Tornio

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Tornio

Tornioko armarria
Armarria
Berezko izena Tornion kaupunki
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Kemi-Tornioko azpieskualdea
Alkatea Raimo Ronkainen
Sorrera 1621
Tornio Finlandiako mapan
Koordenatuak 65°50′55″N 24°08′50″E / 65.84861°N 24.14722°E / 65.84861; 24.14722Koordenatuak: 65°50′55″N 24°08′50″E / 65.84861°N 24.14722°E / 65.84861; 24.14722
Azalera
-Ur-azalera
1.348,42 km² [1]
161,47 km² (%11,9)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Suediera
- Besteak
22.437 (2009.12.31) [2]
18,9 bizt/km²
(2008) [3]
% 98,3 (ofiziala)
% 0,3
% 1,3
Webgune ofiziala (Finlandieraz) (Ingelesez)

Tornio (ipar samieraz: Duortnus; suedieraz: Torneå) Lappiko Torne ibarrean dagoen hiri finlandiarra da. Eskualde osoko hiri zaharrena, eta hirugarren handiena da Rovaniemi eta Kemi ondoren. Finlandia eta Suedia herrialdeen arteko muga marrazten duen Tornionjoki ibaiaren estuarioan dago, beraz, hiri mugakidea da eta erlazio estua du hirigunetik 500 metrora dagoen Haparanda hiri suediarrarekin; izan ere, 1808-09 bitarteko Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuenean, merkatari eta orokorrean, torniotar gehienak ibaia igaro eta Haparanda hiria sortu zuten Suedian. Kauppakeskus Rajalla–På Gränsen merkatal-zentroa eta polizia bateratua duen komisaldegia eraiki dira azken urteotan, eta IKEA multinazionala ere, bi hirien artean dago [4].

1.348,42 km²-ko azalera dauka, 161,47 km² ur-azalera, eta 22.500 bat biztanle dauzka. Bere bizilagunak Övertorneå eta Haparanda suediarrak mendebaldean, Ylitornio iparraldean, Rovaniemi ipar-ekialdean, eta Tervola, Keminmaa eta Kemi ekialdean dira, eta Lappiko motore ekonomikoaren ardatzean dago, Kemi-Tornio ardatz ekonomikoan hain zuzen. Perämeri Parke Nazionala ere Tornion dago; nahiz eta Izotz Aroa aspaldi amaitu zen, Botniako badiako itsaso-maila 9 mm urteko abiaduran jaisten ari da oraindik eta ondorioz, noizean behin, uharte berriak agertzen dira parke nazionalean.

Tornio leku estrategiko batean dagoenez, herrialdearen historian garrantzitsuak izan diren bataila asko izan dira bertan, Gerra Zibileko eta Laponiako Gerrako Tornioko Batailak. Suediar Erresuma leku honen garrantziaz konturatu zenean, Torneå hiria sortu 1620, eta merkataritza eta hiri eskubideak eman zizkion urte bat beranduago; honenbestez, Lappiko hiri zaharrena dugu.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornioko geografia»
Hiriko Hannula zubia.

Udalerria Torne ibaia Botniako Golkora isurtzen den lekuan (Tornionjokiren estuarioan) eta Lappi eskualde finlandiarreko hego-mendebaldean dago, Suediako mugan. Zirkulu Polar Artikoaren hegoaldean dago, paralelotik 80 bat km-ra eta Lappi eskualdeko hego-ekialdean. Honenbestez, gauerdiko eguzki fenomenoa ez da ematen udalerrian; hala ere, beste fenomeno bitxiago bat ematen da, gau zuria. Ekain bukaera eta uztail hasieran, eguzkia ez da behar adina jaisten edo ezkutatzen eta ondorioz, gauak argitasunez beteriko gauak dira, gau zuria. 1.348,42 km² dauzka Torniok (Nafarroa Beherea bezain handia) eta bere bizilagunak Övertorneå eta Haparanda suediarrak mendebaldean, Ylitornio iparraldean, Rovaniemi ipar-ekialdean, eta Tervola, Keminmaa eta Kemi ekialdean dira. Kemi-Tornio Ardatza osatzen du Kemi udalerriarekin batera eta batasun hau, Lappi eskualdeko lurralde garrantzitsuena da Rovaniemirekin batera. Gainera, Torne ibarrean dago udalerria

Tornionjoki ibaia.

Ur-eremua, azalera guztiaren %12a da eta Botniako badiak eta Suediarekin muga egiten duen Torniojoki ibai luzeak osatzen dute batik bat. Hiria Tornionjoki ibaiak sortutako Torne ibarrean dago, iparraldeko eta mendebaldeko bizilagunekin batera; torniotarrak tornetarrak dira. Botniako badian aldiz, hiriko parke nazional bakarra dago, Perämeri Parke Nazionala. Nahiz eta Izotz Aroa aspaldi amaitu zen, bertako itsaso-maila 9 mm urteko abiaduran jaisten ari da oraindik; ondorioz, noizean behin, uharte berriak agertzen dira badian. Selkä-Sarvi eta Vähä-Huituri uharte "zaharrenak" esaterako, duela mila urte baino ez ziren sortu. Hamaika uharte daude eta bertan, parke nazional sarepean dauden hegazti-espezie babestu asko dago; hala nola, ahatebeltz hegalzuriak, harri iraulariak, ipar-txenadak, martin hegalzuriak, murgilari handiak, temminck txirriak eta txenada txikiak [5].

Erdigunea, Tornionjoki ibaiaren erdian dagoen Suensaari uhartean dago, Finlandia eta Suediaren arteko mugan. Hiritik kanpo, baso borealak dira nagusi; sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta izeidiak. Klima subartikoaren negu hotzak direla-eta, hilabete askotan, Botniako badia eta Tornionjoki ibaia izoztuak egon ohi dira zero azpiko gradutan. Nahiz eta bertako klima hotza den, Itsaso Baltikoak dakarren ur-korronte epelak klima leuntzen du. Neguak, oso hotzak dira eta udak leunagoak normalean; uztaila eta otsaila dira hilabete bero eta hotzenak hurrenez hurren. Azkenik, elur-sasoiak urte erdia irautzen du, azarotik maiatzera [6].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornioko historia»

Torne ibarreko lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. VII. mende inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik, lurralde honen jatorrizko biztanleen, samitarren jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla; hegoaldeko tavastiarrak eta ekialdeko kareliarrak izan ziren aurkitutako burdinezko tresneria Lappira ekarri zuten biztanleak I. mende inguruan.

Suediarren eragina XIV. mendetik aurrera nabaritzen hasi zen eta hegoaldeko Torne ibarra Vestrobotnia antzinako probintziaren barnean gelditu zen. Tornionjoki ibai garrantzitsua zela ohartzean, 1531.urtean, orduan Suediar Erresumako errege zen Gustav Vasak Tornion merkatal hiri bat sortzeko lehen saiakera egin zuen. Hala ere, bai saiakera honek eta bai Joan III.ak 1585. urtean egin zuen saiakerak, ez zuten arrakasta handirik izan; izan ere, Suediar Erresumak lurralde haietan zituzten tavastiar aliatuak, birkarle deituak, Erresumaren aurka altxatu ziren [7].

Suediarrek ezin zuten birkarleen boterearen aurka egin, hauek Vestrobotniako ekonomian esku hartu zutelako. Gainera, ate hau itxita zutenez, Laponia antzinako probintziara iritsi ezinik gelditu ziren suediarrak. Aldaketak 1606. urtean hasi ziren; Suediar Erresumak Torne ibarra bitan banatu zuen birkarleen eragina deuseztatzeko. Honela, ibarra Alatornio eta Ylitornio (Tornio Beherea eta Tornio Garaia) eremuetan banandu zen eta honela, 1620. urtean Botniako badia kostaldeko hiriak sortzen hasi ziren: Umeå, Piteå, Luleå eta Torneå (edo Tornio).

XVII. mendeko Tornio merkatal hiria.

Hiria hasiera batean, Seitsenkari uhartean eraikitzea pentsatu zuten, baina segurtasun kontuak zirela-eta, azkenean, gaur egun alde zaharra dagoen Suensaari uhartean eraiki zuten. 1621. urtean eskuratu zituen udalerriak hiri eskubideak eta gutxinaka, biztanleak erakartzen hasi zen. 1647. urtean, hogeita hamabost urte baino iraungo ez zuen lehen eliza eraiki zen eta honela, gaur egungo Lappi eskualdeko hiri zaharrena sortu zen. Hirian garatu zen merkataritza, segituan zabaldu zen inguruetako herrietara, batez ere Tornionjoki ibai inguruko herri txikietara eta Kemira, eta hiria Suediar Erresumako merkataritzaren motore bihurtu zen. Tornion hala nola, Botniako Golkoko izokin, larru eta gurin onenak saltzen ziren eta ordainetan, herritarrek, Suedia eta Itsaso Baltiko osoko produktuak jasotzen zituzten.

XVIII. mende erdialdean, Iparraldeko Gerra Handiaren ondorioz merkataritza geldituko zen beldurrez, torniotarrek ontzigintza industriari ekin zioten. Baita ongi egin ere, euren amesgaiztoak egi bihurtu baitziren; gerran, errusiarrek hiria menperatu eta dena suntsitu zuten 1715. urtean. Nahiz eta suntsiketa horretan portua ez zen guztiz hondatu, sedimentuen mugimenduak eragindako 1762. urteko suak, portua guztiz birrindu zuen. Ontzigintzarekin lortutako irabaziak behintzat, portu berri eta handiago bat eraikitzeko balio izan zuen; azpiegitura hau eraiki zenean 1766ean, hiriak atzerrian merkataritza egiteko baimena lortu zuen eta merkatal-eremua handitzearekin batera, Kemira beldurturik ihes egindako biztanleak berreskuratzea lortu zuen.

1908ko hiriaren marrazkia.

XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, 1808-09 bitarteko Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Suedia eta Finlandiako Dukerri Handiaren arteko muga orduan, Tornionjoki ibaian jarri zen eta Tornio Dukerriko hiri bihurtu zen. Suediarrek eman eta baimendutako merkataritza eskubide eta ibilbideak ezerezean gelditu ziren eta bertako ekonomiak hondoa jo zuen. Torniotar gehienak muga igaro eta hiritik 500 metrora dagoen lur zati suediarrean hiri berri bat sortu zuten, Haparanda. Hala ere, Tornio mugako herria zenez, errusiarrek goarnizio-hiritzat hartu zuten.

Hiritik Haparandara zihoan kable jasoa.

1854. urtean, Krimeako Gerran, soldadu britainiarrek hiria denboraldi batez okuatu zuten. Dena den, ez zuten bertako ekonomia hondoratu Oulu edo Botniako kostaldean dauden hiri askorekin egin zuten bezala; Krimeako Gerrak Tornio aberastu egin zuen britainiar eta frantziarrek Baltikoan ezarri zuten itsas blokeoari esker. Honela, lurreko merkataritza indartu egin zen eta Tornio mugako ezinbesteko hiri bilakatu zen. XIX. mende amaieran industria hazi egin zen hirian; Ipar Lappiko basogintzari esker lurrunezko zerrategiak ireki ziren bertan, 1873ean Lapin Kulta garagardo enpresa sortu zen eta 1903an esaterako, hirira Laurila–Kelloselkä eta Ouluko trenbideak iritsi ziren. Blokea amaitutakoan, Kemi-Tornio ardatza Ipar Finlandiako motore ekonomikoa bilakatu zen.

Soldadu finlandiarrak bataila aitzin.

XX. mende hasieran, Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an Gerra Zibilaren bitartez. Aipatzekoa da Tornio, Kemi eta Oulu hiriekin batera, Armada Gorriak eta SESBek kontrolatzen zuten Finlandia iparralde, ekialde eta mendebaldeko zati bakarra izan zela. Kontuan izatekoa da industrian lan egiten zuten langileek osatzen zutela biztanleriaren ehuneko altuena. Dena den, Finlandia herrialde subiranoa bihurtu zen, baina hau Tornioren kalterako izan zen; Petsamoko nikel-meatzeei esker, Rovaniemi aukeratu zuten Lappi probintzia sortuberriko merkatal-gune nagusi eta iparrera zihoazen azpiegitura guztiak hiriburu berrira iristen hasi ziren. Armada Zuriak ez zuen Finlandia osoa kontrolatzea lortu 1918ko otsailaren 6ra arte, Tornioko bataila irabazi zuten arte [8].

Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian, Alemania naziarekin bat egin zuen SESB bere lurraldetik urruntzeko. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak hirian egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera, alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lappi osoa suntsitzeko agindua eman zuen Lothar Rendulic ofizialak. Laponiako Gerra hasi zen eta torniotarrak Suediara jo behar izan zuten. Finlandiarrak Tornioko portuan lehorreratu ziren eta bertan izan zen Gerra osoko bataila odoltsuena, Tornioko bataila ezizenez ezaguna. 1944eko urri hasierako bataila honetan, bi mila soldadu alemaniar eta finlandiar hil ziren eta Tornio errauts-hiri bihurtu zen. Alemaniarrak eta hiriak galtzaile nagusiak izan zen, baina finlandiarren garaipenak behintzat, hirien berreraiketa arindu zuen [9].

Röyttäko industria-gunea.

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki, izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin.

Industria iraultzak Kemi-Tornio ardatza indartu zuen eta hiriaren hazkunde demografikoagatik, Tornio, Alatornio eta Karunki bizilagunekin bat egin zuen 1973. urtean. Bestalde, 90eko hamarkadako Finlandiako krisi ekonomikoaz gero, industriak bere erabateko pisua galdu du udalerriko diru-sarreretan eta beste sektore batzuei bidea zabaldu zaie. Hala ere, nahiz eta gaur egun turismoa garrantzia hartzen ari den sektorea nagusia izan, industriak ekonomian duen eragina oraindik izugarria da [10].

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tornio oso ongi komunikatuta dago itsasobidez, trenbidez, errepidez eta airebidez.

Kemi-Tornio da udalerriko aireportua eta bertatik egunero hegaldiak daude Helsinki-Vantaa aireportua. 2009. urtean 95.609 bidaiari izan zituen eta Lappiko laugarren aireportu handiena da [11].

Tornioko tren-geltokia.

Hegoaldetik iparraldera doan estatu finlandiarraren VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea udalerritik igarotzen da. Hala, hiriko biztanleak, herrialdeko edozein hiri handira bidaiatu dezakete trenbidez (Errusiako Mosku eta San Petersburgora barne); Helsinkira esaterako, zortzi ordu eskasean iristeko aukera dago. Valtatie 4 errepideak bestalde, Torniotik Finlandia ekialdeko gainontzeko udalerrietara iristea ahalbidetzen du. Iparraldera joateko aldiz (Enontekiöra, Muoniora edo Ylitorniora esaterako), Valtatie 21 edo 29 errepideak hartu behar dira. Hiriaren barruan mugitzeko bestalde, prezio txiki baten truke, hirian zehar bidaiatzeko aukera ematen duten eta edonora doazen autobus-lineak daude [12].


Linea Nondik norakoa Trenbide-sarea Luzera
Button Icon Yellow.svg R Linea Tornio-Röyttä Röyttäko trenbidea 9,3 km
Button Icon Orange.svg H Linea Tornio-Haaparanda Tornio-Haaparanda trenbidea 3,5 km
Button Icon Fuchsia.svg 6. linea helHelsinki-Tornio-Kolarihel Oulu-Tornio trenbidea
Kolariko trenbidea
131,9 km
186,6 km

Udalerria itsasertzean dagoenez, portuak, Finlandiako itsasondoko udalerri askorekin elkartzen du; hala nola, Oulu eta Helsinki hiriburuarekin. Hala ere, soilik merkataritza garraiatzeko erabiltzen den portua da; torniotarrek itsasontzi bidez edonora joan nahi badute, Kemiko portura joan beharra dute. Hegoaldetik iparraldera doan estatu finlandiarraren VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea ere, udalerritik igarotzen da. Hala, hiriko biztanleak, Kolariraino iparraldean, eta Helsinkiraino hegoaldean, joan daitezke.

Tornioko portua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornioko portua»

Portua Röyttä uhartean dago, hiriaren hegoaldean. Ez da Finlandiako portu garrantzitsuenetarikoa, baina hirian ekoizten diren produktu asko bertatik merkaturatzen dira. 2008. urtean 1,6 milioi tona mugitu ziren portuan [13].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornioren banaketa administratiboa»

Hiria, bitan banatua dago: bata, hirigunea eta bestea aldiz, nekazal-gunea. Alde zaharra Suensaari uhartean dago, baina XX. mendean hazkunde demografikoa eman zenean, biztanleria ondoko uharteetara zabaldu zen. Hala ere, bertan daude oraindik eliza eta udaletxea bezalako eraikin nagusiak.

1973. urtean, Tornio, iparraldean zeuden Alatornio eta Karunki udalerriekin batu egin zen eta horrek, hiria zabaltzea ekarri zuen; gaur egun horregatik daude hainbeste herrixka udalerrian.

Hauek dira hiriko bizigune garrantzitsuenak:

Hirigunea

1.000 biztanle baino gehiago dauzkaten auzoak beltzez.
Nekazal-gunea

500 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.

Hiri senidetuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat udalerri senidetuak dauzka Torniok, gehienbat herrialdetakoak; hala nola, bizilagun dituen Ikast daniarra, Kirovsk errusiarra, Vetlanda suediarra eta Hammerfest norvegiarra. Aipatzekoak dira ere Kemi bizilagunarekin adostutako kooperazio harremanak (Kemi-Tornio Ardatza) eta Haparanda bizilagun suediarrarekin duen bateratzea.

Kauppakeskus Rajalla–På Gränsen.

Haparanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Haparanda»

Nahiz eta hainbat hiri senidetu izan, Haparanda bizilaguna da dudarik gabe bere hiri bikia.

XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, 1808-09 bitarteko Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Suedia eta Finlandiako Dukerri Handiaren arteko muga orduan, Tornionjoki ibaian jarri zen eta Tornio Dukerriko hiri bihurtu zen. Suediarrek eman eta baimendutako merkataritza eskubide eta ibilbideak ezerezean gelditu ziren eta bertako ekonomiak hondoa jo zuen. Torniotar gehienak muga igaro eta hiritik 500 metrora dagoen lur zati suediarrean hiri berri bat sortu zuten, Haparanda.

1955. urtean Ipar Kontseilua sortu zenetik eta 1995ean Finlandia eta Suedia Europar Batasunean sartu zirenetik, mundu osoko muga baketsuena eta ikusezinena da. Hiri beraren moduan jokatzen dute eta ibaiaren bi aldeko biztanleak ez dira muga egunean behin baino gehiagotan igarotzeaz arduratzen; izan ere, bi hiriek, bat bihurtzeko proiektu bat egiten hasiak dira. Diruarekin ez dago arazorik, mugaren bi aldetan euroa eta suediar koroak erabiltzen direlako.

Ez asko, bi hirien artean dagoen uharte mortu batean, Kauppakeskus Rajalla–På Gränsen merkatal-zentroa eta polizia bateratua duen komisaldegia eraiki dira; IKEA multinazionala ere, bi hirien mugan dago [14].

Udala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornioko Udala»

Tornioko eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Tornioko Udalbatza [15]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa Tornioko udalbatza
-- Zentroko Alderdia 19 Green Arrow Up Darker.svg 1 % 42,0
-- Ezker Elkartasuna 8 Straight Line Steady.svg 0 % 17,3
-- Alderdi Sozial-Demokrata 5 Straight Line Steady.svg 0 % 10,7
-- Benetako Finlandiarrak 4 Green Arrow Up Darker.svg 3 % 10,2
-- Koalizio Nazionala 4 Red Arrow Down.svg 1 % 9,6
-- Pro Tornio 2 Red Arrow Down.svg 2 % 5,3
-- Liga Berdea 1 Red Arrow Down.svg 1 % 4,1

Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile, baina aurreko udalbatzan baino zazpi batzarkide gutxiago eskuratu zituzten; hala ere, beste udalerrietan baino gertuagotik jarraitu zion Ezker Elkartasunak, hein batean lortutako zortzi ordezkariei esker. Bestalde, hirugarren eta laugarren alderdiak hazkundea izan zuen Alderdi Nazionala eta jaitsi egin zen Alderdi Sozial-Demokrata izan ziren bosna ordezkarirekin. Aipatzekoa da Pro Tornio herri plataformaren sarrera, lau eserlekurekin indarrez sartu baitzen udalbatzan. Alderdi Berdeak eta Benetako Finlandiarrak alderdiek ere gorakada eduki zuten; lehenengoak batzarkide bat gehiago eskuratu zuen (guztira, bi) eta bigarrenak aldiz, bakarra. Udalbatzak Raimo Ronkainen alkate aukeratu zuen.

Hurrengo hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean, Errusiar Inperioak Finlandia bereganatu zuenean, torniotar gehienak Suediako muga igaro zuten eta hiri handi bat izatetik 700 biztanleko herri bat izatera pasa zen Tornio. Hala ere, Kemi eta Keminmaa udalerriek eragindako industrializazioak hiria eraberritu zuten; industriak langile asko erakarri zituen eta biztanleria handitzen hasi zen gaur arte. 1973. urtean, Tornio txiki gelditu zen eta iparraldean zeuden Alatornio eta Karunki udalerriekin bat egin zuen; orduan, hiri eskubideak bereganatu zituen. 1993. urtean inoiz edukitako biztanle-kopuru handiena zuen Torniok, 23.300 lagun; hala ere, Finlandiako 90eko hamarkadako krisialdiak geldiezina zirudien hazkundea mantsotu zuen. Gaur egun, biztanleria 22.500 lagunetan mantendu da eta hirigunean, gutxi gorabehera, biztanleria osoaren ia %80a bizi da.

Biztanleak luteranoak dira batik bat, baina erlijio gabeak eta eliza ortodoxoaren jarraitzaileak ere daude; hala nola, hirian eliza ortodoxo bat dago. Hamalau urte beherakoen kopurua bestalde, biztanleria guztiaren %15,1a da eta hirurogeita lau urte gorakoena berriz, %18,5a [16].

Biztanleriaren bilakaera [17]
1880 1970 19751 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
1.000 9.000 20.273 21.076 22.328 22.879 23.156 22.881 22.617 22.155 22.204 22.299 22.487 22.437 22.591

11973. urtean, Tornio Alatornio eta Karunki udalerriekin batu zen; bakoitzak, gutxi gorabehera 9.000 eta 2.200 biztanle zeuzkan.

Torniotar ezagunenak, Aarne Heikinheimo Armada Zuriko jenerala, Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen Alpo Marttinen koronela, Sari Keskitalo abiadura-lasterkaria, Jari Isometsä iraupen eskiatzailea, 1920ko Olinpiar Jokoetan oihartzun handia lortu zuen hildako Ville Pörhölä atleta, eta batez ere, 1999ko Munduko Eski Alpino Txapelketako slalom eskiko proba irabazi zuen Kalle Palander eskiatzailea, eta AJ Auxerre eta Tottenham Hotspur taldeetan jokatu zuen eta gaur egun Birmingham City taldean jokatzen duen Teemu Tainio futbolaria dira.

Tornetar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornetar»

Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Häme eta Karelia lurraldeetatik, beranduen jota, XIV. mende hasieran iritsitako biztanleak dira, novgorodarren eta suediarren arteko ika-mikak zirela medio. Hauek iristean, samitarrek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko samitar bakarrak iparraldean daude, Enontekiö udalerrian.

Tornetarren bandera.

1809. urtean ibarra bitan zatitua izan zen. Nahiz eta, Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan jarri zuten akordio baten bitartez. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori.

Hezkuntza eta Osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kemi-Tornioko Unibertsitatea»

Hirian, Kemi-Tornioko Zientzia-Aplikatuen Unibertsitatea dago; bertan, hala nola, arte ederrak, teknologia, enpresa ikasketak eta erizaintza ikasketak daude. Rovaniemiko Zientzia-Aplikatuen Unibertsitateaz gain, Kemi eta Tornio hirien artean banatzen den Lappi eskualdeko zientzia-aplikatuen unibertsitate bakarra da. Finlandiako hezkuntza eredu ospetsuan ikasten dute bertako 2.500 ikasleek [18].

Länsi-Pohja Ospitalea da Tornioko erietxea, baina hau, Kemi bizilagunean dago [19].

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tornioko armarria

Armarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tornioko armarria», «Alatornioko armarria» eta «Karunkiko armarria»

Tornioko armarria 1958. urtean sortu zuen Olof Eriksson helsinkiar artistak, eta udalbatzak martxoaren 28an hartu zuen ikur ofizialtzat (Barne Ministerioak urte bereko ekainaren 12an onartu zuen); horrela, armarri berriak ordura arte hiria irudikatzeko erabili izan zen dorrearen zigilua ordezkatu zuen. Zilarrezko atzealdearen gainean, dorre gorria dago, leiho, ate eta teilatu urdinak dituena. Hain zuzen, Eriksson autoreak historian zehar erabilitako ohitura jarraitu eta dorrea mantendu nahi izan zuen armarri berrian ere; dena den, eraikinaren jatorria ezezaguna da gaur egun. Alde batetik, gainean dagoen gurutzeari erreparatuz gero, badirudi dorrea 1641ean eraiki zen lehen eliza edo kanpandorrearen irudia dela. Hala ere, dorrearen zigilua hiria sortu zenerako erabiltzen zela uste da, alegia, eliza eraiki baino 20 urte lehenago. Bestetik, hiriaren suedierazko jatorrizko izenari erreparatuta (Torneåk, euskaraz, "dorre" esan nahi du), pentsatu izan da dorre bat bazela eskualde honetan, kristautasunaren hedapenarekin batera, gurutze baten bidez irudikatua izango zena [20].

Nahiz eta armarri ofizialak ez diren, Alatornio eta Karunki udalerri ohiek ere armarri bana zuten, 1973. urtean Torniorekin bat egiterakoan balio instituzionala galdu zutenak.

Ondasun nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suensaari uhartean erdigune historikoa dago, eta bertan, hiriko eraikuntza esanguratsuenak daude. Juhannussaari auzoan esaterako, 1970eko hamarkadan eraikitako Tornioko familia dirudunen etxebizitza asko daude. Bestalde, erlijio eraikinak dira nagusi hirian; hauek dira ezagunenak:

  • Tornioko eliza: Hiriko eliza ezagunena da. 1686. urtean eraiki zuten eliza zaharra zegoen leku berean (Suensaari uhartearen erdian), 1682. urtean tximista batek eragindako suteak hiriko eliza zaharra suntsitu ondoren. Eliza zahar honen ezkila-dorrea mantendu egin zuten, baina eliza berria udako gau zuriaz gozatzeko posizio egokiago batean eraiki zuten.

Aipatzekoa da azkenik, Aine Arte museoa; museo hau oso ezaguna da Finlandia osoan, bertan kalitate handiko artelanak ikusgai jartzen baitira.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiriko futbol talde ezagunena bigarren mailan egon ohi den, bina 2009ko denboraldian hirugarren mailara jaitsi zen TP -47 da. Herrialdeko kirol nazionala aipatu beharra dago, izotz-hockeya, eta aurten hirugarren mailara igo den TIHC taldea. Hala ere, Haparanda-Tornioko talde-kirol ospetsuena bandya da; ez asko, bertako ToPV taldeak hainbat txapelketa irabazi ditu. Tornion Lentis –88 boleibola Hauek dira talde ezagunenak:

Taldea Laburdura Kirola Liga Zelaia
Tornion Palloveikot ToPV Bandya Bandyliiga Gränsvallen
Tornion IHC TIHC Izotz-hockeya Suomi-sarja Hannulanmäen jäähalli
Tornion Pallo –47 TP -47 Futbola Kakkonen Pohjan stadion

Torniotar kirolari ospetsuenen artean Sari Keskitalo abiadura-lasterkaria, Jari Isometsä iraupen eskiatzailea, 1920ko Olinpiar Jokoetan oihartzun handia lortu zuen hildako Ville Pörhölä atleta, eta batez ere, 1999ko Munduko Eski Alpino Txapelketako slalom eskiko proba irabazi zuen Kalle Palander eskiatzailea, eta AJ Auxerre eta Tottenham Hotspur taldeetan jokatu zuen eta gaur egun Birmingham City taldean jokatzen duen Teemu Tainio futbolaria daude.

Tornioko merkatal-gunea.

Ospakizun bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta biztanleen azken urteetako joera zerbitzu sektorearen mundurantz hurbiltzea izan den, Tornio, industriaren inguruan dabilen hiria izaten jarraitzen du. Tornioko industriaren irabaziak esportaziotik datoz batik bat; izan ere, bertako papergintza industriak eta zerrategiek ekoitzitako produktuak mundu erdira iristen ahal dira. Bertan ekoizten den produktu ezagunena Lapin Kulta garagardoa da [21].

90eko hamarkadako Finlandiako krisi ekonomikoaz gero, industriak bere erabateko pisua galdu du udalerriko diru-sarreretan eta beste sektore batzuei bidea zabaldu zaie. Hala ere, nahiz eta gaur egun turismoa garrantzia hartzen ari den sektorea nagusia izan, industriak ekonomian duen eragina oraindik izugarria da [22].

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tornio Aldatu lotura Wikidatan