Eraikina National Register of Historic Places erregistroan jasota dago.

Behe-solairuko Commerce Bank-en sukurtsalean dokumental bat jartzen dute, eraikinaren historia kontatzen duena.

Eraikina zineman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikin hau agertu zen 1992ko "Single White Female" (gaztelaniaz "Mujer blanca soltera busca..." izena jarri zioten) filmean, Bridget Fonda eta Jennifer Jason Leigh ustez bizi ziren apartamentu-eraikin gisa. Apartamentuaren barruko eszenak estudio batean filmatu ziren, baina eskaileretako eszenak eraikinean bertan daude filmatuta.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: The Ansonia Aldatu lotura Wikidatan