Tximista

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Tximist" hitzak artikulu honetara dakar. Pilak egiten zituen enpresa eta haren produktuen marka gaitzat dituena beste hau da: Cegasa.
Tximistak

Tximista argindar deskarga atmosferikoa da, oro har ekaitz aldian izaten dena, batzuetan baita ere sumendi erupzio eta hondar-ekaitzetan. Tximistak 60.000 m/s abiadura har dezake eta 30.000 °C tenperatura izatera irits daiteke, hain beroa ezen lurra eta hondarra galda ditzakeela fulgurita bihurtzeraino. Urtean 16 milioi trumoi-ekaitz izaten dira eta egunean 8 bat milioi tximistek lurra jotzen.

Trumoia da tximista baten alderdi akustikoa. Hodeien artean, edo hodeien eta lurraren artean, gertatzen diren deskarga elektrikoen ondorioa da tximista. Tximistek forma asko izan ditzakete: sigi-sagakoa, adarkatua, arrosario erakoa, etab.

Bizkaieraz oinaztarri , oinaztu , jisturi edota disturi eta nafarreraz oinaztura erabiltzen da[1].

Eraketa

XVIII. mendean, tximistak eta elektrizitate estatikoaren izaera ikertzen hasi ziren, eta fenomeno elektrikoak zirela frogatu zuten. Atmosferaren goialdea karga positiboz beterik dago, eta lurra, berriz, karga negatiboz. Ekaitz-hodei bat eratzen denean, bere karga elektrikoa polarizatu egiten da; goialdean karga positiboak geratzen dira, eta azpialdean, berriz, karga negatiboak.

Ondoren, lurreko karga elektrikoak joan egiten dira, eta lurra positiboki kargatzen da. Dena den, hodeien eta lurraren artean deskarga elektrikoak gertatuz gero, lurrak bere karga elektrikoak berreskura ditzake. Deskarga horiek airearen tenperatura igo eta ionizatu egiten dute, eta, horren bidez, tximisten argia sortzen da. Trumoiak, berriz, deskarga horietan berotutako airearen zabalkuntza bortitzak dira.

Lurraren eta hodei baten artean deskarga elektriko bat gertatzen denean, tximistak lurreko punturik garaienetara jotzen du beti; mendietara eta zuhaitzetara. Oso arriskutsua izaten da hori.

Tximistorratza

Sakontzeko, irakurri: «Tximistorratz»

Benjamin Franklin estatubatuarrak asmatu zuen, eta tximista erakartzeko eta lurrera modu seguruan bideratzeko gailua edo tresna da. Inguruko pertsonak eta eraikinak tximistengandik babestea du helburu.

Arriskua

Tximistak jotako eukaliptoa

Tximista batek heriotza eragin dezake; izan ere, oso segundo gutxitan talka egiten duenez, ez du denbora uzten babesteko. Tximista baten talkatik bizirik ateraz gero, aukera asko dago ondorio larriak izateko; konortea galtzea, amnesia, gorputzeko organo batzuen funtzionamendua okertzea edo erabat hondatzea, eta hotza sentitzeko gaitasuna galtzea, besteak beste. Badira, ordea, bizitza salbatzeko arrasto batzuk.

Adibidez, mendian edo zelai batean egonez gero, ez da zuhaitzen ondora hurbildu behar; kasu horietan, lurrean eseri, distantzia zuhur batera, eta eskuekin orkatilak hartu behar dira, baina ez edonola; eskuineko eskuarekin ezkerreko orkatila behar da, eta alderantziz. Aldiz, txalupa batean egonez gero, uretara salto egin, eta txalupa ondoan geratzea komeni da, ekaitza amaitu arte.

Horrelakoetan, ez da komeni kanpora irtetea, eta are gutxiago zelaiguneetara kirola egitera joatea. Tximistak daudenean, ez hurbildu tximistorratzen instalazioetara. Izan ere, tximista erakartzen duten arren, huts-egite bat gerta liteke, eta, orduan, akabo. Auto barruan egonez gero, leku segurua dela jakin behar duzu. Arriskua ere egon daiteke, tximistak txapa zeharkatzen badu, baina aukera gutxi dago horretarako. Bestalde, metalezko gela litzateke leku seguruenetako bat, tximistak talka egin arren, hor ez bailegoke inolako arriskurik.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tximista Aldatu lotura Wikidatan