Inari
- Artikulu hau udalerriari buruzkoa da; aintzira gaitzat duena beste hau da: Inari aintzira
|
Aanaar - Aanar - Anár - Inari |
||
|---|---|---|
|
||
| Berezko izena | Aanaar kieldân (inarieraz) Aanar kådda (skolteraz) Anára gielda (ip. samieraz) Inarin kunta (finlandieraz) |
|
| Herrialdea Eskualdea Azpieskualdea |
Lappi eskualdea Ipar Lappi barrutia |
|
| Alkatea | Reijo Timperi | |
| Sorrera | 1876 | |
|
|
||
| Koordenatuak | 68°39′35″N 27°32′20″E / 68.65972°N 27.53889°EKoordenatuak: 68°39′35″N 27°32′20″E / 68.65972°N 27.53889°E | |
| Azalera -Ur-azalera |
17.353,81 km² [1] 2.281,51 km² (%13,1) |
|
| Biztanleria Dentsitatea Ama hizkuntza - Finlandiera - Samiera - Besteak |
6.864 (2009.12.31) [2] 0,46 bizt/km² (2008) [3] % 92,7 (ofiziala) % 5,9 (ofizialak¹ ) % 1,3 |
|
| Webgune ofiziala | (Finlandieraz) (Ingelesez) (Samieraz) |
|
| ¹ Udalerriko hiru samierak dira ofizialak: inariera, ipar samiera eta skoltera. | ||
Aanaar, Aanar, Anár edo Inari (suedieraz: Enare) Lappi eskualdean dagoen Finlandiako udalerririk handiena da. Izugarria da, Hego Euskal Herria bezain handia, eta guztira 17.353,81 km² dauzka; azalera izugarri honetan 7.000 lagun inguru bizi dira, azken urteotan jaisten ari den kopurua. Finlandiako Gobernuak natura basati hau babesteko aburuarekin, Lemmenjoki eta Urho Kekkonen Parke Nazionalak, eta sei eremu basati sortu ditu azken mende honetan; azaleraren %73a babestutako eremua da. Gainera, honen kontura basozainek eta abeltzaintzan jarduten diren biztanleek elkarren aurkako hainbat borroka izan dituzte; izan ere, samiek elur-oreinak hezteko eta babesteko udalerriko basoak erabiltzen dituzte. 2005eko udaberrian esaterako, Greenpeaceko hainbat lagun hurbildu zen udalerrira basoa murriztea eragotzi nahian.[4]
Udalerria Sápmi samien berezko lurraldean dago eta 1973. urtean Enontekiö, Sodankylä eta Utsjoki bizilagunekin batera, Finlandiako Sami Lurraldea izeneko erakundea sortu zuen. 1996ean eraiki zuten Parlamentua Inarin dago; izan ere, Finlandia osoan sami-biztanle gehien dagoen udalerria da, biztanle guztien %30, 2.000 lagun. Hala ere, horiek hiru sami-taldetan banatuta daude, euren hizkuntza eta sineskeren arabera: udalerriaren berezko biztanleak diren inari samiak, Sápmi iparreko ohiko iparraldeko samiak eta II. Mundu Gerra ondoren Petsamotik erbesteratuak izan ziren skolt sami ortodoxoak.
Herrixka askok osatzen dute udalerria, eta haien artean handiena da Ivalo herria, 3.500 bat biztanlekoa. Hala ere, udalerria Finlandiako hirugarren aintzira handiena den Inarijärviren inguruan antolatzen da; bertan, urtero milaka arrantzale erakartzen dituzten amuarrainak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak eta perkak daude. Turismoa udalerriko motore ekonomikoa.
Eduki-taula |
[aldatu] Geografia
Udalerria Hego Euskal Herria bezain handia da, guztira 17.353,81 km² dauzka; Finlandiaren iparraldean dago eta zuzenean Errusia eta Norvegiarekin egiten du muga ekialdean, iparraldean eta mendebaldean. Bizilagunak, Kola eta Petxenga raion errusiarrak ekialdean, Sør-Varanger eta Karasjok norvegiarrak ipar-ekialdean eta mendebaldean, eta iparreko Utsjoki, hego-ekialdeko Enontekiö eta hegoaldeko Kittilä eta Sodankylä udalerri finlandiarrak dira.
Lappi eskualde gehienean dagoen klima subartikoa da nagusi; tenperatura eta euri-prezipitazio baxuak (herrialde osoko baxuenak) daude, nahiz eta elurra den paisaia ohikoena urritik maiatza bitartean. Taiga da nagusi; sahastiak, haltzadiak, urkidiak, makaldiak, pinudiak eta izeidiak ohiko basoak dira. Honen kontura basozainek eta abeltzaintzan jarduten diren biztanleek elkarren aurkako hainbat borroka izan dituzte; izan ere, samiek elur-oreinak hezteko eta babesteko udalerriko basoak erabiltzen dituzte. 2005eko udaberrian esaterako, Greenpeaceko hainbat lagun hurbildu zen udalerrira basoa murriztea eragotzi nahian, baita lortu ere. [5]
Udak motzak eta epelak izan ohi dira, ekain erdialdetik abuztu bukaeraraino, eta neguak aldiz, luzeak eta oso hotzak; hala nola, Inarijärvi aintzira izoztua egon ohi da urri hasieratik maitza iritsi arte. Geroz eta iparrerago joan, geroz eta klima lehorragoa ikusiko dugu, non zuhaitzik gabeko tundra bihurtzen den nagusi. Udalerria Zirkulu Polar Artikotik 300 bat km iparraldera dagoenez, Ivalo herri handienean, gauerdiko eguzkiak -etengabeko eguzkiak- 58 egun iraun ohi du (maiatza bukaeratik abuztu hasierara) eta neguan, abendu bukaera eta urtarril hasierako 32 egunetan gau polarra izaten da. Samiek, antzina egiten zituzten eta gaur egun ere egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten dituzte: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Aurora Borealak bestalde, oso ohikoak izaten dira irailetik urrira eta martxo eta apiril bitarteko gau ilun eta oskarbietan. Antzinean udalerrian gehiengo ziren inari samiek, argi hauek, bale batek itsasoan utzitako arrastoak zirela uste zuten.
| 2009ko Ivaloko Klimograma [6] | |||||||||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Klima subartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira |
| Batez besteko maximoa ºC | 3 | 1 | 3 | 10 | 16,2 | 24,1 | 24,2 | 27,3 | 18,1 | 4,2 | 4 | 1,4 | 11,3 |
| Batez besteko maximoa ºC | -6,1 | -9,3 | -2 | 2,9 | 11,5 | 14 | 17,2 | 17,8 | 11,9 | 1,3 | -0,1 | -6,4 | 4,4 |
| Batez bestekoa ºC | -10,3 | -13,5 | -6,2 | -1,9 | 6,6 | 9,8 | 12,9 | 13,3 | 8,3 | -1,7 | -2,3 | -11,6 | 0,3 |
| Batez besteko minimoa ºC | -15,4 | -19,1 | -12,2 | -8,5 | 1,2 | 5,2 | 8,1 | 8,4 | 4 | -5,5 | -4,5 | -17 | -4,5 |
| Minimoa ºC | -33,7 | -35,2 | -27,4 | -24,4 | -3,7 | -0,4 | 2 | -1 | -4,1 | -16,3 | -13,5 | -30,6 | -15,7 |
| Prezipitazio-egunak | 23 | 24 | 20 | 15 | 26 | 21 | 20 | 18 | 27 | 19 | 28 | 28 | 260 |
Milaka aintzira eta ibai daude udalerrian zehar, izan ere, azalera guztiaren %12a, urez estalitako lur-zorua da. Antzira garrantzitsu eta handiena, 1.041 km²-ko azalera duen eta Finlandiako hirugarren aintzira handiena den Inarijärvi aintzira da; honek, 3.000 uharte baino gehiago dauzka. Beste aintzira ezagunak Hammasjärvi, Jullamojärvi, Mutusjärvi, Nammijärvi, Nitsijärvi, Paatari, Pautujärvi, Rahajärvi, Suolisjärvi, Surnujärvi eta Vuontisjärvi aintzirak dira.
Oro har, Inarijärvi aintziran amaitzen dira udalerritik igarotzen diren ibai gehienak; hala nola, Ivalojoki, Lemmenjoki, Siuttajoki, Vaskojoki eta luzeena den Paatsjoki ibaiak. Hala ere, ibai garrantzitsuena eta Finlandia eta Norvegiaren arteko muga marrazten duen Inarijoki ibaia da; bertara urtero milaka arrantzale iristen da aintzira amuarrinak, amuarrain artikoak, amuarrainak, arrain hiruarantzak, ezkailuak, lotak, lutxoak eta perkak arrantzatzera. Aipatzekoa da bestalde, 13 metroko Ravadasköngäs ur-jauzia, Inariko ur-jauzi garaiena.
Muino gehienak hegoaldean daude; udalerriko sabaia ia 600 metrora ere iristen ez den Morgam-Viibus muinoa da. Udalerriko natura basatia zainduta dago; honen froga, azalera guztiaren %72,2a babestutako lurraldea dela da. Finlandiako babestutako eremu handienak Lemmenjoki (2.850 km²) eta Urho Kekkonen Parke Nazionalak adibidez udalerrian daude, Hammastunturi, Kaldoaivi, Muotkatunturi, Paistunturi, Tsarmitunturi eta Vätsäri eremu basatiekin batera.
Bertan, baso borealaz gain, babestutako animalia ugari dago; hala nola, altzeak, azeri gorri eta zuriak, elur-oreinak, erbinude arrunt eta zuriak, hartz arreak, igarabak, ipar-katamotzak, jatunak, lepahoriak eta otsoak.[7]
Batez ere uda pasatzera etortzen diren hegazti-espezie asko dago ere; aipatzekoak dira antzara nanoak, arrano beltzak, basoilarrak, belatz handiak, beleak, birigarro txikiak, borrokalariak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, hontz gabiraiak, ipar-belatzak, ipar-gailupak, istingor arruntak, izotz-ahateak, kuliska gorri eta pikartak, kurlinta bekaindunak, laponiako kaskabeltzak, larreoiloak, mokoker hegalzuriak, negu-txirtak, negu-txontak, okil beltz eta hiruatzak, siberiako eskinosoak, txio horiak, txirri lepokodunak, txoka gorritzak, urre-txirri arruntak eta zapelatz galtzadunak.[8]
| Inariko babestutako eremuak | ||
|---|---|---|
|
Parke Nazionalak |
||
[aldatu] Historia
Bazter hauetara iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik, lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago Eskandinaviara immigratu zuten eta eurekin samiera hizkuntza eraman zuten herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasierako biztanleak gehienbat ehizatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, nomadak ziren ehizakiaren atzetik ibiltzen zirelako, baina pixkanaka, gaur egun samien artean dirauen ohitura bati hasiera eman zioten, elur-orein zaintzari, iparreko abeltzaintzari.
Gutxi arte, Inariko sami talde bitxi bat berezia izan da. Nahiz eta hemen ere elur-orein abeltzaintza aski zabalduta zegoen (eta dagoen), XX. mende hasiera arte, inari sami zeritzan taldeak nomada izaten jarraitzen zuen. Hala ere, talde honek euren hizkuntza den inariera bizirik mantentzea lortu dute, gaur egun gutxi batzuk baino hitz egiten ez dutena.
Inariren lehen aipamena, 1517. urtean izan zen, Errusiar duke baten eskutik datorkiguna. Errusia, Finlandia, Norvegia eta Suedia herrialdeen mugen artean dagoenez, XVI. eta XVII. mende artean Errusiako Tsarerriaren eta Suediar Erresumaren eskuen artean ibili zen. Hala ere, gerra guztien artean Laponia antzinako probintziaren barnean egonkortzea lortu zuen.
XVII. mendean lurraldeko biztanleak kristautzeko asmoarekin, suediarrak lehen elizak eraikitzen hasi ziren; lehena 1630. urtean Pielpajärvi herrixkan eraikitakoa izan zen. Eliza honek XVIII. mende hasieran su hartu zuen eta gaur egun zutik dagoena, 1760. urteko erreplika da. Ondorioz, Inari, mendebaldeko mundu kristauean sartu zen. XVIII. mendean, biztanleak historiaurretik zeramaten bizitza-estilo nomada behin betiko alde batera utzi eta abeltzaintzari ekin zioten (lehen aipaturiko inari samiak izan ezik); gainera, Suediar Erresumak hainbat diru-laguntza eman zizkien bertako samiei elur-oreinak hezteko eta sektore ekonomiko berria azkar hedatzeko.[9]
Kemi eta Tornio hirietan garatu zen industriak, udalerriko bizimodua aldatu zuen XIX. mende hasieran eta basogintza bihurtu zen sektore garrantzitsuena. Industria udalerrian sartzen zihoan heinean, hegoaldeko finlandiarrak iristen hasi ziren eta garai hartan, Inariko lau biztanletatik bat dagoeneko, hegoaldeko jatorria zuen.
XVIII. mendean, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiako Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen, finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Hau jazo zenean, hainbat arazo bizi izan zituzten Inarin abeltzaintzatik bizi ziren herritarrek; izan ere, hotzaren eraginez, prozesu biologiko guztiak oso geldoak dira. Hildako landare zein animaliek denbora asko behar izaten dute deskonposatzeko, eta hori dela eta, mantenugai gutxi izan ohi du lurzoruak. Honenbestez, elur-oreinak neguan, Ozeano Artikoaren kostaldera -Norvegiara- eraman behar izaten zituzten samiek. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean berriz, Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituzten -1889an eta 1852an- eta bertako herritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Inari osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko. Udalerriaren bihotzean Inarijärvi aintzira dagoenez, izen horixe jaso zuen baterakuntzak, Inari.
XX. mende hasieran, Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an Gerra Zibilaren bitartez. Herrialde subiranoa bihurtu zen eta gainera, Petsamo udalerriarekin Ozeano Artikora zabaltzea lortu zuten. Petsamoko portua eta nikel-meatze oparoak gainontzeko herrialdearekin lotzeko, Inaritik igarotzen zen trenbide-sarea eraiki zuten. Izugarrizko onurak izan zituen udalerriak trenbide-sareari esker; izan ere, Rovaniemira zihoan trena Ivalotik igarotzen zenez, herrixka hazten hasi eta udalerriaren erdigune bilakatu zen.
Urte hauetan, samiak ziren oraindik gehiengo, baina geroz eta finlandiar gehiago zegoen udalerrian. Alde batetik, Espainiako gripearen eragin latzenak samiek jasan zituzten eta haietako asko eta asko hil egin ziren; bestaldetik, portu berriko eta azpiegiturak eraikitzeko lanek erakarrita, finlandiar ugari joan zen bertara.
Garai latzak zetozen inaritarrentzat, II. Mungu Gerra hasi zenean. Jarraipenaren Gerran, finlandiarrek, alemaniarrei laguntza eskatu zien SESBen hazkunde geografikoa gelditzeko asmoz eta naziak, Inari hegoaldean kokatu ziren bertan defentsa muntatzeko. Gerra amaitu ostean, SESB eta Finlandia bake-akordio batera iritsi ziren: hainbat lurralderen truk (Petsamo udalerria horien artean) eta alemaniarrak herrialdetik botatzeko promesarekin SESBek Finlandiaren subiranotasuna onartu zuen. Honela, alemaniarrak, herrialde satelite gabe gelditu eta atzeraka egin behar izan zuten Norvegiara ihes egiteko, baina ihes egin baino lehen, Lappi osoa suntsitzeko agindua eman zuen Lothar Rendulic ofizialak. Honela, alemaniarrek ihesari ekin ziotenean bidean aurkitu zuten herrixka bakoitza erre zuten. Laponiako Gerra hasi zen. Hainbat borroka izan ziren Lappi eskualdean eta haietan, Inariko hegoaldeko herrixkak izan ziren okerren amaitu zutenak; hala ere, herritarrak, iparraldean babestu zirenez onik itzuli ziren udalerrira.[10]
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki, izugarrizko hazkuntza izan zuen, eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hala ere, hazkunde guzti hau, ez zen guztiz ona izan udalerriarentzat; izan ere, industriak ez zituen bere sustraiak errotu Lappin (Kemi, Kemijärvi eta Tornio hirietan izan ezik) eta biztanle askok ihes egin zuen Finlandiako beste hiri garatuagoetara euren bizimodua hobetu nahi bazuten. Nahiz eta gaur egun, gero eta egitura garatuagoak heltzen diren turismoari esker, udalerria elur-orein abeltzaintzan murgilduta dago oraindik; horregatik, biztanleriak urtero urtero egiten du behera pixkanaka.
Bi talde etniko nagusi egon arren, finlandiarrak eta samiak guztiz bateratuak daude egunerokoan eta kultura aberastuz, bi gizarte-taldeak inolako desberdintasunik gabe bizi dira XXI. mendean. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen udalerriak Enontekiö, Sodankylä eta Utsjokirekin batera 1973. urtean eta Sami Parlamentua Inarin eraiki zuten 1996ean. Aipatzekoa da hiru sami kultura desberdin bereizten direla udalerrian: iparraldeko sami "ohikoak", inari samiak, eta Petsamon bizi ziren eta Jarraipenaren Gerraren ondoren erbesteratuak izan ziren skolt samiak, gaur egun Näätämö, Nellim eta Sevettijärvi herrixketan bizi direnak.[11]
[aldatu] Administrazioa
[aldatu] Azpiegiturak
Ivalo herrian Helsinkira eta Kittilära egunero eta neguan Parisera hegaldiak dauzkan aireportua dago. Ivalo aireportua alemaniarrek eraiki zuten II. Mundu Gerran (1943. urtean hain zuzen), eta beraiek erabilia izan zen 1945. urteko Laponiako Gerran suntsitua izan zen arte. Berreraiki ondoren, 1955ean ireki zuten eta Finlandiako iparren dagoen aireportua bilakatu zen, Lappiko hirugarren handiena. Hala nola, 2009. urtean, 130.592 bidaiari pasa ziren bertatik.[12]
Inari ez dago Finlandiako trenbide-sarearen barnean jada, eta geltoki hurbilenak Kemijärvi eta Rovaniemin daude, 270 eta 294 km hegoaldera. Bestalde, Valtatie 4 errepideak Inaritik Finlandiako gainontzeko udalerrietara iristea ahalbidetzen du eta udalerriko eskualde-errepide txikiek (Kantatie 92 errepidea esaterako) Inariko herrixkak batzen dituzte; autoa da udalerrian zehar mugitzeko garraiobide erabiliena.
[aldatu] Saariselkä
Herrixka eta muino honetan Inariko eski-azpiegitura handienak daude eta urtero hamaika eskiatzaile erakartzen dituzte. Bertan gainera, husky-lera lehiaketak, safariak eta izotz-arrantza txapelketak antolatzen dituzte.
[aldatu] Banaketa
Udalerria hain handia denez, eta nahiz eta biztanleriaren erdia baino gehiago Ivalon bizi den, erdigunetik urrun dauden herrixka asko dago; hauen artean, Inari, Näätämö, Saariselkä, Sevettijärvi eta Törmänen herrixkak. Izan ere, Errusiar Inperioak Finlandia bereganatu zuenean hainbat arazo bizi izan zituzten Inarin abeltzaintzatik bizi ziren herritarrek; izan ere, Errusiar Inperioak Suedia eta Norvegiako mugak itxi egin zituen -1889an eta 1852an- eta abeltzain inaritarrak iparralderantz jo ezinik gelditu ziren. Mugen itxiera eta beraien bizimoduaren aldaketa ozenago salatzeko, 1876. urtean, gaur egun Inari osatzen duten herrixkak batu egin ziren udalerri bat sortzeko. Baterakuntza honek, udalerriaren bihotzean dagoen Inarijärvi aintziraren izena jaso zuen, Inari.
Hauek dira herrixka garrantzitsuenak:
300 biztanle baino gehiago dauzkaten herrixkak beltzez.
| Inariko herrixkak | ||
|---|---|---|
|
Akujärvi • Angeli • Inari • Ivalo • Kaamanen • Keväjärvi • Koppelo • Kuttura • Lisma • Menesjärvi • Näätämö • Nellim • Partakko • Pielpajärvi • Riutula • Saariselkä • Sevettijärvi • Törmänen |
||
[aldatu] Hiri Senidetuak
Udalerriaren bi bizilagunekin koperazio-akordioak dauzka adostuak:
[aldatu] Udala
| Inariko Udalbatza [13] | ||||
|---|---|---|---|---|
| Alderdia | Eserlekuak | +/- | Ehunekoa | |
| Zentroko Alderdia | 8 | % 28,7 | ||
| Talde Independentea | 7 | % 22,6 | ||
| Ezker Elkartasuna | 5 | % 16,0 | ||
| Alderdi Nazionala | 4 | % 15,7 | ||
| Alderdi Sozial Demokrata | 2 | % 8,8 | ||
| Liga Berdea | 1 | % 5,3 | ||
Inariko udalbatza 2008ko urriaren 26ean egin ziren udal-hauteskundeetan eratu zen. Lappiko udalerri gehienen antzera, Zentroko Alderdia suertatu zen garaile, baina aurreko udalbatzan baino bi batzarkide gutxiago eskuratu zituzten. Oposizioak beste udalerrietan baino gertuagotik jarraitu zion, kasu honetan, hiru ordezkari irabazi zituen Inariko Talde Independenteak; guztira, zazpi. Bestalde, hirugarren eta laugarren alderdiak Ezker Elkartasuna eta Alderdi Nazionala izan ziren bost eta lau eserlekurekin hurrenez hurren. Azkenik, ordezkari bat galdu zuen Alderdi Sozial-Demokrata eta Liga Berdea daude, bi eta eserleku bakarrarekin. Udalbatzak Reijo Timperi Inariko alkate aukeratu zuen.
Hurrengo hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.
[aldatu] Demografia
[aldatu] Armarria
Armarria 1955. urtean sortu zuen Ahti Hammar margolariak; bertan, zelai beltz baten gainean koregono arrain bat agertzen da elur-oreinen berezko adarrekin. Biak udalerriko animalia ohikoak dira; bata, urtero milaka arrantzale erakartzen dituen arraina da, eta bestea aldiz, udalerriak aspalditik duen motore ekonomikoaren funtsa.[14]
[aldatu] Biztanleria
Inarik gaur egun, 7.000 biztanle baino gutxiago dauzka; 90eko hamarkada hasieran udalerriak ia 8.000 biztanle zeuzkan, baina Finlandiako ekonomia krisian murgildu zenean, bertako industria gabeko biztanleak hegoalderantz emigratu behar izan zuten lan bila, Rovaniemira batez ere. Hala ere, azken urteetan, sektore turistikoak bultzatuta batik bat, biztanleria mantentzea lortu da. Biztanleria osoaren %15,5ak, 15 urte baino gutxiago dauzka eta, %15,4ak aldiz, 64 urte baino gehiago.[15]
Udalerriko biztanle gehienak luteranoak dira. Lau eliza daude guztira Inarin: zutik irauten duen zaharrena den eta 1760. urtean eraiki zen Pielpajärviko eliza, handiena den 1966ko Ivaloko eliza, Inariko sami eliza eta skolt samien Nellimgo eliza ortodoxoa.
Inaritar pertsonaiarik ospetsu eta ezagunenak, Anni-Kristiina Juuso Ivaloko antzezle samia, inarieraz abesten duen Amoc raperoa eta inariera hizkuntzaren jakitun handienetakoa den Marja-Liisa Olthuis dira.
| 1970 | 1975 | 1980 | 1985 | 1990 | 1995 | 1998 | 2000 | 2002 | 2004 | 2006 | 2008 | 2010 | Orain |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 6.931 | 6.774 | 6.900 | 7.219 | 7.559 | 7.851 | 7.555 | 7.360 | 7.217 | 7.084 | 6.986 | 6.866 | 6.864 | 6.770 |
[aldatu] Samiak
Udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean. Biztanleriaren %19a, talde-etniko honen parte da (2.000 lagun inguru), baina bakarrik %6 justuak hitz egiten du samieraz ama hizkuntza gisa (inarieraz, iparraldeko samieraz edo skolteraz). Hala ere, Inariko biztanleria osoaren %20ak bozkatu dezake Inarin dagoen Sami Parlamenturako hauteskundeetan. Sami lurralde osoan bezala, bertan bizi diren samiak parlamentuak sortzen eta modaltzen dituen legeekin eta eskubide bereziekin babesturik daude euren hizkuntza eta kultura gal ez dadin. Honela, udalerria, bi kultura ezberdinen artean eratzea lortu da, bien arteko ezberdintasunik gabeko bizimodua, oreka eta bizikidetza direla oinarri. Samien ohiturak, hizkuntza eta lurrak babesten dituen Finlandiako Sami Lurraldea sortu zuen udalerriak 1973. urtean (Enontekiö, Sodankylä eta Utsjokirekin batera). Hala ere, Inarin hiru sami mota bereizten dira: udalerriko berezko diren inari samiak, Finlandian ohikoenak diren iparraldeko samiak eta errusiar skolt sami erbesteratuak.
Udalerriko hiru samierak dira ofizialak: inariera, iparraldeko samiera eta skoltera; udalerriaren izen ofiziala hizkuntza hauetan Aanaar, Anár eta Aanar da hurrenez hurren.
[aldatu] Inari samiak
Gutxi arte, Inariko sami talde bitxi bat berezia izan da. Nahiz eta hemen ere elur-orein abeltzaintza aski zabalduta zegoen (eta dagoen), XX. mende hasiera arte, inari sami zeritzan taldeak nomada izaten jarraitzen zuen. Hala ere, talde honek euren hizkuntza den inariera bizirik mantentzea lortu dute, gaur egun gutxi batzuk baino hitz egiten ez dutena.
Inari samiak udalerriko biztanleak izan dira historiaurretik.
[aldatu] Hezkuntza eta Osasuna
Udalerrian lehen hezkuntzako lau eskola publiko daude; Ivalon, Inari herrian, Sevettijärvin eta Törmänen herrixketan. Bigarren hezkuntzako eskola bakarrik Ivalon dago, eta gazte guztiak hara mugitu behar izaten dute eskolara joateko. Nahiz eta inariera, iparraldeko samiera eta skoltera hizkuntza babestuak izan, bigarren hezkuntza finlandieraz edo iparraldeko samieraz ikas daiteke. Hala ere, azken urteotan samiek hainbat ekitaldi antolatu dituzte inarieraren alde, hizkuntza hau sustatzeko asmoz.
Liburutegi publikoak, Ivalo eta Inarin daude; beste herrixketan aldiz, liburutegi publiko mugikorrak egon ohi dira.
Ivalo herrixkan anbulategi publiko bat dago; Saariselkän dagoena aldiz, erietxe pribatu bat da. Hiru eskualde-erietxeak, Inarin, Nellimen eta Sevettijärvi herrixketan daude.
[aldatu] Kultura
Udalerri guztian hainbat eliza daude; berezienak hala nola, urtero Ivalon eraikitzen den izotzezkoa (Ivaloko izotz-eliza), Inariko eliza eta Sevettijärviko eliza ortodoxoa dira.
Bestalde, hauek dira udalerriko eraikin ospetsuenak:
- Nellimgo eliza: Petsamon bizi ziren skolt samiak Jarraipenaren Gerraren ondoren erbesteratuak izan ziren eta gehienak Näätämö eta Nellim herrixketara joan ziren bizitzera. 1987. urtean eraiki zuten sami hauek euren zurezko eliza ortodoxoa Nellim herrixkan.[17]
- Pielpajärviko eliza: Lurraldeko biztanleak kristautzeko asmoarekin, suediarrak lehen elizak eraikitzen hasi ziren; lehena 1630. urtean Pielpajärvi herrixkan eraikitakoa izan zen. Eliza honek XVIII. mende hasieran su hartu zuen eta gaur egun zutik dagoen egurrezko eliza, 1760. urteko erreplika da.
- Sami museoa: Samien museoa da; 1965ean ireki zen eta sami kulturari buruz izateko leku aproposa da. Herri honen arte eta bizimoduaren berri ematen duten tresnak, margolanak, etxebizitzak, etab. Rovaniemiko Arktikumaren eta museo honen artean banatzen dira.[18]
- Sami Parlamentua: samien kultura babestu eta sustatzeko arauak ezartzen dituen Finlandiako Sami Parlamentua Inarin dago 1996. urtean eraiki zenetik.
[aldatu] Ekonomia
Zerbitzuen sektorea da nagusi udalerrian, langileen %79ak bertan lan egiten baitu. Industria hitza ezezaguna denez bertan, gainontzekoak, basogintzan edo abeltzaintzan aritu ohi dira.
Hala ere, udalerriaren diru-sarrerak gehienak turismoaren eskutik datoz. Urtero 375.000 bisitari baino gehiago iristen da bertara eta 70,1 milioi €ko irabaziak uzten dituzte. Turista kanpotar gehienak alemaniarrak, britainiarrak eta norvegiarrak izaten dira, nahiz eta azken urtetan japoniar gutxi batzuk ere iristen hasiak diren. Lemmenjoki Parke Nazionala paisaia natural erakargarriena da, baina diru-sarrera handienak neguan iristen dira, negu-kiroletan aritzeko Saariselkäko eski-azpiegituretara jotzen duten kirolarien eskutik.[19]
Azken urteotan basozainek eta abeltzaintzan jarduten diren biztanleek elkarren aurkako hainbat borroka izan dituzte; izan ere, samiek elur-oreinak hezteko eta babesteko udalerriko basoak erabiltzen dituzte. Ika-mika asko egon zen bertan, 2005eko udaberrian esaterako, Greenpeaceko hainbat lagun hurbildu zen udalerrira basoa murriztea eragotzi nahian. Azkenenan, basogintzan dabiltzanen kalterako, Tsarmitunturi eta Vätsäri Eremu Basatiak mantentzea adostu zuen udalak Finlandiako Gobernuarekin.[20]
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
|
|
|
[aldatu] Argazki gehiago
-
Huskyek gidatutako lera
-
Inariko estuarioa
-
Inariko portutxoa
-
Ivalojokiko zubia
-
Saariselkä magnetikoa
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Maanmittauslaitos (Finlandiar udalerrietako azalerak)
- ↑ Väestorekisterikeskus (Finlandiar udalerrietako biztanleak) 2009.12.31
- ↑ Väestorekisterikeskus (Finlandiar udalerrietako biztanleak) 2008
- ↑ Greenpeace
- ↑ Greenpeace
- ↑ Ivaloko klima
- ↑ Hammastunturi Eremu Basatia
- ↑ Paistunturi Eremu Basatia
- ↑ Inariko samiak
- ↑ Lappiko historia
- ↑ Samediggi
- ↑ Finaviako datuak
- ↑ Vaalien tulokset 2008
- ↑ Finlandiako armarriak
- ↑ Tilastokeskus (Finlandiako estatistikak)
- ↑ Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
- ↑ Samediggi
- ↑ Siida
- ↑ Tilastotietoja Inarin kunnasta (Inariko estatistikak)
- ↑ Greenpeace
|
||||||||||||||
| Finlandiako Sami Lurraldeko udalerriak | ||
|---|---|---|
|
Anár • Eanodat • Ohcejohka • Soađegilli |
||
| Sápmiko finlandiar udalerriak | ||
|---|---|---|
|
Anár • Eanodat • Gihttel • Kolari • Muoná • Ohcejohka • Soađegilli • Suovvaguoika |
||