Txantiloi:2016-18 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jose Antonio Agirre Lekube, garaiko izen sisteman Agirre ta Lekube'tar Joseba Andoni, (Gurutze kalea 4-6. zbk, Bilbo, Bizkaia, 1904ko martxoaren 6a - Paris, Frantzia, 1960ko martxoaren 22a) euskal politikari abertzale eta jeltzale bat izan zen. 1936ko urriaren 7tik 1960ra Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakaria izan zen.

Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Eusko Gudarostearen buruzagitza hartu zuen bere gain, eta autonomia estatutuak ardura eman zion eremuan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) defentsa antolatzen saiatu zen, konbergentziako gobernu bat osatuz. Gerra amaieran, porrota eta erbesteratuen ihesa kudeatu behar izan zituen. Aliatuei lagunduz, haiekin bat egitea bilatu zuen atzerrian, baina Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, haiek uko egin zioten Euskal Herriari Francoren zapalkuntza kentzeari. Ondoren, Europar Batasunaren sortzaileetatik hurbil ibili zen, eta Europako Demokrazia Kristaua antolatzen lagundu zuen, partaide gisa esku hartuta.