Igor Stravinski
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Igor Fiodorovitx Stravinski | |
| Jaio | 1882ko ekainaren 17a | |
| San Petersburgo (Errusia) | ||
| Hil | 1971ko apirilaren 6a | |
| New York (AEB) | ||
Igor Fiodorovitx Stravinski, errusieraz Игорь Фёдорович Стравинский, (San Petersburgo, 1882ko ekainaren 17a - New York, 1971ko apirilaren 6a) musikagile errusiar kosmopolita izan zen. Errusiaz gain, Suitza, Frantzia eta AEB izan ziren bere bizi-lekuak. Azken herrialde honetako hiritartasuna jaso zuen 1945ean.
Eduki-taula |
Biografia [aldatu]
Bederatzi urte zituela hasi zen pianoa ikasten. 1903-1906. urteetan Rimski-Korsakov musikagilearekin aritu zen ikasten. 1908. urtean Ballets Russes ("errusiar balletak") taldearen enpresari eta zuzentzaile Sergei Diaghilev ezagutu zuen. Hark eskatuta L'Oiseau de feu ("Suzko txoria", 1910) balleta idatzi zuen, Parisen aurkeztu zena arrakasta handiarekin. Handik aurrera, ospe handiko lanak idazten hasi zen, Le sacre du printemps ("Udaberriaren eskaintza", 1913), bereziki, XX. mendeko musikaren giltzarrietako bat izan dena.
Italian, Alemanian eta Errusian barrena ibili zen Diaghilevekin. Lehen Mundu Gerran Suitzan bizi izan zen, 1920-1939. urteetan Parisen eta azkenik, 1939. urtetik aurrera, Estatu Batuetan, Hollywooden batez ere.
Stravinskik estilo eta teknika ugari landu zituen bere musikan: errusiar artean eta kulturan oinarritutako musika, doinu, lerro eta erritmo errepikatuak eta musika tresnen moldaketa guztiz berria, jazzaren elementuak, neoklasizismoa, disonantzia eta serieko musika.
Lanak [aldatu]
Operak:
- Erresinula (1909-14)
- Mavra (1922)
- Oedipus Rex (1927)
- The Rakes´s Progress (1953)
Balletak:
- Suzko txoria (1910)
- Petrouchka (1911)
- Udaberriaren eskaintza (1911-13)
- Pulcinella (1920)
- Ezteiak (1923)
Musika tresnetarako:
- Ragtime (1918), 11 musika tresnentzat
- Salmuen sinfonia (1930) koru eta orkestrarako
- Biolin eta orkestrarako kontzertua (1931)
- Ebony Concert (1945), jazz bandarako
- Hileta eresia J.F. Kennedyrentzat (1964)
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.