Bizkaiera
Mendebaleko euskara euskalki bat da, tradizionalki bizkaiera deitu izan dena. «Mendebalekoa» izendapena zehatzagoa da, euskalki hau zer lurralde eremutan egiten den kontuan hartuta. Izan ere, Bizkaian ez ezik, Gipuzkoako Debagoiena eta Debabarrenan eskualdeetan eta Arabako Aramaio eta Legutio udalerrietan ere erabiltzen da. Gainera, Arabako euskara zena euskalki honen barruan sailkatzen da, eta Burgosko eta Errioxako euskararen arrastoek mendebaleko euskararen ezaugarriak dituzte.
Eduki-taula |
Hedadura [aldatu]
Koldo Zuazo eibartarraren arabera ere ("Euskalkiak. Herriaren lekukoak". Elkar 2004), mendebalekoa dugu euskararik hedatuena, eta bi azpieuskalki bereizten ditu: Sartaldekoa (Uribe-Kosta, Mungialdea, Txorierri eta Nerbioi ibarra, Zeberio, Arratia eta Orozko) eta Sortaldekoa (Lea-Artibai, Durangaldea, Aramaio, Debagoiena eta Debabarrenako Mallabia, Ermua, Eibar eta Soraluze).
Tarteko hizkeratzat hartzen ditu, alde batetik, Busturialdea, Otxandio eta Legutio (Sartaldekoaren eta Sortaldekoaren artekoa) eta bestetik Debabarrenako Elgoibar, Deba, Mendaro eta Mutriku (mendebaleko euskararen eta erdialdeko euskararen artekoa).
Mendebaleko euskararen mugak, historian [aldatu]
Badirudi mendebalekoa gainerako euskalkiak baino lehenago sortu zela, VIII. mendearen inguruan[1] (gainerakoak XI-XII. mendeetan bereizi zirela da gaur egun euskalarien artean nagusi den tesia).[2][1] Goi Erdi Aroan, mendebaleko euskara Bizkaian eta Araban egiten zela badakigu, dokumentuen eta toponimoen bidez; gainera, Errioxa Garaian eta Burgosko probintziaren ekialdean ere egiten ei zen, toponimiak utzitako arrastoei begiratzen badiegu.[3][1]
Hainbat adituren ustez —Koldo Zuazo, Kike Fernandez de Pinedo eta Xabi Otsoa de Alda, kasu—, mendebaleko euskararen ezaugarriak sortzeko gune nagusia Gasteiz izan zen XII. eta XIII. mendeen bitartean, eta handik Araba osora, Bizkaira, Deba ibarrera eta Errioxara zabaldu ziren; bai eta, ahulago, Urolaldera, Goierrira eta Nafarroako mendebaleko hiru ibarretara (Burunda, Ameskoak eta Lana) ere.[1][4][5]
Geroztik, mendebaleko euskalkiaren mugek oso atzera egin dute hegoaldean: lehendabizi Burgosen eta Errioxan galdu zen, eta gero Araban (Legution eta Aramaion izan ezik). Bestetik, ekialdean, erdialdeko euskalkiaren iparraldeko azpieuskalkiarekiko muga ere aldatuz joan da, dela inguru horretako hizkerek izandako aldaketengatik, dela sailkapenetan erabilitako irizpide ezberdinengatik. Kontuan hartu behar da, izan ere, hizkera biziek izaten dituzten aldaketez gainera, ondorengo euskalari hauetako bakoitzak bere sailkapen irizpideak erabili dituela, eta irizpide horiek gero eta zehatzago eta zientifikoagoak direla oro har.
- Larramendik Elgoibar hartzen du bi euskalkien arteko lotura eremutzat, mendebaleko euskara Eibarren hasita:
| « | En Elgoibar y más en Eibar empieza el dialecto de Vizcaya en mucha parte: eman eustan, egin eben, buruagaz, etc., y corre por Placencia, más o menos por Vergara, Mondragón, Arechavaleta, Escoriaza, Salinas, Oñate y todas aquellas aldeas. En la marina de Motrico hasta Fuenterrabía apenas hay distinción del dialecto común de Guipúzcoa. | » |
| Manuel Larramendi (1754): Corografía de Guipúzcoa, 1969, 301. orrialdea | ||
- Luis Luziano Bonapartek, 1864an taxututako sailkapenean, mendebaleko euskalkikotzat du Elgoibar, eta erdialdekokotzat, berriz, Deba, Mutriku eta Mendaro.
- Pedro Irizarrek, 1970. urteko datuekin, Bonaparteren sailkapenari aldaketa bakarra egin zion, Elgoibarko euskara gipuzkeratzat sailkatuta (Príncipe = Luis Luziano Bonaparte, variedad de Azpeitia = Urolaldeko gipuzkera):
| « | Respecto a los límites [del dialecto vizcaíno] establecidos por el Príncipe para el dialecto, hemos modificado el oriental, con la exclusión de la población de Elgóibar, que del dialecto vizcaíno (variedad de Vergara) pasa a formar parte del guipuzcoano (variedad de Azpeitia). | » |
| Pedro Irizar: Morfología del verbo auxiliar vasco, Euskaltzaindia, 2008. 5. orrialdea | ||
- Koldo Zuazoren 2008ko mapan, aldiz, Deba, Mutriku, Mendaro eta Elgoibar bi azpieuskalkion arteko lotura eremutzat ageri dira —Deba, ez osorik: udalerriaren iparraldea, kostaldeko zerrenda (hirigunea barne), gipuzkeratzat markatzen du; eta gainerakoa, lotura eremutzat—,[6] 1999an Deba ibarreko euskararen gaineko azterketan esandakoa berretsiz.[7]
Ezaugarriak [aldatu]
Bizkaiera.net Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizikai Alkarteak abiatutako webgunea da. Bertan, informazio zabala ematen dute mendebaleko euskararen ezaugarri gramatikalei buruz, baita datu historikoak, literaturari buruzkoak, bibliografia interesgarria eta eredu estandarraren inguruko proposamenak ere. Hori da, hain zuzen ere, guztiz osatzeke dagoen lana: eredu batu finkoa, idazterako orduan zalantzarik emango ez duena. Azpieuskalkiei dagokienez, beste sailkapen bat erabiltzen dute webgune horretan.
Mendebaleko euskarak bereizgarri batzuk ditu , besteak beste jarraian deskribatuko ditugunak, beti ere lehen aipatutako Koldo Zuazoren liburuaren arabera.
Fonologia (ahoskera) [aldatu]
- Hitz askotan, U vs. I : hUri/hiri, hUrUn/hirin, Ule/ile, Urten/erten/irten, Uger egin/igeri egin, Uzen/izen... Ez dakigu bi aldaeretatik zein den zaharrena.
- -a amaieradun hitzei a artikulua eranstean: -a + a > -ea. Neska + a > neskea. -ea horretatik, hizkeren arabera -ia, -ie, -i edo -e sortzen dira: neskia, neskie, neski, neske.
- Lau txistukariak bitara ekartzea: s,z > s eta tz, ts > tz. Gipuzkoako iparraldeko herri askotan ere hala gertatzen da.
- Hitz askotan, gainerako euskalkietan E dagoenean, mendebalean A dago: bArri vs. berri, andrA vs. andre, Alkarte vs. elkarte.
- Aditzetan, G mendebaldean: erabaGi vs. erabaki, jaGi vs. jaiki.
- ITZ > TX: (h)aritz > areTX, (h)aitz > aTX, gaitz > gaTX.
- IZ > X: (h)aize > aXe, goizean > goXean, eleiza > eleXa.
Izen morfologia [aldatu]
- Soziatiboa: -GAZ singularrean eta -KAZ pluralean. Laguna(ga)z eta lagunakaz. Pluraleko -kaz hori, sartaldean sortaldean baino gehiago entzuten da. Sortaldeko hiztun batzuek -kin bakarrik erabiltzen dute, singularrean zein pluralean.
- Destinatiboa: -RANTZ(A) sartaldean eta -RUTZ sortaldean.
- Aditz izenak mugimenduzko aditzen osagarri direnean eta norabidea edo helburua adierazten dutenean, -TEN mendebal gehienean. Afalten goiaz = Afaltzera goaz, eitten noie = egitera noa.
- Partitiboa esapide batzuetan: kalerik kale, etxerik etxe, mendirik mendi vs. kalez kale, etxez etxe, mendiz mendi.
- Sarritan, ONETAN, 'honetan' nahiz 'hauetan' adierazteko erabiltzen da, azentua gorabehera; pluralean oneitan ere entzuten da. Onék eta ónek, onégaz eta ónekaz, aretara eta áretara, singularra eta plurala hurrenez hurren.
- Izenordainak zehaztugabeak: ZEOZER, NONOR, NONOZ lakoak, eta horietatik ZEOZELAN, NONOGAZ, NONONDIK mendebaleko berrikuntza da. Dena den, EDOZELAN, EDONOR eta EDONOIZ ere mendebalean esaten da.
- Izenordain indartuak: NEU, (H)EU, ZEU, GEU, ZEUOK vs. NERONI/NIHAUR, HERORI/HIHAUR, ZERORI/ZUHAUR, ...
- Erderazko -ción > -IÑO: erlazINOA, konfesINOA vs. erdialdeko euskaran konfesioa, ekialdean eta Iparraldean konfesionea.
Aditz morfologia [aldatu]
- NOR-NORI-NORK saileko adizkietan eutsi erroa: deutsat 'diot', deust 'dit', deusku 'digu'... Aldaera askorekin.
- Antzinako idatzietan *ezan erroa ohikoa zen, baina egungo mendebaleko euskaran egin-ek ordezkatu du: daigun 'dezagun', leikezu 'dezakezu', ekarri eixu 'ekar ezazu', e.a.
- *edun-eko orainaldiko adizkietan, -o- eta -au-: nik dot, hik don, zuk dozu, hak dau, guk dogu, zeuok dozue, hak dabe (<*daue).
- *edun-eko iraganekoetan, -eu- > -eb-: nik neban, hak eban (hark), hak eben (haiek) baina hiztun gehienek zuk zenduan, guk genduen, zuek zenduen.
- NOR-NORI: jat(a), jak/n, jako, jaku, jatzu, jatzue, jake. Hasierako j-, Sartaldean y-, erdialdean dx- eta Sortaldean [x] igurzkari belarra ahoskatzen dute (gaztelaniazko jamon hitzean bezalakoa).
- *io aditzeko formak Mendebalean honela dira: dinot, dinozu, dino, e.a. Beste euskalkietan ez bezala, NOR-NORI-NORK sailekoak gorde ditu: zuk neri dinostazu.
- Partizipioak erdarazko mailegu berrietan:
- a) -ado > -au: pentsau, akabau, amenazau, eta abar. Bestela da mailegu berriak ez direnetan: barkatu/parkatu, bukatu, bekatu/pekatu, eta abar.
- b) -ido > -idu: korrejidu, sentidu, mobidu/mogidu, eta abar.
Hiztegia [aldatu]
Hiztegia ezberdina izan daiteke eskualdetik eskualdera, baita herri batetik bestera ere kasu askotan (adibidez, bizkaieraz egiten duten hainbat tokitan nahi eta gaizki berbak erabiltzen dituzte; horiek ere badira bizkaiera, nahiz eta zerrenda honetan euskara batuko azalpentzat agertu).[8] Hemen hitz ezagun batzuk baino ez ditugu komentatuko. Hiztegia.net webgunean, "Herriz herri" atalean, tokian tokiko hiztegi batzuk kontsultatzeko modua dago. Azken urteotan gai horretaz lan gehien egin eta argitaratu duena Iñaki Gaminde da.
|
|
|
Literatura [aldatu]
Historia [aldatu]
XVI. mendean, Esteban Garibai (1533-1599) arrasatear historialariak jasotako balada eta eresiak mendebaleko euskararen lekuko zaharrenetakoak dira. Joan Perez de Lazarraga arabarrak gutxi gorabehera 1567tik 1602ra bitartean idatzitako lanak biltzen dituen eskuizkribu bat 2005ean aurkitu zen, Madrilgo liburu zaharren denda batean. Lazarragaren eskuizkribua Hego Euskal Herriko euskarazko idazlan literario zaharrena da; eta haren euskara mendebaleko euskaratik —eta, zehazkiago, Debagoiengo euskaratik— hurbil dago, nahiz eta beste euskalkietako ezaugarri asko ere badituen (Rosa Miren Pagolaren hitzetan, «mugako hizkera denik ere zail da ukatzen»).[9] XVIII. mendean, Pedro Ignazio Barrutia (1682-1759) Arrasateko eskribau aramaioarrak idatzitako "Acto para la nochebuena" ("Gabonetako Ikuskizuna"), ezagutzen den Hegoaldeko teatro-lan zaharrena da.
Mendebaleko euskara literatur euskalki moduan XIX. mendetik aurrera hasi zen gorpuzten, bereziki Juan Antonio Mogel eta Pedro Antonio Añibarroren lanetatik abiatuz. Mogelek Markinako euskara hartu zuen eredu bezala, eta Añibarrok berriz Arratiakoa.
XX. mendean, Jaime Kerexetak bizkaierara Biblia itzuli zuen 1976an.
Idazleak [aldatu]
Bizkaierazko idazle aipagarrien artean, historian zehar, hauexek ditugu ezagunenetarikoak:
- Juan Antonio Mogel (1745-1804): "Peru Abarka"ren egile apaiz eibartarra.
- Pedro Antonio Añibarro(1748-1830): Areatzan jaiotako idazle frantziskotarra.
- Txomin Agirre (1864-1920): Ondarroarrak bere lan nagusi biak euskalki desberdinetan idatzi zituen: "Kresala" bizkaieraz eta "Garoa" gipuzkeraz.
- Ebaristo Bustintza "Kirikiño" (1866-1929). Idazle eta kazetaria.
- Estepan Urkiaga "Lauaxeta" (1905-1937): Xabier Lizardi eta Nikolas Ormaetxea garaikideekin batera, euskal poesia irauli eta berritu zuen laukiztarra.
- Eusebio Erkiaga (1912-1993).
Hiperbizkaiera [aldatu]
"Hiperbizkaiera" terminoa[10] Koldo Mitxelenak asmatu zuen, XX. mendearen hasieran Bizkaiko idazle garbizaleak erabiltzen hasi ziren euskara eredua izendatzeko.
| « | Desde hace años, acaso desde finales del- siglo pasado, ha hecho estragos el deliberado empeño de confundir el vizcaíno con lo que yo he llamado (...) hipervizcaíno, formado con solo aplicar la regla que sigue: algo es vizcaíno de lengua si y solamente si sólo aparece ahí y falta en las demás variedades de la lengua (de la cual se sigue suponiendo, sin embargo, que es dialecto el vizcaíno); si no se alcanza esa perfección extrema, siempre deseable, algo es vizcaíno en la medida en que tiene menos copartícipes o, en otras palabras, en la medida en que no es vasco común. | » |
|
—Koldo Mitxelena, 1981, Anuario del Seminario de Filología Vasca «Julio de Urquijo» XV, 291-313 or. eta Palabras y Textos (1987), 35-55 or. |
||
| « | Itzulpena: Duela zenbait urtetatik hona, beharbada joan den mende bukaeratik, kalteak eragin ditu bizkaiera neuk hiperbizkaiera deitu dudanarekin nahasteko berariazko ahaleginak, honako erregela hau aplikatuz osatzen dena: Zerbait hizkuntzaz bizkaitarra da, baldin eta soilik baldin horretan baizik agertzen ez denean eta gainerako hizkuntza-aldaeretan falta denean (bizkaiera, hala ere, hizkuntza horren aldaeratzat hartzen jarraitzen da); beti desiragarria den erabateko perfekzio hori ez baldin bada erdiesten, zerbait bizkaiera izango da partaide gutxiago dituen neurrian, edo bestela esanda, euskara komuna ez den neurrian. | » |
Idazle haiek mendebaleko euskarak gainerako euskalkiekin dituen ezaugarri komunak saihesten ahalegintzen ziren, horiek euskara giputzetik "kutsatutako" forma arrotzak zirelakoan. Hala, soilik Bizkaian (edo Bizkaiko txoko batzuetan) erabiltzen ziren adizkiak eta hitzak aukeratzen zituzten: Gura (latinezko gula(m)-etik), mendebalekoa ere baden nahi-ren ordez; jagon, zaindu ohikoagoaren ordez; eragon, Orozko eta Zeberion bakarrik erabilitako aditza, jardun-en ordez, besteren artean.
Joera horren hasiera, Juan Mateo Zabala bilbotarrak 1848an argitara emandako Verbo regular del dialecto vizcaíno gramatika-lanean dagoela dirudi. Geroago, Resurreccion Maria Azkueren Euskal Izkindea-Gramática Euskara lanak, aranazaleei garbizalekeriaren bidea ireki zien, nahiz eta gero Azkuek berak bide hura gaitzetsi. Juan Mateo Zabalak, bizkaiera bizitik aditz forma "erregularrenak" aukeratzen zituen, horiek forma zaharrenak zirela iritzita. Beraz, Zabalari gintzazan bezalako formak giñean bezalakoak baino "jatorragoak" zirela begitantzen zitzaion, batzuk besteak baino erregularragoak zirela-eta. Azkuek berriz, urrats bat gehiago eman eta forma horien biziaz harago egin zuen eraikuntza, hau da, inoiz izan gabeko aditz formak asmatu zituen. Azkuek eraikitako jatorrizko euskaran, izan-en orainaldiko adizkiak honako hauek ziren: ni nai, i ai, a dai, gu gaiz, zu zaiz, arek daiz.
Ia beti, hiztunek analogiaz sortutako adizki berriagoak ziren jatortzat hartzen zirenak, eta muturrera eramandako joeretan, herriak darabiltzan adizkiak baztertu eta berriak asmatzen ziren. Hala, ordura arte bizkaiera idatziaren tradizioan erabat arruntak ziren ditut, ditudaz, ditugu, dituez eta antzekoen ordez, hiperbizkaierazaleek adizki analogikoak hobetsi zituzten: dodaz, doguz, dozuz, eta abar. Era berean, Mendebaleko literaturan erabat orokorra zen ditu(z) formari, herri gutxi batzuetako dauz berrikuntzak hartu zion tokia testu idatzietan, ia erabat ordezkatzeraino.
Egungo egoeran, mendebaleko euskararen eredu literarioa bultzatu eta zabaldu nahi duten taldeen barruan, oriandik bizirik dirau euskara honen ezaugarri bereziak nabarmentzeko gogoak. Batzuetan, batasunaren kalterako.
Elkarteak [aldatu]
Labayru Euskal Kulturaren erakundeak Mendebaleko euskera era akademikoan lantzen du 1970etik, informazio zabal-zabala eskainiz, eta horren inguruko ikastaroak ere antolatzen ditu. Egoitza Nagusia eta Hizkuntza Arloa Bilbon dauka, eta Etnografia Arloa eta Euskal Biblioteka Derion.
Mendebalde Kultura Alkarteak euskalkiaren inguruan era espezifikoan lan egiten du, helburuak hauexek izanda, haien hitzetan:
"Euskal Herriko mendebaldeko euskereak, bizkaiera izenaz ezagutzen danak, euskera batuari eskaini leikion ondarea ikertzea eta indartzea, honan euskera bera ikertu eta indartuz; bestetik, mendebaldeko euskerearen corpusa eta estatusa jagotea, jorratzea eta bultzatzea".
1997tik urtero jardunaldiak antolatzen dituzte, gai nagusi baten inguruan, urtez urte ezberdina dena. Bilbon dauka egoitza elkarteak.
Hedabideak [aldatu]
Irratiak [aldatu]
- Bizkaia Irratia: Programazio guztia euskera hutsean dago eta bizkaiera batuan, ezaugarri bi hauek dituen irrati bakarra izanda. Egunero emititzen dute etengabean irrati-saioekin edo musikarekin.
- Arrakala Irratia. FM 106 (Lekeitio).
- Arrate Irratia. FM 87.7 (Eibar).
- Arrasate irratia FM 107.7 (Debagoiena).
- Bilbo Hiria Irratia FM 96.0 (Zenbat Gara elkartea - Bilbo).
- Itsuki Irratia. FM 107.3 (Bermeo).
- Matrallako Irratixa FM 102.8 (Eibar).
- Radixu Irratia FM 105.5 (Ondarroa).
Aldizkariak [aldatu]
- Anboto aldizkari elektronikoa eta Anboto irratia FM 107.1 (Durangaldea).
- Bizkaie aldizkari elektronikoa: 2001. urtetik on-line, Bizikai Kultura Alkarteak burututako ekimena da. Bizkaierari buruz baino bizkaiera hutsean egindako astekaria da eta informazio orokorra jorratzen du. Bilboko Txurdinaga auzoan dute egoitza.
- Drogetenitturri aldizkaria (Ermua).
- Eta kitto! aldizkaria (Eibar).
- Pil-pilean aldizkaria (Soraluze).
Telebistak [aldatu]
- GOITB telebista (Debagoiena).
- Urdaibai Telebista (Gernika).
Egunkariak [aldatu]
- Goiena. Debagoiena (Gipuzkoa).
Blog komunitateak [aldatu]
Hortik kanpo, Bizkaiko eta Deba ibarreko blogari bakan batzuek ere mendebaleko euskara erabiltzen dute.
Ikus, gainera [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ a b c d Koldo Zuazo (2010): El euskera y sus dialectos, Alberdania, 2010.
- ↑ Koldo Mitxelena (1981): «Lengua común y dialectos vascos», Palabras y textos, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1987.
- ↑ Koldo Mitxelena (1976): «Onomástica y población en el antiguo reino de Navarra: la documentación de San Millán», Palabras y textos, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1987.
- ↑ Koldo Zuazo (1997): "Euskara Araban", Uztaro, 21. zenbakia.
- ↑ (Gaztelaniaz) Beatriz Corral (2008) «El euskera vizcaíno nació en Vitoria», Kike Fernandez de Pinedori eta Xabi Otsoa de Aldari eginiko elkarrizketa, El Correo, 2008-05-22.
- ↑ Koldo Zuazo: Euskalkiak: euskararen dialektoak, Elkar, 2008.
- ↑ «Saio honetan ikusittakuak erakusten dabenez, Debabarreneko berbetak egitten dabe mendebaleko euskalkixaren eta erdialdekuaren arteko loturia, eta baitta, beste negurri baten, Antzuola eta Bergara aldekuak be.» (Koldo Zuazo [1999]: Deba ibarreko euskeria. Antzuolako, Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eibarko, Elgoibarko, Eskoriatzako, Leintz-Gatzagako, Oñatiko eta Soraluzeko udalak, 1999.)
- ↑ Xabier Amuriza: Bizkaierazko gitxieneko hiztegia.
- ↑ Pagola, Rosa Miren, 2006, «Lazarragaren eskuizkribua: grafiak, hotsak eta hitzak», in C. Isasi Martínez & S. Gómez Seibane (arg.), Lingüística Vasco-Románica. I Jornadas = Euskal-Erromantze Linguistika. I. Jardunaldiak. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 539-561 (= Oihenart 21).
- ↑ Itziar Laka Mugarza, "Hiperbizkaieraren historiaz I", 1987, ASJU 21, 409-421
Kanpo loturak [aldatu]
- Labayruren hiztegia, on-line (euskara-gaztelania)
- Bizkaiera.com
- Badihardugu Euskara Elkartea. Deba Ibarreko Euskara Elkartea
- Bizkaiera hiru.com webgunean
- Mendebalde Kultur Alkartea
- Bizkaiera hiztegitxoa
- Koldo Zuazo, "Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz", Berria 2007-XII-9
- Bizkaierazko euskalduntzeari buruzko erreportajea ARGIAn (2006-10-1)
- Getxoko bizkaiera ikasleei buruzko erreportajea ARGIAn (2008-04-20)
- Koldo Zuazoren, "Euskara Araban", Uztaro 21. zkia
- Mikel Hernandez Abaitua, "Euskara batua, bizkaiera eta zuberera"
- Hiperbizkaierari buruz ARGIA astekarian