Txantiloi:2012-3 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Parapsikologia (grekozko para-, euskaraz ondoko, eta psikologia hitzetatik: psikologiaren ondoko zientzia) zientziaren ortodoxiaren barnean pertsonen ahalmenetatik at dauden ekintza eta fenomenoen ikerketa zientifikoa da, hala nola telepatia, psikokinesia, argikusmena, igarpena, begitazioak eta aurrezagumena. Orobat, parapsikologia mentalismotik bereizi behar da, zeina ahalmen parapsikologikoak agertarazten dituen ilusionismoa edo arte eszenikoa besterik ez den. Aldi berean, adostasun orokorra dago tarot, astrologia, enkantamenduak, sorginak eta antzeko gaiak parapsikologiaren ikergaiak ez direla baieztatu eta okultismoan kokatzeko. Halaber, parapsikologiak ez du zerikusirik mitologiako jainko, iratxo, inguma eta gizakiengandik at dauden alegiazko izaki horiekin edo sinesmen zenbaiten arabera zorte txarra dakarten gertakariekin (katu beltzak, esaterako). Parapsikologiaren lana eszeptizismo eta kritikaz baloratu izan da psikologia akademikoaren eta bestelako zientzien aldetik, aztertzen dituen ustezko azalpenik gabeko fenomenoak iruzur hutsak direlakoan, azalpen zientifiko sinple bat dutelakoan edo parapsikologoek fenomeno horien kausak metodo zientifikoari jarraiki ikertzen ez dituztelako. Kasu askotan horrela egiaztatu bada ere, parapsikologo eta beste ikerlarien aldetik, ordea, fenomeno anomalo hauen existentzia aurreiritzirik gabe baieztatu, modu kritikoan aztertu eta euren azalpena metodo zientifikoaz ikertu egin behar direla defendatu da, fenomeno hauen izpiritu-izaeraren baldintzagabeko sinismenaren eta euren burua ere parapsikologotzat hartzen duten pertsonaia batzuek fenomeno hauekiko duten arinkeriazko atxikimendu eta erabilera mediatikoaren aurka ere agertuz.