Txantiloi:2009-5 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kemiko armarria
Kemiko armarria

Kemi (iparraldeko samieraz: Giepma), Bothniako Golkoaren ertzean aurkitzen den Lappi lurraldeko udalerria da, Kemijoki ibaiaren ahoan hain zuzen. 22.500 biztanle baino gehiago dituen udalerri honetan, Helsinki hiriburuko eta Oulu hirikoaz gain, Finlandia osoko portu garrantzitsuena aurkitzen da, bertako uharte batean kokatua. Golkoaz landa, Keminmaa eta Simo udalerriekin egiten du muga iparraldean; aipatzekoa da ere, bizilagun duen Tornio hiriarekin osatzen duen Kemi-Tornio Ardatza, herrialde osoko industria eskualde nagusienetarikoa. 60ko hamarkadan, Kemik, izugarrizko hazkundea jasan zuen portua zela medio; izatez, Finlandiako portu nagusiena bihurtu zen Keminmaa udalerriko meatzeetako kromo lehengaien eta iparraldeko zuraren esportazioaren ondorioz. Honek, eragina izan zuen ekonomian, eta diru-sarrerek, basogintza eta papergintza bezalako industriak garatzea ekarri zuen. Hiriaren urre-aroa izan zen hura. Hala ere, igotzen den guztia jaitsi den moduan, hiriaren beherakada 90ko hamarkadako Finlandiako ekonomia krisia izan zen.

Lappi lurraldeko azalera txikieneko udalerria dugu hiria; izan ere, honek, Euskal Herriko hiri arrunt baten neurriak baino ez ditu, Inari eta Sodankylä udalerri finlandiarren aurrean txiki gelditzen direnak. Horrek, halaber, biztanle dentsitate altueneko hiria ere bilakatzen du. Kemi-Tornio Lappi lurraldeko ardatz nagusiena da, zeinak diru-sarrera gehien ematen dizkion lurraldeari, Rovaniemi hiriburua bezalako zerbitzu-hirien aurrean.